170. ALDIZKARIA - 2020ko abuztuaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2E/2020 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituzten gazteentzako laguntzen deialdia onesten duena, banakako ebaluazio prozeduraren bidez eta 1. eranskineko oinarrien arabera. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak dira ikastaro horiek. DDBN identifikazioa: 513453.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak 6.1 artikuluan xedatzen du Nafarroako Gazteriaren Institutuari (NGI) dagokiola “gazteen eskubideak babestea, garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean askatasunez, eraginkortasunez”, eta “gazteriaren arloko hezkuntza ez-formala, hau da, pertsonaren garapena faboratzen duten jarduera ez-arautuen multzoa”, 14. b) artikuluaren arabera, gazteen zein ekintzaileen prestakuntza premiak errazteko modu gisa.

Bestalde, azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua (NGI) eta onesten baitira haren estatutuak, 3.2.c) artikuluan, beste eginkizun batzuen artean, “laguntza eta dirulaguntzetarako programak zuzendu eta kudeatzea” esleitzen dio.

Nafarroako Gazteentzako Jardueren Eskola (NGJE) sortzea onetsi zuen ekainaren 21eko 236/1999 Foru Dekretuak. Arau horren 3. artikuluaren arabera, haren zereginak dira, besteak beste, NGJEk eta onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek sustatutako ikastaroen tituluak, diplomak eta ziurtagiriak ematea, ezartzen den aurretiazko tramitazioari jarraituz. Orobat, NGJEren zeregina da ezartzea gazteriaren arloko jardueren eremuko tituluen ikastaroetako programak eta aisialdiko eskolei onarpen ofiziala ematea eta kentzea.

Monitore edo zuzendarientzako ikastaroak eginda gazteen elkarte sareak mantendu eta garatzen dira, bai eta gazteen etorkizuneko boluntariotza sustatu ere. Gainera, gazte eta haur dinamizazioa bultzatzen da herri eta auzoetan, bai gaztetxeetan bai aisialdiko espazioetan.

Horregatik, eta arlo horretan gazteriaren arloko jarduketak erraztu eta sustatzeko eta NGIk ezarritako eginkizunak eta helburuak betetzeko, egokia da aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroetara doazen partaideentzako laguntzak izapidetzea, ikastaro horiek NGIk ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak direnean.

Nafarroako Gobernuak 2020ko maiatzaren 27an hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituzten gazteentzako laguntzen deialdia egiteko, banakako ebaluazio prozeduraren bidez. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak dira ikastaroak.

Horregatik, eta azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuan eman zaizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak egiten dituzten gazteentzako prestakuntzarako laguntzen deialdia onestea. Nafarroako Gazteriaren Institutuak ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak dira ikastaro horiek, eta 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean amaitu beharko dute, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Kontuan izanik deialdi honetan laguntza hori aurrekontuan diru-izendapenik baldin bada eman eta ordainduko dela.

2. 25.000 (hogeita bost mila) euroko gastua baimentzea, 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazteentzako prestakuntzarako laguntzak” izeneko 090002 09110 4809 232102 partidari egotziko zaiona.

Dirulaguntzak ematea, betiere, xede horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela xedatzea.

4. Ebazpen hau Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalera, NGIko Administrazio eta Kudeaketa Atalera eta Argibide eta Prestakuntza Bulegora, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1. Xedea.

Nafarroako gazteen hezkuntza ez-formala sustatzeko dirulaguntzen araubidea ezartzea du xede deialdi honek, aisialdiko eta boluntariotzako jarduerak ahalik eta baldintzarik onenetan egin ahal ditzaten eta prestakuntza hori jasotzeko aukera berdinak izan ditzaten.

Deialdiaren baldintzak beterik, irakastaldia 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitarte bukatu duten ikastaroetarako laguntzak eskatzen ahalko dira.

Irakastalditzat hartuko da otsailaren 20ko 34/2004 Foru Aginduaren 5. artikuluan (1.a eta 2.a apartatuak) definitutako aldi teoriko-praktikoa. Aipatu foru aginduaren bidez ofizialki onarturiko aisialdiko eskolek aisialdiko zuzendari eta monitore izateko ematen dituzten ikastaroen arauak ezarri ziren.

Monitore edo zuzendarientzako ikastaroak eginda gazteen elkarte sareak mantendu eta garatzen dira, bai eta gazteen etorkizuneko boluntariotza sustatu ere. Gainera, gazte eta haur dinamizazioa bultzatzen da herri eta auzoetan, bai gaztetxeetan bai aisialdiko espazioetan. Dirulaguntza honen xedea gizarte onura horri laguntzea da.

2. Helburua.

Dirulaguntzek ikastaro hauen matrikula eskubideek dakartzaten gastuak neurri batean konpentsatzea dute helburu:

–Aisialdiko monitore edo zuzendarientzako ikastaroak, Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) ofizialki onartutako aisialdiko eskolek antolatuak eta emanak.

3. Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Deialdi honetarako onetsitako gastua 25.000 eurokoa da, eta 2020rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Gazteentzako prestakuntzarako laguntzak” izeneko 090002-09110-4809-232102 partidari egotziko zaio.

Dirulaguntzak ematea, betiere, xede horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Onuradunak.

4.1. Deialdiko dirulaguntzak eskatzen ahalko dituzte onarpen ofiziala duten aisialdiko eskolek antolatutako eta emandako monitore edo zuzendarientzako ikastaroak lehenbizikoz egiten dituzten pertsonek, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroakoa izatea edo bertan bizitzea ikastarorako edo jarduerarako matrikulatzen denean.

b) Laguntza ematean 31 urte beteak ez izana.

c) 2. oinarrian adierazitako prestakuntza ekintzetan matrikulatua egotea eta matrikula ordainduta izatea.

d) Nafarroako Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.

4.2. Aisialdiko monitore edo zuzendari ikastaro batean lehen aldiz parte hartzen denean soilik emanen da dirulaguntza eta ez hurrengo parte-hartzeetan, edozein dela ere arrazoia: ikastaroa ez gainditzea, hura aldi baterako bertan behera uztea, eritasunagatik ez egitea, eta antzeko egoerak, gaixotasun larria izan ezik.

5. Noiz eta non aurkeztu.

5.1. Eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan (16. artikulua), baita telematikoki ere, Nafarroako Gobernuak Interneten daukan atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

5.2. Aisialdiko monitore edo zuzendari ikastaroetan izena ematen dutenek aurkeztu behar dituzte laguntza eskaerak.

5.3. Eskaerak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera eta, nolanahi ere, 2020ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu ahalko dira.

6. Dokumentazioa.

6.1. Eskaerei dokumentazio hau erantsiko zaie, eskabidearekin batera:

a) Bakarkako eskabide-orria, behar bezala betea, foru agindu honen 1. eranskinaren arabera. Bertan datu pertsonalak idatziko dira.

b) Ikastaroan inskribatu eta matrikulatzeko agiria, ikasleak sinatua, kostu ekonomikoa eta ikaslea zer egunetan inskribatu den adierazita. Ordainagiria ere erantsi beharko da.

c) Ikastaroan parte hartzen duen pertsonaren NANaren fotokopia.

d) Nafarroan erroldatuta egotearen gaineko egiaztagiria.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (lehenago aurkeztu ez dutenentzat soilik), ikastaroan parte hartzen dutenena, laguntzarik emanez gero diru-sarrera egiteko.

f) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena.

g) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, frogatzen duena Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Ziurtagiri horrek hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

h) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna izanen duena, pertsona eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela egiaztatzen duena. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada NGIk egiaztapen hori zuzenean egiteko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

6.2. NGIko Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atala izanen da dirulaguntza kudeatuko duen unitatea, eta edozein unetan egiten ahalko ditu jarraipen eta kontrolerako ikustaldiak, prestakuntza ekintzak behar bezala egiten direla eta dirulaguntza bere xede eta helbururako zuzen aplikatzen dela egiaztatzeko.

6.3. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere.

6.4. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdi honetan eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, parte-hartzaileei eskatu ahalko zaie, 10 egun balioduneko epean, dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzaten, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

7. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

7.1. Zeharkako Ekintzen eta Gazteriaren Behatokiaren Atalak eskaerak izapidetuko ditu eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

7.2. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko monitoreentzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %50erainokoa izanen da; gehienez ere 175 euro laguntza bakoitzeko.

7.3. Lehen adierazitakoaren arabera, aisialdiko zuzendarientzako ikastaroa egiten duenari emanen zaion laguntza ikasleak matrikulatzeko ordaindutako kostuaren %90erainokoa izanen da; gehienez ere 360 euro beka bakoitzeko.

8. Ebaztea.

8.1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, aurkezpenaren hurrenkeraren arabera.

8.2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adieraziko dira. Epe horretan ebazpenak jakinarazi ez badira, eskaerak ezetsitzat jo beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskabide bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaerarik ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezesten direnak.

8.3. Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onets daiteke, halaber, laguntzak ordaintzea, betiere eskaerarekin batera dagozkion frogagiriak aurkeztu badira.

8.4. Betiere, laguntzen zenbatekoa Nafarroako Gobernuaren 2020rako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

8.5. Laguntzak ekitaldi ekonomiko jakin batean emateak ez du inolako eskubiderik sortuko ondorengo ekitaldietan ere laguntzak hartzeko.

8.6. Laguntza emateko ebazpena oholetan jarriko da, NGIren egoitzan (Yanguas y Miranda, 27; 31003 Iruña), eta haren web-orrian, orok jakin dezan.

9. Justifikazio-agiriak.

Laguntzak ordaintzeko egitate erabakigarria da ikastaroa irakastaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan egin eta gainditzea. Horregatik, aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

–Aisialdiko eskola antolatzailearen ziurtagiria, ikastaroa irakastaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan gainditu izana frogatzen duena, zein egun eta tokitan egin den adierazita.

Dokumentazio hori eskaerarekin batera aurkez daiteke (eta orduan, laguntza ematen duen ebazpenak hura ordaintzea ere onesten ahalko du) edo, bestela, laguntza emateko ebazpenaren ondotik. Edonola ere, 2020ko urriaren 31 izanen da hura aurkezteko azken eguna.

10. Bateragarritasuna.

10.1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Beste laguntzarik jasoz gero, interesdunak entitate laguntza emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan idatziko da jaso den zenbatekoa.

10.2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ez du behin ere gaindituko ikastaroa egiteko onuradunak matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoa.

11. Onuradunen eginbeharrak.

11.1. Laguntzak jasotzen dituztenek haien helburuetarako beharko dituzte erabili.

11.2. Aurreko ataletan xedatutakoaz gain, deialdi honetako laguntzen onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta beharkizunak betetzen dituztela frogatzea.

b) Informazioa ematea eta NGIk eskatutako egiaztapenak egitea.

c) Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea NGIri.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

12. Dirulaguntza ordaintzeko modua.

Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

Emandako dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

Dena dela, deialdi honen azken helburua da aisialdiko monitorearen edo zuzendariaren titulua ateratzea da. Beraz, laguntza itzuli beharko da baldin ikastaroa ez bada gainditzen eta dagokion titulua ez bada lortzen (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoez gainera). Kasu honetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den arte sortutako berandutze-interesa eskatzea.

13. Betebeharrak bete ezean.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik hura noiz itzuli adosten den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. Errekurtsoak.

15.1. Deialdi honen eta oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

16. Aplikatzekoa den legedia.

Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2007096