180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

52/2020 FORU DEKRETUA, abuztuaren 1ekoa, zeinaren bidez xedatzen baita Carlos Cánovas Ciáurriz jaunari ematea 2020. urteko Vianako Printzea Kulturaren Saria.

Nafarroako Gobernuak sortu zuen, 1990an, Vianako Printzea Kulturaren Saria, eta haren helburua da aintzat hartzea kulturaren edozein arlotan pertsona edo erakunde nabarmenek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kultura hedatu eta sustatzeko lanetan.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak erabaki du Nafarroako Gobernuari proposatzea Carlos Cánovas Ciáurriz jaunari eman diezaiola 2020. urteko Vianako Printzea Kulturaren Saria, egin dituen merezimendu nabarmenengatik.

Carlos Cánovas Ciáurriz (Hellín –Albacete– 1951) artista estatuan nahiz nazioartean da ezaguna eta miretsia, eta azken urte hauetan argazkigintza artistikoa nabarmen berritzen aritu da.

Argazkigintzaren arloan, bere lan propioa eta berezia garatu du, aski zabala, eta haren bidez paisaiari buruz hausnartu du. Lan hori zenbait museo eta arte zentrotan erakusgai izan da, Nafarroan, estatuan nahiz nazioartean; askotan, obra iraunkor gisa. Bere ikuspegi propioaren emaitza da bere lana, eta, hartan, irudikatzen den horren esentzia bilatzen du, lortzearren errealitate bat ezagutzeko modukoa eta ohiz kanpokoa dena, biak aldi berean. Bere lan nabarmenen artean, aipatu behar dira “Extramuros”, “Paisaje anónimo”, “Plantas dolientes”, “Vida secreta”, “Paisaje sin retorno”, “A propósito” eta “Séptimo cielo”.

Gainera, sustatzaile eta komisario ere izan da hainbat erakusketatan (banakakoak nahiz taldekakoak), eta, hori dela eta, ezagutzaren funtsezko dinamizatzaile bilakatu da argazkigintzako askotariko joera, proiektu eta gaiei dagokienez.

Hainbat lan egin ditu; besteak beste, adierazpen teorikoak, dibulgaziokoak, pedagogikoak, edizio lanak, zaharberritzeak, legatu ondarea kontserbatzeko lanak, eta argazkigintzaren historia, oinarri harturik argazkigintza dela teknika, kultura-bide eta adierazpen artistiko garaikide bat.

Cánovasek hainbat ikastaro eta tailer eman ditu Nafarroan, bere ezagutza praktikoa eta teorikoa zabalduz, eta, gainera, beste toki askotan ere egon da; horrela argazkilari askoren maisu eta gidari izan da, argazkigintzan hasten lagundu baitie askori, hainbat urtez, baita askotariko laguntza, orientabideak eta aholkuak eman ere.

Zenbait libururen egilea da, zeinetan biltzen baita bere lan pertsonala, eta argazkigintzaren historiari buruzko lanak ere argitaratu ditu. Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izan zen (1983-1986), eta Coruñako Arte Garaikidearen Museoko aholkulari ere, arte garaikidearen bildumari dagokionez (2007-2017). Halaber, argazkigintzako irakasle izan da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2000-2015), ikastaroak eta tailerrak eman ditu, eta argazkigintzari buruzko artikuluak editatu ditu hainbat argitalpen espezializatutan eta komunikabidetan.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren proposamena ikusita, bidezkotzat jo du hari ematea 2020. urteko Vianako Printzea Kulturaren Saria.

Horrenbestez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 1ean egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Carlos Cánovas Ciáurriz jaunari ematea 2020ko Vianako Printzea Kulturaren Saria.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Carlos Cánovas Ciáurriz jaunari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 1ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2008645