170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEORBURU

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Beorburuko Kontzejuko Herritarren Batzarrak, 2020ko apirilaren 30ean egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2020ko 99. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, maiatzaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Beorburun, 2020ko uztailaren 14an.–Alkatea, Iranzu Zabalza Vizcay.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Beorburuko Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, orain arte izan dituen aldaketak eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Beorburuko Kontzejuari dagozkio.

Herri-ondasunei buruz Beorburuko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak desafektazio horren onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Beorburuko Kontzejuak justifikatu egin beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Beorburuko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Beorburuko Kontzejua herri-ondasunak zaindu, defendatu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die horiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari, bere legezko eginkizunak betetzeko.

8. artikulua. Beorburuko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskura dezake herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Beorburuko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura direla eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.

10. artikulua. Beorburuko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko baimen espresa beharko du, ondasunak herri-ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Baimen, kontzesio edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Beorburuko Kontzejuak beti erabiliko du administrazio bidea, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duenaren arabera.

12. artikulua. Beorburuko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta berak ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratistek jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Beorburuko Kontzejuak ez dituenean behar diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

1. Herri-larreen aprobetxamendua.

2. Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

3. Etxerako egurraren aprobetxamendua.

4. Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adin nagusikoa izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Txulapaingo Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea hiru urteko antzinatasunez.

c) Aprobetxamenduak haraneko zein herritan dauden, urtean bederen bederatzi hilabetez eta jarraian bizi izatea bertan.

d) Beorburuko Kontzejuarekin inolako zor fiskalik ez izatea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Artikulu hau eta aurrekoa interpretatzerakoan izan daitezkeen zalantzak Beorburuko Kontzejuak argituko ditu kasuan-kasuan.

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

1. ATALA

Larreen aprobetxamendua

16. artikulua. Aprobetxamenduen ondorioetarako, Beorburuko Kontzejuak kudeatzen dituen herri-larreak dira Udal Katastroak izaera eta titulartasun horiekin agerrarazten dituen lurrak.

Herri-larre horiek lurzatika edo atalka aprobetxatuko dira, behar bezain handiak badira, edo bestela, lurzati edo atal horiek multzotan antolatuta, larrearen aprobetxamendua errentagarria izateko adinako hedadura izan dezaten; hori guztia Beorburuko Kontzejuaren irizpidearen arabera.

17. artikulua. Herri-larreen aprobetxamendua modalitate hauen arabera eginen da, eta lehentasun honetan:

a) Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, lurzatiak zein udalerritan dauden, bertan egon beharko dira erroldatuta; halaber, aziendak Txulapaingo Udalaren katastroan izan beharko dituzte, urte osoan udalerriaren mugartean egon beharko dira, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

18. artikulua. Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi haien azpierrentamendua edo lagapena.

Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren epea zortzi urtekoa izanen da eta 15 urteraino luza daiteke, bi aldeen artean ados jarrita.

Beorburuko Kontzejuaren kalkuluen arabera, azienda larriko unitate bat da (AzLU = behi bat) herri-larreek jasan dezaketen batez besteko azienda-karga, hektarea bakoitzeko.

Azienda moten arteko baliokidetasun hauek ezartzen dira:

a) Behi azienda larriko abelburua, AzLU 1.

b) Zaldi azienda larriko abelburua, AzLU 1.

c) Ardi-azienda, ahuntz-aziendako abelburua, 0,15 AzLU.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak bete beharko du Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea, herri-larreak aprobetxatzen dituen abereen osasun babesari dagokionez. Aipatu legean eta bere erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

19. artikulua. Debeku da zerri-azienda ibiltzea larrean.

Debeku da arras Foru Araudiaren eskakizun eta baimenak bete gabe erretzen diren lurretan inolako aziendarik larratzea. Lur horiek larratzeko mugatuta egonen dira, eta adierazitako zehapena ezarriko zaie bertan sartzen diren azienda guztiei.

Halaber, erabat debekatuta dago mota guztietako azienda larratzea baso-berritzeko itxitako lurretan, Udalaren organo eskudunak zehazten dituen urteetan, adierazitako zehapenak ezarriko baitira.

20. artikulua. Udalak herri-lurren aprobetxamendu horietarako urteko kanona ezarriko du aprobetxamenduaren hasieran.

Udalak onetsitako adjudikazio-prezioa urtero berrikusiko da, Nafarroako KPIaren igoera edo aldaketara egokitzeko, egungo Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legeari jarraikiz.

Urte bakoitzari dagokion kanonaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, ekitaldi bakoitzaren hasieran.

Ordenantza honetan ezarritako larratze kuotak aldatu ahalko dira Kontzejuak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren larreen benetako balioari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Kuotak betiere aldatuko dira aldaketa egitea erabaki den urte naturala bukatu baino lehen, tarifa berriak hurrengo urtearen hasieran jar daitezen indarrean. Nolanahi ere, kanona balio erreal horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Ordenantza honetako sistemetako edozeinen bitartez aprobetxamenduaren adjudikaziodun direnek konpromisoa hartuko dute itxituretan, ataketan eta berezko elementuetan aprobetxamenduaren ondorioz sortutako kalteak konpontzeko. Loteetan egiten diren hobekuntzak Kontzejuaren kontura izanen dira. Horretarako, aprobetxamendutik bildutakotik urtero portzentaje bat ezarriko da, Kontzejuak erabakita. Ekitaldia gauzatu bitartean hobekuntzarik egiten ez bada, zenbateko hori hurrengo ekitaldietarako utziko da. Beorburuko Kontzejuak nahi bezala erabakiko du loteetan hobekuntzak noiz eta nola eginen diren.

21. artikulua. Herritarrei zuzenean adjudikatu ondoren, azaleraren bat soberan gelditzen bada, Beorburuko Kontzejuak hala erabakita lurra erreserba modura gelditu ahalko da beste eskabide batzuei erantzuteko, edo bestela, enkante publikoa eginen da, Beorburuko Kontzejuak erabakitzen dituen urteetarako, indarrean dagoen araudiaren arabera.

2. ATALA

Larreak herritarrei adjudikatzeko prozedura

22. artikulua. Toki Korporazioaren erabakiaren bitartez, epe bat emanen da eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten, betiere Beorburuko Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua atera ondoren.

23. artikulua. Eskabideekin batera aurkeztuko dira 15. artikuluak aipatzen dituen agiriak, abelburu kopurua egiaztatzeko zerga-eskakizunaren egiaztagiria, eta indarreko araudiak aipatzen duen osasun ziurtagiria (azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea).

24. artikulua. Kontzejuak behin-behineko adjudikazioa eginen du, gorabehera hauek kontuan harturik, besteak beste:

a) Lehentasuna emanen zaie guztira diru-sarrera txikienak dituzten familia-unitateei.

b) Lurrak adjudikatuko dira bazkan jasan dezaketen abere-zamaren arabera. Lehentasuna izanen dute abeltzaintza ogibide nagusi gisa dutenek.

25. artikulua. 1. Behin-behineko adjudikazioa eginda, entitatearen taulan iragarkia jarriko da eta epe bat emanen da erreklamazioak aurkezteko.

2. Adierazi epea iragandakoan erreklamaziorik jaso ezean, behin-behineko adjudikazioa behin betikoa izanen da.

Bestelakoetan, toki entitateak aurkeztu diren erreklamazioak ebatziko ditu eta bidezkoa dena erabakiko du behin betiko adjudikazioari buruz.

3. Herritarrendako zuzeneko adjudikazioaren bidez ez badira herri-larre guztiak adjudikatzen, soberan gelditu direnak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, ordenantza honen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat datorren eperako.

III. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

26. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoan, Beorburuko Kontzejuak etxeetarako egur-loteak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei, baldin erroldako helbidea aprobetxamenduaren jabe den herrian badute.

Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.

27. artikulua. Beorburuko Kontzejuak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori Beorburuko Kontzejuari egoki iruditzen zaion eperako.

28. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Beorburuko Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira. Beorburuko Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

29. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Beorburuko Kontzejuak aurrekontu arruntean.

30. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere kasu eginen diete Kontzejuan eginkizun horren ardura duen langileak edo Nafarroako Gobernuko basogintzako administrazioko langileek ematen dituzten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

31. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, basogintzako administrazioari eta Kontzejuan lan horretaz arduratzen diren langileei eginen zaie kontsulta. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

32. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsiak etxerako egurretarako aprobetxatu ahalko dira salbuespen gisa, baldin eta egurra beste erabilera batzuetarako aprobetxagarria ez bada. Betiere, basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Kontzejuaren onespena beharko da. Kontzejuak zeregin hori duten langileen txostena edukiko du. Eskaeren ordenaren arabera eman eta banatuko da aprobetxamendua herritar interesdunen artean, balorazio kanona ordaindu ondotik. Epaitza horiek bateragarriak izan daitezke urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko urteetako egurra atera gabe duten herritarrek.

33. artikulua. Beorburuko Kontzejuak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Lehenik eta behin, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira.

34. artikulua. Erabat debeku da zaborra, bidoiak zein hondakin oro mendian uztea.

IV. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

35. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoan adjudikatzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak

36. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duten kideak baldin badaude, agiri bidez frogatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horren gisako beste edozein datu ere.

37. artikulua. Modu honetarako eredu-lotearen azalera izanen da berariaz onetsitako baldintza-agirian ezarritakoa.

38. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatu ahalko da.

39. artikulua. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Beorburuko Kontzejuak, aitzinetik Nafarroako Gobernuaren baimena izanda, ordenantza honen aurreko artikuluetan adierazitako faktoreak beheititu ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Beorburuko Kontzejuak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

40. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurretako lurzatiak hartzen dituzten onuradunek ordainduko duten kanona urtero eguneratuko da nekazaritzako KPIaren arabera, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak onetsia.

41. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste eraren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

42. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Beorburuko Kontzejuak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Beorburuko Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Udalak izanen du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaren epea bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

43. artikulua. Beorburuko Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak egin ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, adjudikatu zaizkien herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez dituztenen kasuan.

b) Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez direnean; horrelakoetan, ordenantza honetan eta aplikatzekoa den araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

c) Honako alderdi hauei buruzko frogagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez direnean: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Beorburuko Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez denean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez dutenen kasuan.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan emanak dituztenen kasuan.

2. ATALA

Herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak

44. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.

45. artikulua. Beorburuko Kontzejuak erabakiko du zein den herritarrendako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, herritarrendako lehentasunezko adjudikazioa egin ondotik, zenbateko azalera gelditzen den eta zenbat eskatzaile dauden kontuan hartuta, familia-unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

46. artikulua. Adjudikazio epea ordenantza honetan adierazitako bera izanen da: gutxienez 8; gehienez ere labore motaren bizitzaren arabera.

47. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, ordenantza honetako artikuluetan xedatutakoa bete beharko da.

48. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, herritarrendako lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren, diru-sarrera handiagoak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak kenduko dira.

Familia-unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetan ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

3. ATALA

Beorburuko Kontzejuaren ustiapen zuzena edo enkante publikoa

49. artikulua. Beorburuko Kontzejuak, aurreko ataletan azaldutako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Beorburuko Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, organo eskudunak onetsitako nekazaritzako KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Beorburuko Kontzejuak zuzenean ustiatu ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

50. artikulua. Beorburuko Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek herri-larreen adjudikazioa eska dezaten.

51. artikulua. Eskaerei honako alderdi hauei buruzko zinpeko aitorpena erantsiko zaie:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Kontzeju honekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Kontzeju honetan bai besteetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak diren edo ureztatzekoak zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai udal-mugarte honetan bai besteetan.

g) Familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Beorburuko Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko, errenta mailak egiaztatzearren; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, ordenantza honetan zehazten den bezala.

52. artikulua. Kontzejuak, osoko bilkuran bildurik, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko modu bakoitzean, bai lehentasunezkoan bai zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

53. artikulua. Aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Beorburuko Kontzejuaren iragarki-taulan jarriko da hamabost egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da, besterik gabe.

54. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta modu bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

55. artikulua. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusita, ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak adjudikatuko dira.

Laborantzarako herri-lurren gainerako azalerei dagokienez, Udalak laborantzako loteak egin eta adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren behin betiko zerrendan dauden familia-unitatearen titularrei.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, iragarki-taulan. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, batzarrean.

56. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik baldin bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

57. artikulua. Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, indarrean dagoen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legean eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

58. artikulua. Beorburuko Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, 15 egunean gutxienez jarri beharko da jendaurrean eta Nafarroako Gobernuak onetsi beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

59. artikulua. Beorburuko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake proiektuen eraginpean dauden herri-lurren gaineko aprobetxamenduen adjudikazioak, indarreko araudian ezarrita dagoenaren arabera, zehazki Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamendua onesteko urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 217.etik 224.era bitarteko artikuluetan.

V. TITULUA

60. artikulua. Beorburuko Kontzejuaren herri-lurretan dauden bideak nola erabili eta nola baliatu arautzen da. Araudi ezak eta gerta daitezkeen gehiegikeriek eta erabilera txarrek ekarri dute erregulazioa; izan ere, Kontzejuaren betebeharra da haiek egoki zaintzea.

61. artikulua. Bideak erabil daitezke udalerrian dauden nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako, betiere ordenantza hauetako gainerako artikuluetan ezarritako mugekin.

62. artikulua. Behar diren mugak ezarri ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, kontuan hartuta zoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopurua ezarriko da.

63. artikulua. Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, mugatu daiteke bideak zer sasoitan erabili, ez daitezen hondoratu eta desegin. Horri dagokionez, bideak erabiltzeagatik hondatzeko arriskua badute, Nafarroako Gobernuko Basozaintzaren eta Udalean zeregin hori duten langileen oharrei jarraituko zaie.

64. artikulua. Bide eta pistetatik kanpo herri-lurretan barna ibilgailu motordunek debeku dute zirkulatzea, salbu eta nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueratarako ibilgailuak badira.

65. artikulua. Debeku dira ibilgailu motordunetan zernahi lehiaketa, lasterketa edota jarduera turistiko, salbu eta Udalak baimena ematen badu.

66. artikulua. Erakunde eta entitate publikoetako ibilgailuek ez dute baimenik behar, beren eginkizunak betetzen ari direnean.

67. artikulua. Jarduerarik egin nahi izanez gero, eta hori kapitulu honetan ezarritako mugen aurka baldin badoa, baimena eskatu beharko zaio Kontzejuari. Halaber, baimena eskatu beharko du lanean bide bat era intentsiboan erabiltzekoa denak.

Kasu bakoitzean, eta aintzat hartuz dena delako jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, baimendu beharreko ibilgailuak eta abar, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion muga osagarriak eta fidantzak ezarriko ditu.

68. artikulua. Baimena eskatu behar duenak eskabidea bete beharko du eta bertan adierazi lana eginen duen enpresaren edo partikularraren izena, lan mota, erabili nahi dituen bideak, ibilgailuen tona gehienekoak eta batez bestekoak, eta zenbat denborarako den.

69. artikulua. Eskabideak ikusita, Beorburuko Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sor daitezkeen arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako dira edo adjudikatutako lanak iraun bitarte.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat jartzera behartuko dute; Kontzejuak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, bidea lehengoratu dela egiaztatzen denean. Pasatzeko kuota ere ezar dezaketa Beorburuko Kontzejuak, bideen erabilera eta amortizazioa kontuan hartuta, eta haren berri emanen dio, aldez aurretik, erabiltzaileari.

Ez dute berariazko baimenik beharko Ordenantza honen 14. artikuluan agertzen diren aprobetxamenduetako baten adjudikaziodunek. Dena dela, aprobetxamenduak erabiltzeko ezarri diren arauak bete beharko dituzte.

70. artikulua. Bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuetarako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuetarako. Nolanahi ere, abiadura mantsotu beharko da tartean oinezkorik, aziendarik, etab. agertzen bada, istripuak eta eragozpenak sor ez daitezen.

Beti dute lehentasuna nekazari, abeltzain eta basozainen ibilgailuek eta, haien artean, karga gehien daramanak.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

71. artikulua. Arau-hauste administratiboak dira jarraian adierazita dauden egitateak, eta honela zehazten diren zehapenak ezarriko zaizkie:

a) Aprobetxamendua behar den bezala, zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Herri-larreen aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea hiru urtean galtzea.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezarri ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

Halakoetan, hilabeteko epea emanen da %20ko errekarguarekin ordaintzeko. Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

c) Herritarrendako aprobetxamendua, kasuan kasukoa, nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezarri ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

d) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

30 euroko isuna, epea gainditzen den egun bakoitzeko.

e) Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen titular baten azienda larratzea.

Eskubiderik izan gabe azienda Udalaren herri-lurretan larratzen den bakoitzean, 60 euroko zehapena behi edo zaldi aziendako buru bakoitzeko, eta 30 eurokoa ardi aziendako buru bakoitzeko. Zenbateko horiei gehituko zaizkie azienda dena delako lekutik eramatearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

f) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

Hildako abereak bertan uzteagatik zehapena ezarriko da; hain zuzen, Beorburuko Kontzejuak legearen araberako baldintzetan abereak jaso eta garraiatzeagatik ordaindu behar duen kostua, eta gainera, 30 euroko zehapena abelburu xehe bakoitzeko eta 60 eurokoa abelburu larri bakoitzeko.

Animalia jaso ezin den kasuetan, bertan utziko da.

g) Nafarroako Gobernuko Basozaintzak edo eginkizun hori duten Beorburuko Kontzejuko langileek ordenantza hau urratzen duten ekintzen berri emanen dute.

Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatu ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua, zehazki hau:

–Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa izanen da.

–Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak bahituko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen edo ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2007838