175. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

37/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 6koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren I. tituluan ezarritako neurriak. Foru lege-dekretu horren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartu ziren koronarabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Uztailaren 22an, onetsi zen 7/2020 Foru Lege-dekretua, uztailaren 22koa, zeinaren bidez ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartzen baitira koronarabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Foru lege-dekretu hori 2020ko 163. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 23koan, eta Nafarroako Parlamentuak berretsi zuen 2020ko uztailaren 30ean.

Foru lege-dekretu horren I. tituluan ezartzen da ohiz kanpoko neurriak hartuko direla gaueko aisialdiaren esparruan; besteak beste, 02:00etan ixtea ikuskizun publikoetarako eta josteta jardueretarako zenbait establezimendu, baita elkarte gastronomikoak eta peñak ere. Orobat, zenbait muga jartzen zaizkie mahai bakoitzeko edo mahai multzo bakoitzeko gehieneko okupazioari eta espazio publikoetan egiten diren bizikidetzako eta aisialdiko ospakizunei.

Arau horren bigarren xedapen gehigarriaren 1. puntuan, gaikuntza ematen zaio Osasun Departamentuko titularrari foru lege-dekretu honen I. tituluan ezarritako neurrien indarraldia luzatzeko, 15 egun naturaleko luzapenak aginduz, baldin eta horretarako justifikazioa osasun egoeraren bilakaera baldin bada, eta, betiere, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak horren gainean eman beharreko txostenean ezartzen duenarekin bat.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostenaren arabera, gero eta gehiago dira astean baieztatzen diren kasuak; zehazki, gorakada izan da uztailaren 6tik 12ra bitarteko astean hasi eta uztailaren 20tik 25era bitarteko astera arte. Gorakada horrek batez ere 15 eta 34 urte artekoei eragin die azkeneko lau astean. Halaber, une honetan, 53 agerraldi aktibo daude, eta horietatik jendetsuenak direnek zerikusia dute ekitaldi sozialekin eta aisialdiarekin, batez ere gauekoarekin. Agerraldi jendetsu horietako batzuetan, 15 eta 29 urte bitartekoak dira kutsatuen %76. Horrenbestez, egoera ahula da oraindik ere, eta osasun sistemaren nahiz herritar guztien ahalegina beharrezkoa da agerraldiei eusteko eta balizko kutsatze kateak eteteko. Horrenbestez, datuak ikusita, baita kasu ugariko agerraldien esperientziak ere, beharrezkotzat jotzen da uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren I. tituluko neurriak luzatzea. Foru lege-dekretu horren bidez, ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartu ziren koronarabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. 15 egun natural luzatzea uztailaren 22ko 7/2020 Foru Lege-dekretuaren I. tituluan ezarritako neurriak. Foru lege-dekretu horren bidez, ohiz kanpoko prebentzio neurri batzuk hartu ziren koronarabirusaren (COVID-19a) osasun krisiari aurre egiteko, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

2. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 6an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villanueva (Ordezko moduan izenpetzen du, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 31ko 19/2020 Foru Dekretuarekin bat).

Iragarkiaren kodea: F2008873