177. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 11a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

140E/2020 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, lehiakortasuna hobetzeko 2020ko laguntzen deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 508088.

Espezializazio adimentsuaren estrategiak (S3) erregio mailako garapenari buruzko epe luzeko ikuspegi bat dakar berekin, 5 ardatz handitan oinarrituta: Nafarroa osasuntsua, jasangarria, industriala, lehiakorra eta kohesionatua.

Bestalde, Nafarroako Industria Planak, S3aren bidez sortu baitzen, Nafarroako industria-sarearen indarrak eta aukerak hobetze aldera orientatzen ditu bere tresnak eta jarduketak, bai eta ahulezia eta mehatxu nagusiak konpontzera ere.

Nafarroako enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratzeko jarduera gisa proposatzen dira lehiakortasuna hobetzeko laguntzak, bai S3an bai Nafarroako Industria Planean finkatutako helburuak lortzera bideraturiko politika publikoen zehaztapen gisa. Horrela, aholkularitza espezializatua sustatzen da, dirulaguntzak emanez enpresaren esparruak aztertzeak eta hobekuntza ekintzen inplementazioak dakartzaten aholkularitza eta ingeniaritza gastuetarako.

Laguntza hauen bidez, enpresen arteko lankidetza sustatu nahi da, merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak, foru legea baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa,

EBAZTEN DUT:

1. Lehiakortasuna hobetzeko 2020ko laguntzen deialdia onestea.

2. Laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810001 81100 4709 458104 partida, ETEen lehiakortasuna sustatzea. PE EGEF 2014-20

2020

400.000

810001 81100 4709 458104 partida, ETEen lehiakortasuna sustatzea. PE EGEF 2014-20

2021

600.000

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Epea alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko da kontatzen.

Iruñean, 2020ko uztailaren 14an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Laguntza hauen helburua da enpresa nafarrentzako aholkularitza espezializatua sustatzea, dirulaguntzak emanez produktibitatea hobetzeko proiektuak egiteko.

Proiektu horiek enpresaren esparruak aztertzea izan dezakete xede, edo hobekuntza ekintzak inplementatzea edo merkatu estrategikoetan dimentsio lehiakorra lortzeko lankidetza proiektuak garatzea, betiere enpresen lehiakortasuna argiro eta modu jasangarrian handitzeko asmoz.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Betebehar hauek betetzen dituzten enpresek jasotzen ahalko dituzte laguntzak:

a) Nafarroan establezimendua izatea, eta alta emanda egotea ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) laguntza eskatzen duen egunean.

b) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan xedatuaren arabera.

c) Inolako administrazio-zehapen irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen ez egotea sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabidearen inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan eskatzaileak tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duten ziurtagiri telematikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Eskatzaileek proiektu bat aurkezten ahalko dute, banaka edo bi enpresaren edo gehiagoren arteko lankidetzan. Kasu horretan, proiektuan parte hartzen duten enpresa guztiek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, eta bakoitzak bakarkako eskaera aurkeztu.

3. Betebehar horiek frogatuko dira 6.4. oinarriak aipatutako eskaeraren inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta, eta dirulaguntza ordaintzen den arte bete beharko dituzte.

3. oinarria.–Proiektu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Enpresaren lehiakortasuna hobetzen duten proiektuak egitea izanen da laguntzaren xedea. Proiektuek ondoko arlo hauetako batean eragin behar dute:

a) Antolaketa-Estrategia.

b) Prozesua-produktua.

c) Ekonomia zirkularra.

d) Merkatua.

e) Gizarte berrikuntza.

f) Bestelako jarduketak.

2. Proiektuak aldi hauetako batean gauzatu behar dira:

–2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era, 2020ko gastuen aurrekontuaren kontura diruz lagundu direnak.

–2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko apirilaren 30era, 2021eko gastuen aurrekontuaren kontura diruz lagundu direnak.

Dirulaguntza emateko ebazpen bakoitzean finkatuko da zein gastu-aurrekonturen kargura eman den laguntza. Hori zehaztuko da enpresek beren eskaeran proiektua bukatzeko adierazten duten egunaren arabera (2020ko urriaren 30a baino lehen edo ondoren).

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak eginda egon behar dira dagokion gauzatze aldiaren barruan, aurreko oinarrian ezartzen denaren arabera. Ondorio horietarako, gastua egin dela ulertuko da haren fakturazioa eta ordainketa epe horren barnean egiten badira.

2. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:

a) Aholkularitzako eta ingeniaritzako kanpoko gastuak, honako arlo hauetarako:

1.–Estrategia:

–Gogoeta estrategikoak.

–Negozio ereduen diseinua.

–Enpresaren diagnostiko orokorrak egitea.

2.–Antolaketa:

–Kudeaketa aurreratuko sistemak ezartzea.

–Antolaketako eta kudeaketako beste eredu batzuk ezartzea.

3.–Produktua-prozesua:

–Produktuaren eta prozesuaren diseinua.

–Lean-a.

–Efizientzia energetikoa hobetzeko jarduketak.

–Prozesuaren beste hobekuntza batzuk.

4.–Ekonomia zirkularra:

–Ekonomia zirkularrari buruzko diagnostikoak.

–Ekodisenuko proiektuak.

–Ekonomia zirkularreko beste proiektu batzuk.

5.–Merkatua:

–Merkatu berrien gaineko ikerlanak Espainiarako.

–Enpresak Espainiako merkatuan duen kokapenaren analisia.

6.–Gizarte-berrikuntza: gizarte-berrikuntzako metodologiak aplikatzea.

7.–Beste jarduketa batzuk:

–Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak, betiere akordio horien helburua lehiakortasuna nabarmen hobetzea bada eta enpresak ez badira enpresa talde berekoak.

–Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk.

–Interim Management-a: dirulaguntza emanen zaio zuzendaritza zein kudeaketa arloetan esperientzia zabala duen profesional baten kontratazioari, gehienez urtebetekoa izanen den epe jakin baterako eta aurretik zehaztutako helburuak hartuta. Zehazki, kontratazioa bideratuko beharko da enpresaren zuzendaritzako kargu bat aldi baterako ordeztera edo antolaketa arloan garrantzi handiko aldaketak egitera.

Inola ere ez da diruz lagunduko laguntzak eskatzen dituen enpresari aurretik aholkularitza profesionaleko lanak egin dizkion “interim manager” bat.

Enpresek ezin izanen dute laguntzarik eskatu kontzeptu horrengatik, baldin eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2019ko deialdian jaso bazuten.

b) “3. Produktua-prozesua”, “4. Ekonomia zirkularra” eta “5. Merkatua” arloetan kokatutako aholkularitza eta ingeniaritza gastuen ondoriozko inbertsioak, betiere ezinbestekoak badira proiektua gauzatzeko. Kontzeptu horren konturako aurrekontu diruz lagungarria ezin da handiagoa izan a) letran bildutako gastu diruz lagungarrien zenbatekoa baino.

c) Proiektuari lotutako kanpoko beste gastu batzuk, aurrekontu diruz lagungarriaren % 10 arte, gehienez ere.

3. Gastu diruz lagungarri baten aurrekontua 12.000 eurotik gorakoa denean (BEZa kanpo), onuradunak “Hornitzailearen hautaketaren justifikazioa” izeneko inprimakia bete beharko du. Hartan, egiaztatu beharko da ezen, hura hautatzeko, eraginkortasunaren eta ekonomiaren irizpideak erabili direla, eta hiru eskaintza erantsita justifikatuko da zergatik hautatu den hautatu dena.

Honako kasu hauetan onuradunak ez du hiru eskaintza aurkeztu beharrik izanen (eta hori aipatutako inprimakian justifikatu beharko du):

a) Gastuaren edo inbertsioaren ezaugarrien berezitasunak direla-eta merkatuan ez badago behar adina entitate hornidura hori egiteko enpresak eskatzen dituen baldintzetan.

b) Enpresan jadanik egin diren beste gastu edo inbertsio batzuekin lotura badute, betiere frogatzen baldin bada, behar bezala gauzatuko badira, hornitzaile berarekin kontratatu beharra dagoela.

c) Gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin denean.

Ezin izanen da zuzendu inprimakia (eta, kasua bada, hiru eskaintzak) behar bezala beteta ez aurkeztu izana. Ez dira diruz lagunduko 3. apartatu honetan adierazitako moduan justifikatzen ez diren gastuak.

4. Honako gastu hauek ez dira diruz lagungarriak:

a) Aholkularitza-enpresekin egiten den ohiko eta aldizkako elkarlanaren ondoriozko gastuak.

b) Produktu edo produktu-lerroetan, produkzio-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, zerbitzuetan eta beste eragiketa aktiboetan egiten diren ohiko eta aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzarik ekartzen ahal duten aipatutakoetan.

c) Kanpo aholkularitzako, auditoretzako eta ziurtagiri-gastuak, ziurtagiriak lortzeko.

d) Prestakuntzako gastu orokorrak, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko premia zehatzak sakonki aztertzeko ez badira.

e) Onuradunarekin akzioen bidezko harreman esanguratsua duten enpresek egindako gastuak.

f) Energia auditoretzen gastuak.

g) Ekipamendu informatikoak, salbu eta haien ezaugarri bereziengatik proiektua gauzatu ahal izateko ezinbestekoak badira.

h) Enpresaren gastu orokorrak eta zeharkakoak.

i) Enpresako langileen gastuak.

j) Lurrak eta eraikinak.

k) Bigarren eskuko ondasunak.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Dirulaguntza, oro har, % 45ekoa izanen da. Ehuneko horri ondoren aipatzen diren puntu gehigarriak erantsiko zaizkio, eta, horren ondorioz, laguntzen organo kudeatzailearen iritziz diruz lagungarria den aurrekontuaren gainean aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea aterako da:

a) Genero-berdintasuna: 5 puntuko laguntza gehigarria lortuko dute aldi berean bi baldintza hauek betetzen dituzten enpresek:

–2019ko ekitaldian langile gizonezkoen orduko soldata gordina zati langile emakumezkoen orduko soldata gordina 1,05 edo gutxiago izatea.

–Enpresako plantillan dauden emakumeen kopurua % 30ekoa izatea, gutxienez.

b) Kluster bati loturiko enpresak: 5 puntu.

c) Enpresen arteko lankidetzaren bidezko proiektuak: 10 puntu.

Lankidetza horrek abantaila gehiago ekarri beharko ditu enpresak proiektua bere aldetik eginez gero baino, eta hori justifikatu beharko da. Kasu horretan, parte hartzen duen enpresa bakoitzak bakarkako laguntza-eskaera aurkeztu beharko du.

2. Enpresa bakoitzari 25.000 euroko dirulaguntza emanen zaio gehienez, salbu eta lehen sektorean jarduten duten enpresei, kasu horretan gehieneko muga 15.000 eurokoa izanen baita.

6. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta bukatuko da:

–Argitaratu eta hilabeteko epean, laguntza eskabidean 2020ko urriaren 30a baino lehen amaituko direla adierazten den proiektuetarako.

–Argitaratu eta bi hilabete geroago, laguntza eskabidean 2020ko urriaren 30a eta gero amaituko direla adierazten den proiektuetarako.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskabidean adierazi behar da eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikorako prozeduretan. Gaitutako helbide elektronikoa 11. oinarrian adierazten den moduan lortuko da.

4. Laguntzak eskatzeko dokumentazioa honako hau da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta aurkeztuko dira, zein bere izenarekin (adibidez, “Proiektuaren memoria”):

a) Eskabidearen inprimakia, laguntzen fitxan eskura daitekeena eta 2.3 oinarriak aipatzen duen erantzukizunpeko adierazpena biltzen duena.

b) Lehiakortasuna hobetzeko proiektuaren memoria xehakatua.

c) Egin beharreko jarduketen aurrekontuaren kopia.

d) Hornitzailea 4.3 oinarrian adierazitakoaren arabera hautatu izanaren justifikazioa.

e) 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko urtarrilaren 1era arte “Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla” izeneko txostena, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak luzatua. Enpresak langilerik ez badu, “Gizarte Segurantzako sisteman enpresaburu gisa inskribaturik ez egotea” izeneko txostena aurkeztu beharko du, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak berak luzatua.

f) Hala badagokio, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera dirulaguntza gehigarria lortzeko baldintzak betetzearen gaineko frogagiriak.

Zehazki, genero-berdintasunaren baldintza justifikatzeko (5.1 a oinarria), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

–Ratioaren kalkuluari dagokion Excel orria.

–190 ereduaren kopia, 2019ko atxikipenen eta konturako sarrerei buruzkoa.

–Lan-bizitzari buruzko txostena, enpresaren kotizazio kontuko kode guztiei dagokiena.

–Lan hitzarmen aplikagarrian urteko lanorduen kopurua zehazten den zatiaren kopia.

5. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Lehiakortasunaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

4. apartatuan eskatutako dokumenturen bat aurkezten ez bada, ezin izanen da inondik inora konpondu.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat, eta haien artean bi zerrenda ezarriko dira, proiektuak bukatzen diren dataren arabera: 2020ko urriaren 30aren aurretik edo ondotik.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, zerrenda bakoitzean balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza-intentsitatea aplikatuko zaie, deialdi honetan aurrekontu ekitaldi bakoitzerako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte: 810001 81100 4709 458104 partida, ETEen lehiakortasuna sustatzea.

PE EGEF 2014-20

2020

400.000 euro

810001 81100 4709 458104 partida, ETEen lehiakortasuna sustatzea. PE EGEF 2014-20

2021

600.000 euro

2. Hauek izanen dira lehiakortasuna hobetzeko proiektuak baloratzeko irizpideak:

1) Enpresaren batez besteko plantilla 2019-01-01etik 2020-01-01era.

–10 langile baino gutxiago: 7 puntu.

–10 langiletik 49ra bitarte: 5 puntu.

–50 langiletik 249ra bitarte: 3 puntu.

–249 langile baino gehiago: 1 puntu.

2) Ekonomia sozialeko enpresak: 1 puntu.

3) Enpresen arteko lankidetza: enpresen arteko lankidetza proiektuak (2.2 oinarriaren arabera): 3 puntu.

4) Proiektu mota:

ARLOA

JARDUKETA

PUNTUAZIOA

Estrategia

Gogoeta estrategikoak

2 puntu

Negozio ereduaren diseinua

4 puntu

Enpresaren diagnostiko orokorrak egitea

2 puntu

Antolaketa

Kudeaketa aurreratuko sistemak ezartzea

4 puntu

Antolaketako eta kudeaketako beste eredu batzuk ezartzea.

4 puntu

Prozesua-produktua

Produktuaren eta prozesuaren diseinua

7 puntu

Lean-a

10 puntu

Efizientzia energetikoa hobetzeko sistemak

10 puntu

Prozesuaren beste hobekuntza batzuk

7 puntu

Ekonomia zirkularra

Ekonomia zirkularreko diagnostikoak

10 puntu

Ekodiseinuko proiektuak

10 puntu

Ekonomia zirkularreko beste proiektu batzuk.

10 puntu

Merkatua

Merkatu berrien gaineko ikerlanak Espainiarako

4 puntu

Enpresak Espainiako merkatuan duen kokapenaren analisia

4 puntu

Gizarte berrikuntza

Gizarte-berrikuntzaren metodologiak aplikatzea

10 puntu

Beste jarduketa batzuk

Enpresen bat-egite, integrazio eta lankidetza akordioak

4 puntu

Familia-protokoloak eta jarraitutasun enpresarialerako beste itun batzuk

4 puntu

Interin Management-a

7 puntu

5) Lehiakortasuna hobetzeko laguntzen 2019ko deialdian laguntzarik lortu ez duten enpresak (2019ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 11koa): 2 puntu.

Enpresa batek eskaerak aurkeztu baditu deialdi honen bi exekuzio aldietarako (2020ko urriaren 30 baino lehen eta 2020ko urriaren 30aren ondoren), puntuak emanen zaizkio lehenbiziko aldian gauzatutako proiektuari.

Enpresa batek eskaera bat baino gehiago aurkeztu badu deialdi honen exekuzio aldi berean, apartatu honetako puntuak emanen zaizkio 1)etik 4)ra arteko ataletan puntuazio altuena lortu duen eskaerari soilik.

3. Lortutako puntuazioan berdinketa gertatuz gero, enpresek 2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko urtarrilaren 1era bitarte izan duten batez besteko plantillen arabera ebatziko da, langile gutxien duenetik gehienekora.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

1. Laguntzen organo kudeatzaileak, hots, Lehiakortasunaren Atalak, aurreko oinarrian ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

2. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna, eta ebazpen bat emanen du 7.1 oinarrian aipatzen den hurrenkera bakoitzeko.

Ebazpenak arrazoituak izanen dira, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ebazpenetan adieraziko da zer gastu aurrekonturen kargura ematen zaion laguntza onuradun bakoitzari. Horrek zehaztuko du zein den gauzatzeko epea (3.2 oinarria), baita diruz lagundutako inbertsioaren justifikazioa egiteko epea ere (9.1 oinarria).

3. Ebazpenak gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira eskatzaileen helbide elektroniko gaituan, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, ulertzen ahalko da eskaerak administrazio isiltasunez ezetsi direla. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

9. oinarria.–Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1. Hau izanen da egindako proiektua justifikatzeko epea:

–2020ko urriaren 30a, data hori barne, 2020ko gastuen aurrekontuaren kargura diruz lagundutako proiektuetarako, horien amaiera egun horretarako aurreikusten baita.

–2021eko apirilaren 30a, data hori barne, 2021eko gastuen aurrekontuaren kargura diruz lagundutako proiektuetarako, horien amaiera 2020ko urriaren 30a eta gero aurreikusten baita.

Proiektuaren justifikazioa ez bada egiten ezarritako epeetan, justifikatu gabeko laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

2. Dokumentazioa telematikaz aurkeztu beharko da, laguntza-fitxaren bidez. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Fakturen zerrenda eta, horrekin batera, haien kopiak eta ordainketa frogatzen duten dokumentuenak.

b) Fakturetan agertzen den hornitzailea ez bada laguntzen eskaeran agertzen den bera, justifikazio txosten bat aurkeztu beharko da.

c) Kontabilitateko dokumentuak, fakturak enpresaren kontabilitatean sartu direla frogatzen dutenak. Horretarako, kontabilitate sistema bereizi bat eduki beharko da, edo berariazko kontabilitate kode bat, dirulaguntza jaso duen proiektuari lotutako transakzio guztiei dagokienez.

d) Aholkularitzako edo ingeniaritzako enpresak egindako azterlana.

e) Proiektua baldin bada enpresen bat-egite, integrazio edo lankidetza akordio bat, edo familiakoen edo bazkideen arteko protokolo bat, sinatutako akordioaren edo protokoloaren kopia aurkeztu beharko da.

3. Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

4. Dirulaguntza ordaintzeko ebazpena 6 hilabeteko epean emanen da, frogagiriak aurkezten direnetik hasita.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan arautua.

Foru dekretu horren 4. artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra bete ezean, ezin izanen da ordaindu onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Dirulaguntzaren xedeko inbertsioak enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta gutxienez hiru urtez jarraitu beharko dute laguntza jasotzen duen establezimenduan, laguntza ordaintzea ebazten den egunetik aurrera.

d) Onuradunak jasotako laguntzaren berri eman beharko du bere webgunean, 3 urtez (laguntza ematen duen ebazpenaren egunetik hasita), honako esaldi hau paratuz: “Enpresa honek Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du, lehiakortasuna hobetzeko 2020ko laguntzen deialdian”.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

11. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta eman beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (http://www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

2. Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

12. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

13. oinarria.–“De minimis” laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko aldian emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako “de minimis” laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

14. oinarria.–Europar Batasuneko Egiturazko Funtsen kofinantzaketa.

Laguntza hauek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren % 50eko kofinantzaketa izan dezakete, Nafarroako EGEF 20142020 Programa Eragilearen bidez, 3.3.1 helburu berariazkoa kontuan hartuta. Sormenerako eta gaitasun aurreratuetarako laguntza, produktuak eta zerbitzuak garatzeko.

Hauek dira EGEFek kofinantzatzen ahal dituen proiektuak hautatzeko irizpideak:

a) Proiektua Nafarroako espezializazio adimentsuaren estrategian (S3) identifikatuta dauden Nafarroako sektore estrategikoetako batekoa izatea.

b) Proiektua bukatua ez izatea eskaerak aurkezteko data baino lehen.

c) ETE izaera edukitzea, honen arabera: mikroenpresa, enpresa txiki eta enpresa ertainen definizioari buruz Europako Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EB Gomendioan xedatutakoa (L 124 Egunkari Ofiziala, 2003ko maiatzaren 20koa).

d) 4.3 oinarrian ezarritako salbuespenen artean ez egotea.

Enpresa onuradunak, betiere laguntza onesten duen ebazpenean hala zehazten bada, Europako funts horren finantziazioaren onuradunak ere izanen dira, eta horregatik ondokoa aplikatuko zaie:

a) Dirulaguntza hartzeak berarekin ekarriko du honako hauek egiten dituzten kontrolen menpe jartzea onartzen dutela, bai eta kontrol horietan laguntzea ere, kasua bada: Nafarroako Gobernua, Ogasuneko Ministerioa, Europako Batzordea edo Nafarroako, Espainiako edo Europar Batasuneko kontroleko eta fiskalizazioko edozein organo.

Eragiketen frogagiriak 3 urtez gorde beharko dituzte, data honetatik hasita: Ogasuneko Ministerioak Europako Batzordeari kontuak, eragiketaren gastuak barne, aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik aurrera. Lehiakortasunaren Zerbitzuak epearen bukaera jakinaraziko du.

b) Onuradunak EGEFaren ekarpena jendaurrean paratu beharko du, web-orrian ondoko esaldia ikusgai jarriz, gutxienez ere dirulaguntza jaso duen jarduerak irauten duen bitartean:

“Enpresa honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsak erdi bana kofinantzatutako laguntza jaso du, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilearen bidez”, logotipo hau erantsita:

F2007839_0.pdf

Halaber, laguntzak kudeatzen dituen organoak emanen dion EGEF logotipoaren kartela enpresan ikusgai jarri beharko du, proiektuak dirauen bitartean gutxienez ere.

c) Dirulaguntza jasotzeak berekin ekarriko du enpresa onuradunak inplizituki onartzea Ogasuneko Ministerioaren Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusiaren web-orrian argitaratuko den zerrenda batean sartuko dela (http://www.dgfc.sepg.hacienda.gob.es), programa eragilea kudeatzeko agintaria den aldetik. Zerrenda horren argitalpenaren helburua gardentasunez jokatzea da EGEF baliabideen aplikazioari eta helburuari dagokienez, EB 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan xedatu bezala.”

d) Bere kudeaketa esparruan iruzurraren kontrako neurri eraginkorrak eta proportziozkoak aplikatzea, finantzaketa bikoitza eta agirien faltsutzea ekiditeko.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lehiakortasunaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (https://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egotzi zaizkion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Ogasuneko Ministerioko Europar Batasuneko Funtsen Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako EGEF 2014-2020 Programa Eragilea kudeatzeko agintari gisa, informazio bera argitaratuko du bere web-orrian (http://www.dgfc.sepg.hacienda.gob.es).

16. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Epea alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko da kontatzen.

Iragarkiaren kodea: F2007839