175. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

32/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 3koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko tituludunentzako prestakuntza beka baterako deialdia onesten duena, onuradunak ezagutza teorikoa eta praktikoa lor dezan kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen gainean, lesioen prebentzioaren gainean eta jarduera fisikoak osasunarekin duen loturaren gainean. Prestakuntza hori Nafarroako Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan eginen da. DDBN identifikazioa: 516000.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 73.1 f) artikuluan Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren eginkizun hau ezartzen da, beste batzuen artean: kirol medikuntzaren arloko ikerketa eta prestakuntza sustatzea.

Kirolaren Zuzendariordetzak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, proposamena egin du zentro horretan egonaldi beka baterako deialdia egiteko; beka erdi edo goi mailako unibertsitate tituludunei zuzenduta dago, ezagutza teorikoa eta praktikoa lor dezaten kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen gainean, lesioen prebentzioaren gainean eta jarduera fisikoa praktikatzearen gainean. Laguntzaren iraupena, gehienez ere, 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitartekoa izanen da, berritzeko aukerarik gabe.

Kultura eta Kirol Departamentua, Nafarroako Kirolaren Institutuaren bidez, ohartu da beharrezkoa dela programa batzuk abian jartzea graduatu ondoko tituludunei ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa eskaintzeko kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen aplikazioaren arloan, lesioen prebentzioaren arloan eta jarduera fisikoaren praktikaren arloan (osasunarekin duen loturari dagokionez). Horregatik, kirol zientzien arloko prestakuntzarako laguntza programa honen deialdia egin da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,

eta, horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuak eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan aritzeko prestakuntza beka baterako deialdia eta hura emateko oinarri arautzaileak onestea. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko unibertsitate tituludunei zuzenduta dago beka, ezagutza teorikoa eta praktikoa lor dezaten kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen arloan, lesioen prebentzioaren arloan eta jarduera fisikoak osasunarekin duen loturaren arloan. Bekaren iraupena 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra artekoa izanen da.

2. Prestakuntza bekaren esleipenaren ondoriozko gastuei aurre egiteko, 10.506,12 euroko gastua baimentzea (hamar mila bostehun eta sei euro eta hamabi zentimo). Horietatik, 3.453,63 euro (hiru mila laurehun eta berrogeita hamahiru euro eta hirurogeita hiru zentimo) 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirol ikerkuntzarako bekak" izeneko A50002 A5130 4809 336100 partidaren kargura izanen dira, eta beste 7.052,49 euro (zazpi mila eta berrogeita hamabi euro eta berrogeita bederatzi zentimo) 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako gaitzen den partidaren kargura. 2020ko eta 2021eko ekitaldietan erreserbatu beharreko gehieneko zenbatekoetan 48,41 euro aurreikusi dira hilero Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzeko.

Nolanahi ere, beka emanen da baldin eta horretarako egokia eta aski den kreditua badago bekaren ondoriozko betebeharrak finantzatzeko.

3. Foru agindu hau eta 1. eta 2. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Gainerako eranskinak Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan eskuratu ahal izanen dira.

Iruñean, 2020ko uztailaren 3an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan aritzeko prestakuntza beka bat emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Helburua.

Bekaren helburua da unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea, Nafarroako Gobernuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan arituz ezagutza teorikoa eta praktikoa lor dezaten kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen, lesioen prebentzioaren eta jarduera fisikoak osasunarekin duen loturaren gainean. Hona hemen bekaren onuradunak eskura ditzakeen ezaupideak eta prestakuntza:

1.1. Ariketaren fisiologiari eta jarduera fisikoaren eta kirolaren biomekanikari buruzko ezagutza jasotzea eta neurtzeko teknikak ikastea, besteak beste honako hauen gainean:

1.1.1. Gorpuzkera neurtzea balorazio antropometrikoaren bidez.

1.1.2. Erresistentzia aerobikoa neurtzea, zehazki:

1.1.2.1. Gehieneko potentzia aerobikoa zehaztea.

1.1.2.2. Gaitasun aerobikoa zehaztea, zuzeneko metodoen bidez (laktatoaren odol-kontzentrazioa zehaztuz) eta zeharkako metodoen bidez.

1.1.3. Gaitasun anaerobikoa zenbatestea.

1.1.4. Indar muskularra neurtzea, zehazki:

1.1.4.1. Indarra-abiadura erlazioa, indar esplosiboa eta horren aktibazio neurala zehaztea.

1.1.4.2. Indarra zehaztea, luzatze-laburtze zikloarekin lotua.

1.1.5. Abiadura neurtzea.

1.1.6. Ingestio dietetikoa kuantifikatzea, metodo ezberdinak erabiliz.

1.1.7. Kirol entrenamenduetan neurketak egitea, eta egiten ikastea (landa testak), bai kirolariei bai eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren programetan –haurren obesitatearen prebentzioaren eta ariketa terapeutikoaren arlokoetan– parte hartzen duten pertsonei ere.

1.2. Nutrizio arloko ebaluazioak egiteko teknikak ikastea (antropometria, dietaren azterketa, gastu kalorikoaren azterketa, banakako dietak diseinatzea).

1.3. Kirol lesioak prebenitzearekin eta berregokitzearekin zerikusia duten alderdiak ikastea.

1.4. Kirol entrenamenduaren plangintzaren oinarri zientifikoei buruzko ezagutza teoriko eta praktikoa jasotzea.

1.5. Ariketaren fisiologiari, jarduera fisikoaren eta kirolaren biomekanikari eta kirolaren medikuntzari buruzko ikerkuntzaren oinarriak ikastea. Horren barrenean, arlo horretako eduki jakin baten ezagutza maila berrikustea aurreikusten da, edo oinarrizko proiektu esperimental bat aztertu eta garatzea. Prestakuntza bekaren bukaera gisa, egonaldiaren bukaerako memoria labur bat prestatu beharko da egindako lanari buruz.

Prestakuntza beka Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak kudeatuko du, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradudunentzat da.

2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetarako, 10.506,12 euro (hamar mila bostehun eta sei euro eta hamabi zentimo) bideratu dira. Horietatik, 3.453,63 euro (hiru mila laurehun eta berrogeita hamahiru euro eta hirurogeita hiru zentimo) 2020ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirol ikerkuntzarako bekak" izeneko A50002 A5130 4809 336100 partidaren kargura izanen dira, eta beste 7.052,49 euro (zazpi mila eta berrogeita hamabi euro eta berrogeita bederatzi zentimo) 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako gaitzen den partidaren kargura. 2020ko eta 2021eko ekitaldietan erreserbatu beharreko gehieneko zenbatekoetan 48,41 euro aurreikusi dira hilero Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzeko.

3. oinarria.–Bekaren iraupena.

Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan egonaldia egiteko bekak 12 hilabeteko iraupena izanen du, 2020ko irailaren 1etik hasita 2021eko abuztuaren 31ra bitarte, berritzeko aukerarik gabe.

4. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan egonaldia egiteko bekaren zuzkidura 10.506,12 eurokoa izanen da gehienez; horietatik 3.453,63 euro 2020ko aurrekontuari egotziko zaizkio, eta 7.052,49 euro 2021ekoari. Guztirako zenbateko horretan Gizarte Segurantzaren kotizazioak sartu dira. Ikertzeko prestakuntza bekari dagozkion ordainketak hilabete bakoitza bukatuta eginen zaizkio beka-hartzaileari, bankuko transferentzia bidez, hilean 827,10 euro gordin, edo zati proportzionala, hala dagokionean. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona kenduko da. Nafarroako Kirolaren Institutuak bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kotizazio kuotaren zatia ere ordainduko du hilero (48,41 euro).

Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da parte-hartzailea noiz hasten den prestakuntza programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Bekadunari ordaintzen zaion dirua ez da soldata edo ordainsaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek eskatzen ahalko dute beka:

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

b) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez. Horretarako, erroldatze agiria aurkeztu beharko da.

c) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko tituluaren jabe izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua eta deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean lortua, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

d) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen desgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea. Hori eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez froga daiteke.

e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

Prestakuntza bekak irauten duen bitartean bete beharko dira baldintza horiek.

6. oinarria.–Merezimenduen balorazioa.

Prestakuntza bekaren emakida arautuko duten merezimenduen balorazioa honako baremo honen arabera eginen da:

a) Ikasketa espedientea: gehienez ere 10 puntu.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko ikasketa-espedientea 10 puntuz baloratuko da gehienez. Graduko batez besteko nota.

b) Unibertsitateko master ofiziala: gehienez ere 2 puntu. Unibertsitateko master ofiziala izateak 2 puntuko balorazioa izanen du.

Unibertsitateko master ofizialak lotura izan beharko du kirol entrenamenduarekin, kirolariaren berregokitzapenarekin edo gaixotasun kronikoak ariketa fisikoaren bidez tratatzearekin. Mastertzat hartuko da, era berean, Espainiako Olinpiar Batzordearen Goi Errendimenduko Kiroleko Masterra, eta 2 puntuko balorazioa izan dezake.

c) Ingelesez jakitea: gehienez ere 2 puntu. Tituluen puntuazioa: C2 titulua edo baliokidea, 2 puntu; C1 titulua edo baliokidea, 1,6 puntu; B2 edo baliokidea, 1,2 puntu; B1 edo baliokidea, 0,8 puntu; A2 edo baliokidea, 0,4 puntu; eta A1 edo baliokidea, 0,2 puntu.

d) Euskaraz jakitea: gehienez ere 2 puntu. Tituluen puntuazioa: C2 titulua edo baliokidea, 2 puntu; C1 titulua edo baliokidea, 1,6 puntu; B2 edo baliokidea, 1,2 puntu; B1 edo baliokidea, 0,8 puntu; A2 edo baliokidea, 0,4 puntu; eta A1 edo baliokidea, 0,2 puntu.

e) Esperientzia zientifikoa: gehienez ere hiru puntu. Journal of Citations Reports-en indexatutako artikulu zientifiko bakoitzeko, egileak edo egilekideak badira, 1.5 punturekin baloratuko dira lehen egileak direnean, eta puntu batekin egilekideak direnean.

Eskaerak hobeki ebaluatzearren, Ebaluazio Batzordeak izangaiei eskatzen ahalko die aurkeztutako agirietan dagoen informazioa gehitu edo hobetu dezatela edo egoki iruditzen zaion dokumentazio edo informazio osagarria ekar dezatela.

7. oinarria.–Eskaerak eta egiaztagiriak aurkezteko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan aurkezten ahalko dira (Kirolaren Etxea, Aizagerria plaza 1, 1. solairua, 31006 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan ere. Eskaerak erregistro elektronikoaren bidez tramitatzeko, eskabidea eta eranskinak sinatzen dituen pertsonaren edo pertsonen sinadura elektronikoa beharko da.

Eskaerak postaz aurkez daitezke. Kasu horretan, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun horretan berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio proposamena igorri duela, jlizaral@navarra.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Bi baldintza horiek bete ezean, dokumentazioa ez da onartuko. Epetik kanpo jasotzen bada, ez da inola ere onartuko.

2. Beka eskatzeko, inprimaki normalizatua erabiliko da (2. eranskina). Eredua Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan jaso daiteke (Larrabide estadioa, Zangoza kalea 34), eta Nafarroako Gobernuaren webgunean.

Eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da:

a) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, behar diren ohar eta guzti. Agiri bidez frogatzen ez diren merezimenduak ez dira baloratuko.

b) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin eta graduko ikasketen batez besteko azken notarekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

c) Dituen titulu eta diplomen fotokopiak.

d) Alegatu diren gainerako merezimenduak, jatorrizkoaren edo fotokopiaren bidez frogatuta.

e) NANaren fotokopia.

f) Deialdia argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez, Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, 5. oinarriaren d) eta e) letretako betebeharrak betetzeari buruzkoa. Horren eredua eskabide-orriarekin batera emanen da.

h) Erantzukizunpeko adierazpena, aditzera emateko ez dela jasotzen ari bekarekin bateraezina den beste ezein laguntza publiko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik, beste administrazio publiko batetik edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik. Adierazpenaren eredua eskabide-orriarekin batera banatuko da.

3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak ezin izanen dira zuzendu.

4. Prestakuntza beka hau jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. oinarria.–Ebaluazio Batzordea.

Kide anitzeko organoa, hots, Ebaluazio Batzordea, arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, beka eskatzen dutenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz, eta, bertan, izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko dira.

Ebaluazio Batzordeak kide hauek izanen ditu:

–Esteban Gorostiaga Ayestarán jauna, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaria (Medikuntzako doktorea).

–Javier Ibáñez Santos jauna, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Ikerkuntzako Unitate Teknikoko burua (Medikuntzako doktorea).

–Jesús Ibáñez Abad jauna, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko Prestakuntzako Unitate Teknikoko burua (Medikuntzako doktorea).

–Luis Sánchez Medina jauna, goi mailako kirol teknikaria (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako doktorea).

9. oinarria.–Laguntza emateko ebazpena.

Ebaluazio Batzordeak 6. oinarrian ezarritako merezimenduen baremoaren arabera aztertu eta ebaluatuko ditu aurkezten diren eskaerak; gero, beka emateko proposamena eginen du, puntuazioaren araberako lehentasun hurrenkerari jarraikiz.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez emanen da beka, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpen hori eta eskatzaileen lehentasun hurrenkera, merezimenduen balorazioaren ondorioz lortzen duten puntuazioaren araberakoa, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren iragarki-tauletan jarriko dira jendaurrean, orok jakin dezan.

Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, baita beka nori eman zaion ere, eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla, halakorik baldin bada.

Ebazpena interesdun guztiei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10. oinarria.–Bekaren onuradunaren betebeharrak.

1. Hautapen prozesua bukatu ondoren, beka jasotzeko hautatzen den pertsonak prestakuntza beka eskatzerakoan alegatu zituen merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Konpultsak Nafarroako Kirolaren Institutuaren egoitzan egiten ahalko dira (Aizagerria plaza 1, 1. solairua, 31006 Iruña).

2. Bekaren onuradunak apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan adierazitako betebehar orokorrak bete beharko ditu, foru dekretu horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra.

a) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egin eta frogatzea. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroak eskatzen ahalko du lanak eta txostenak aurkeztea, bekadunaren errendimendu mailaren jarraipenaren kontrola eta ebaluazioa egin ahal izateko.

b) Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna duena.

c) Beka emateko finkatutako betebehar eta baldintzak betetzea.

d) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

e) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

f) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga arloko betebeharrak egunean dituela egiaztatzea.

g) Organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

h) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

i) Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko barne edo funtzionamendu araudia betetzea, hor jardungo baitu.

j) Gizarte Segurtasunaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak bere gain hartzea, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

3. Era berean, onuradunak sekretua eta konfidentzialtasuna gorde beharko ditu, prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

11. oinarria.–Administrazioaren erantzukizuna.

Bekadunarekin lotutako administrazio publikoa izanen da bekadunak prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei sortzen dizkien kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du iruzur, erru edo zabarkeria larria dela-eta bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

12. oinarria.–Ez-betetzeak.

1. Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta jarduerak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzutea eman ondoren.

Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, deusetan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak eta ezar daitezkeen zehapenak.

13. oinarria.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta uko egitea.

1. Prestakuntza bekaren onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Lanean hasteko egun hori ez da 2020ko irailaren 1a baino lehen izanen, inola ere ez.

Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.

2. Onuradunak, Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna baldin bada, frogatu beharko du, jarduerak hasteko unean, egunean dituela Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak. Horretarako, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak egina. Dena dela, bekaren eskabide orria betetzean, behar diren datuak kontsultatzeko baimena ematen ahalko dio Nafarroako Kirolaren Institutuari egiazta dezan zerga betebeharrak egunean dituela jarduerak hasteko unean.

Era berean, jarduerak hasteko unean, onuradunak zinpeko adierazpen edo agindu bat aurkeztu beharko du, adierazten duena ez dela jasotzen ari, helburu berarekin, beste departamentu, administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako laguntza publikorik, bekarekin bateraezina dena.

3. Emandako bekari berariaz uko eginez gero, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendariari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak.

14. oinarria.–Prestakuntza jarduera egitea.

Bekaduna Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan arituko da, eta haren jarduna Luis Sánchez Medina Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako doktoreak gainbegiratu eta zuzenduko du, tutore gisa arituko baita. Hala, tutoreak eginkizun zehatzak ebaluatu, gainbegiratu eta aginduko ditu, ordutegiak finkatuko ditu, eta begiratuko du ea bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen.

Bekaduna, astean, gehienez hogeita hamar orduz arituko da lanean.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio bekadunari.

15. oinarria.–Bekaren bateragarritasuna.

Deialdi honetan iragartzen den beka hau bateragarria da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, ematen dituzten beste dirulaguntza eta prestakuntza beka batzuekin.

Onuraduna prestakuntza jarduera bera egiteko beste beka edo dirulaguntza bat jasotzen ari denean, guztira jasotako zenbatekoa ezin izanen da 18.000 eurotik gorakoa izan, dela bakarka dela beste beka edo dirulaguntza batzuekin baturik.

16. oinarria.–Lan edo administrazio harremanik eza.

1. Bekak erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko egonaldi beka honen onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoei dagozkien eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

17. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Bekadunak Administrazio Publikoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen du, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz kalteak edo lesioak dituenean, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Administrazioaren ondare-erantzukizuna administrazio bidetik eskatuko da.

2. Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria.–Jabetza intelektuala eta datu pertsonalen babesa.

Bekadunak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen dituenak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

Era berean, bekadunak honako arau hauetatik datozen betebeharrak bete beharko ditu: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, pertsona fisikoen babesa arautu zuena datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe utzi zuena 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta, azkenik, horiek garatzeko beste edozein arau. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko ditu bekaren bitartez eskura izan dituen datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.

19. oinarria.–Datu pertsonalen babesaren gaineko oinarrizko informazioa.

3. eranskineko informazioa, zeina eskuragarri baitago Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan edo jlizaral@navarra.es posta elektronikoko helbidearen bitartez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan xedatutakoa betetzeko eman da. Erregelamendu horren bidez, pertsona fisikoen babesa arautu zen, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez.

Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea duzu datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, helbide honetara:

jlizaral@navarra.es

Datu pertsonalen babesteari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, arestian aipatutako posta elektronikora idatz dezakezu.

20. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

21. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

22. oinarria.–Emandako dirulaguntzaren publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hauek argitaratu beharko dira www.navarra.es webgunean: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako diru kopurua eta bekaren helburua.

2. ERANSKINA

Eskaera-orria eta erantzukizunpeko adierazpena egiteko inprimakia (PDFa).

3. ERANSKINA

Datu pertsonalen babesaren gaineko oinarrizko informazioa

Ematen den informazioa arau honen arabera emanen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (aurrerakoan, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra).

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa:

Tratamenduaren arduraduna

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea

Datuen babeserako ordezkaria

Nafarroako Gobernuko Datuak Babesteko Ordezkaritzaren bidez jar zaitezke harremanetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko datuak babesteko ordezkaritza unitatearekin, zeina Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago; zehazki, helbide elektroniko honen bidez: dpd@navarra.es

Tratamenduaren xedea

Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan aritzeko prestakuntza beka baterako deialdia kudeatzea eta tramitatzea. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduko unibertsitate tituludunei zuzenduta dago beka, ezagutza teorikoa eta praktikoa lor dezaten kirol entrenamenduaren oinarri zientifikoen gainean, lesioen prebentzioaren gainean eta jarduera fisikoaren gainean.

Era berean, haren helburua izanen da, baldin beka ematen bada, bi aldeen arteko harreman juridikoa kontrolatzea eta betearaztea

Tratamenduaren legitimazioa

Botere publiko bat gauzatzea (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua); horixe baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren prestakuntza bekak kudeatzea.

Zure datu pertsonalak tratatzea legezko eta nahitaezko baldintza da deialdian onartua izateko eta, hala dagokionean, beka ematearen ondoriozko harremana eratzeko

Datuen hartzaileak

Datuak ez zaizkie utziko edo komunikatuko hirugarrenei horretarako adostasuna izan ezean, ez bada araudiak baimena ematen duela adostasunik gabe zabaltzeko

Ez da aurreikusten datu pertsonalen nazioarteko transferentzia egiterik

Datuak gordetzea

Bildutako datuak gordeko dira harik eta bekaren kontzesioa exekutiboa izan arte eta, onuradun izanez gero, beka amaitu arte, non ez dagoen ebatzi beharreko errekurtso edo auziren bat. Datuak indarreko araudi administratiboak eskatzen duen arte gordeko dira beti

Eskubideak

Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, eskubidea duzu datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, helbide honetara: jlizaral@navarra.es

Informazio gehigarria

Tratamenduari buruzko informazio gehiago edukitzeko, helbide honetara idatzi: jlizaral@navarra.es

Iragarkiaren kodea: F2007632