180. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

65E/2020 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. faseari dagokion birpartzelazio proiektua. Proiektuak Noain (Elortzibar) udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

Nafarroako Gobernuak 2004ko uztailaren 26an hartutako Erabakiaren bidez (2004ko abuztuaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), onetsi zen Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala, Iruñeko Garraioaren Hiria SA sozietateak sustatua.

4. fasearen hirigintza-antolamendua honako honetan dago ezarria: Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa, 4. fasearen berrantolamenduari eta zortasun aeronautikoei dagokiena, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu eta Nafarroako Gobernuaren 2019ko abenduaren 27ko Erabakiaren bidez behin betiko onetsi zena.

Erabaki hori 2020ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 19koan. Eta horri buruzko araudia Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren ekainaren 18ko 51E/2020 Ebazpenaren bidez argitaratu zen (2020ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 17koa).

Espedientearen helburua da antolamenduaren kargak eta onurak zuzenago banatzea, sustatzaileari dagokion aprobetxamenduaren arabera. Hala, finken konfigurazioa erregularizatuko da egikaritzen den planeamenduarekin bat, eta, orobat, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UPSaren 4. fasearen eremuan Administrazioari nahitaez egin beharreko lagapenak gauzatuko dira.

Horrez gainera, poligono horren UPSan zehaztutako modulu partzelarioen banantzeak baimentzea bilatzen da, lurren titularrei ahalmena emanez sortzen diren lurzatiak inskribatzeko eta, gero, besterentzeko.

Proiektuak exekuzio unitate bakarra hartzen du (UE-1), desjabetzearen bidez egikaritzen dena, UPSaren araudiak 8. artikuluan ezarri bezala.

Urbanizazio proiektuaren tramitazioa eta onespena, udalez gaindiko plan sektorial bat egikaritzeko tresna bat denez, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio, hura baita lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duena, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 43.1.1d) artikuluarekin.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txostena egin du espedienteari buruz, 2020ko uztailaren 24an. Horiek horrela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin bat (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak erabiliz (haren bidez ezartzen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa),

EBAZTEN DUT:

1. Hasiera batez onestea eta tramitatzen hastea Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren 4. fasea garatzeko eta egikaritzeko birpartzelazio proiektua. Proiektuak Noain (Elortzibar) udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

2. Sustatzaileak, espedientea ebatzi baino lehen, erantzuna eman beharko die Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2020ko uztailaren 24ko txostenean biltzen diren oharrei.

3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.

Ondorio horietarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bulegoetan (Gonzalez Tablas kalea 9; 31005 Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

Gainera, dokumentua Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan kontsultatzen ahalko da, bai eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren webguneko “Jendaurreko epea eta parte-hartze publikoa” izeneko atalaren bidez ere: www.ExposicionPublicaOT.navarra.es.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Elortzibarko Udalari, 1. eta 2. faseetako jabeen erkidegoari, Agoizko Jabetza Erregistroari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 27an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2008262