172. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 5a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Udal ordenantza, Ezkontza zibilak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2020ko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Oltza Zendean ezkontza zibilak arautzen dituen udal ordenantza. Erabaki horren iragarkia 2020ko 97. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 11n.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi eta testu osoa argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Oltza Zendean, 2020ko uztailaren 7an.–Alkatea, Moises Garjón Villanueva.

UDAL ORDENANTZA, OLTZA ZENDEAN EZKONTZA ZIBILAK ARAUTZEN DITUENA

HITZAURREA

Espainiako Konstituzioaren 16. artikulua garatuz, uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoak erlijio askatasunerako eskubidea aitortu zuen. Horrek berekin ekarri du herritarren artean batera izatea bai askotariko erlijio sinesmenak, eta bai herritar ez-konfesionalak.

Gizarteak oro har ongi dakienez, Estatu akonfesional eta laiko batean, erakundeek pertsonen eta komunitateen askatasuna bermatu behar dute, ideologiaz, erlijioaz eta kultuaz den bezainbatean, muga bakarra izanik ordena publikoa legearen arabera mantentzeko behar dena. Era berean, agerikoa da gure gizartearen aniztasun ideologikoa, erlijiosoa eta kulturala, gure gizartea askotarikoa baita eta gure artean etengabe ari baitira eraldatzen haren ohituren agerpenak eta ekitaldi sozialak.

Egungo gizartean, ezinbestekoa da ezkontza zibilak egin daitezen ahalbidetzea. Udalaren betebeharra da gizartearen eskari gero eta handiagoari erantzutea.

Horiek horrela, Oltza Zendeako Udalak, bere eskumena erabiliz, herritarrek eskatzen dituzten zeremonia zibilak egiteko beharrezko protokoloa eta prozedura arautzen ditu, zeremonia horiek gainerako herritarrekin partekatzeko erritu zibilak diren aldetik.

I. TITULUA

Ezkontza zibilak

I. KAPITULUA

Prozedura abiaraztea

1. artikulua.

Herritar guztiek, Oltza Zendean erroldaturik egon zein ez, eskatzen ahalko diote Udalari ezkontza zibilak egiteko Oltza Zendeako udal-mugartean. Zeremonia egiteko egunaren eta orduaren erreserba baizik ez du ekartzen berekin eskaerak; horregatik, Udalaren lokaletan ezkontza zibila egin ahal izateko, nahitaezko baldintza izanen da titularrek lehenago lortzea organo judizial eskudunak ezkontzaren alde emandako auto irmoa (Erregistro Zibila, bake epailea, etab.), aldez aurretik halakoaren aurrean izapidetuta dagokion espedientea, Kode Zibilean ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzekoa.

Eskaera egin beharko da Udalak horretarako emanen duen inprimakian; hura, behin baldintza guztiak beteta, Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da, ezkontza egiteko finkaturiko eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez.

Noiz egiten den eskaera, ordena horrixe hertsiki jarraikiz eginen dira egunaren, orduaren eta lokalaren erreserbak. Baimena emanen da Udalak lokal horien erabileraren aldetik dituen premien arabera, ordenantza honen 3. artikuluan xedatuarekin bat.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eguna eta ordua baimenduko dira, eta ezarriko da nori eskuordetzen zaion ezkontza zibila egitea, eskuordetzerik egiten bada.

2. artikulua.

Ezkontzak egiteko ordutegi zehatzik finkatu ez den arren, zeremonia zuzenduko duen pertsonarekin adostuko da ordua.

3. artikulua.

Ezkontza zibilak egiteko Udalak lehentasunez esleitu duen tokia Udaletxeko osoko bilkuren aretoa da. Aipatu aretoa okupaturik badago, beste toki bat utziko da ezkongaien eskura; bestela, ezkontza beste egun batean egiteko aukera izanen dute.

Udal jarduna dela-eta edo aurreikusi gabeko beste arrazoiren bat dela-eta ezin bada ezkontza egin ezarritako egun eta orduan, horren berri emanen zaie ezkongaiei, Alkatetzarekin aurretik ados jarrita, hura egiteko ordua, eguna edo tokia aldatzeko.

II. KAPITULUA

Zeremonia nola gauzatuko den

4. artikulua.

Zeremonia alkateak zuzenduko du, edo bake epaileak edo zinegotzi batek, hari eskuordetu bazaio; horiek, ezkongaiei kontsulta egin ondoren, askatasun osoa izanen dute nola gauzatuko den erabakitzeko. Hala ere, legeak ematen dizkion ondorioak izan ditzan ezkontza zibilak, nahitaezkoa izanen da Kode Zibilaren aginduzko artikuluak irakurtzea.

5. artikulua.

Egintza jasota gera dadin, ezkongaiek, lekukoek eta zeremonia zuzentzen duenak ezkontza egin izanari dagokion akta sinatuko dute, horretarako eginen baita.

II. TITULUA

Eskatzaileen betebeharrak

6. artikulua.

Eskatzailearen betebeharra izanen da udal lokalak txukun edukitzea ezkontza eta agur zibiletan.

Ez da aldatuko aretoko altzarien antolamendua, aurretik udal agintaritzak baimena eman ezean. Inola ere ez da lekuz aldatuko osoko bilkuren mahaia.

Horretarako erabiliko diren udal lokalak behar bezala zainduko direla bermatzeko, Udalaren baimena eskuratzen duen pertsona kalteen erantzulea izanen da, eta berak ordaindu beharko ditu kalteen gastuak.

7. artikulua.

Debeku da arroza, konfetia edo gisakoak botatzea udal lokalen barnean, ezta Udaletxeko karrerapean edo inguruetan ere, arriskutsua izan bailiteke. Betebehar hori bete ezean, Udalak ez du inola ere erantzukizunik izanen. Beraz, arau hori ez betetzeagatik istripuren bat edo antzekoren bat gertatuz gero, ospakizunerako baimena eskatu duten pertsonena izanen da erantzukizuna. Eskabidean behar bezala jasoko da pertsona horiek arauaren berri dutela eta hura betetzeko hitza ematen dutela.

Udal lokalak erabiltzearen ondorioz edo baldintza hauek ez betetzearen ondorioz kalterik egiten bada, ezkontzaren eskaera egin dutenek izanen dute erantzukizuna; hala, bada, Udalak haiei jasanarazten ahalko die konponketen kostua, bai eta, hala behar badu, lokalak lehengoratzeko lanen kostua ere, aurretik behar den espedientea irekita, non hamar eguneko epea emanen baita alegazioak egiteko.

8. artikulua.

Aretoa eskatu duen pertsona arduratuko da lokal horren edukiera ez gainditzeaz (45 lagun), eta hori ez betetzeagatik istripuren bat edo antzekoren bat gertatuz gero, harena izanen da erantzukizuna.

9. artikulua.

Ahaideek edo adiskideek lokala modu berezi batean apaindu edo egokitu nahi badute, udal arduradunari garaiz jakinarazi beharko diote, hark behar den erabakia har dezan. Lekuaren harmonia eta ezaugarriak begiratuko dira beti, eta haien kontura izanen dira lokalaren apainketa eta egokitze gastuak, behar den garbiketa berezia barne. Zeremonia bukatuta, ezin izanen da lokalean ez apaingarririk ez hondarrik utzi (loreak, paperak...), ez barnean ez kanpoan, zeremoniaren aurretik zegoen bezalaxe utzi beharko da eta.

Interesduna arduratuko da, bere kontura arduratu ere, ekitaldia gauzatzeko zerbitzu osagarriez. Dena dela, Oltza Zendeako Udalak zerbitzu horiek ikuskatuko ditu.

10. artikulua.

Debekatuta dago udal aretoetan erretzea, Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legearekin bat.

11. artikulua.

Ordenantza honetan xedatzen ez den orotan, udal arduradunen jarraibideak bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Lehen xedapen gehigarria.–Oltza Zendeako alkateari eskumena ematen zaio ordenantza hau aplikatzeko behar diren jarduketa guztiak egin ditzan.

Bigarren xedapen gehigarria.–Genero berdintasuna hizkeran. Pertsona, lanpostu edo karguei buruz ari denean, ordenantza honek genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasuetan, gaztelaniazko testuan, ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, edozein dela ere aipatutako pertsonen edo kargu edo lanpostu horien titularren sexua, erabateko berdintasun-baldintzetan ondorio juridikoei dagokienez.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du behin betiko testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta Udalak osoko bilkuran espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2007337