177. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

689/2020 EBAZPENA, uztailaren 22koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, bi prestakuntza bekatarako deialdia onesten duena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 517105.

Nekazaritza Zerbitzuak proposatu du bi prestakuntza beka sortzea eta horien deialdia egitea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusian aritzeko. Kontuan harturik bekadunen esku uzten diren azterketak eta lanak departamentu honentzat eta Nafarroako Foru Komunitateko nekazaritzarako onuragarriak izan daitezkeela, baita bekadunentzat berentzat ere, horrela lan esperientzia baliagarria lortzeko aukera izanen baitute.

Beste alde batetik, beken deialdi hau COVID-19ak Espainian eta nazioartean eragindako osasun publikoko larrialdi egoeran egiten da; hori dela eta, Alarma, Salbuespen eta Setio Egoerei buruzko ekainaren 1eko 4/1981 Lege Organikoan xedatutakoaren babesean (4. artikuluko b) eta d) apartatuak), Gobernuak alarma egoera deklaratu zuen Espainiako lurralde osoan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, osasun krisiari aurre egiteko. Aipatu alarma egoera sei aldiz luzatu da; azkena, ekainaren 5eko 555/2020 Errege Dekretuaren bidez, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma egoera luzatzen baitu, ekainaren 7ko 00:00etatik ekainaren 21eko 00:00ak arte, arau horretan adierazitako baldintzetan. Horrenbestez, deialdia egoki tramitatu eta onetsi ahal izateko, maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuak xedapen indargabetzaile bakarraren 2. puntuan xedatutakora jo behar da. Puntu horrek ahalbidetzen du prozedura honen tramitazioarekin jarraitzea, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria indargabetzen baitu 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin; izan ere, indargabetutako xedapenak epe administratiboen etetea deklaratu zuen sektore publikoko entitateek izapidetutako prozeduretan.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak otsailaren 9an emandako 68/2017 Foru Aginduaren bidez eman dizkidaten eskudantziak erabiliz, haren bidez departamentuko zuzendari nagusien esku utzi baitzen 2017ko Gastuen Aurrekontuko “Bekak” izeneko 70110-700000-4809-411100 partidari eta ondorengo aurrekontu-ekitaldietako antzeko partidei egotzitako gastuak eta ordainketak baimentzeko eskumena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Graduatu ondokoentzako bi beka emateko deialdia onestea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapeneko, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean aritzeko; oinarri arautzaileek ebazpen honen eranskina osatzen dute.

2. 22.761,84 euroko gastua baimentzea. Haietatik, 7.587,28 euro 2020. urteko Gastuen Aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura izanen dira, eta 15.174,56 euro 2021ean horretarako sortuko den partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko gastuen konpromisoetarako.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora, Informazio Kudeaketaren Atalera eta Langileria Bulegora.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (DDBN).

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita edo alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita, aurrekoaren ondotik gertatzen bada.

Iruñean, 2020ko uztailaren 22an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

ERANSKINA

Graduatu ondokoentzako 2 beka emateko deialdiaren oinarri arautzaileak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Nekazaritza Zerbitzuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean aritzeko

Lehena.–Xedea.

1. Deialdi honek helburu du graduatu ondokoentzako bi beka sortzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalean (Nekazaritza Zerbitzua) aritzeko.

2. Bi bekak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko egoitzan aritzeko dira (González Tablas kalea 9, Iruña), azterketak eta lanak egiteko landare produkzioari eta osasunari buruz, fitosanitarioei eta nekazaritzako bestelako sargaiei buruz eta jarduera horiekin lotutako kontrol administratiboei buruz.

Bigarrena.–Iraupena.

Bekek 12 hilabeteko gehieneko iraupena izanen dute, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarte. Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalak eskatuz gero, bekak luza daitezke, epe berdinetarako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

Beka bakoitza 11.380,92 eurokoa izanen da, urtebeterako. Diru hori hilabetero ordainduko da, 900 euro aldiro, edo dagokion zati proportzionala, gehi Gizarte Segurantzaren kontzeptuan Departamentuari dagokion kopurua. Bekadunak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dituzte prestakuntza bekak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Honako titulu hauetako bat izatea: Nekazaritzako ingeniari edo Nekazaritzako ingeniari tekniko titulua, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako gradua, Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako gradua, Nekazaritzako Ingeniaritzako gradua, edo nekazaritzako ingeniari teknikoen lanbide arautuan aritzeko gaikuntza ematen duen edozein gradu.

f) Eskatutako titulua prestakuntza beken deialdia argitaratu aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

h) B motako gidabaimena edukitzea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eskaera aurkezten den egunean.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea, 9, Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko bulego guztietan (zerrenda 2015eko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 25ean) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina horretarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaera.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Eskatutako unibertsitateko tituluaren fotokopia, deialdi honen laugarren oinarriaren e) letraren arabera.

d) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

e) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

f) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskabidean behar diren datu guztiak jasotzen ez badira, edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epean akatsak zuzen ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

–Batzordeburua: Pablo María Díez Huguet jauna, nekazaritzako ingeniari teknikoa, Landareen Ekoizpen eta Osasun Ataleko burua.

–Batzordekidea: Javier Jiménez Galindo jauna, nekazaritzako ingeniaria, Nekazaritzako Ekoizpen Baliabideen eta Jasangarritasunaren Bulegoko burua.

–Batzordekidea: Belén Pérez Larrea andrea, nekazaritzako ingeniaria, Ugalketarako Materiala Ziurtatzeko eta Landare Osasuneko Bulegoko burua.

–Idazkaria: José Ignacio Zabalza Valencia jauna, Idazkaritza Tekniko Nagusiko APTa (arlo juridikoa).

2. Ebaluazio batzordeak izangai bakoitzak alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, espediente akademikoari honako balorazio hau aplikatuz.

Irakasgai bakoitzaren kreditu kopurua bider balio bat eginen da, lortutako notaren arabera; honela:

–Ohorezko matrikularekin eskuratutako kredituak bider 10.

–Bikainekin eskuratutako kredituak bider 8.

–Oso ongirekin eskuratutako kredituak bider 5.

–Nahikoarekin eskuratutako kredituak bider 2.

Azkenik, lortutako balioen batuketa zati tituluaren guztizko kreditu kopurua eginen da.

3. Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoaren berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4. Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5. Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak bekak emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Bekak nori esleitu zaizkion eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla interesdunei jakinarazteko, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoaren fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunei ezarritako baldintzak zehaztuko dira.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza bekak jasotzen dituztenek organo eskudunak agintzen dien egunean hasi beharko dute lanean, edo, betiere, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean, gehienez ere. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.

2. Onuradunak prestakuntza jarduera bera egiteko beka edo dirulaguntza bateragarri bat baino gehiago metatzen badu, jasotako zenbatekoa ezin izanen da 18.000 eurotik gorakoa izan urtean, dela bakarka dela administrazio beraren, beste administrazio publiko baten edo Espainiako nahiz atzerriko erakunde publiko edo pribatu baten nahiz partikular baten beste dirulaguntzekin baturik.

3. Jarduerak hasteko unean Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak zerga betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, baita zinpeko adierazpen edo agindu bat ere, adierazten duena ez dela jasotzen ari, helburu berarekin, beste departamentu, administrazio, ente publiko edo pribatu batzuek emandako laguntza publikorik, bekarekin bateraezina dena.

4. Beka emateak zehazten duen prestakuntza teoriko-praktikoko jarduera betetzea, eta bekaren jarduketaren xedearekin eta eremuekin lotutako jardueretan eta lanetan laguntzea. Beka jasotzen dutenek beren kabuz joan beharko dute Iruñeko (Nafarroa) González Tablas 3 helbidean dauden Departamentuaren instalazioetara.

5. Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

6. Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

7. Prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

8. Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

9. Onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

10. Onuradunak prestakuntza jarduera bera egiteko beka edo dirulaguntza bateragarri bat baino gehiago metatzen badu, jasotako zenbatekoa ezin izanen da 18.000 eurotik gorakoa izan urtean, dela bakarka dela administrazio beraren, beste administrazio publiko baten edo Espainiako nahiz atzerriko erakunde publiko edo pribatu baten nahiz partikular baten beste dirulaguntzekin baturik.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunaren betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko, 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadun bakoitzari.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunek prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko dituzte.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko eskubidea du bekadunak.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Bekadunak bere prestakuntza jarduerak irauten duen bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea Administrazio Publikoa izanen da, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak dolu, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Hamalaugarrena.–Aplikatu beharreko araudia.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2008200