173. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

128/2020 EBAZPENA, uztailaren 3koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez Esako udal-mugartean goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa ematen baitira, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2020ko otsailaren 12an, Eduardo Ryan Murua jaunak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU ordezkatuz, honako instalazio elektriko hau egiteko administrazio baimena eskatu du, bai eta proiektuaren onespena eta onura publikoaren deklarazioa ere:

–Eskatzailea: I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT11070 (Erref.: 2020-003 obra 100887937 Agr.).

–Instalazioaren kokalekua: Esako udal-mugartea.

–Xedea: Lehendik dagoen “Zangoza-Esa” 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoan matxura arriskua saihestea.

–Ezaugarri teknikoak: “Zangoza-Esako” 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa eraberritzea, 712. eta 751. zenbakietako euskarrien artean (2.508 metroko eroalea, 47-AL1/8ST1A (56), 23 euskarri metaliko berri), desmuntatu beharreko zatiaren trazadura mantenduz.

–Aurrekontua: 104.740,03 euro.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan xedatutakoa betez, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren eskaera eta instalazioak ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatza jendaurrean jarri ziren (2020ko martxoaren 3ko Diario de Navarran eta egun bereko 43. Nafarroako Aldizkari Ofizialean), eta Esako Udalari bidali zitzaizkion, jendaurrean jar zitzan.

Esako Udalak, 2020ko otsailaren 5ean, udal arkitektoaren txostena bidali zuen, honako hau adieraziz:

–Ez da proiektu osoa bidali, eta ez dago ikus-onetsia.

–Lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eta ingurumen ukipenetarako baimena izapidetu beharko dira.

–Obrak amaitzean, lursailak hasierako egoerara itzuli beharko dira.

–Kontraesan bat dago obran izandako eraginengatik kalte-ordaina emateko akordioa sinatzeko aurkeztutako proposamenetan.

–Fidantza bat jarri edo Eraikitzaile eta EEH Hondakinak dituztenen Erregistroan inskribatuta dagoen eraikitzaile-edukitzaile bat kontratatu behar da.

I-De, Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak, 2020ko apirilaren 3an, honako hau adierazi zuen Esako Udalaren txostenari erantzunez:

–Esako Udalari proiektuaren kopia bat bidaliko zaio. Abuztuaren 5eko 1000/2010 Errege Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, hura ez dago sartuta nahitaezko ikus-oniritzia behar duten aipatutako egoeren artean.

–Ingurumen ukipenetarako baimena izan beharrari eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak baimentzeko prozedura izapidetu beharrari dagokionez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren Zuzendaritzak antzeko kasuetan emandako irizpideari jarraitu diote. Horrenbestez, eta proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez da beharrezkoa izanen baimen horiek izatea.

–Obrak amaitzean, lursailak hasierako egoerara itzuliko dira, eta zerbitzuz kanpo geratzen diren aldatutako instalazio eta euskarri guztiak desmuntatuko dira.

–Esako 1. poligonoko 751. lurzatirako kalte-ordainaren zenbateko zuzena zein den adierazten da.

–Eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatuko dituen enpresaren izena adierazten da. Hura Eraikitzaileen eta EEH Hondakinak dituztenen Erregistroan dago inskribatuta.

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUren erantzuna 2020ko ekainaren 1ean igorri zaio Esako Udalari, eta Udalak ez du deus adierazi horri buruz.

Red Eléctrica de España SAUren 2020ko ekainaren 30eko txostenaren arabera (Erref.: PELI-L-20-9795), arauzkoa izanen litzakete proiektaturiko linea 220 kV-eko Sabiñánigo-Zangoza linearekin 534-535 baoan gurutzatzea.

Espedientean Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimena jasotzen da (Erref.: 2020-L-13), 2020ko ekainaren 11koa, Esako Marmayor sakanaren gainean linea elektrikoarekin aireko gurutzaketa egiteko.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.

2. Instalazioari, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari onuradunaren izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4. Instalazio hori egiteko aurkeztutako proiektua, Fermín Manrique Larraza bide, ubide eta portuetako ingeniariak sinatua, onestea. Hogeita lau hilabeteko epea eman zaio obrak egiteko.

5. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaerako ziurtagiria, teknikari fakultatibo eskudun batek sinatua.

7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren kontzesio, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Red Eléctrica de España SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente-zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Esako Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 3an.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2007623