180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

33/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 31koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez “Talentu Artistikoa Sustatzeko 2020ko Saria” ematen baitzaio Iván Carmona López jaunari.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 12ko 7/2020 Foru Aginduaren bidez, Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariaren 2020ko deialdia egin zen. Sari horrek helburu du Nafarroako artearen eta kulturaren arloko gazte ekintzaileen ekimena bultzatzea eta babestea, bai eta gazteentzat eredugarri izatea, eta laguntzea Nafarroan sortzen ari den talentua ikusarazten eta profesionalizatzen.

Aurkeztu diren hautagaitzak aztertu eta horiek deialdiko oinarrien arabera baloratu ondoren, epaimahaiak erabaki du Iván Carmona López jauna proposatzea “Talentu Artistikoa Sustatzeko 2020ko Saria” eman dakion.

Iván Carmona López jaunaren hautagaitzaren alde egiteko, epaimahaiak kontuan izan du sormenaren garapenaren gain duen ikuspegia, komunitatetik eta komunitatearentzat jarduten baitu parte hartzen duen eta sustatzen dituen proiektu guztietan. Kontuan izan ditu, era berean, proposamen artistikoetan erabiltzen dituen diziplinen aniztasuna eta aniztasun estilistikoa, eta haren eszenaratze ugaria, teknologia berriekiko loturaren alde egiten baitu eta, aldi berean, berrikuntza bilatzen baitu, etenik gabe, musikan eta arte eszenikoetan.

Horrez gain, epaimahaiak baloratu du lotura izan duela, etenik gabe, Nafarroako ondare historiko eta materiagabearekin, ikuspuntu garaikide eta egungo bat emanez. Baloratu du, era berean, errepertorio tradizionalak eguneratzen eta berritzen lagundu duela, bere prestakuntzako oinarri sendoetatik; eta ekintzailea izan dela kulturaren arloan.

Horregatik guztiagatik, epaimahaiaren proposamena ikusirik, bidezko da “Talentu Artistikoa Sustatzeko 2020ko Saria” Iván Carmona López jaunari ematea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Iván Carmona López jaunari ematea “Talentu Artistikoa Sustatzeko 2020ko Saria”.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iván Carmona López jaunari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko uztailaren 31n.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2008642