170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LEITZA, GOIZUETA, ARESO ETA ARANOKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, euskararen ezagutza betekizun izanen duen gizarte hezitzaile lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, hautaproben bidez

Mankomunitateko lehendakariak, 2020ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bitartez deialdia onetsi zuen; hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria.

Deialdia egiten da euskararen ezagutza betekizun izanen duen gizarte hezitzaile lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda hautaproben bidez osatzeko, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda horrek lehentasuna izango du eta aldi baterako kontratatzeko dauden aurreko zerrendak bertan behera gelditu dira. Erabiliko da baldin eta ez badago langile finkoen beste zerrendarik, jadanik prestatua edo geroan noizbait osa daitekeena, hala xedatzen baita apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan.

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Prozesu honetan onartua izateko, izangaiek beharkizun hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) 16 urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina gainditua ez izatea.

b) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, adin horretatik gorakoak izaki, haien kontura bizi badira.

c) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

d) Gizarte Hezkuntzako diplomatura/gradu titulua edukitzea, edo Nafarroako Foru Komunitateko edo Estatuko Gizarte Hezitzaileen Lanbide Elkargo batek gaitutako unibertsitateko diplomatura edo lizentziatura bat edukitzea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratzerik jaso ez izana ere.

f) Haurrendako eta Nerabeendako Babes Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza izango da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea eta gizakien salerosketa.

Hartara, inguruabar hori frogatzeko, Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

g) Euskaraz dakiela frogatzea. Horretarako lehen mailako goi zikloko euskararen gaitasun agiria eduki beharko da, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatua, edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den agiria (EGA).

Eskatutako titulurik ez badu, izangaiak ezagutza maila hori ziurtatzen ahalko du euskarazko proba bat eginez. Proba horren bidez erakutsiko du, hain zuzen, lanpostuan aritzeko nahikoa euskara maila duela.

h) Gidabaimena izatea B motako ibilgailuak gidatzeko, eta ibilgailua ere izatea. Hautaprobak egin ondoren, izangaien zerrendatik kontratatzen diren lagunek frogatu beharko dute ibilgailua badutela, kontratazioa egin aitzin.

2.2. Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dituzte hautatzen diren eta aldi baterako kontrataziorako deia jasotzen duten izangaiek, adierazten zaien unean, kontratua formalizatu aurretik.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izango dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe euren eskabidearen faltsukeria dela eta legokiekeen erantzunbeharra.

Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautaketa-prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistro orokorrean (Elbarren 1, Leitza) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro edo bulegotan. Aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izango da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina zenbatzen hasita, eta eranskineko eredua erabili beharko da.

Eskabideak aurkezteko epea ezarritakoa izango da eta ez da epe hori luzatzeko aukerarik.

Dokumentazioa Administrazio Prozeduraren Legeak eskaintzen dituen bestelako bideetatik helaraztekotan, egoera hori Administrazio kontratatzaileari emailez jakinarazi beharko zaio (ssbleitza@infolocal.es) horiek aurkezteko azken egunaren eta orduaren aurretik.

Bi baldintza horiek betetzen ez badira, dokumentazioa ez da onartuko, baldin eta oinarri hauetan ezarritako epetik kanpo aurkeztu badira.

Epe hori bukatu eta bost egunetako epean dokumenturik jaso ez bada, ez da inolaz ere onartua izanen.

Eskabidearekin batera ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) NANaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia.

c) Merezimenduen ziurtagiriak, lehiaketaldian baloratzeko, III. eranskinean adierazitakoaren arabera.

d) Euskararen C1/ EGA ezaguera ziurtatzen duen tituluaren fotokopia.

3.2. Ezgaitasun duten izangaiek, eskabidearekin batera, izaera hori dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero, eskabidean bertan. Aparteko orri batean, zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4. oinarria.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. oinarria.–Behin-behineko zerrenda eta behin betikoa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mankomunitateko lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta hura Mankomunitateko iragarki oholean argitaratuko da.

Egun horretatik aitzina, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Mankomunitateko iragarki oholean argitaratuko da, deialdiaren 7. oinarrian aipatzen diren hautapen probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Mankomunitateko lehendakariak izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Mankomunitateko iragarki oholean argitaratzeko aginduko du, deialdi honetan aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

Onartutako izangaien zerrendan egoteak ez du esan interesdunei aitortzen zaienik deialdi honetan eskatutako betekizunak betetzen dituztela. Izan ere, kontratatzeko deia egiten zaienean, aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta ondorioztatzen bada ez dutela betetzen denboraren edo formaren aldetik eskatutako betekizunen bat, interesdunek galdu egingo dituzte deialdi honetan parte hartzeak ematen ahal dizkien eskubide guztiak.

6. oinarria.–Epaimahaiak.

6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztu ahalko da behin betiko osaera:

Epaimahaiburua: Amaia Jaka Apezetxea, Mankomunitateko lehendakaria.

Epaimahaikidea: Maite Urroz Teiletxea, Mankomunitateko gizarte langilea.

Epaimahaikidea: Oihane Calderon Callejas, Mankomunitateko gizarte hezitzailea.

Epaimahaikidea: Junkal Otxotorena Sagastibeltza, Mankomunitateko gizarte langilea.

Mahaikide idazkaria: Inge Zelaia Zubikoa, Mankomunitateko idazkaria.

6.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1ko 40/2015 Legeak aurreikusten dituen abstentziorako arrazoietakoren bat ematen bada, eragiten duen epaimahaikideak ezin izango du parte hartu eta Mankomunitateari egoera horren berri eman beharko dio. Izangaiek, legeak aurreikusitako egoera horien aurrean, epaimahaikideak errekusatzeko aukera dute.

Epaimahaia aldatzen bada, mahaikideak abstenitzeko eta errekusatzeko legez ezarritako kasuak direla-eta, jakinarazi eginen da, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izango da eratutzat eman, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa biltzen ez bada.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak bertan egon beharko dute.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Hautaproben nondik norakoak eta balorazioa.

7.1. Merezimenduen balorazioa.

Haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, betiere deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin zuzeneko harremana duten gaiei loturik.

Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Merezimenduak gehienez 20 punturekin baloratuko dira.

7.2. Hautapena honako proba hauen bidez eginen da:

a) Lehen ariketa: euskara. Idatzizko proba bat eta ahozko beste bat eginen dira, bete beharreko lanpostuak eskatzen duen euskara maila kontuan izanik, izangaiak gaitasuna duen ala ez zehazteko.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko teknikariek prestatuko dituzte proba hauek.

Bazterturik geldituko dira “Ez gai” kalifikazioa jasotzen duten izangaiak.

b) Bigarren ariketa: idatzizko proba honetan, galdera sorta bati erantzun beharko zaio: erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da baliozkoa. II. eranskineko gaiei buruzko galderak izanen dira.

c) Hirugarren ariketa: bi ariketa praktiko, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen edozein alorretako esku-hartzeari dagozkionak.

–Bigarren ariketa: 0 eta 30 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 15 puntu beharko dira.

–Hirugarren ariketa: 0 eta 50 puntu bitarte emanen dira. Gainditzeko gutxienez 25 puntu beharko dira.

Epaimahaiak, probak hasi baino lehen, haien gehieneko iraupena finkatuko du.

7.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

8. oinarria.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

8.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean edukiko du Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki oholean eta probak egin diren tokian probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren araberakoa, eta lehendakariari helaraziko dio, baita hautapen prozesuaren espediente osoa ere, onets dezan.

Berdinketarik izanez gero, bigarren ariketan puntu gehien lortzen duenak izanen du lehentasuna.

8.2. Gainditu duten izangaiei Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean gertatzen diren premien arabera egin ahalko zaie dei, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

Kontratazioaren jakinarazpena egin eta hurrengo 7 egun naturaleko epean (jakinarazpena telefono dei baten bidez egin ahalko da), proposatutako izangaiek deialdiko 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, honako dokumentazio hau aurkeztuta:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna erakusten dituen agiri baliokide batena.

b) Gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena, Mankomunitateak zehazten duen osasun taldeak emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen zinpeko aitorpena, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatearena.

Arestian aipatutako dokumentazioa aurkezten duten izangaiek kontratua sinatzera joan beharko dute, Mankomunitateak adierazten dien epean.

Aldi bateko kontratazio-prozesuaren kudeaketarako irizpideei dagokienez, 2011ko otsailaren 15eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 31. zenbakidunean, argitaratutako honako foru agindu hau aplikatuko da: 814/2010 Foru Agindua, abenduaren 31koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituena.

Kontratatuei alta emanen zaie Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean eta bertan afiliatuko dira; beraz, haiek ordaindu beharko dute kasuan kasuko kuota eta PFEZaren atxikipenaren zenbatekoa.

9. oinarria.–Aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

9.1. Deitzea.

Gainditu duten eta epaimahaiak proposatutako zerrendan azaltzen diren izangaiei deitu ahalko zaie, deialdiaren xedeko lanpostuetan sortzen diren beharren arabera.

Izangaiei zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenaren arabera dei eginen zaie. Aurrekoa gorabehera, langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 3. apartatuan ezarritakoa (administrazio publikoetan desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera), eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira.

9.2. Deiak egiteko arau orokorrak:

1.–Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gainera, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.

2.–Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera egingo dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

3.–Dei bakoitzaren oharra jasoko da, gorabeherak, eguna eta ordua aipaturik.

Izangai batekin harremanetan jarri eta kontratatzeko eskaintza eginez gero, erantzuten ez badu, uko egiten diola ondorioztatuko da eta 9.4 apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaio.

4.–Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

5.–Hiru hilabetekoak edo laburragoak izango direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehenengo izangaiari eskainiko zaizkio, artikulu honen 3. apartatuan ezarritakoa bete beharrik gabe.

6.–Kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste lanpostu batean aritzeko kontraturik eskainiko, non eta deia bestelako lanpostu baterako zerrendatik egiten ez zaien.

7.–Lanaldi partzialeko aldi baterako kontratazioetan, ahaleginak egingo dira lanaldia zerbitzu berean sortzen diren beste behar batzuekin osatzeko, kontratu berarekin egitea posible bada eta interesduna ados baldin badago.

9.3. Deiak amatasunaren edo adopzioaren lizentzia kasuetan.

Amatasunaren edo adopzioaren lizentzia hartzeko ezarrita dagoen epearen barruan aldi baterako kontratu bat sinatzeko deia jaso eta kontratua onartzen duten izangaiei lanpostu hori erreserbatuko zaie lanean benetan hasten diren arte, orduan sinatuko baitute kontratua.

Kontratua onartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, baldin eta, kontratuarentzat ezarritako iraupena ikusita, aukera baldin badute lanpostuan benetan hasteko.

Lanpostuan sartuko dira amatasunaren edo adopzioaren lizentziarako ezarritako epea bukatzen den egunean, edo lehenago, interesdunak eskatzen badu, baina nolanahi ere, erditu ondoren amarentzat ezarritako nahitaezko atsedenaldia bukatuta.

9.4. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horren azken tokira pasatuko da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean, kasu horretan, daukan lekua mantenduko baitu:

–Amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik lizentzia izatea.

–Aldi baterako ezintasuna izatea.

–Lan kontratu bat indarrean izatea.

–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi hori dela eta kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egongo, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte.

–Zaindu behar badu bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, adina, istripua edo eritasuna dela kausa bere burua ezin gobernatu duena. Arrazoi hori dela eta kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz eskuragarri egonen, harik eta kontratuari uko egin zioten egunetik gutxienez hilabete iragan arte.

–Izangaia ezkondu berria edo, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, parekatutako egoeran sartu berria izatea, eskainitako kontratuaren hasiera eguna bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalean bada.

Kasu horietan izangaia deitzeko moduan ez dagoela agertuko da aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak deitzeko moduan agertzea eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egin bitarte, ukitutako izangaiak ez dira deitzeko moduan izango, eta ez zaie inolako lanposturik eskainiko deialdi honi dagokion zerrendatik.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izango dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.

9.5. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasako dira honelakoren bat egiten dutenak:

a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotzi beharreko arrazoi batengatik.

9.6. Zerrendetatik kentzea.

Honako hauek izango dira izangaiak deia ekarri duen zerrendatik kanpo gelditzeko arrazoiak:

a) Kontratua probaldian hutsaltzea.

b) Lanpostua bertan behera uztea.

c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiak direla kausa, hain zuzen, kontratatzen den langilea lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, baldin horrek lanpostuak dituen eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasa badakar.

d) Sinatutako kontratuari uko egitea.

e) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

9.7. Lan kontratuak.

Gizarte hezitzailearen lanpostuaren izangaiei administrazio kontratu bat eskainiko zaie, aldi baterako iraupena izango duena, kasuan kasuko beharraren arabera iraungo baitu, eta haren araubide juridikoak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua eta hura garatzeko araudia beteko ditu.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Leitzan, 2020ko uztailaren 10ean.–Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaria, Amaia Jaka Apezetxea.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

2.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena.

3.–Gizarte Zerbitzuetako hezitzaileak. Metodologia eta talde lana.

4.–32/2013 Foru Dekretua, maiatzaren 22koa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Programa eta Finantzaketa arloan garatzeko erregelamendua onesten duena.

5.–Babesik gabeko adin txikikoen egoeren antzemate, jakinarazpen, balorazio eta esku-hartze prozedurako II. gidaliburua (Nafarroako Foru Erkidegoa).

6.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 11koa, gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

7.–III. Prebentzio plana: Drogak eta Adikzioak (Nafarroa 2019).

III. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

Izangaiek aurkeztutako merezimenduak epaimahaiak baloratuko ditu, baremo honi jarraikiz:

A.–Prestakuntza (gehienez ere 5 puntu).

Prestakuntza iraunkorreko ikastaro bat emateagatik edo jasotzeagatik:

Gizarte hezkuntzarekin zerikusia duten ikastaro, mintegi eta taldeak, zentro ofizialek edo administrazio publikoek behar bezala ziurtatuak, haietako bakoitzak gutxienez ere 10 orduko iraupena duela: 10 orduko bitarte bakoitzeko, 0,1 puntu.

B.–Laneko eskarmentua (15 puntu gehienez).

Toki entitateetan gizarte hezitzaile gisa aritzeagatik: urte bakoitzeko, 2 puntu.

Beste administrazio publiko batzuetan edo enpresa publiko edo pribatuetan gizarte hezitzaile gisa aritzeagatik: urte bakoitzeko, puntu 1.

Oharrak:

1.–Eskabideak aurkezteko epea bururatu aitzin gauzatu diren merezimenduak baizik ez dira baloratuko.

2.–Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.

3.–Eskarmentuari dagozkion puntuak zenbatzerakoan, lanaldi partzialeko kontratuetan proportzioan dagokiona zenbatuko da.

4.–Laneko eskarmentua frogatuko da kontratua egin duen enpresa edo administrazioaren ziurtagiriekin (hezkuntza maila, lanbide kategoria eta kontratuaren hasierako eguna eta amaierakoa, eta kontratu bakoitzeko lanaldia zehaztuko dituzte).

5.–Ez da zerbitzuen egiaztagiririk kontuan hartuko haien hasiera eta amaiera data zehatzik agertzen ez bada, nahiz eta bertan ageri zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela.

Iragarkiaren kodea: L2007714