180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

419E/2020 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek 2020. urterako antolatutako etengabeko prestakuntzako jarduerak diruz laguntzeko deialdia. DDBN identifikazioa: 515972.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 88. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Foru Komunitateko osasun administrazioak osasun arloko irakasle eta profesionalen etengabeko prestakuntza bultzatuko du, lanbide ezagupenak herritarren beharretara hobeki egokitzeko, osasun zientzietako diziplinarteko prestakuntza sustatzeko eta ezagupenak eguneraturik edukitzeko.

Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuak, bestalde, Osasun Zuzendaritza Nagusiari esleitu dio, besteak beste, prestakuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak deitzeko, emateko eta kudeatzeko eskumena.

Osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek prestakuntza planak antolatzen dituzte urtero elkargokideentzat, eta plan horietan, elkargokideek beren lanbidearen jardunean, izan esparru publikoan izan esparru pribatuan, lanbide gaitasunak hobetzeko jarduerak eskaintzen dira, zeinak interesekoak baitira Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legetik heldu diren osasun politika eta helburuetarako eta osasun arloko plan estrategikoetarako.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzekoa zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, dirulaguntzaren xedeko jarduerak egiten dituztenek edo haiek jasotzeko moduan daudenek aukera izan dezaten dirulaguntza eskuratzeko.

Espedientean txosten teknikoa eta dagokion txosten juridikoa biltzen dira, bai eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ere, eta horrek agerian uzten du laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileen onespena egokiak eta legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek 2020. urterako antolatutako etengabeko prestakuntzako jarduerak diruz laguntzeko.

2. Aipatu laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean xedatuarekin bat.

3. Erabilgarri dagoen gastua baimentzea, gehienez ere 59.150 euro, Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Etengabeko prestakuntzaren arloko lankidetzak” izeneko 512001 51310 4819 311200 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta dirulaguntzen deialdi hau Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean erregistratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzura, Prestakuntza Atalera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari eta Osasun Departamentuko Kontabilitate Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko uztailaren 13an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek 2020. urterako antolatutako etengabeko prestakuntzako jarduerak diruz laguntzeko

1.–Xedea eta helburu publikoa.

Deialdi honen helburua da etengabeko prestakuntzarako laguntzak emateko araubidea ezartzea, osasun arloko Nafarroako lanbide elkargoek 2020. urterako antolatutako jarduerak egiteko, eta xede du, orobat, osasun arloko profesionalen ezagupena etengabe hobetzea eta berrikustea, ezagupen horiek herritarren osasun beharretara egokitzeko eta Nafarroako osasun sistemaren kalitatea hobetzeko.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Deialdiko laguntzak osasun arloko lanbide tituludunen elkargoek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta egoitza soziala Nafarroan badute eta lanbide horiek Osasun Arloko Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 2. artikuluan araututa baldin badaude.

Laguntzen onuradun diren lanbide elkargoek ez dute egon behar, eskaera aurkezteko unean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarritako debeku-egoeretako bakar batean ere.

Zerga betebeharrak eguneratuta eduki behar dira, bai Gizarte Segurantzari dagozkionak, bai Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkienak ere, laguntza emateko ebazpen proposamena egiten den egunean.

Diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira baldintzak.

3.–Jarduera diruz lagungarriek bete beharreko baldintzak.

Deialdi honen kontura, lanbide elkargoek antolatutako etengabeko prestakuntzako ikastaro, mintegi eta tailerrek jasotzen ahalko dute laguntza, baldintza hauek betez gero:

a) Horiek 2019ko azaroaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarte eman behar dira. Hor sartzen dira 2019an hasiak izanik, 2019ko urriaren 31 baino beranduago bukatu diren jarduerak ere.

b) Jarduerek 2 ikastorduko iraupena izan behar dute gutxienez eta 100 ordukoa gehienez.

Dirulaguntza jaso ahal izateko, jarduerek Estatuko Osasun Sistemako osasun arloko lanbideen Etengabeko Prestakuntza Batzordearen akreditazioa izan behar dute, eta dagokion dirulaguntza ordaintzeko aurkeztu beharreko frogagiriekin batera egiaztatuko da hori.

4.–Eskaerak aurkeztea.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak, ahal dela, Nafarroako Atariaren (nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoaren bidez aurkeztuko dira. Horrela eskaera Erregistro Orokor Elektronikoan erregistratua gelditzen da.

Eskaerak toki hauetakoren batean ere aurkezten ahalko dira: Osasun Departamentuko Erregistroan (Tutera kalea 20, Iruña) edo Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea 2, Iruña), bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz ere.

Posta bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal ireki batean aurkeztu beharko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onarpen data eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan aipatzen diren gainerako zehaztapenak agerraraz daitezen (errege dekretu horren bidez onetsi zen posta zerbitzuak arautzeko Erregelamendua). Gainera, interesdunak, egokitzat jotzen badu, eskabidea igortzen duen egun berean igorpenaren berri emanen dio Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuari, telefax bidez edo bestelako bitarteko telematikoen bidez.

Nafarroako Gobernuaren atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen atalean eskuragarri dago 4.2 oinarrian aipatzen den eredu taula.

4.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerak agiri hauek bilduko ditu:

1. Lanbide elkargoko presidenteak sinatutako eskaera.

2. Zein prestakuntza jardueratarako eskatzen den dirulaguntza, hura deskribatzen duen memoria laburra, honako informazio hau dakarrena:

–Titulua.

–Mota: ikastaroa, mintegia edo tailerra.

–Jarduera noiz egin(en) den.

–Jarduera nori zuzendua dagoen.

–Prestakuntza beharraren justifikazioa.

–Irakaskuntza helburuak.

–Metodologiaren xehetasunak.

–Ikastordu eta irakastordu kopurua.

–Aurreikusten den ikasle kopurua.

–Modalitatea (presentziala, mistoa edo erdipresentziala, online).

–Jardueraren zenbat edizio emanen diren.

Eskaerarekin batera, eskaeran jasotako jardueren laburpen taula bat aurkeztuko da, Excel formatuan, Nafarroako Gobernuaren atarian eskuragarri dagoen ereduarekin bat, eta han jasotako informazioa duela, zehatz-mehatz, hau: titulua, mota, jarduera noiz egin(en) den, ikastorduak, irakastorduak, ikasle kopurua, modalitatea eta edizio kopurua. Entitate eskatzailearentzat lehentasuna zein jarduerak duten adierazten duen proposamen bat ere gehitu behar da.

3. Osasun Arloko Lanbideen Antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 2. artikuluan araututako osasun lanbide tituludunen elkargoak izanik, elkargokideen kopuruaren justifikazioa, 2020ko urtarrilaren 1eko kopurua kontuan hartuta.

4. Eskatzailea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. artikuluan ezarri debeku-egoeretan ez dagoela frogatzea erantzukizunpeko adierazpenaren bidez; izan ere, debeku horiek dirulaguntzaren onuradun izatea galarazten baitute.

5. Eskatzailearen adierazpena, non baimena ematen baituen, batetik, datu pertsonalak tratatzeko, bat etorriz deialdi honetako 17. oinarrian adierazitakoarekin, eta, bestetik, Osasun Departamentuak Nafarroako Ogasun Publikoari nahiz Estatuko Administrazio Orokorrari informazioa eska diezaien, egiazta dezan betetzen dituela zerga arloko betebeharrak, itzulketakoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaera 4.2 atalean ezarritako edukiarekin eta formarekin bat ez badator, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko du eta dagokionari jakinaraziko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

4.4. Dirulaguntza eskatzeak berarekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.–Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari esleitu zaizkio, eta hari dagokio deialdiaren ebazpen proposamena egitea 6. oinarrian adierazitako Ebaluazio Batzordeak emandako irizpenarekin bat. Oinarri arautzaileotan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, Prestakuntza Atal horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

6.–Ebaluazio batzordea.

Ebaluazio batzordeak baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak, eta hark emanen du, orobat, dirulaguntzak emateko proposamena jasotzen duen irizpena. Batzorde horretako kide izanen dira:

María Jesús Guembe Suescun, Osasun Zuzendaritza Nagusiko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Ataleko burua, batzordeburu izanen dena. Ordezkoa: Idoia de Gaminde Inda andrea, aipatu zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua.

Javier Abad Vicente jauna, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendaria. Ordezkoa: Olga Díaz de Rada Pardo andrea. Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko Ikerketa Kudeatzeko Bulegoko burua.

Victoria Garisoain Lerendegui andrea, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Kudeatzeko Bulegoko burua. Ordezkoa: Esther Ezquerro Rodríguez, aipatu zerbitzuko osasun teknikaria.

Raquel Larrasoaña Zunzarren andrea, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Kudeaketa Administratiboaren Bulegoko burua, idazkari izanen dena. Ordezkoa: Marina Merino Ventosa andrea, aipatu zerbitzuko Ekonomia Aferetarako eta Barne Araubideko Bulegoko burua.

Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitzak eskatzen ahalko ditu, eskaerak egoki baloratzeko.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako irizpideak.

7.1. Deialdi honetan ezartzen diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

7.2. Dirulaguntzak emateko prozedurak hiru fase ditu:

Lehen fasea: aldez aurretik esleitzea gehienez emanen den kantitate ekonomikoa eta irakastordu diruz lagungarrien kopurua lanbide elkargo onuradun bakoitzeko.

Kantitate ekonomiko bat esleituko zaio aurrez onuradun bakoitzari, 1.500 euroko modulu finko bat aplikatuta eta modulu proportzional bat ere bai, osasun arloko lanbide tituludunetako elkargokide kopuruaren araberakoa, erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte.

Lanbide elkargo onuradun bakoitzari aurrez esleitutako guztizko zenbatekoaren ordez, irakastordu diruz lagungarriak esleituko dira, irakastordu bakoitzari 65 euro egozten dizkion modulu ekonomikoa kontuan hartuta.

Bigarren fasea: jardueren sailkapena onuradun den lanbide elkargo bakoitzean.

Osasun arloko lanbide elkargo bakoitzaren barruan, diruz laguntzeko eskatutako jarduerak ordenatuta egonen dira, balorazio irizpide hauen arabera:

–Dena delako jarduerak zer interes duen Nafarroako 2014-2020 Osasun Planeko estrategiei begira, kontuan hartuta jarduera bakoitzaren helburuek eta edukiak zer lotura duten Osasun Planean zehaztutako estrategiekin. Irizpide horren arabera, lanbide elkargo bakoitzaren jarduerak bi taldetan sailkatuko dira. 1. multzoan, Osasun Planerako interes handikoak diren jarduerak egonen dira; hots, plan horretan zehaztutako estrategiekin lotura zuzena dutenak. 2. multzoan, gainerako jarduerak egonen dira, aipatu planarekin zuzenean lotuta ez daudenak.

–Erabilitako metodologia mota. Aurreko irizpidearen arabera zehaztutako multzo bakoitzerako, jarduerak bi azpimultzotan sailkatuko dira, zer metodologia erabili den. 1. azpimultzoan, abileziak eskuratzea helburu duten tailer praktikoak sartzen dira, eta 2. azpimultzoan, berriz, ezagutzak eskuratzea helburu duten ikastaro eta mintegiak.

Azpimultzo horietako bakoitzaren barruan, lanbide elkargo bakoitzak adierazitako lehentasun-ordenaren arabera ordenatuko dira jarduerak.

Hirugarren fasea: lanbide elkargo onuradun bakoitzari diruz lagunduko zaizkion jarduerak hautatzea.

Hirugarren fasean, lanbide elkargo bakoitzari diruz lagunduko zaizkion jarduerak hautatuko dira, aurreko faseko sailkapen ordena kontuan hartuz: lehenik, 1. multzoko eta 1. azpimultzoko jarduerak, bigarrenik 1. multzoko eta 2. azpimultzoko jarduerak, hirugarrenik 2. multzoko eta 1. azpimultzoko jarduerak, eta azkenik 2. multzoko eta 2. azpimultzoko jarduerak.

Jarduerak hautatzeari utziko zaio lehen fasean aurrez esleitutako irakastordu kopurura iritsitakoan. Irizpide horri jarraikiz hautatutako azken jardueraren irakastordu guztiak diruz laguntzerik ez dagoenean, erabilgarri dagoena aplikatuko zaio jarduera horri.

Salbuespenezko kasuetan eta, betiere, onuradunak aurrez justifikatuta eta eskatuta, hautatutako jarduera bati diruz lagunduko zaizkion orduen kopurua txikiagoa izaten ahalko da jarduera hori egiteko behar diren orduen kopurua baino.

Baldin eta gertatzen bada hirugarren faseko irizpideak aplikatu eta lanbide elkargo baten jarduera diruz lagungarrien irakastorduen batura txikiagoa izatea lehen fasean aurrez esleitutako irakastordu diruz lagungarrien kopurua baino, soberakina beste elkargo batzuen jarduerei esleituko zaie, elkargoak zenbat elkargokide dituen, aurrez esleitutako irakastordu kopurua horren arabera proportzionalki handituz, prozesu berberaren arabera.

8.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Emanen den zenbatekoa honela zehaztuko da:

Jarduera bakoitzerako, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagunduko diren irakastorduen kopurua bider irakastordu bakoitzari 65 euro egozten dizkion modulu ekonomikoa eginen da.

Lanbide elkargo bakoitzari gehienez emanen zaion dirulaguntza honela kalkulatuko da: aurrez esleitutako zenbatekoa gehi prozesuan gerta litekeen hainbanaketa, baldin eta gertatuko balitz laguntza eskatu duen lanbide elkargo bat aurrez esleitutako irakastordu kopurura ez iristea.

9.–Ebazpena.

Osasuneko zuzendari nagusiak ebatziko du dirulaguntzak eman edo ukatzea, instrukzio organoaren proposamenarekin bat.

Ebatzi eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

10.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak jarduera bera garatzeko lor daitezkeen beste dirulaguntza batzuekin bateragarriak dira. Hori gertatuz gero, aditzera eman beharko da deialdiaren 12. oinarrian azaldutakoaren arabera.

Hala ere, dirulaguntzak ez du inoiz ere gaindituko jardueren kostua, bakarrik edo beste entitate publiko edo pribatu batzuek jarduera berberetarako ematen dituzten beste batzuekin nahiz diruz laguntzen den jardueraren baliabide berekiekin baturik.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

11.1. Prestakuntza Atalak proposatuta ordainduko dira laguntzak, eta ebazpena eman beharko da 30 eguneko gehieneko epean, ezarritako eskakizunak justifikatu ondoan.

11.2. Emandako laguntza osorik ordaintzeko, diruz lagundutako prestakuntza jarduerak egin direla justifikatu behar da aurrez.

Emandako laguntzak justifikatzeko, onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Egindako prestakuntza jardueren memoria teknikoa, honako informazio hau jaso behar duena:

–Egindako ikastaro, mintegi eta tailerrak, hauek zehaztuta: jardueraren titulua, non eta noiz eman den, aurreikusitako irakastordu kopurua eta benetan emandakoa, aurreikusitako partaide kopurua eta benetan izandakoa, eta prestakuntza jarduera bakoitzaren kreditu kopurua.

–Partaideen zerrenda, hauek zehaztuta: partaide bakoitzaren izena, abizenak, NANa edo AIZ, eta telefonoa edo helbide elektronikoa.

Memoriarekin batera aurkeztu beharreko ereduak Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan daude eskuragarri: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

b) Jarduera bakoitzaren diru-sarreren eta gastuen balantzea jasotzen duen memoria ekonomikoa.

Diru-sarreretan zehaztuta egonen da partaideen matrikulen bidez jasotako guztizko zenbatekoa eta beste finantzaketa iturri batzuekin lotutako bestelako diru-sarrerak. Gastuak xehakatuta adieraziko dira, hurrengo paragrafoan deskribatutako kontzeptuen arabera.

Laguntza justifikatzeko, prestakuntza jarduerarekin zuzenean lotutako gastuak hartuko dira kontuan, lokalen alokairua barne.

Jardueraren zuzeneko gastuen % 15 ere hartzen ahalko dira kontuan, gehienez, zeharkako gastu gisa, justifikatzearen ondorioetarako.

Berariaz baztertzen dira gastu sozialak eta material inbentariagarriari dagozkionak.

11.3. Justifikazio agiriak ekitaldian zehar aurkezten ahalko dira, jarduerak bukatu ahala, eta betiere 2020ko azaroaren 15a baino lehen.

11.4. Instrukzio organoak, egoki baderitzo, faktura originalak eska ditzake edo froga gisa erabil daitezkeen beste agiri batzuk, laguntzari aplikatzen ahal zaizkion gastuen ordainketa egiaztatzen dutenak.

12.–Onuradunek bete beharrekoak.

Onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Eskaeran eta dirulaguntza emateko baldintzetan zehazturiko moduan gauzatzea jarduera. 2020ko urriaren 31 baino lehen gauzatuko dira dirulaguntza jasotzen duten jarduerak, eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan garatuko dira.

b) Oinarri hauetan eskatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

e) Osasun Departamentuaren babesa jaso dela agertzea laguntza hauen kargura egindako jarduera guztietan.

f) Gardentasun betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kargura dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak behartuta daude ondoren aipatzen diren arauetan jasotako dokumentazioa aurkeztera, baldin eta jasotako dirulaguntzak edo laguntzak 20.000 eurotik gorakoak badira urte batean (hots, aurrekontu ekitaldiari lotutako urte natural batean) edo jasotako dirulaguntzak edo laguntzak haien urteko diru-sarrera guztien % 20 badira gutxienez, betiere 5.000 eurora iristen badira. Hauek dira aipatu arauak: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea, 12.4 artikulua, eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretua, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituena.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Erreferentziako negozio-zifra edo urteko aurrekontua honako hauen arteko txikiena izanen da:

–Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

–Dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

Aurreko kasuak gertatzen direnean, onuradunek honako informazio honen berri eman beharko dute:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

–Kargudun bakoitzaren dedikazio araubidea gobernuko, administrazioko eta zuzendaritzako eginkizunetan.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazio hori hilabeteko epean igorri beharko da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Onuradunak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du. Emateko ebazpenarekin batera aitorpen eredu bat bilduko da, eta hilabeteko epean igorri beharko da, ebazpena jasotzen denetik hasita.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak ez badu betetzen informazioa emateko eginbeharra, horrek ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

13.–Azpikontratazioa.

Onuradunek jarduera jakin baten kostuaren % 100 azpikontratatzen ahal dute, eta dirulaguntzaren xedeko jarduera guztien % 70era arte. Hornitzaileren batekin egindako gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela frogatu beharko du onuradunak, hiru aurrekontu aurkeztuz, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

14.–Baldintzak aldatzea.

14.1. Onuradunek, dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat harturiko baldintzetan aldaketak izaten badira jarduera garatzean, horien berri eman beharko diote Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Prestakuntza Atalari.

14.2. Dirulaguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok dirulaguntza emateko ebazpena aldaraztea ekartzen ahalko du, eta, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzultzea.

14.3. Ez da beharrezkoa izanen dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, ordea, lanbide elkargoak, objektiboki justifikatutako arrazoiak tarteko, honako hauek aldatzeko beharra frogatzen badu, horrelakoetan aski izanen baita Prestakuntza Atalak onartzea:

a) Jarduera baten ordez beste bat egitea, baldin eta ordezkatutako jardueraren multzo eta azpimultzo berekoa bada.

b) Dirulaguntza jaso duen jarduera egiteko datetan, prestakuntza modalitatean, jardueraren ordu kopuruan edo jardueraren profilean egindako beste edozein aldaketa, betiere jarduerak mantentzen badu Nafarroako Foru Komunitateko osasun arloko lanbideen Etengabeko Prestakuntza Batzordeak emandako akreditazioa.

Jarduera egiteko datak aldatzea onartzen ahalko da, betiere jarduera 2020ko azaroaren 15a baino lehenago bukatzen bada.

Jarduera baten ordu kopuruan aldaketak onartuz gero, dirulaguntza ordaintzeko ebazpena egokitu beharko da, baina, edonola ere, ezin izanen da dena delako jarduerari esleitutako zenbatekoa handitu.

14.4. Aldaketak egiteko eskaeretan, aldaketa egiteko premia frogatzeko behar adina arrazoi eman beharko dira eta inguruabar horiek gertatu eta berehala adierazi beharko dira, betiere, diruz lagundutako jarduerak egiteko epea bukatu baino lehen.

15.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, jarduera egiten ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Jasotako dirua itzuli behar denean, ez dira berandutze-interesak eskatuko, baldin eta arrazoiak justifikatu eta jakinarazten badira eta instrukzio organoak onartzen baditu.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

16.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradunak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloan ezarritako erantzukizunen eta arau-hauste administratiboei buruzko zehapen araubidearen mende egonen dira.

Dirulaguntzen arloko zehapenak jartzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

17.–Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honetan eskatzaileak aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Osasun Departamentuaren “Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa” izeneko tratamenduan dago. Hori ikus daiteke Nafarroako Gobernuko Atarian, honako helbide honetan:

http://www.gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datu-pertsonalen-tratamendua

18.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

19.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren nafarroa.eus webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, entitate onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

20.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen, oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2007942