170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

162E/2020 EBAZPENA, uztailaren 13koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, iraungitzat deklaratzen duena Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 31ko 210E/2015 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratua, Castejongo udal-mugartean zurezko produktuak prestatu eta tratatzekoa eta zurezko langet erabiliak lehengoratzekoa. Titularra Impregna SA da.

Instalazio hori, zeinetan zurezko produktuak prestatu eta tratatzen baitira, jarduera sailkatuaren udal lizentziaren baimen araubidearen menpe dago.

Handitze proiektu bat aurkeztu zenez zurezko langet erabiliak lehengoratzeko, zeinak eskatzen baitzuen hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimena, ingurumen baimen integratuaren araubidean egotera pasa zen instalazioa; izan ere, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2A eranskineko 14. paragrafoan sartu zen (2B eranskinean ageri ez diren hondakin arriskugarriak kudeatzeko eragiketak); hori dela eta, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 31ko 210E/2015 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eman zitzaion.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 11.1 artikuluak hau ezartzen du: bi urte iragaten badira ingurumen baimen integratua eman zenetik proiektua gauzatzen hasi gabe, edo lau urte iragaten badira hura bukatu gabe eta jarduera abian jarri gabe, ulertuko da baimena iraungi dela eta ondoriorik gabekoa dela.

2019ko urtarrilaren 31n, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko teknikariek, instalaziorako aurreikusitako kokalekura joanda, egiaztatu zuten ez zegoela hasita zurezko langet erabiliak lehengoratzeko proiektua eta ez zegoela obrak egin izanaren zantzurik. Zurezko produktuak prestatu eta tratatzeko jardunari eusten zitzaion.

Horrenbestez, industria-instalazioa jasota dago Ingurumena martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 4C eranskineko B) o) epigrafean, eta, horregatik, jarduera sailkatuko udal lizentziaren araubidearen menpe dago. Lizentzia hori lortzeko, aurrez behar da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren txostena.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Iraungitzat deklaratzea Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak martxoaren 31ko 210E/2015 Ebazpenaren bidez emandako ingurumen baimen integratua, Castejongo udal-mugartean zurezko produktuak prestatu eta tratatzekoa eta zurezko langet erabiliak lehengoratzekoa. Titularra Impregna SA da.

Bigarrena.–Udalaren ebazpena eman aurretik, aldeko txostena egitea zurezko produktuak prestatu eta tratatzeko instalaziorako. Instalazioaren titularra Impregna SA da eta Castejongo udal-mugartean dago kokatuta.

Hirugarrena.–Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadila agintzea, eta espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen II. eranskinean azaltzen diren baldintzak bete beharko dira.

Laugarrena.–Bertan behera uztea zentroak Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan, 15G01070008772015 zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile gisa duen inskripzioa.

Bosgarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Udalari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa den, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 77. eta 78. artikuluetan xedatutakoarekin.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Impregna SAri, Castejongo Udalari, Nilsari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 13an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F2007522