170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

153E/2020 EBAZPENA, uztailaren 1ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Tafallako udal mugartean burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa onartzen duena. Titularra Fagor Ederlan Tafalla S. COOP. da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 2250/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 9ko 462E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiaren otsailaren 4ko 31E/2020 Ebazpenaren bidez aldatua.

2020-04-14an, titularrak bere ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu du, zehazki, kolektorerako 3. isurketaren emariaren muga-balioak handitzeko, orain baimenduta dauden balioetatik (urteko 2.350 m³ eta eguneko 20 m³), urteko 10.000 m³-ko eta eguneko 28 m³-ko balioetara, baita guztizko fosforoaren muga-balioa ere 1.-2. eta 3. isurketetan, orain baimendutako baliotik (2 mg/l) 10 mg/l-ko baliora.

Titularrak azaldu duenez, 3. isurketaren emariaren muga-balioak handitzeko eskatzen du, proiektu fasean emari hori gutxietsi zelako; zehazki, pentsatu zen erretxina trukatzaileak hiru egunean behin birsortu beharko zirela, baina, egun, bolumen handiagoa birsortu behar da egunero.

Eta 1.-2. isurketetan guztizko fosforoaren muga-balioa handitzeari dagokionez, titularrak azaldu du isurketaren kontroletan 2 mg/l-tik gorako balioak ateratzen direla, eta ezinezkoa izan dela haiek balio horren azpitik murriztea, dosifikazioak eta mantentzea doitu eta hozte-dorreetan garbitzeko iragazkia osorik konpondu arren.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela 3. isurketan emariaren muga-balioak eta 1.-2. isurketan guztizko fosforo isurketaren muga-balioa handitzea; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Ez da justifikatutzat jotzen, ordea, 3. isurketan guztizko fosforo isurketaren muga-balioa handitzeko eskatzea; izan ere, orain arte isurketa horretan egin diren kontrol guztietan ez da erregistratu hura gainditu denik, eta atera diren balioak oraingo isurketaren muga-balioa baino askoz txikiagoak dira.

Kasu honetan, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 27. artikuluaren d) letrako inguruabarrak gertatzen direla ikusi da, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuko baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio-prozedurarekin bat, eta ez da beharrezkotzat jo aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen-proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Tafallako udal mugartean burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa onartzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Fagor Ederlan Tafalla S. COOP. da.

Bigarrena.–Hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena eguneratzea, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarria eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikulua. Zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak ez betetzeak ingurumeneko diziplina neurriak hartzea ekarriko du, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotako neurriak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen hau Fagor Ederlan Tafalla S. COOP. enpresari, Tafallako Udalari eta Nilsari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 1ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: Ebazpen honetan aipatutako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2007190