178. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

604/2020 EBAZPENA, abuztuaren 11koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez prebentzio neurri jakin batzuk hartzen baitira aplika daitezen nekazaritzako langileak aldi baterako kontratatzen direnean Nafarroako nekazaritza kanpainetan, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiari aurre egiteko xedez.

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoaren lehen artikuluan xedatzen da ezen, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko.

Era berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da ezen administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela judizialki baimentzea edo berrestea osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak, horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpena funtsezko jarduera bat da, elikagaien hornidura katearen parte baita, eta haren jarduera bermatu behar da, oinarrizko eta funtsezko zerbitzu bat eman dakien herritarrei.

Nekazaritzako kanpainek irauten duten bitartean, espero da aldi baterako hainbat langile kontratatzea Nafarroako Foru Komunitateko eskualde batzuetan, eta horrek eskatzen du neurri teknikoak eta antolaketakoak hartzea, baita langileak prestatzea eta haiei informazioa ematea ere, bermatzearren prebenitzen eta kontrolatzen direla SARS-CoV-2aren transmisioa eta infekzioa nekazaritzako ekoizpenaren prozesu guztietan (bilketa, garraioa eta biltegiratzea).

Lan ildo horretan, Osasun Ministerioak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak gida bat aurkeztu diete autonomia erkidegoei, COVID-19a prebenitzeko eta kontrolatzeko nekazaritzako ustiategietan, horietan sasoikako langileak kontratatu behar badira. Halaber, gida horretan parte hartu dute Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, zenbait mediku elkartek eta autonomia erkidegoek, Osasun Publikoaren Batzordearen bitartez.

Gida horretan adierazten da ezen, oro har, bete behar direla Laneko arriskuen prebentzioari buruzko Legeak xedatzen dituen betebeharrak, baita osasun agintaritza eskudunek ezartzen dituztenak ere. Horretarako, kasuan kasuko autonomia erkidegoan ezarritako planei jarraitzeaz gain, gomendatzen da Osasun Ministerioaren webgunean sartzea, zeina une oro eguneratzen baita: https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/ccayes/alertasActual/nCov-China/. Horrez gain, irizpide orokor batzuk ezarrita daude honako honetan: Jarduketa prozedura, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek jarraitu beharrekoa SARS-CoV-2aren aurrean.

Gainera, gidak dioenez, lurralde eremu jakin baten barnean nahitaez bete behar badira zenbait administraziok ezarritako prebentzio neurriak (jarduera jakin baten gaineko eskumena partekatzen dutelako), neurririk murriztaileena aplikatuko da.

Sektore honetan kutsatzeko arriskua altua da, langileen mugigarritasuna eta ostatu hartzeko baldintzak direla eta. Agerian gelditu da hori beste autonomia erkidego batzuetan. Hemen ezartzen diren neurrien helburua da, lehenik eta behin, prebentzioa egitea kutsatze kasuak eta agerraldiak zabal ez daitezen, ahal den heinean; eta, bestetik, behar bezain laster detektatzea balizko positiboak, horien gaineko jarraipena eta kontrola egiteko. Horregatik, aurreikusten da PCR probak egitea Nafarroako nekazaritza kanpaina hauetan kontratatzen diren pertsonei, bermatzearren laneko arriskuen prebentzioa eta langileen osasuna, eta haien laneko baja ordaintzea, positibo ematen badute.

Horiek horrela, eta bat etorriz Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluarekin, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren adostasunarekin eta lehen sektoreko erakunde eta sindikatuen iritzia entzun ondoren,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Xedea.

Ebazpen honen xedea da prebentzio neurri batzuk hartzea, aplika daitezen nekazaritzako langileak aldi baterako kontratatzen direnean Nafarroako nekazaritza kanpainetan, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiari aurre egiteko xedez.

Gainera, kontuan hartu beharko dira beste xedapen batzuk, ezarri direnak Estatuko Administrazio Orokorrak onetsitako gidan (gida horrek zenbait neurri jasotzen ditu COVID-19a prebenitzeko eta kontrolatzeko nekazaritzako ustiategietan, horietan sasoikako langileak kontratatu behar badira), baita Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ematen dituen xedapenak ere.

Bigarrena.–Aplikaziorako lurralde eremua.

Ebazpen honetan ezarritako neurriak Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan aplikatuko dira.

Hirugarrena.–Erantzukizunpeko adierazpena.

3.1.–Nafarroako nekazaritza kanpainetan nekazaritzako langileak aldi baterako kontratatzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiek zenbait datu jakinarazi beharko dizkiote, nahitaez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari, baldin eta langile horiek ez badaude erroldaturik Nafarroako udalerrietan, edo, hala egonik ere, beste autonomia erkidego edo herrialde batean aritu badira nekazaritza kanpainetan lanean azken bi hilabeteetan. Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez jakinaraziko dira datu horiek, 1. eranskineko eredua erabiliz.

3.2.–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egiaztatzen ahalko du ea adierazpen horietan aurkeztutako datuak eta aurreikuspenak egiazkoak diren, horiek alderatuz administrazio beraren edo beste batzuen datu baseetan dauden datuekin, aurrerago kontrolak eta ikuskapenak egin ahal izateko. Administrazioari ez bazaio baimenik ematen egiaztapen horiek egiteko, eskatzen diren egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dira.

Laugarrena.–Aurkezteko epea.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusira igorriko dira 1. eranskineko erantzukizunpeko adierazpenak, nekazaritzako langileak aldi baterako kontratatzeari buruzkoak, behin langilearen alta tramitaturik Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, laneko harremana hasi baino hiru egun baliodun lehenago edo, ezin bada, langileak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian alta hartzen duen egunean berean. Hori deusetan ukatu gabe, aitorpen berri bat aurkeztu beharko da deklaraturiko inguruabarrak eta datuak aldatzen badira.

Bosgarrena.–Aurkezteko modua.

5.1.–Erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko, dagokion fitxa erabiliko da, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) Tramiteen katalogoan. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

5.2.–Pertsona fisikoek aitorpena aurkezten ahalko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Bulegoetan, departamentuko Erregistroan (González Tablas kalea, Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren bideetako edozein erabiliz.

5.3.–Erantzukizunpeko adierazpenaren inprimakiak eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus).

Seigarrena.–PCR probak egitea.

6.1.–Ebazpen honen eraginpeko langile guztiei PCR probak eginen zaizkie laneko kontratua sinatu ondoan, SARS-CoV-2aren kutsatze eta transmisio arriskua prebenitzeko, gutxitzeko eta, hala bada, saihesteko.

6.2.–Halaber, PCR probak egiten ahalko zaizkie baldin detektatzen badira osasun publikorako arriskutsuak izan daitezkeen egoerak.

6.3.–Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak ordainduko du proba horien kostua.

Zazpigarrena.–Diagnostiko baieztatua duten pertsonak bakartzea.

COVID-19aren diagnostiko baieztatua duten langileak bakartzeko (baita haien kontaktu estuak bakartzeko ere, kasua bada), Osasun Departamentuak horretarako gaitu dituen edo gaituko dituen ostatu establezimenduak erabiliko dira, pertsona horiek ez badituzte behar diren baldintza objektiboak betetzen osasun baldintza egokietan isolamenduan egoteko.

Zortzigarrena.–Babeserako materiala eta COVID-19aren aurkako prebentzio neurriak betetzea.

Enplegatzaileek babeserako materiala eman beharko diete kontratatzen dituzten nekazaritzako langileei, baldintza seguruetan lan egin dezaten. Orobat, egiaztatu beharko dute betetzen direla prebentziorako eta babeserako neurri guztiak, osasun agintaritzek ezarri dituztenak COVID-19aren aurrean.

Bederatzigarrena.–Elkarlana toki erakundeekin.

Toki erakundeei eskatzen zaie ezen, oinarrizko gizarte zerbitzuen bitartez, identifika dezatela zer helbidetan hartzen duten ostatu nekazaritzako langileek, enplegatzaileek kontratatu dituzten horiek, hain zuzen, uste badute pilaketa egoeran egon daitezkeela, hori arriskutsua izan daiteke-eta osasun publikorako.

Hamargarrena.–Zehapen araubidea.

Ebazpen honetan ezarritakoa ez betetzea arau hauste administratibo bat izaten ahalko da, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrean ezarri bezala.

Hamaikagarrena.–Argitaratzea eta ondorioak.

Ebazpen honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 11n.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

1. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, nekazaritzako aldi baterako langileen enpleguari buruz (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2009003