170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IGUZKITZA

Iguzkitzako udal mugartean eguzki energia biltzeko
instalazioak arautzen dituen udal ordenantza.
Behin betiko onespena

Iguzkitzako Barrutiko Udalak, 2020ko urtarrilaren 21ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Iguzkitzako ugal mugartean eguzki energia biltzeko instalazioak arautzen dituen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 38. zenbakian argitaratu zen, 2020ko otsailaren 25ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, Iguzkitzako Barrutiko Udalak, 2020ko ekainaren 30ean egindako bilkuran, ordenantza hori behin betiko onetsi du eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, 6/1990 Foru Legearen (uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa) 325.1. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Iguzkitzan, 2020ko uztailaren 6an.–Alkatea, José Ignacio Urra Fernández.

IGUZKITZAKO UDAL MUGARTEAN EGUZKI ENERGIA BILTZEKO INSTALAZIOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

HITZAURREA

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen aritu dira. Eta duela gutxitik, etxebizitzetan norberaren kontsumorako energia sortzeko instalazioak bultzatzen ari da bereziki.

Iguzkitzako Udalak udal mugartean eguzki energia biltzeko instalazioen inguruko erregulazioa berrikusi nahi du, norberaren kontsumorako diren eta ingurumenaren eta hirigintzaren aldetik egokiak diren instalazio fotovoltaikoak paratzeko baldintzak ezarriz.

Eguzki energiaren garapenaren aldeko apustua beharrizan bikoitzarekin batera joan behar da: lurraldean behar bezala ezartzen direla bermatzea eta natur eta hiri balio garrantzitsuenak zaintzen direla bermatzea.

Bestalde, eguzki energia biltzearen arloa berri samarra da eta teknologia horrek izandako bilakaerari esker, eguzki energia biltzeko elementu berriak bideragarriak izan daitezke bai teknikoki eta bai ekonomikoki, eraikin tradizionaletan errazago integratzeko. Esate baterako, “eguzki teilak” gure herrietako balio formal eta estetikoak galzorian jarri gabe erabil daitezke.

Hori dela eta, eguzki energia biltzeko instalazioak ingurumenerako onuragarriak badira ere, zenbait mugapen jarri behar direla uste da.

Udal plangintzarekiko koherentzia gordetzeko moduan idatzi da ordenantza. Era berean, lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko koherentzia gordetzeko moduan idatzi da, betebehar hori Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 86. artikuluan jasota dagoelarik.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Iguzkitzako udal mugartean eguzki energia zelula fotovoltaikodun panelen bidez edo panel kolektore termikoen bidez biltzeko instalazioak paratzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Iguzkitzako udal mugarte osoa hartzen da aplikazio eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Lagunartean eguzki plakak edo panelak esaten zaien gailuek eguzki erradiazioen energia biltzen dute, energia termikoa edo energia elektrikoa sortzeko:

–Eguzki instalazio termikoek eguzkitik jasotzen dugun energia erabiltzen dute zuzenean, fluido bat berotzeko. Instalazio horiek eraikinetan etxeko ur beroa sortzeko erabiltzen dira batik bat.

–Eguzki instalazio fotovoltaikoak edo termoelektrikoak zenbait material erdieroaleen ezaugarri fisikoez baliatzen dira argindarra sortzeko, eguzki erradiazioa abiapuntu hartuta.

Ordenantza honek era berean arautzen ditu panel fotovoltaiko zein termikoez osatutako eguzki instalazioak, haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena kontuan hartuta.

II. KAPITULUA

Hiri lurzoruaren eta lurzoru urbanizagarriaren gaineko instalazioak

4. artikulua. Instalazioaren xedea:

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, hots, etxeko ur beroa sortzeko (eguzki instalazio termikoak) edo, 900/2015 Errege Dekretuak araututakoa betez, norberaren kontsumorako argindarra sortzeko direnean (eguzki instalazio fotovoltaikoak).

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak jar daitezke eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

–Estalkiaren isurialde triangeluarretan integratu behar dira plakak, isurialdeen makurdura berdinarekin eta haien planoa mantenduz, “velux” erako leihoekin bezalaxe. Oinplanoan jarriz gero, forma erregularreko eremu bat edo gehiago sortu behar dituzte.

–Honako muga hauek izanen ditu hartutako azalerak: gutxienez 0,60 m bereizi behar izanen da teilatu-hegalen ertzetik eta mehelinetatik. Ezin izanen da, inola ere, isurki triangeluarraren planoa gainditu.

–Laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, kaxa elektrikoak, kanalizazioak eta abar, ezin izanen dira eraikinaren estalkian edo fatxadetan agerian geratu.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Gehienezko okupazioa baimenduta egonen da, non eta panelak ez diren ikusgai geratzen.

–Karel opakuen gehienezko garaieraren azpitik geratu behar dira.

–Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten karelen garaiera gainditzen.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan paratu.

4. Udal Planeko A.H.A.2, A.H.I.2, A.H.L.2 eta A.H.U.2 Eremu Homogeneoak eraikitako guneak handitzeko eremuetan, ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak paratzeko aukera proposatu ahal izanen da eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin taldearen arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu behar izanen ditu espresuki.

5. Udal Planeko eraikinen katalogoan ageri diren eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da, udal planean jasotako ordenantzen 31. artikuluan xedatutakoa betez.

6. artikulua. Eraikin bati lotutako lurzoru aske eta pribatuaren gaineko instalazioak.

Teilatuan, zabaltzan, terrazan eta lurzoruan paratzeko proposamen mistoak, baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu behar izanen ditu espresuki.

Eguzki panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintzak betez gero:

–Eraikin kontsumitzailea aurretik existitzen den kasuetan baino ez da instalazioa baimenduko.

–Etxebizitzaren lurzoru libre pribatua aisialdirako eremu, eremu berde edo zirkulaziorako eremu gisa erabiltzeko denez, gehienez ere azalera osoaren % 60ra mugatuko da eguzki panelen gehienezko okupazioa, 32 metro koadroko mugarekin, betiere.

–Lurzoruaren gainean bermatuko dira. Instalazioak, euskarriak eta beste elementu batzuk barne, ezin izanen dira 1,50 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinaren gaineko instalazioak

7. artikulua. Aldez aurreko baimenak.

1. Eguzki energiarekin argindarra sortzeko instalazioak lurzoru libre paratzea (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emandako 64/2006 Foru Agindua.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa da ezarriko den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala dagokionean, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Aurretik zeuden eraikinei lorturiko instalazioen kasuan, eraikinak une hartan indarrean zen araudiaren arabera ezarri baziren, baimendutzat joko da eguzki panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa lurzoru urbanizaezinean ezartzeko Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren aldez aurreko baimenik tramitatzea.

8. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki panelak paratzen ahal dira eraikinen estalki inklinatuetan.

Haren planoen gainean paratuko dira. Panelen orientazioak aldatzea baimenduko da eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten 0,60 metroko garaiera gainditzen, isurkiaren planotik zuzenean gora neurtuta. Hartutako gainazala gutxienez 1 m bereiziko da isurki triangeluarraren perimetrotik. Ezin izanen dira inola ere teilatuko lerroak gainditu.

2. Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, azaleran edo orientazioan mugarik jarri gabe.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan paratu.

4. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki panelak paratzeko aukera proposatu ahal izanen da eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin taldearen arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Proposamen horiek baloratu ondoren, Udalaren osoko bilkurak baimendu behar izanen ditu espresuki.

5. Udal Planeko eraikinen katalogoan ageri diren eraikinetan eguzki panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da, udal planean jasotako ordenantzen 31. artikuluan xedatutakoa betez.

9. artikulua. Sare elektrikoarekin konektatzeko linea elektrikoak.

Instalazio fotovoltaikoak linea elektriko bat eraikitzeko beharra badakar, energia sare orokorrarekin lotzeko punturaino garraiatzearren, linearen ingurumen ukipenetarako baimenaren espedientea tramitatzea beharrezkoa izanen da (93/2006 Foru Dekretua, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legea garatzeko erregelamendua onesten duena). Hura baimendu arte ezin izanen da panel fotovoltaikoak paratzeko lizentzia eman.

Hornidura garraiatzeko hodiak lurperatzeari buruzko udal araudian xedatutakoa bete behar izanen da.

IV. KAPITULUA

Tramitazioa

10. artikulua. Lizentzia eskaera.

Ordenantza honetan arautzen den instalazioa paratu, handitu edo legeztatzeko, Iguzkitzako Udalari eskatuko zaio dagokion Udalaren obra lizentzia. Horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, teknikari eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua barne hartu beharko ditu memoriak.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak izapidetuko dira, Iguzkitzako Udal Planean eta gainerako araudi aplikagarrian aurreikusitako betebehar partikularren arabera.

Lizentziak kasu guztietan emanen dira, jabetza eskubidea izan ezik eta hirugarrenei kalterik eragin gabe. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Osorik indargabetzen da “Iguzkitzako udal mugapean eguzki-hartzaileak paratzea arautzen duen ordenantza”, 2010eko urtarrilaren 12ko osoko bilkuran onetsi zena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 22. zenbakian, 2010eko otsailaren 17an, argitaratu zena.

Iragarkiaren kodea: L2007383