179. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

39E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 16koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita honako deialdi hau: toki entitateentzako dirulaguntzak, ondare arkeologiko eta paleontologikoan esku hartzeko. DDBN identifikazioa: 511730.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 87. artikuluak ezartzen du kultur arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako kultur ondareko ondasunen ikerketa, dokumentazioa, kontserbazioa, berreskurapena, zaharberritzea eta zabalkundea bultzatuko dituela, dirulaguntzen eta bestelako sustapen neurri ekonomikoen bitartez.

Deialdiaren xedea da ondare arkeologikoan eta paleontologikoan esku hartzeko asmoz Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek sustatzen dituzten proiektuei laguntzea. Esku-hartze horien sustatzaile diren aldetik, esku-hartze arkeologikorako nahitaezko lizentzia izan beharko dute, Nafarroako Foru Komunitatean 2020an eginen diren indusketa eta prospekzio arkeologikoen planean onetsitakoa.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta lortutako puntuazioaren lehentasun ordenari jarraikiz, hain zuzen ere oinarri arautzaileetako balorazio irizpideak eta mugak aplikatuz lortzen den puntuazioaren arabera, hala ezartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan.

Aurrekontuko gehieneko zuzkidura 100.000 eurokoa da, eta esku-hartze bakoitzari emanen zaion gehieneko dirulaguntza, berriz, ez da izanen onartutako aurrekontuaren %70etik gorakoa, betiere 10.000 euro gehienez.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Honako deialdi hau onestea: toki entitateentzako dirulaguntzak, ondare arkeologiko eta paleontologikoan eskuhartzeko 2020an.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20001-A2120-4609-337100: Toki entitateentzako laguntzak, ondarearen arloko esku-hartzeetarako

2020

100.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateentzako dirulaguntza deialdia, 2020an ondare arkeologiko eta paleontologikoan esku-hartzeak egitea sustatu dezaten. Oinarri arautzaileak

1. Dirulaguntzen xedea eta araubide juridikoa.

1.1. Oinarri hauen xedea da toki entitateentzako dirulaguntza batzuk arautzea, hain zuzen ere helburu dutenak esku-hartze arkeologiko eta paleontologikoak sustatzea, 2020an, Nafarroako Foru Komunitatean.

1.2. Dirulaguntzak oinarri hauetan eta Dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraituz emanen dira.

1.3. Dirulaguntzak emanen dira norgehiagokako araubidea erabiliz, aplikatuz 7. oinarrian azaltzen diren balorazio irizpideak, 4. oinarrian ezarritako mugekin.

2. Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Dirulaguntza hauen onuradunak izanen dira beren lurraldean esku-hartze arkeologikoak sustatzen dituzten Nafarroako toki entitateak.

2.2. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.

b) Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Esku-hartze arkeologiko eta paleontologikorako baimena izatea, Nafarroako Foru Komunitatean 2020an eginen diren indusketa eta prospekzio arkeologikoen planak emandakoa.

d) Zuzenbidean onartutako edozein bitarteko erabiliz frogatzea esku-hartze arkeologikoa egin gogo den lurraren titularrak baimena eman duela.

e) Frogatzea lortu direla jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honakoak:

a) Eskaeraren xede den aztarnategian edo lurraldean esku-hartze arkeologikoak egiteko baimenak lehenagoko kanpainetan izan dituzten eskatzaileak baldin eta ez badituzte bete baimen horiek eragindako betebeharrak (memoriak, materialak eta erregistroko dokumentazioa aurkeztea).

b) Nafarroako Aurrekontu Orokorretan dirulaguntza izenduna duten esku-hartze arkeologikoak.

c) Presako esku-hartze arkeologikoak, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 58.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Nafarroako Gobernuaren beste laguntza deialdi batzuetan modu egokiagoan edo espresuagoan jasota dauden esku-hartzeak, eta bereziki azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legearen xede diren gorpuzkiak lurpetik ateratzeari dagozkionak (aipatutako foru lege horren helburua da aintzatespena eta ordain morala ematea 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako herritarrei).

3. Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak dira honako esku-hartze arkeologiko hauek:

a) Azaleko prospekzio arkeologiko/paleontologikoak, era guztietakoak.

b) Zundaketa arkeologikoak/paleontologikoak.

c) Indusketa arkeologikoak/paleontologikoak.

d) Labarreko artearen erreprodukzioa eta zuzeneko azterketa.

e) Balio arkeologiko/paleontologikoa duten ondasun higiezinak sendotu, zaharberritu, lehengoratu eta babestea.

3.2. Esku-hartzeek 2020an Nafarroako Foru Komunitatean eginak izan behar dute.

3.3. Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe bat datozenak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin. Gastu diruz lagungarrien eskuratze-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

3.4. Honako kontzeptu hauetan egindakoak izanen dira gastu diruz lagungarriak:

a) Diruz laguntzen den jardueran tokian bertan aritzen diren langileen gastuak; horretan emandako denbora adierazi beharko da. Langile mota eta gaikuntza zehaztu beharko dira, eta horien artean egon daitezke arkeologoak, zaharberritzaileak, topografoak, marrazkilariak, laguntzaileak eta peoiak.

b) Jarduera arkeologiko-paleontologikoa betetzeko zuzeneko gastu arruntak, hala nola, ekipoak alokatzea, materialak, kontsumigarriak eta abar erostea, betiere esku-hartzerako baizik ez badira erabiltzen.

c) Indusketaren xede izan diren aztarnategi edo hondar arkeologiko eta paleontologikoak ixteko, babesteko eta/edo lehengoratzeko egindako gastuak.

Izaera horretatik kanpo daude zabalkunde arkeologikoarekin zerikusia duten elementu guztiak (horma-irudiak, seinaleak, argitalpenak, ibilbideetarako materiala, etab.).

d) Esku-hartzean aritzen diren langileen dietak eta joan-etorriak: dirulaguntzak emanen zaizkie Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileei bezala, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen dieta eta kilometroetarako kalte-ordainak erregulatzen dituen araudian aurreikusitako kopuru, baldintza eta kasu beretan.

e) Egiaz egiten diren eta esku-hartzerako beharrezkoak diren zeharkako kostuak, baldin eta aurretik berariaz jaso badira gastuen aurrekontuan. Horien zenbatekoa ez da izanen aurrekontuaren %5etik gorakoa.

3.5. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako esku-hartzea gauzatzeko peritu gastuak eta administrazio gastuak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Zeharkako zergak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal direnean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

d) Kapital ondasunak edo ondasun inbentariagarriak sortu edo eskuratzeko erabili behar diren ondasunetan egindako inbertsioak.

e) Lurrak eskuratzea.

4. Diruz laguntzen diren jardueren finantzaketa.

4.1. Esku-hartze bakoitzerako onartutako aurrekontuaren %75ekoa izanen da gehienez.

Onartutako aurrekontua izanen da entitateak aurkeztutako aurrekontua, kenduta deialdi honen 3. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da inola ere izan 10.000 eurotik gorakoa.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

5. Aurrekontu-aplikazioa.

Deialdi honetarako baimendutako gastua 100.000 eurokoa da, eta honako partida honi egokituko zaio: 2020ko Gastu-aurrekontu Orokorreko “Toki entitateentzako laguntzak, ondarearen arloko esku-hartzeetarako” izeneko A20001 A2120 4609 337100 partida.

6. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkeztea.

6.1. Dirulaguntzetarako eskaerak aurkeztu beharko dira I. eranskineko eredu ofizialaren arabera, hurrengo ataletan eskatzen den dokumentazioa erantsita, eskatzaileak berak izenpetuta edo haren lege ordezkariak.

Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (www.nafarroa.eus). Identifikatzeko, ziurtagiri digitala edo NAN-PINa eduki beharko da.

6.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

A.–Dokumentazio administratiboa.

a) Entitate eskatzailearen adostasuna, Ondare Historikoaren Zerbitzuak behar diren egiaztapenak egin ditzan organo eskudunetan, eskatzaileak zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita deialdia ebazteko beharrezkoa den beste edozein ere egunean dituela ziurtatzeko.

b) Toki entitateko Idazkaritzaren ziurtagiria, adierazten duena ea eskatu edo/eta jaso ote den deialdi honen xedeko lanetarako beste laguntza publiko eta/edo pribaturik, horren bitartez ziurtatzeko dadin aurreikusitako dirulaguntza guztien zenbatekoak ez duela gainditzen aurkeztutako proiektuaren kostu osoa.

c) Esku-hartze arkeologikoa egin gogo den lursailaren titularrak baimena emana duela.

d) Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu izanaren frogagiriak.

B.–Dokumentazio teknikoa:

a) Dirulaguntza zer esku-hartzetarako eskatzen den, horri buruzko azalpen-memoria. Memoriak honako atal hauek izanen ditu:

–Lursailaren ezaugarriak eta titulartasuna.

–Indusketari edo prospekzio eremuari buruzko argitalpen zientifikoen zerrenda zehatza, 7.2.1.e) puntuan araututakoarekin bat.

–Esku-hartze arkeologikoaren proiektua.

–Kontserbaziorako aurreikusi diren neurriak, eta esku-hartzearen xede den eremuan egiten duten portzentajea (azalerakoa, lineala edo atalka).

Adierazi beharko dira esku-hartzea hartzen duen proiektu orokorraren barneko faseak.

Teknikari arkeologo-paleontologo baten izena eman beharko da esku-hartzearen zuzendari tekniko gisa, bat etorriko dena Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren Ebazpenean baimendutako titularrarekin, salbu zuzendaritza nagusi horrek berariaz besterik baimentzen badu.

b) Esku-hartzearen gastuen aurrekontu zehaztua, BEZa barne, eta gutxienez honakoak jasoko dituena:

–Proiektuaren barruan 2020an eginen den fasearen aurrekontua, guztira.

–Dirulaguntza zertarako eskatzen den 2020an, horren kostu zehatza, adieraziz zenbateko horrek zer portzentaje egiten duen egin beharreko aurrekontu osoan, guztira eta kontzeptuz kontzeptu.

c) Toki entitate eskatzailearen lege ordezkariak izenpetutako konpromisoa, adierazten duena esku-hartzean erabiliko duela aurrekontua, baita dirulaguntzaren xede ez den zatia ere.

d) Eskaera 7. oinarrian xedatutakoari jarraikiz baloratzeko behar den gainerako dokumentazioa.

6.3. Interesdun bakoitzak eskaera bakarra aurkezten ahalko du, eta eskaera bakoitzak ikerketa arkeologiko-paleontologikorako proiektu bakarra izanen du bere baitan.

6.4. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, hamar egun balioduneko epean gehienez ere okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6.5. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Balorazio irizpideak.

7.1. Dirulaguntzak onartu eta haien zenbatekoa zehazteko honako alderdi hauek baloratuko dira, eta gehienez ere 100 puntu emanen dira. 50 puntura iristen ez diren eskaerak baztertuko dira.

7.2. Hauek dira baloratuko diren alderdiak:

7.2.1. Aztarnategiari-lurraldeari dagokienez. 40 puntu gehienez.

a) Biztanle kopurua. Entitate eskatzaileak 10.000 biztanletik behera izatea, Nafarroako Estatistika Institutuaren indarreko datuen arabera. 10 puntu gehienez.

10 puntu emanen zaizkie 1.000 biztanletik beherako entitateei, 5 puntu 1.000 biztanletik 5.000ra bitarte dituztenei, eta 2 puntu, azkenik, 5.001 biztanletik gorakoei.

b) Aztarnategiaren puntuazioa Nafarroako Inbentario Arkeologikoan. 10 puntu gehienez.

Indusketa-zundaketak direnean, Nafarroako Inbentarioan aztarnategiak behar den puntuazioa edo izaera duenean Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean aurreikusitako babes kategorietan sartzeko. 10 puntu emanen zaizkie interes kulturaleko ondasunaren izaera duten aztarnategiei, 5 puntu inbentarioko ondasunei, eta 2 puntu garrantzi lokaleko ondasunei edo Inbentario Arkeologikoan ez daudenei. Prospekzioen kasuan, eremua Nafarroako Inbentario Arkeologikoa egiteko prospektaturik dagoen edo ez. 10 puntu emanen zaizkie prospektatu gabe dauden eremuei eta 5 puntu zati batean edo osorik prospektaturik daudenei.

c) Lurren titulartasuna. Esku-hartzea egin behar den eremua titulartasun publikokoa izatea, edo frogagiri bat izatea zeinak adierazten duen haren erabilera berariaz laga dela xede publikoetarako, eta gutxienez 30 urterako. Baldintza hau 5 puntuz baloratuko da.

d) Epe ertain-luzerako jarduketa proiektu bat izatea, toki entitateak eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak onartua. Baldintza hau 5 puntuz baloratuko da.

e) Esku-hartzearen eskaeraren xede den aztarnategian edo eremu geografikoan egindako esku-hartzeei buruzko argitalpenak egotea, soilik izaera arkeologikoa dutenak. 10 puntu gehienez.

2 puntu emanen dira monografiako, 0,5 artikuluko (5 orri baino gehiagoko argitalpena) eta 0,25 albisteko ( 3 eta 5 orri arteko argitalpena). Ez dira baloratuko prentsako argitalpenak, ez eta 3 orrialde baino gutxiagokoak ere. Irizpide berekin baloratuko dira argitalpen elektronikoak, baldin eta ISBNa badute.

Ez dira baloratuko prentsan argitaratutakoak, ez eta izaera teknikoa ez dutenak ere.

7.2.2. Proiektuaren interesa eta kalitatea. Gehienez ere 30 puntuko balorazioa.

a) Proiektuaren erredundantzia, ondare arkeologiko-paleontologikoaren ikuspuntutik eta bideratu nahi den arazoaren ikuspegitik. Puntuazioa, gehienez ere: 10 puntu.

Puntuazio altuagoa emanen zaie errepikakorrak ez diren esku-hartzeei, kontuan hartuta Nafarroako Inbentario Arkeologikoan jasotako kategorien arabera induskatutako aztarnategiak edo prospekzioen xede izandako eremuak. Horretarako, kontatuko dira Nafarroako Indusketa Planean 2000tik 2016ra onartutako jarduketak, bi urte horiek barne. Horrenbestez, ponderazio hau ezarri da:

–10 puntu. Interes handia. Esku-hartzerik ez.

–5 puntu. Tarteko interesa. Esku-hartze 1etik 5era.

–3 puntu. Interes txikia. 6 esku-hartzetik 15era.

–0 puntu. Batere interesik ez. 15 esku-hartze baino gehiago.

b) Proiektuaren kalitatea. Puntuazioa, gehienez ere: 20 puntu.

Honako kontzeptu hauek baloratuko dira (bakoitza, gehienez ere, 4 puntu):

–Erabilitako metodologia.

–Gastuen eta diru-sarreren aurrekontuaren antolaketa.

–Beharrezkoak diren bitartekoak eta azpiegiturak izatea.

–Taldekideen aniztasun teknikoa eta proiektura egokitzea.

–Proiektuko zuzendariaren ibilbide zientifikoa.

7.2.3. Finantzabideak. Gehienez ere 10 puntuko balorazioa.

Finantzabide osagarriak izatea baloratuko da.

–10 puntu. 2020rako onartutako aurrekontuaren erdia baino gehiagoko finantzabide osagarriak dituztela justifikatzen duten aurrekontuak dauzkaten proiektuak.

–5 puntu. 2020rako onartutako aurrekontuaren %25etik erdira bitarteko finantzabide osagarriak dituztela justifikatzen duten aurrekontuak dauzkaten proiektuak.

–0 puntu. 2020an finantzabide osagarririk ez duten proiektuak edo finantzabide horiek 2020rako onartutako aurrekontuaren %25etik beherakoak direnean.

7.2.4. Aztarnategiaren kontserbaziorako proposatutako neurriei dagokienez. Gehienez ere 20 puntuz baloratuko da.

a) Aztarnategiari aplikatutako neurriak.

–10etik 6 puntura bitarte. Aztarnategian kontserbaziorako neurri iraunkorrak aplikatzea.

–5 puntutik 0 puntura bitarte. Aztarnategian kontserbaziorako aldi baterako neurriak aplikatzea.

b) Arkeologiako materialei aplikatutako neurriak.

–10 puntu. Arkeologiako material guztiak zaharberritzea.

–5 puntu. Arkeologiako materialetako batzuk zaharberritzea.

7.3. Proposamen bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide honi jarraituko zaio:

a) Eskatutako gutxienekoa, alegia, 50 puntu, lortu duten eskaera guztien puntuak batu, eta eskaera bakoitzari 49 puntu kenduko zaizkio.

b) Baimendutako gastuko 100.000 euroak zatituko dira aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera lortutako puntuen baturaz, puntu/euro ratioa lortzeko.

c) Banaketa zuzenki proportzionala eginen da, aurreko puntuan zehaztutako ratioa kontuan hartuta proposamen bakoitzak lortutako puntuen arabera.

7.4. Aurreko 7.3 puntuan adierazitako kalkulua zein den ere, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen, guztira, onartutako aurrekontuaren %75 baino handiagoa. Proposamenetako batek portzentaje hori gainditzen badu, soberakina lortutako puntuazioaren zuzeneko proportzioan banatuko da gainerako esku-hartze diruz lagungarrien artean, nahiz eta aipatutako portzentajera ez iritsi.

8. Tramitazio eta ebaluazio organoak.

8.1. Eskaerak Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak tramitatuko ditu.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioez.

8.2. 7. oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ondare Historikoaren Zerbitzuak ebazpen proposamen bat eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak.

9. Dirulaguntzaren ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori ebazpenik eman gabe iraganez gero, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozedurako ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

10. Dirulaguntzen ordainketa.

10.1. Onartutako dirulaguntzak egintza bakar batean ordainduko dira, egin diren lanen frogagiriak aurkeztu eta onetsi ondoren.

10.2. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordainketaren frogagiria badute.

Onartutako aurrekontua osorik justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzen arteko portzentaje bera.

11. Dirulaguntzak justifikatzeko epea eta baldintzak.

11.1. Dirulaguntzen onuradunek justifikatu beharko dute bete dituztela ezarritako baldintzak eta lortu dituztela dirulaguntza emateko ebazpenean aurreikusi diren helburuak.

11.2. Frogagiriak aurkezteko epea 2020ko azaroaren 27an bukatuko da.

11.3. Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, eta aldez aurretik honako agiri hauek bidali behar dira:

a) Jarduketari buruzko memoria, adierazita egindako jarduerak eta noraino bete den onartutako proposamena.

b) Fakturak, edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera duten bestelako agiriak. Faktura horiek izan behar dute Fakturazio Betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritako baldintzen araberakoak.

Fakturak hurrenez hurren zenbakituta egonen dira, eta partiden arabera antolatuta, adierazita hartzekoduna, zenbatekoa eta jaulkipen data.

Fakturak ordaindu direla frogatu behar da, ordainagiriekin.

Langileria gastuak frogatuko dira langileen eguneroko parteen kopien bidez; esku-hartze arkeologikoaren titular teknikoak eta aitortzaileak sinatuko dituzte, eta bertan jasoko dira egiaz lan horretan emandako orduak.

c) Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda.

Zerrendarekin batera, excel taula bat aurkeztuko da, nahitaez. Honako hauek jasoko dira bertan: fakturaren edo frogagiriaren zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, gastu mota (3.4 oinarriaren arabera), ordainketaren eguna eta zenbateko konputagarria.

d) Testu zientifiko bat, hirutik bost orrialdera bitartekoa, eta bi irudi, argitara daitezen “Trabajos de Arqueología Navarra” aldizkariaren urteko albistegian, argitaratzeko dituen baldintzekin bat.

11.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak txosten bat erantsiko dio gastuaren justifikazioari, adierazten duena bete direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak; ondorio horietarako beharrezkoak izan daitezkeen frogagiriak eskatzen ahalko dizkio onuradunari.

12. Onuradunek bete beharrekoak.

12.1. Onuradunak betebehar hauek ditu:

12.1.1. Administratiboak.

a) Organo emaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, egin dela dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea, eta lortu dela dirulaguntza eman eta jasotzeko helburua, deialdi honen 11. oinarrian aipatzen den moduan.

b) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Dirulaguntza onartu dela jakin eta 15 egun naturaleko epean eman beharko da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

d) Emandako dirulaguntzaren ziurtagiriak aurkeztea, 11. oinarrian aipatzen diren datan eta moduan.

e) Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izateko, edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaizkion legeek agindu moduan.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

12.1.2. Teknikoak.

a) Dirulaguntzak emateko oinarria izan den proiektua onetsitako moduan eta epean gauzatzea.

b) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari idatziz jakinaraztea esku-hartze arkeologikoa hasteko eta amaitzeko datak.

c) Proiektuan egin nahi den edozein aldaketaren berri ematea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari, erakunde horren onarpena beharko baita.

d) Esku-hartze arkeologikoa garaiz amaitzea, oinarri hauetako 11.2 puntuan ezarritako dirulaguntza justifikatzeko epea betetzeko.

12.1.3. Bestelakoak.

Jarduerei buruzko publizitate guztian adieraztea jaso dutela Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza.

12.2. Hemen adierazitako edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharretako edozein bete ezik, emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

13. Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak edo jarduerak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

14. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek eta beste ente publiko edo pribatu batzuek, nazionalek nahiz nazioartekoek, emandako beste edozeinekin; betiere, laguntzek, guztira, ez dute gaindituko aurkezten den esku-hartzearen proiektuaren guztirako kostua. Kostu hori gainditzen bada, zenbat gainditzen den proiektuaren guztirako kostua, zati hori kenduko zaio deialdi honen babesean emandako dirulaguntzari, eta onuradunek hura itzuliko dute.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (42. artikulua eta hurrengoak).

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

16. Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauek aplikatzeko ematen diren egintzen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete toki entitateek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

2. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2007068