170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

230/2020 EBAZPENA, ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2020-2021 ikasturtean arautzeko jarraibideak.

Abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuaren bidez (haren bidez egokitu zen abenduaren 22ko 1041/2017 Errege Dekretua) ezarri ziren Nafarroan Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako hizkuntzen irakaskuntzen oinarrizko mailako, tarteko mailako eta maila aurreratuko curriculumak.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du Nafarroako hizkuntza eskola ofizialen antolaketa eta jarduna 2020-2021 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialen antolaketak eta jardunak 2020-2021 ikasturtean bete beharko dituzten jarraibideak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (http://www.educacion.navarra.es/portal/) argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, eta Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko ekainaren 30ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialen antolaketa eta jarduna 2020-2021 ikasturtean arautzeko jarraibideak

Aurkibidea

I.–Ikastetxeko urteko programazio orokorra.

II.–Irakasleak.

III.–Irakaslana koordinatzeko organoak.

IV.–Ikasleak.

V.–Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA. ECOEDUCA kontabilitate sistema.

VI.–Antolaketari dagozkion alderdiak.

I.–Ikastetxeko urteko programazio orokorra

Iruñeko eta Tuterako hizkuntza eskola ofizialetako zuzendaritza taldeek Urteko Programazio Orokorra prestatuko dute, ikasturtea hasi baino lehen, departamentuen proposamenak eta Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen helburuak eta lanerako planak aintzat hartuta. Programazio horrek bermatuko du hezkuntza-jarduera guztiak modu koordinatuan betetzen direla, eskumenak behar bezala baliatzen direla eta eskola-komunitateko sektore guztiek parte hartzen dutela.

1.–Urteko Programazio Orokorrean honako hauek sartuko dira:

1.1. Ikastetxeko ordutegi orokorra.

Ikastetxeko ordutegi orokorrak, zuzendaritza taldeak prestatu behar duenak, bermatuko du Urteko Programazio Orokorrean aurreikusitako jarduerak betetzea, bai irakaskuntzakoak bai osagarriak.

Ikastetxeak goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin egonen dira zabalik eskola-komunitatearentzat. Eskola-oporraldietan, behar diren bitartekoak jarriko dira ikastetxeak goizez zabalik egon daitezen.

Horrez gain, ikastetxeko ordutegi orokorrean eskola-egunetako orduen banaketa jasoko da, eskola-egutegiaren arabera eta ondoko irizpide hauei jarraikiz egina:

a) Irakaskuntza arautua. Eskola-ordutegia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, biak barne, goiz eta arratsaldeko txandetan.

Oro har, kurtso presentzialak izanen dira, zehazki, astean bi ordu eta 15 minutuko bi saio, hau da, 4,5 ordu astean talde bakoitzarentzat. Horrez gain, hizkuntza eskolek ezarriko dute zenbat ostiral izan beharko diren eskola-egun, talde bakoitzak guztira 130 ikastordu izan ditzan.

b) Ikastaro erdipresentzialetarako eta curriculuma malgutzeko ikastaroetarako baimena ematen ahalko da, baina, edonola ere, talde horietako ratioa eta irakasleen ordutegiko eskola-orduen zenbaketa talde presentzialetakoen berdinak izanen dira.

c) Hizkuntza eskola ofizialek baimena eskatzen ahalko dute espezializazio eta sakontze ikastaroak emateko, ikasturte osoa edo eskola-orduen erdiak hartzen dituztenak. Ikastaro hauek ez dute ziurtapen ofizialik.

1.2. Planifikatzeko irizpideak.

Ikasketaburuak ikasleen eta irakasleen ordutegiak prestatuko ditu, Urteko Programazio Orokorrean ezarritako irizpideak errespetatuz betiere.

Ikastetxeak ekitatez planifikatuko ditu txandak eta ordutegiak hizkuntza guztietarako, eta bermatuko du, ahal delarik, maila guztietan goiz eta arratsaldeko txandak egotea.

1.3. Hobekuntza plana.

a) Hobekuntza planak, ikastetxearen egoeraren azterketatik abiatuta, ikuspegi orokor eta integratzaile batetik aurreikusitako hobekuntza helburuak lortzera zuzendutako jarduketa batzuk ezarriko ditu urtero, kontuan hartuta aurrera begira jarraitutasuna izan behar dutela.

b) Eskolek errendimenduaren eta beren jardunaren hobekuntzarekin lotura handiena duten helburuak hautatuko dituzte, ikastetxearen diagnostikoaren arabera (emaitza akademikoak, departamentuko bilerak, klaustroaren erabakiak, etab.) hala ikusten direnak.

c) Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.

d) Hezkuntza Departamentuaren SGC 2013 Arauari jarraitzen dioten kalitate programetan parte hartzen duten eskolek hobekuntza planaren helburuak sartuko dituzte urteko planean. Arau hori uztailaren 5eko 63/2013 Foru Aginduan (otsailaren 5eko 10/2015 Foru Aginduaren bidez aldatua) zehazten da. Eskola horien dokumentazioa beren kalitate planean bildutakoa izanen da, bidezkotzat jotzen dutenean hura osatzeko aukera galarazi gabe.

1.3.1. Bi urteko hobekuntza plana.

Indarreko araudian jasotako ebaluazioaren barrenean, 2020-2021 ikasturtearen amaierako memorian ebaluatuko da 2018-2019 ikasturtean ikastetxeek egindako autoebaluazioa, bai eta ikastetxearen biurteko plana eta hartan oinarrituta garatzen diren bloke eta zikloena ere.

Amaierako memoriako ebaluazio hori abiapuntu hartuta, ikastetxeek 2021-2023ko biurteko plan berri bat aurkeztuko dute, ikastetxearen jarduna eta bloke edo zikloak jasoko dituena. 2019-2021eko biurteko planean lortu ez diren helburuak mantentzen ahalko dira, eta beste hobekuntza arlo batzuk ere bai, 2018-2019ko jardunaren autoebaluazioan atzemandakoak, amaitutako biurteko planean sartu gabeak.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du jardunari buruzko biurteko hobekuntza plan berrien garapena eta ezarpena, zeinak aplikatuko baitira 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan.

1.4. Departamentuen jarduketa-plana eta programazioak.

a) Departamentu bakoitzak, irailean zehar, 2020-2021 ikasturterako jarduketa-plana prestatuko du, barnean direla departamentuko edo mailako bilerak eta ikasturteko zeregin nagusiak, hala nola, kurtso eta maila guztietako ebaluazio probak egitea, ziurtapenekoak barne, kontuan harturik Hezkuntza Departamentuak ezarritakoa, eta hizkuntza bakoitzaren balidazio eta gidaritza batzordearekin elkarlanean.

Zuzendaritza taldeak, departamentuetako buruekin koordinatuta, eskolako departamentu guztien jarduketa planifikatuko du, ziurtapen probak prestatzeko. Proba horien gidaritzarako, gure proba bateratuek izanen dute lehentasuna. Era berean, Nafarroatik kanpoko eskoletako proben gidaritza erraztu eta lagunduko du, ahal den neurrian.

Horrekin batera, zuzendaritza taldeak bi hizkuntza eskoletako zuzendaritzekin lan eginen du mailetako estandarizazio eta trebatze saioetan, horretarako xedatutakoaren arabera.

Horrez gain, arduradunak izendatuko dira, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko aleman eta ingeles departamentuetako kideen artean, hizkuntz horietako ziurtapen proba bateratuen balidazio eta gidaritza batzordea osatzeko. Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialeko frantses departamentutik izendatuko dira frantseseko proba bateratuen balidazio eta gidaritza batzordea osatuko duten irakasleak. Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialeko euskara departamentuak izendatuko ditu, bere kideen artean, euskarako proba bateratuen balidazio eta gidaritza batzordearen berezko lanak eginen dituzten irakasleak. Probak balidatzearen ardura duen irakasle bakoitzak gehienez 4,5 ordu emanen ditu astean lan horretan. Horrez gain, batzorde bakoitzeko kide bat batzordearen beraren koordinatzaile izendatuko da.

b) Departamentuetako programazioa prestatzeko arduradun nagusiak departamentuetako buruak izanen dira. Programazioan honako alderdi hauek jasoko dira: helburuak, edukiak, denbora banaketa, alderdi metodologikoak eta ebaluazio eta kalifikaziorako irizpideak.

COVID-19aren eraginez jardun presentziala eten zenez 2020ko martxoaren 16tik aurrera, 2020-2021 ikasturteko lehen hilabetean, uneko ikasturteko edukiak lantzeaz gain, aurreko ikasturtekoak ere berrikusi eta indartuko dira.

Departamentu bakoitzaren programazioaren ale bat ikastetxeko zuzendariari emanen zaio, ezartzen den epearen barnean, ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sar dezan. Programazioek zuzendaritzaren “ontzat emana” jaso beharko dute.

Programazioaren bi ale, gutxienez, departamentuan geldituko dira: bata kide anitzeko gobernu organoen eskura, eta bestea departamentuaren eskura. Gainera, ale bana emanen zaio departamentuko kide bakoitzari.

1.5. Urteko programazio orokorrari erantsi beharrekoak.

1.5.1. Urteko programazio orokorrarekin batera, orobat, irakaskuntza-programazioekiko adostasun agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak.

1.5.2. Kontingentzia plana. COVID-19ak eskola jardueran izan dezakeen eraginari erantzuteko eta hezkuntza jarduera ahalik eta egokien gara dadin bermatzeko asmoz, ikastetxeak kontingentzia plan bat diseinatu beharko du, urteko programazio orokorraren parte izanen dena. Ikasturtea hasi baino lehen, Hezkuntza Departamentuak zuzendariari bilera baterako deia eginen dio, informazioa emateko COVID-19aren egoerari buruz eta eskola jardueran izan dezakeen eraginari buruz. Nolanahi ere, plan horrek, gutxienez, atal hauek izanen ditu:

a. Pandemia-egoerari egokitutako eskola-antolaketa. Ikastetxea egoki antolatzearren, zuzendariak zilegi izanen du ordutegia murrizteko bi saioak erabiltzea ordu horietan ikasleei arreta emateko (Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunean jasota dago murrizketa hori).

b. Ikasmailen eta arloen programazio didaktikoa. Programazio didaktikoak ager daitezkeen egoeretara egokitu beharko dira, planean berean ezartzen diren ohartarazpenei jarraikiz.

c. Zuzkidura teknologikoa. Zuzkidura teknologikoa ahalik eta hobekien aprobetxatzeko, ikasturtearen lehenengo egunetan, eta, betiere, ikastetxeak egindako plangintzari jarraikiz, irakasleak beraiek arduratuko dira ikasleei behar diren eskolak emateaz gerta litezkeen egoeretan erabili beharreko baliabide teknologikoak egoki erabil daitezen.

d. Gaitasun digitala hobetzeko plana. Gaitasun digitala hobetzeko eta osasun prebentziorako plana, apartatu honetako hurrengo puntuan aipatzen dena, irailaren 18a baino lehen egin beharko da, nahitaez.

e. COVID 19 kontingentzia planaren arduraduna. Ikastetxeko zuzendariak kontingentzia planaren arduradun izanen d(ir)en irakaslea(k) izendatuko d(it)u 2020-2021 ikasturterako. Arduradunari dagokio kontingentzia plana abian jartzea eta plana koordinatzea, baita ikastetxeko zuzendariak esleitzen dizkion gainerako eginkizunak betetzea ere. Horregatik, plana abian jarri arte, arduradunek Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunean jasota dauden ordutegia murrizteko bi saioak izanen dituzte, eta saio horiek erabiltzen ahalko dituzte eginkizun horiek betetzeko, ikastetxeko zuzendaritzari egoki iruditzen bazaio, ikasturtean zehar edo edozein unetan.

1.6. Ikastetxeko prestakuntza plana.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, bai eta Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen erantzukizuna ere, azken helburua izanik Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasle lanbidea garatuz. Ildo horretan, ikastetxeak prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko du ikastetxeko irakasle guztientzat. Nahitaezko prestakuntza horrek 35 ordu iraunen du.

Zuzendaritza taldeari dagokio programa horren edukia eta nola banatzen den ikasturtean zehar finkatzea eta antolatzea, eta hori guztia ikastetxearen prestakuntza planean jasoko da. Programa prestatzeko orduan, kontuan hartuko dira ikastetxea hobetzeko urteko planaren helburuak eta Hezkuntza Departamentuak prestakuntza arloan ezarritako lehentasunei buruzko jarraibideak. Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

2020-2021 ikasturtean, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, eta ikusirik hezkuntza-jarduera presentziala eten egin dela 2019-2020 ikasturtea bukatu arte, etorkizunean gerta daitezkeen hezkuntza-arreta ez-presentzialak optimizatzearren, Hezkuntza Departamentuak 15 orduko prestakuntza-ekintzen plan bat ezarriko du gai hauek garatzeko: gaitasun digitala, prebentzioa, higienea eta osasunaren sustapena. Prestakuntza-ekintza horiek prestakuntza instituzionalaren barruan sartuko dira, lehentasuna izanen dute irakasleek egindako edo egin beharreko edo zuzendaritza taldeak planifikatutako beste edozein prestakuntzaren aurretik, eta nahitaez egin beharrekoak izanen dira irakasle guztientzat.

Prestakuntza instituzionala zabalagoa izan daiteke ikastetxeak berak edo, kasua bada, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen beharrak betetzeko. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea boluntarioa izanen da.

Ikasturte berean beste ikastetxe batera lan egitera joaten diren irakasleek behar den akreditazioa aurkeztu beharko diote ikastetxe berriko zuzendaritzari, aurrekoan egin duten prestakuntza mota eta ordu kopurua adierazita. 35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntza indibidualerako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.

Zuzendaritza taldeak, departamentuko buruekin koordinatuta, ikastetxeko irakasleen prestakuntza diseinatuko du, haien beharren eta hobekuntza planen arabera, betiere kontuan hartuta hizkuntza eskolen antolaketaren eta jardunaren berariazko ezaugarriak. Nolanahi ere, ikastetxeko prestakuntza interesek lehentasuna izanen dute banakakoen interesen aldean.

1.6. Jarduera osagarriak.

Zuzendaritza taldeak, departamentuen eta Eskola Kontseiluaren proposamenak jaso ondoren, eskola jarduera osagarrien programazioa prestatuko du.

1.7. Memoria administratiboa.

2020ko urriaren 19a baino lehen, zuzendaritza taldeak memoria administratiboa prestatuko du, eta, horretan, beste elementu batzuen artean, Ikastetxearen Antolaketarako Agiria (IAA) sartuko da.

1.8. Aniztasunari erantzutea.

a) Antolaketari dagozkion alderdiak.

Ikastetxearen lan partekatua da aniztasunari erantzutea. Neurri metodologikoak eta antolakuntzakoak aplikatuz, ikasleen premia desberdinei emanen zaie erantzuna.

Hizkuntza eskola ofizialetan, derrigorrezkoen ondoko irakaskuntzak izanik, bi arreta mota bereiz daitezke: ikasgelan ematen dena eta azterketetan ematen dena.

Ikastetxeak behar den arreta emanen du ikasgelan, metodologiari eta baliabide teknikoei dagokienez (entzungailuak, mahai lagungarriak, toki handiagoa, etab.). Behin ohiko baliabide horiek inklusiboki antolatu ondoren, gerta daiteke ikastetxearen esku ez dauden beste neurri batzuk aurreikustea, esaterako ikasgelan espezialistak izatea (zeinu hizkuntzako interprete bat, esatera). Kasu horietan, baimendu daiteke pertsona hori ohiko ikasgelan egotea, ikuspegi inklusiboz, eta, hala, helburu batzuk sendotzeaz gain, ahalbidetuko da ikasleak ikaskuntza prozesuan parte hartzea. Salbuespenez aukera hori justifikatzen denean, zehaztuko da zenbat denboratarako aurreikusten den esku-hartze hori. Ikasle eskatzaileak ekarriko du kanpoko espezialista hori, eta hark ez dio trabarik ekarriko ikasgelako ikasleen irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuari.

Azterketen kudeaketan arreta emateari dagokionez, inklusiorako antolakuntza neurriak aplikatuko dituzte eskolek, eta ikasleei baliabide tekniko puntualak jarriko dizkie azterketak egiteko.

Nolanahi ere, ebaluazioari eta ziurtapenari dagokienez, ebaluaziorako araudi oinarrizkoak ezartzen duenari jarraituko diote hizkuntza eskola ofizialek.

Ikastetxeko zuzendaritzak behar diren bideak jarriko ditu ikasleek baliabideak eta bitartekoak egokitu daitezela eska dezaten, justifikazio ofizialarekin betiere.

Ikastetxe bakoitzeko Aniztasunari Erantzuteko Planak ikastetxe horren irizpideak eta baliabideen eta neurrien antolaketa jasoko ditu.

b) Aniztasunari Erantzuteko Nafarroako Plan Estrategikoaren ezarpena.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak autoebaluazio tresna jarri du ikastetxeen eskura, ahalbidetuko duena, besteak beste, aniztasunerako erantzunari buruzko analisi bat egitea. Tresna horrek oinarri du ikastetxeetako partaidetza-prozedura bat, irakasle guztiak bilduko dituena, eta, aldi berean, honako arlo hauei buruzko informazioa emanen dio ikastetxeari: ikasleak hartzea eta premiak atzematea, erakundearen erantzuna, baliabide materialak eta pertsonalak, hezkuntza neurriak eta programak, programazioa, irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua, eta ikasleen ebaluazioa, jarraipena eta emaitzak.

2. Urteko Programazio Orokorra onetsi eta ebaluatzea.

Eskola Kontseiluak onetsi eta ebaluatu beharko du Urteko Programazio Orokorra eta ikastetxeko kide guztiek nahitaez bete beharko dute.

Ondoriorik aipagarrienak ikasturte bukaerako memorian jasoko dira, zeina Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko baita 2021eko uztailaren 5a baino lehen.

Urteko Programazio Orokorra 2019ko urriaren 31 baino lehen aurkeztuko da. Programazio horren ale bat Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko da; beste ale bat ikastetxeko idazkaritzan jasoko da, irakasleek eta Eskola Kontseiluko kideek aztertu ahal izateko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egiaztatuko du Urteko Programazio Orokorra jarraibide hauetan xedatzen denari egokitzen zaion, eta zer aldaketa egin behar den adieraziko du.

II.–Irakasleak

1. Lanaldia.

225/1998 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera (irakasleen lanaldia eta ordutegia), irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, bete behar dituzten eginkizunen ezaugarrietara egokitua.

Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean ikastetxeko jardueretan. Denbora hori banatuko da eskola-orduetan, astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan eta urtean zenbatu beharreko orduetan.

Gainerako orduak, ikastetxean bete beharrekoak ez direnak, erabiliko dira prestakuntzan, irakaslanak prestatzen eta batzorde, epaimahai edo antzekoetan parte hartzeko, azken horietan aritzeko izendatuz gero.

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lan egunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea baimentzen ahalko zaie irakasleei, salbu eta lanaldi zatituetan programatutako jarduerak. Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.

2. Orduen banaketa.

Irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean asteko eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak jasoko dira, 25 osotara, nahitaez ikastetxean egon beharrekoak. Ordu horietatik 5, gutxienez ere, ostiraletan izanen dira. Asteko beste 5 orduak, urtean zenbatu beharreko ordu osagarritzat hartuko dira.

2.1. Eskola-ordutegia.

Lanaldi osoko irakasleek araudian ezarritako eskola-orduak izanen dituzte. Horien artean sartuko dira, batetik, zuzeneko eskola-orduak eta, bestetik, eskola-ordu gisa zenbatzen direnak.

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren emaitza gisa, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez, zuzeneko irakaskuntza-orduak murriztu dira, eta murriztutako ordu horiek honela erabiliko dira: ordu bat ikastetxeko koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko, eta beste ordua ikastetxeak parte hartzen duen proiektuak, programak eta planak egiteko, bai eta aipatu foru aginduan adierazten diren zereginetarako.

Nolanahi ere, irakasleen eskola-orduen kopuruak bermatu beharko du kurtso arautuetako eta espezializazio kurtsoetako talde bakoitzak zuzeneko 130 eskola-ordu izatea.

Honako hauek hartuko dira eskola-ordutzat:

a) Zuzendaritza taldea.

Matrikula presentzialen kopurua ikusirik, zuzendaritza taldeek ondokoak izanen dituzte:

–Iruñeko HEO: astean 63 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 13,5 ordu, ikasketaburuak 13,5 ordu, idazkariak 13,5 ordu, zuzendariordeak 13,5 ordu eta ikasketaburu albokoak 9 ordu.

–Tuterako HEO: astean 36 eskola-ordu, honela banatuak: zuzendariak 9 ordu, ikasketaburuak 9 ordu, idazkariak 9 ordu eta zuzendariordeak 9 ordu.

Zuzendaritza taldeko kide guztiek gutxienez talde bateko irakasle izan beharko dute.

b) Departamentuko buru eta koordinatzaileak.

Kargu horietan aritzen diren pertsonek talde bati dagozkion 4,5 eskola-ordu erabiltzen ahalko dituzte astean eginkizun horietarako.

c) Ziurtapen probak balidatzeko 4,5 ordu gehienez.

d) Teknologia berrien koordinazioa: 4,5 ordu.

e) Kalitate Programaren arduraduna: 4,5 ordu.

2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:

a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.

b) Astean ordu bat ikasleei arreta emateko.

c) Bi ordu, gehienez, ziurtapen eta ebaluazio proben prestaketa eta gidaritza egiteko.

d) Ordu bat Eskola Kontseiluko kideentzat.

e) Ikastetxean egoteko orduak.

f) Ordu bat koordinazio didaktikorako.

2.3. Urtean zenbatu beharreko orduak.

Astean egin beharreko 30 orduak betetzeko kontuan hartzen diren asteko 5 ordu urtean zenbatzeko ordu osagarriak dira. Ordu horiek, irakasle guztiek egin beharrekoak, honelako lanetarako erabiliko dira:

–Klaustroak.

–Ikasle libreen azterketak aplikatzea eta zuzentzea.

–Ikastetxean ezarritako beste edozein proba prestatzea, aplikatzea eta zuzentzea.

–Proben emaitzak aztertzea.

–Departamentuei dagozkien unean uneko lanak, programazio didaktikoetan sartuta daudenak.

–Plangintza instituzionalerako tresnak prestatu edo berrikustearekin lotutako zereginak, bai eta irakasten den hizkuntzarekin lotutako prestakuntza jarduerak ere.

3. Ordutegiak prestatzea eta onestea.

Ordutegiak prestatzeko, ikasketaburuak departamentuetako buruei jakinaraziko die zenbat talde, txanda eta ordutegi dauden maila bakoitzean, eta zenbat irakasle dituen departamentu bakoitzak. Departamentuburuak ordu-tarte orekatutan banatuko ditu taldeak, ikasketaburuaren jarraibideen arabera.

Irakasleen eskola-ordutegia asteko egun guztietan banatuko dira, salbu eskolarik gabeko ostiraletan.

Ikasturtea bukatutakoan, departamentuek bilera berezi bat eginen dute hurrengo ikasturteko ordu-tarteak kideen artean banatzeko, jarraibide hauetan jasotako irizpideak errespetatuz betiere.

3.1. Txanden eta taldeen banaketa.

Eskola goiz eta arratsaldez ematen duten ikastetxeetan, departamentu bakoitzeko irakasleek erabakiko dute bakoitza zein txandatan arituko den, goizez edo arratsaldez.

Ezinezkoa bada ordutegia betetzea aukeratzen den txandan, beste txandan bete beharko da.

Txandak hautatu ondoren, erabakiko da ordu-tarteak nola banatu.

Ordu-tarteak banatzerakoan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honela aukeratuko dira taldeak:

Departamentuko kide bakoitzak talde bat hautatuko du, ekitaldian agertzen diren departamentuko irakasle guztiekin txanda oso bat egin arte.

Lehen txanda hori amaitutakoan, beste batzuk eginen dira, eskola-ordutegi indibidual guztiak osatu arte edo talde guztiak esleitu arte.

Aurrekoa gorabehera, taldeak hautatzeko prozesuan ordutegien arteko bateraezintasunak gertatzen badira, eta departamentuko kide guztien artean adostasunik ez badago, horren berri emanen zaio ikasketaburuari, konpon dezan.

Ordu-tarteak banatzeko bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; akta horren kopia bat ikasketaburuari emanen zaio berehala.

3.2. Hautatzeko ordena.

Ordena honi jarraikiz eginen da hautaketa:

a) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

b) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoko katedradunak, ikastetxean behin betiko destinoa ez dutenak.

c) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

d) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, destinoaren zain daudenak.

e) Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleak, praktikaldian daudenak.

f) Zerbitzu-eginkizunetan dauden Bigarren Hezkuntzako kidegoko irakasleak.

g) Funtzionarioak eta lan kontratu mugagabea dutenak, prestakuntzarako zerbitzu bereziak egiten ari direnak.

h) Aldi baterako kontratudunak, lan edo administrazio araubidekoak.

Arestiko a), b), c), d) eta f) ataletan, taldeak hautatzeko lehentasuna kidegoan duten antzinatasunak ezarriko du (borondatezko eszedentzietako denbora kontuan hartu gabe), eta antzinatasuna berdina baldin bada, atal bakoitzaren lehentasun hurrenkera ezartzeko, honako irizpide hauek aplikatuko dira bata bestearen atzetik:

–Ikastetxean antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan antzinatasun handiena izatea.

–Kidegoan sartzeko hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.

Aurreko e) atalari dagokionez, prozesua gainditu zuten oposiziogileen zerrendak onesteko ebazpenetan agertzen den hurrenkerak ezarriko du taldeak hautatzeko lehentasun hurrenkera.

Aurreko g) eta h) ataletan, ordea, lehentasun hurrenkera ezartzeko, Giza Baliabideen Zerbitzuan ageri diren zerrendetan egokitu zaien tokiari segituko zaio.

3.3. Zaintzak.

Ikasketaburuak ezarri eta gainbegiratuko ditu ikastetxeko zaintzak, kontuan hartuta eskola-ordu guztietan egon behar dela zaintzako irakasleren bat ikastetxean.

Kontuan harturik hizkuntza eskola ofizialetako ikasleen ezaugarriak, zaintza lana ohiz kanpoko kasu eta egoera bereziak bideratzeko izanen da.

Zaintzako irakasleen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Beren zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta ikastetxeko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako kudeaketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

b) Irakasleen puntualtasunaren eta asistentziaren berri ematea.

Arreta berezia edo zaintza modu desberdin batez egitea eskatzen duten egoeretan, ikastetxeko zuzendariak zilegi izanen du irakasle batzuk eskatzea zaintza-ordu horiek betetzeko.

3.4. Irakasleen ordutegi pertsonala.

Irakasleek beren asteko ordutegian jaso beharko dituzte ikastetxean nahitaez bete beharreko 25 orduak, eranskin honen 2. puntuan adierazitako jarraibideekin bat.

Halaber, ikastetxe bereko irakasle guztiek ordu beretan beteko dituzte ikastetxean egon beharreko ordu batzuk, gutxienez 5 ordu, eta hori zuzeneko irakaskuntzarik ez dagoen ostiral goizetan izanen da.

Zuzendaritza taldeko kide diren irakasleen orduak txanda bakoitzean gutxienez kide baten presentzia ziurtatzeko moduan banatu beharko dira.

Irakasleek, azken azterketak egiteko finkatutako garaian, beren ordutegia egokitu beharko dute haiek egiteko programatu den egutegiaren arabera.

3.5. Ordutegia onetsi eta jakinaraztea.

Ikastetxeko zuzendaritzak onetsiko du ordutegia, indarreko araudiaren arabera. Onetsi arte, irakasleak beharturik daude ikasketaburuak prestatu eta zuzendariak behin-behinean onetsitako ordutegia betetzera. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko du haren gaineko edozein erreklamazio.

Ongi ikusteko moduko toki batean paratuko da irakasle guztien ordutegiari eta lantokiari buruzko informazioa: eskola-orduak, zaintza-orduak, departamentuko bilerak eta abar.

3.6. Irakasleek ordutegia betetzea eta asistentzia orriak.

Zuzendaritza taldeak irakasleak ikastetxean egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, lan edo administrazio araubideko kontratudunak zein egunetan hasten diren lanean.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Baja partea Hezkuntza Departamentuan aurkeztuz gero, nahitaezkoa izanen da horren kopia bat ahal den azkarren lantokian aurkeztu edo bertara bidaltzea, lantokian alta eta baja datak zehazki jakin ditzaten. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz salbuespenezko egoera bat gertatzen denean, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.

Irakaslea agertzen ez bada, hutsegiteen egiaztagiriak lanera itzultzen den egunean berean aurkeztu beharko zaizkio zuzendaritzari. Hutsegiteen egiaztagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Asistentzia orrietako eredu horietan ikastetxean nahitaez egon beharreko orduetan gertatutako absentzien eta atzerapenen berri emanen da, kontuan hartuta bakoitzaren ordutegi pertsonala eta alde batera utzita absentzia justifikatuta dagoen ala ez.

Nolanahi ere, asistentzia orrietan honako arau hauek beteko dira:

–”Hutsegitearen arrazoia” izeneko laukia ez da inoiz hutsik utziko, eta, hala egiten bada, justifikatu gabeko hutsegitetzat hartuko da.

–Hutsegite guzti-guztiak agertuko dira, salbuespenik gabe.

–”Hutsegitearen arrazoia” izeneko laukian “Norberaren aferetarako ordaindu gabeko lizentzia” jarri ahal izateko, beharrezkoa izanen da Giza Baliabideen Zerbitzuak irakasleari lizentzia emana izatea.

Asistentzia orriaren kopia bat irakasle gelan paratuko da ikusgai, hilaren 5a baino lehen. Beste kopia bat Eskola Kontseiluaren eskura utziko da.

Irakasleen hutsegiteen egiaztagiriak (baja agiriaren kasuan, haren kopia edo fotokopia) ikastetxeko zuzendaritzan geldituko dira Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren eskura.

Eskola emate normala aldatzen duten gorabehera guztiak berehala jakinaraziko zaizkio telefonoz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, eta, gero, asistentzia orrietan jasoko dira.

III.–Irakaslana koordinatzeko organoak

1. Departamentuak.

1.1. Departamentuak lantaldeak dira, eta haien ardura eta zuzendaritza departamentuko buruari dagozkio, eta, hori ez badago, ikasketaburuari.

1.2. Hizkuntza eskola bakoitzean, departamentu bat eratuko da irakasten den hizkuntza arautu bakoitzeko.

Ikastetxeko irakasle guztiak, zein hizkuntzatan ematen duten ordu gehien, hizkuntza horri dagokion departamentuari atxikirik egonen dira, eta departamentu horretan antolatzen diren bileretara joan beharko dute.

1.3. Departamentuen eginkizunak hauexek izanen dira:

a) Kasuan kasuko hizkuntzaren programazio didaktikoa prestatzea, jarraibide hauetan zehaztutakoaren arabera.

b) “Urteko Programazio Orokorra” izeneko I. ataleko 2.3. puntuan aipatzen den jarduera plana prestatzea, eta departamentuaren jardueren egutegia prestatzea.

c) Ebaluazio proba idatziak prestatzea, bai ziurtapenekoak bai ebaluazio arruntekoak.

d) Ikasturte bukaerako memoria prestatzea, emaitzen balorazioa barne, talde eta kurtsoen araberako kalifikazioen estatistikak eta ikasketa errendimenduaren azterketa erabiliz horretarako; era berean, ikasleen ebaluazioan erabilitako irizpideen, prozeduren eta jardueren balorazioa, ikasle libreentzako probak barne.

Era berean, programazioan jasotako alderdi guztien garapenaren balorazioaren ondorioz proposatzen diren hobekuntzak jasoko dira.

Departamentuko buruak ikasturte bukaerako memoriaren ale bat emanen dio ikastetxeko zuzendariari, zuzendaritzak ezartzen duen epean eta, betiere, ekainaren 30a baino lehen.

e) Beste eginkizun batzuk.

Departamentuen zeregina da, halaber, hezkuntza arloko ikerketa eta kideen trebakuntza zientifiko eta didaktikoa bultzatzea.

1.4. Ikastetxeko ordutegiaren barruan, astean ordu bat utziko da gutxienez, batez beste, departamentuko kide guztiak bil daitezen. Bilera horren helburua izanen da programazioa nola garatzen den aztertzea, materiala prestatzea, emaitzak aztertzea eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea, bai eta ezartzen diren bestelako jarduera guztiak ere.

Ekainean, departamentuko bilerak erabiliko dira, bereziki, jarduketa-plana aztertzeko eta programazioak egokitzeko, gero amaierako memorian sartzeko.

Egindako bilera guztietan akta eginen da. Dokumentazio hori departamentuburuak eginen du, eta departamentuan artxibatuko da.

1.5. Bileretako aktez gain, departamentuek material inbentariagarri guztiaren zerrenda eguneratua izan beharko dute, bai eta ikasturtean zehar ikasleak ebaluatzeko baliatu diren probak eta agiriak ere.

2. Departamentuko burutza.

2.1. Irailean, ikastetxeko zuzendaritzak departamentu bakoitzeko burua izendatuko du, ikasturte horretarako. Kargu horri ezin zaio uko egin, eta ikastetxean behin betiko destinoa duen Hizkuntza Eskola Ofizialen Katedradunen Kidegoko irakasle batek beteko du.

Katedradunik ez badago, departamentuko burua izendatu aurretik zuzendaritzak behar den informazioa bilduko du, karguan aritzeko hautagairik ba ote dagoen jakiteko.

Hautagai horiek aditzera emanen dute departamentuko bilera batean zer proiektu duten jarduketa ildoei dagokienez, eta ikastetxeko zuzendaritzak, departamentuaren iritzia entzun ondoren, izendapena eginen du.

Hautagairik ez badago, departamentuaren iritzia entzun eta gero, behin betiko destinoa duen kide bat izendatuko du, horrelakorik baldin badago.

Departamentuko buruak talde bati dagozkion eskola-orduak izanen ditu, eta zuzendaritzako beste ezein kargurekin bateraezina izanen da.

2.2. Departamentuko buruak eginkizun hauek ditu:

–Departamentuko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

–Bilerak antolatu, prestatu eta zuzentzea, baita aktak idatzi eta sinatzea ere. Horiek akten liburuan/artxiboan bilduko dira nahitaez.

–Programazioaren eta ikasturte bukaerako memoriaren prestaketa lana koordinatzea, eta programazioa betetzen den begiratzea edukiei eta eskatzen diren gutxieneko mailei dagokienez.

–Departamentuak prestaturiko proben kalifikazioak gainbegiratzea.

–Azterketak kudeatzeko zereginen banaketa koordinatzea.

–Ikasleen ebaluazioari buruzko erreklamazioak egiteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

–Material inbentariagarriaren zerrenda eguneratzea.

–Ikasleen balorazioa egiteko erabiltzen diren proba eta dokumentuak gordetzea.

–Departamentuan atzematen den edozein akatsen berri zuzendaritzari eta ikasketaburuari ematea.

–Hobekuntza pedagogikoa bultzatzea, bilerak prestakuntzarako lagungarriak izan daitezen.

–Departamentuko kideen artean banatzea ziurtapen eta ebaluazio probetarako lanak, baita horiek balidatzeko lanak ere.

3. Departamentuko koordinazioa.

Irakaskuntza arautuko kurtsoetan 27 talde baino gehiago dituzten departamentuetako buruek departamentuko kide bat proposatu dezakete koordinatzaile lanak egin ditzan, betiere erabaki horrek plantilla handitzea ez badakar.

Irakaskuntza arautuko kurtsoetan 60 talde baino gehiago dituzten departamentuetan, beste koordinatzaile bat izendatzen ahalko da.

Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko Ingeles Departamentuak koordinazio osagarria izanen du, Lizarrako Unitateaz arduratzeko.

Departamentuetako koordinatzaileek departamentuburuak esleitzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, departamentuko kideen proposamenak kontuan hartuta.

Departamentuko koordinazioak talde bati dagozkion eskola-orduak izanen ditu, eta zuzendaritzako beste ezein kargurekin bateraezina izanen da.

4. Teknologia berrien koordinazioa.

4.1. Eskolek teknologia berrietarako koordinatzaile bat izendatu dezakete klaustroko kideen artean, ikasturte baterako, betiere horretarako gai den langileren bat baldin badago.

4.2. Koordinazio lan horretan aritzen denak ohiko talde baterako adina denbora izanen du zeregin horretarako.

4.3. Koordinatzailearen eginkizunak hauek izanen dira:

–Ikastetxeko zuzendaritzak eskuordeturik, teknologia berrien arlorako mintzakidea izatea Hezkuntza Departamentuarekin.

–Zuzendaritza taldeari eta departamentuei aholku ematea baliabide eta material informatikoen erabileran eta erosketan.

–Ikastetxeko zuzendaritzari proposatzea baliabide informatikoei erabilera didaktiko berriak emateko irizpideak.

–Baliabide informatikoak egoera onean daudela zaintzea eta instalazio eta ekipo informatikoak gainbegiratzea eta programak erabiltzeko moduan daudela ziurtatzea.

–Teknologia berrien arloan dagoen informazioa zabaltzea eta horren gaineko dokumentazioa erabiltzeko bidea erraztea.

–Ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea baliabide informatikoen inbentarioak eguneratzen eta arlo horretarako dauden aurrekontuak kudeatzen.

5. Kalitate Programaren arduraduna.

Uztailaren 5eko 63/2013 Foru Agindua aplikatuta, kalitate sareetan parte hartzen duten ikastetxeek kalitatearen koordinazio-taldeak programatutako lana bete beharko dute. Kalitatearen arduraduna eta, gutxienez, zuzendaritza taldeko kide bat sarearen prestakuntza-bileretara joan behar dira. Arduradun horrek ohiko talde baterako adina denbora izanen du programaren garapenarekin lotutako eginkizun guztiak betetzeko.

Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren aitorpenak dituzten ikastetxeek eguneratuta mantendu beharko dute sistema, eta etengabe hobetzen dela bermatu. Horretarako, jardunbide egokiak, tresna digitalak eta ikastetxearen emaitzak hobetzeko norabidea gehitu beharko dira sisteman. Zuzendaritza taldeek eta kalitatearen arduradunek prestakuntza espezializatua jasoko dute zeregin hori betetzeko, gehienbat astearte goizetan.

Zuzendariak «kalitatearen arduraduna» postu osagarria esleitu beharko du EDUCAn.

IKKS 2013 arauari eta hura erregulatzen duen araudiari eginen zaizkion aldaketak direla eta, Kalitate Bulegoak beharrezko prestakuntza saioak antolatuko ditu kalitate sareetan parte hartzen duten ikastetxeentzat.

6. Unitateko koordinatzailea.

Unitateko koordinatzailearen helburua da unitate horretan irakasleren bat duten departamentuen jarduera akademikoa ahalik eta hobekien garatzen dela bermatzea. Bere lana aurrera eramateko erreferentzia nagusia ikastetxearen hezkuntza proiektuan eta Urteko Programazio Orokorrean ezarritakoa izanen da; izan ere, agiri horietan argi eta garbi zehazten dira hizkuntza eskola ofizialaren arau eta helburuak. Ikasketaburuarekin koordinaturik jardun beharko du, hura baita agiri horietan ezarritakoa betetzearen arduradunetako bat.

6.1. Lizarrako unitateko koordinatzailearen eginkizunak.

–Eskolarik gabeko ostiraletan eta deitzen zaion guztietan, zuzendaritza taldeko kideekin biltzera joatea.

–Programazioak betetzen direla begiratzea.

–Zuzendariari irakasleen hutsegiteen eta horren zergatien berri ematea.

–Atzerapenak eta ordutegiaren inguruko gorabeherak apuntatzea eta zuzendariari horren berri ematea, ikasturte hasierako jarraibideak betez.

–Zuzendaritza taldeak igortzen dion informazioa ikasleei eta irakasleei garaiz jakinaraztea.

–Tierra Estella BHIko zuzendaritzarekin koordinatzea ikasgelen mantentze-lanen eta ekipamenduaren kudeaketa, baita eskola-egutegia eta azterketen egutegia ere.

7. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.

Jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea. Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat joko da.

–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da; gehienez ere, 35 ordu. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.

–Ziurtagiria: praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, irakasleek jardueraren datuak jakinaraziko dizkiote Hezkuntza Departamentuari, ekainaren 1a baino lehen, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/practicas

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu amaierako lanak/master amaierako lanak: praktiketan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasle tutoreak eta zuzendaritza taldea Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu amaierako lanak/master amaierako lanak defendatzeko antolatzen dituen aurrez aurreko saio batzuetara joaten ahalko dira.

Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.

Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza horren betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenaren barnean dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari, praktikak hasi baino lehen.

8. Ikastetxeetako ikerketa.

Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako unibertsitate zentroen artean horretarako egindako hitzarmenean ezarri bezala gauzatuko da funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako ikerketa jarduera. Hitzarmen horrek barnean du ikastetxe laguntzaileek unibertsitateetan sortzen den jakintza zientifikoaren transmisio saioak jasotzeko duten eskubidea, besteak beste. Horren gaineko informazioa hemen eskuratu daiteke:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actividad-investigadora

IV.–Ikasleak

1. Onarpenerako prozedura.

1.1. Hizkuntza eskola ofizialek ezarriko dituzte onartzeko eta ebazteko prozedurak zuzenduko dituzten arauak.

1.2. Hizkuntza eskola ofizialek ikasturteko eskaintza akademikoaren publizitatea eginen dute, eta onartzeko prozedura nolakoa den azalduko dute.

1.3. Eskabide bat, pertsonala eta besterenezina, beteko da, hizkuntza eta eskola bakoitzeko.

1.4. A1 ez den beste maila batera sartzeko, prozedura hauetako bat erabiliko da:

1.4.1. Hizkuntza baten jakintza maila ziurtatzea, otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduaren eranskinean jasotako titulazioen bidez (foru agindu hori apirilaren 10eko 30/2018 Foru Aginduak aldatu zuen).

1.4.2. Sailkatze proba eskatzea.

Mailakatzeko proba horien emaitzak ez du ondorio akademikorik eta ikasturte horrexetarako bakarrik balioko du. Ikasle hauek ez badute gainditzen sailkatu ziren maila, behin baino ezin izanen dute errepikatu.

1.5. 2017-2018 ikasturtera arte matrikulatuta egon diren ikasle ofizialek honako taula hau hartuko dute aintzat jakiteko zer maila dagokien, ikasmailaz igotzen diren edo errepikatu behar duten kontuan hartuta.

2017-18 IKASTURTERA ARTE EGINDAKO MAILA

2018-19 IKASTURTETIK AURRERA

Ez dira ikasmailaz igo

Ikasmailaz igo dira

1. maila oinarrizkoa

A1 oinarrizko maila

A2 oinarrizko maila

2. maila oinarrizkoa

A2 oinarrizko maila

B1 tarteko maila

Tarteko maila

B1 tarteko maila

B2.1 tarteko maila

1. maila aurreratua

B2.1 tarteko maila

B2.2 tarteko maila

2. maila aurreratua

B2.2 tarteko maila

C1 maila aurreratua

C1 maila

C1 maila aurreratua

C2.1 maila aurreratua

C2.1 maila aurreratua

C2.2 maila aurreratua

1.6. Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetako ikasleentzako tokiak gordetzea.

1.6.1. Toki kopuru bat erreserbatuko da, ekaineko deialdian “gai” kalifikazioarekin ikasketak bukatzen dituzten ikasleentzat, dela bigarren hezkuntzako ikastetxeen eta NUHEOren arteko lankidetza programaren bidez dela That’s English! programan.

1.6.2. 2020-2021 ikasturterako erreserbatutako ikaspostuen banaketa hauxe izanen da:

–Ingelesa:

  • 1. maila aurreratua Iruñeko HEOan: 30 ikaspostu.
  • 1. maila aurreratua Tuterako HEOan: 10 lanpostu.
  • C1 maila, Iruñeko HEO: 10 lanpostu.
  • C1 maila, Tuterako HEO: 10 lanpostu.

–Euskara:

  • 1. maila aurreratua Iruñeko HEOan: 16 lanpostu.
  • 1. maila aurreratua Tuterako HEOan: 10 lanpostu.
  • C1 maila, Iruñeko HEO: 25 lanpostu.
  • C1 maila, Tuterako HEO: 10 lanpostu.

1.7. Jardunean dauden irakasleentzako tokiak gordetzea.

1.7.1. Toki kopuru bat erreserbatuko da, ikastaro arruntetan, maila hauetako jarduneko irakasleentzat: haur, lehen eta bigarren hezkuntza, lanbide heziketa eta unibertsitateko irakasleak.

1.7.2. 2020-2021 ikasturtean, irakasle berrientzat erreserbatu den toki kopurua hau da:

B2.1

B2.2

C1

IHEO-THEO

50

Tuterako HEO

12

13

25

1.7.3. Toki horiek honela banatuko dira 2020-2021 ikasturtean:

1. Kasuan kasuko eskolan 2019-2020 ikasturtean tokia erreserbatuta izan duten eta ikasmailaz igoko diren irakasleak.

2. Unibertsitatez kanpoko irakasleak, eskatzen duen eskolako erreserban lehen aldia dutenak.

3. Unibertsitateko irakasleak, eskatzen duen eskolako erreserban lehen aldia dutenak, erreserben kopurua bete ez bada.

4. Kasuan kasuko eskolan 2019-2020 ikasturtean tokia erreserbatua izan duten eta ikasmailaz igoko ez diren irakasleak.

1.7.4. Hezkuntza Departamentuak egiaztatuko du irakaslea jardunean dagoela ikastetxe publikoen kasuan. Ikastetxe itunduetako irakasleek eta unibertsitatekoek beren ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute matrikula egitean.

1.7.5. Administratiboki, ikasle hauek ikastetxeko ikasle ofizialtzat hartuko dira.

1.7.6. Hizkuntza maila ziurtatzeko, hizkuntza eskola ofizialen ziurtapen proba gainditu behar da. Ikastaro hauetako parte-hartzea urtean nahitaez bete beharreko prestakuntza orduen barruan zenbatu daiteke. Hala ere, ikastaro hauetan parte hartzeagatik ez da prestakuntza orduen ziurtapenik jasoko.

2. Matrikulazioa.

2.1. Hizkuntza eskola ofizialek ikaspostuak eta epeak gordeko dituzte ikasle ofizialak izan diren eta ofizialak izaten segitu nahi duten ikasleentzat, hau da, mailaz igo edo ikasmaila errepikatzen dutenentzat.

2.2. Halaber, epe bat ezarriko dute ikasle berrien matrikularako, eta epe berezi bat Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasketak amaitu dituzten ikasleentzat eta irakasleentzat, zeinak eranskin honen 1.6 eta 1.7 puntuetan aipatzen baitira, hurrenez hurren.

2.3. Orain arte deskribatu ditugun matrikula prozesuak amaitu eta gero, ikaspostu hutsik gelditzen bada, eskolek matrikularako epe berriak ezarriko dituzte baimendutako huts kopurua edo baimendutako deialdi kopurua gainditu dutenentzat, edo/eta egin nahi duten ikasmailaren baliokidea den ziurtagiri bat daukatenentzat.

2.4. Ikasleek, matrikulatzeko, araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetarako indarreko araudian ezarritako tarifak ordainduko dituzte.

2.5. Tokirik baldin badago, hizkuntza eskola ofizialek martxoaren 31ra arte onartuko dituzte matrikula eskaera berriak.

3. Matrikulari uko egitea.

3.1. Edozein ikaslek eskatzen ahal dio bere espediente akademikoa daukan hizkuntza eskola ofizialaren zuzendaritzari matrikulari uko egiteko, eskolak ezartzen dituen epeen barruan, baldin eta ziurtatzen badu, dokumentu fede-emailearen bidez, gaixotasun fisiko edo mentala eduki duela, edo lanean hasi dela, eta laneko ordutegiak ezinezko bihurtzen duela eskolara joatea matrikulatuta zegoen taldean.

3.2. Matrikula deuseztatzeak ez du berarekin ekarriko ordaindutako tasak itzultzea eskolak hasi ondoren eskatzen bada.

3.3. Matrikula ikasturtea hasi baino lehen deuseztatu eta tasak itzultzen badira, 10,10 euro atxikiko dira, zerbitzu orokorrengatik.

3.4. Eskolako zuzendariak ebatziko ditu eskaerak, eta matrikula deuseztatzeko baimena emanen du, aurreko puntuan aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen dela frogatzen denean.

3.5. Lehen esandakoen artean ez dagoen arrazoi aparteko bat gertatzen denean, matrikulari uko egiteko eskaerak eskolako zuzendariari aurkeztu behar zaizkio epe berean. Zuzendariak, orduan, txosten bat eginen du eta txostena eta eskaera, eta hala badagokio, egokia den dokumentazio guztia, bidaliko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, honek ebazpena egin dezan.

3.6. Matrikulari uko egitea onartzen bada, ukoa ikaslearen espediente akademikoan jasota geratuko da diligentzia baten bidez, eta ulertuko da ikasturte hori ez dela zenbatuko kurtsoa errepikatzearen ondorioetarako.

3.7. Irakaskuntza hauek dituzten kurtsoetako bakoitzean behin baizik ez zaio uko egiten ahalko matrikulari.

4. Matrikularen lekualdaketa.

Ikasturtea amaitu gabe beste eskola batera aldatzen den ikasleak jatorrizko eskolak emandako egiaztagiri akademiko bat ekarri beharko du, eta honek bidaliko dio destinoko eskolari, destinoko eskolak eskatuta, ikaslearen espediente akademikoa. Matrikula behin betikotzat joko da destinoko eskolak espediente akademikoa eta lekualdatzearen komunikazioa jasotzen dituen unetik aurrera.

5. Ikasle ofizialen asistentzia.

5.1. Ikasle ofizialen eskubide eta betebeharra da eskolara joatea, eta ezin da inola ere ezarri borondatezko asistentzia duen sistemarik.

Ikasleei gutxienez %70eko asistentzia eskatuko zaie hizkuntza horretan ikaspostua erreserbaturik edukitzeko eskubidea izateko. Bestela, eskubide hori galduko da.

5.2. Hori helburu, irakasle guztiek egunero kontrolatuko dute ikasleak eskolara joaten diren, hutsegiteak jasotzeko asistentzia-orri bat betez; orri hori ikasketaburuari emanen zaio hurrengo hilabeteko lehen eskola-egunean. Eskolak hasten direnetik azaroaren 13ra bitarte, justifikatu gabeko absentziak 14 ordu edo gehiago badira (6 ordu ikastaro erdipresentzialetarako), ikasle ofizialaren izaera galduko da, baina ez azterketa egiteko eskubidea. Zuzendaritza taldeak ikasturte hasierako absentziak kudeatuko ditu, eta kasuan kasuko ziurtagiriak eskatuko ditu, ikaspostu hutsak badira matrikula berriei esleitzeko.

5.3. Ikastetxeko zuzendaritzak ikasleei absentzien kopurua jakinaraziko die, hiru hilabetean behin.

5.4. Hala ere, zerrenda argitaratu eta bost egun balioduneko epean, ikasleek osasun edo lan arrazoiak alegatzen ahalko dituzte, behar bezala justifikatuak, Eskola Kontseiluak balora ditzan. Horretaz gain, behar bezala egiaztatutako kasuetan, honako hauek ere onartuko dira: graduondoko espezializazio praktikaldiak (enpresetan edo erakundeetan aritzeko bekak edo kontratuak eta unibertsitateko eta Lanbide Heziketako heziketa zikloetako lan praktikaldiak), laneko oporrak, ezkontzagatiko lan baimena, amatasun baja, Erasmus programak eta ikasketetako prestakuntza bekak.

Ikastetxeetako barne araudiak atal honetan zehaztutakoa garatuko du, kasuan kasuko araudia aintzat hartuta.

6. Ikasle libreen izen-ematea.

Maila bakoitzaren ziurtagiriak lortzeko, ikasle libreek inskripzioa egin beharko dute, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen modu, baldintza eta egunetan.

7. Ebaluazioa.

7.1. Ebaluazioari esker ikasleak zenbat aurreratzen duen neur daiteke eta, orobat, proposaturiko helburuak lortzeko eta zuzentzeko neurriak hartu. Hori horrela, eta horren garrantzia kontuan hartuta, departamentu didaktikoetako irakasleek hasierako ebaluazio bat eginen dute ikasturtea hastean, beharrezkoa den informazioa jasotzeko ikasleen ezaugarriak eta ezagutzak irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuari egokitzeko. Gainera, ebaluazio etengabea eta diagnostikoa eginen da, hiru edo lau hilean behin, ikasleen ikasketari buruzko informazioa biltzeko behaketa sistematikoaren, lanen balorazioaren eta proba espezifikoen bidez.

Irakasleek proposatzen ahalko diete ezagutza eta gaitasun desberdinak dituzten ikasleei, hasierako ebaluazioaren bidez, beste maila batera pasatzeko, ikaspostu hutsik baldin badago. Hasierako ebaluazio honek ez du eraginik izanen espediente akademikoan.

7.2. Ondorio hauetarako, kontuan hartuko da programazio didaktikoek hizkuntza jarduera bakoitzaren ebaluaziorako edukiak, helburuak eta irizpideak dauzkatela, abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak ezartzen duen curriculumeko ikasmaila bakoitzerako.

8. Kalifikazioa.

Hizkuntza-jardueren kalifikazioa izanen da ebaluazio prozesuen emaitzak zehazteko bidea. Kalifikazio hori eranskin honetan aipatu diren agiri ofizialetan jasoko da, eta izan daiteke “Gai”, “Ez gai”, “Ez gai (mailaz igotzen da)” eta “Ez aurkeztua”.

9. Mailaz igotzea eta irautea.

9.1. Maila batetik beste batera igotzeak esan nahi du programazio didaktikoan hizkuntza-jarduera bakoitzerako jarri diren helburuak gainditu direla.

9.2. B1 eta B2.2 tarteko mailetako ikasle ofizialak eta C1 zein C2.2 maila aurreratuetakoak mailaz igo ahal izanen dira baldin eta:

–Ziurtapen proba bateratu bat gainditu eta ziurtagiria lortzen badute, %65eko kalifikazio orokorrarekin, hau da “GAI” kalifikazio orokorra lortzen badute; ikasle libreentzat ezartzen den probarekin batera eginen da.

–Ebaluazio jarraituan irakasleek nahikoa froga badituzte, nahiz eta mailako ziurtagiririk izan ez. Kalifikazioa: “Mailaz igotzen da”.

–Ziurtapen proba bateratua gainditu badute, nahiz eta mailako ziurtagiririk izan ez; proba hori %50eko kalifikazio orokorrarekin gainditzen dutenean. Kalifikazioa: “EZ GAI (mailaz igotzen da)”.

9.3. A1 eta A2 oinarrizko mailetako, B2.1 tarteko mailako eta C2.1 maila aurreratuko ikasle ofizialak etengabeko ebaluazioaren bidez igotzen ahalko dira mailaz. Ebaluazio etengabea gainditzen ez duten maila hauetako ikasleek amaierako proba batean lortu beharko dute GAI kalifikazioa. Eskola bakoitzak irailean eginen ditu proba horiek.

9.4. Modalitate presentzialean, ikasleak behin baino ezin izanen du errepikatu ikasmaila bakoitza, eta gainditzen ez badu ikasle ofizialaren izaera galduko du ondoz ondoko bi ikasturtetan. Denbora hori pasatu eta gero, ikasle horiek ofizialak izanen dira hizkuntza berean, gainerako izangaien baldintza beretan.

Aurrekoaren kaltetan gabe, zuzendaritza taldeak salbuespenak egiten ahalko ditu eskaerarik gabeko ikasposturik badago.

10. Ebaluazioaren dokumentuak.

10.1. Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko agiri ofizialak espediente akademikoa eta kalifikazio aktak dira.

10.2. Espediente akademikoa da oinarrizko agiria, bermatzen baitu ikasle bat eskola batetik beste batera joan ahal izatea; hauek jaso behar ditu:

–Ikastetxearen identifikazio datuak,

–Ikaslearen datu pertsonalak,

–Matrikularen datuak: irakaskuntza modalitatea, hizkuntza, maila eta kurtsoa, ikasturtea, kurtso eta mailetarako sarrera zuzenak, matrikulari uko egiteak, ezarritako deialdien kopurua gainditu izana, beste eskola baterako lekualdatzeak, modalitate aldaketak,

–Mailaren ziurtagiria emateko proposamena, bidezkoa bada.

Espediente akademikoan jasoko da mailen eta kurtsoen egitura, abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak ezartzen duenarekin bat, baita eranskin honen 1. puntuan agertzen diren ikasturteko gutxieneko eskola-orduen kopurua ere.

Ikasleak matrikula egin ondoren, ikastetxeko idazkaritzak espediente akademikoa irekiko du.

Espediente akademikoak eta kalifikazio aktak zaintzea eta artxibatzea eskolako idazkariari dagokio. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek zaintzeko edo lekualdatzeko, ikastetxea desagertuz gero.

Ikasleek zilegi dute beren ikasketa espedientean agertzen diren datuei buruzko ziurtagiriak eskatzea. Ziurtagiriok ikastetxeko idazkariak sinatuko ditu eta zuzendariak ikus-onespena emanen die.

10.3. Kalifikazio aktak mailako kurtso bakoitza amaitzen denean eginen dira. Akta horietan taldeko ikasle guztien izenen zerrenda eta bakoitzak lortutako emaitzak agertuko dira, eranskin honen 13. oinarrian ezarritakoari jarraikiz. Taldearen arduraduna den irakasleak izenpetuko ditu talde bakoitzaren aktak, eta dagokion departamentuko buruaren oniritzia eduki beharko dute.

11. Maila ziurtatzeko probei buruzko ohar orokorrak.

11.1. Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen maila bakoitzaren ziurtapen proba bateratuetako azterketen zehaztasunak Hezkuntza Departamentuak helburu horrekin argitaratzen dituenak izanen dira.

11.2. Hezkuntza Departamentuak argitaratuko ditu maila bakoitzaren azterketen izangaien zehaztapenak, baita proben ereduak ere, Hezkuntzaren atariaren bidez: https://www.educacion.navarra.es/eu/

11.3. Izangaientzako zehaztapenez gain, Hezkuntza Departamentuak beste batzuk ere ezarriko ditu probak nola prestatu eta aplikatu behar diren zehazteko asmoz.

12. Araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzen mailen ziurtapena.

12.1. Mailen ziurtapena egiteko, berariazko proba bat gainditu beharko da; hori gainditzeak bermatuko du lortu direla abuztuaren 29ko 68/2018 Foru Dekretuak ezartzen duen curriculumean maila horretarako ezarrita dauden helburuak. Horrez gain, bete beharko dira araubide bereziko hizkuntza irakaskuntzak ofizialki ziurtatzeko probei aplika dakizkiekeen ebaluazio printzipio komunak, zeinak ezarri baitira urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretuan.

Alde horretatik, B1 eta B2.2 tarteko mailetako eta C1 maila aurreratuko ikasle ofizialen hirugarren ebaluazioa berariazko proba hura prestatzeko orientazio gisa erabiliko da bakar-bakarrik.

Modalitate ofizialean, A2 oinarrizko mailaren ziurtagiria etengabeko ebaluazioaren bidez lortzen ahalko da. Ikasturte honetan etengabeko ebaluazioa gainditzen ez duten A2 oinarrizko mailako ikasleak aparteko deialdiaren amaierako proba espezifikora aurkezten ahalko dira.

12.2. Maila ziurtatzeko proba bakarra izanen da, eta gutxienez urteko deialdi batean aplikatuko da hizkuntza eskola ofizialetan. Horretarako, hizkuntza bakoitzeko proba aldi berean aplikatuko da deialdi bakarrean, salbu ahozko adierazpenaren proba, horretarako egutegi bat prestatuko baita.

Antolaketa dela eta, eskola batek edo batzuek beste egun bat paratzen ahalko dute Testu idatziak bakarrik zein beste batekin sortzea eta Bitartekotza idatzia probetarako. Data hori gutxienez 15 egun lehenago jakinaraziko zaie ikasleei.

12.3. Trebetasun guztietan kalifikazio orokor positiboa izateak ziurtagiria eskuratzeko eskubidea emanen du. Ziurtagiria Hezkuntza Departamentuak luzatuko du. Mailari dagokion ziurtagiri hori lortzen ez duten ikasleek, baldin eta trebetasunen bat gainditu badute, matrikula egin duten hizkuntza eskola ofizialari eskatzen ahalko diote hizkuntza jardueretan eskatzen den maila lortu izanaren ziurtagiria, probak egin eta 30 eguneko epean.

12.4. Hezkuntza Departamentuak eratu eta koordinatuko ditu ziurtapen probak, ziurtagiriak lortzeko, prestatuko dituzten balidazio eta gidaritza batzordeak. Proba horiek indarrean dauden zehaztapenekin bat etorriko dira.

12.5. Hezkuntza Departamentuak zehaztuko ditu behar diren prozedurak emaitzen ebaluazio bat egiteko, probak aplikatu eta kalifikatu eta gero, ondorengo proben antolamenduan eta prestakuntzan behar diren hobekuntzak eta zuzenketak egin ahal izateko.

13. Informazioa jasotzeko bidea eta erreklamazioak.

13.1. Ebaluazio prozesua ahalik eta gardenena izan dadin, ikasleak kurtsoaren helburuak, edukiak, ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak, ebaluazio prozedurak, eskatzen zaizkion gutxienekoak eta abar ezagutzeko eskubidea izanen du.

13.2. Ikasleek eskubidea dute probak zuzenduta ikusteko. Urtarrilaren 11ko 1/2019 Errege Dekretua oinarri hartuta ematen den foru agindu edo ebazpen batean arautuko da argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, gurasoek edo legezko tutoreek, eskubidea izanen dute ebaluazio prozeduretako agiriak ikusteko eta horien kopia eskuratzeko. Ikastetxeek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren agirietan.

V.–Eskola informazioaren kudeaketa:
EDUCA. ECOEDUCA kontabilitate sistema

1. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.

Educa koordinatzea: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.

Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.

Zuzendaritza taldeak bideak ezarri beharko ditu ikasturtean zehar laneratzen diren eta kudeaketa eginkizunak dituzten pertsonei Educaren gaineko jakintza eta erabilera bermatzeko. Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu ikasturtearen hasieran, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei Educa plataformaren berri emateko. Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari buruzko atalaren barnean, jarraibideak eta bideotutorialak argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, funtzionaltasun berriak (GLPI-Educa tresna) eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura adierazten da.

2020an, EDUCA Portal argitaratu zen, Educa familias ordeztera datorren aplikazioa. Aplikazio horren bidez, herritarrak beren datu akademikoetan sartzen ahal dira, eta kudeaketa telematikoak egiten ahal dituzte, aurreinskripzioa, esate baterako.

Educaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza-komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, helbide elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak Educaren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta kontuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak egiteko premia egonez gero, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Arreta Zerbitzua baliatuz. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin.

Zuzendariak berrikusiko ditu Educatik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurki ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari.

Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeari gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea; aipatzekoak dira, besteak beste, honako hauek: ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua), guardien kudeaketa, informazio esanguratsua.

2. ECOEDUCA kontabilitate sistema:

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko guztiek ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute kudeaketako kontu korrontearen diru-sarrerei eta gastuei lotutako eragiketak kontabilizatzeko. Eragiketa horiek aurrekontua betearazteari lotuta daude, eta beharrezkoak dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko.

Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuei lotutako eragiketek haien justifikazioa frogatzen duten bidezko dokumentu euskarria izanen dute beti, nagusiki ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.

VI.–Antolaketari dagozkion alderdiak

1. Laneko arriskuen prebentzioa.

Ikasturtearen amaierako memorian Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposatu dituen eta benetan ezarri diren prebentziozko neurriak islatuko dira, arriskuen ebaluazioak egin baldin badira, eta egin ez diren eta iraungitako gauzatze-epea duten neurriak arrazoituko dira.

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileetako bati erasotzen zaionean.

www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokoloa dagoela jakinarazi beharko dute klaustroetan. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtearen hasierako berariazko bilera batean.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive, etab.

Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan bistaratuko da erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.

Ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.

2. Alkoholari eta tabakoari buruzko arauak.

Ikastetxeek giro higieniko eta osasungarria bultzatu beharko dute, eta, hala, ohitura eta jarrera osasuntsuak sustatu beharko dituzte hezkuntza-komunitatearen barrenean. Hori helburu, Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzko otsailaren 14ko 6/2003 Foru Legea betetzeko:

a) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan tabakoa saltzea.

b) Ez da zilegi izanen ikastetxeetan erretzea.

Ikastetxeetako eskola kontseiluek behar diren neurriak hartuko dituzte, indarreko araudiari jarraikiz, ikastetxeetan edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea galarazteko. Baldintza horiek kontuan hartuko dira ikastetxeko barne araudia prestatzean.

Iragarkiaren kodea: F2006990