17. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VIANA

2020. urteko lan egutegia eta lanordu kopurua

Kontuan harturik abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan xedatutakoa (haren bidez Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onetsi zen) eta urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 34.6 artikulua (haren bidez Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zen), azken horrek honela baitio: “Enpresak urtero egin behar du lan egutegia, eta ondo ikusteko lekuan jarri behar du halako ale bat, agerian, lantoki bakoitzean”.

Abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (haren bidez aldatu zen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri hartzeari buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea eta urteko lanaldia ezarri zen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren aplikazio eremuan sartzen direnentzat, Nafarroako administrazio publikoetako enplegatu guztien artetik), eta bat etorriz Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 10eko 177/2019 Ebazpenarekin (haren bidez zehaztu ziren, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2020ko asteguneko jaiak).

Kontuan harturik Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 21.1.h) artikuluak eta Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 84.1 artikuluak ematen didaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Vianako Udalaren bulegoetan 2020an izanen diren jaiegunen egutegia onestea. Honako hau izanen da:

–Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

–Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

–Martxoaren 19a: San Jose eguna.

–Apirilaren 9a: Ostegun Santua.

–Apirilaren 10a: Ostiral Santua.

–Apirilaren 13a: Pazko astelehena.

–Maiatzaren 1a: Langileen Eguna.

–Uztailaren 22a: zaindariaren eguna.

–Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

–Urriaren 12a: Pilareko Ama Birjina, Espainiako festa nazionala.

–Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

–Abenduaren 3a: Frantzisko Xabierkoaren eguna.

–Abenduaren 7a: Konstituzioaren Egunaren biharamuna.

–Abenduaren 8a: Andre Maria Sortzez Garbia.

–Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

Bigarrena.–Orobat, baliogabeak izanen dira, 2020. urtean epeak kontatzeari dagokionez, larunbat eta igande guztiak, eta udal bulegoetako jaiegunak.

Hirugarrena.–Vianako Udalaren bulego orokorretan eta gizarte zerbitzuetan, eguneko lanaldia astelehenetik ostiralera bitartekoa izanen da, 7 ordu eta 20 minutukoa, 219 egiazko lanaldi edo egunetan. Urteko lanordu kopurua 1.592 ordukoa izanen da, eta ordutegi orokorra 07:40tik 15:00ak artekoa.

Erregistro Orokorra 09:00etatik 14:00ak arte egonen da irekita, jendea hartzeko.

Ezarritako lanaldiaren banaketa ez zaie aplikatuko, zerbitzuaren beharrak direla eta, lanaldi berezia duten langileei, ez eta ordu konpentsazioren bat dutenei ere, horiek berariazko lan egutegia izanen baitute.

Laugarrena.–Urteko lanordu kopuruan ezarri da abenduaren 24an eta 31n, 12etatik aurrera, eta abenduaren 4an itxita egonen direla udal bulegoak. Erregistro elektronikoa urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan egonen da erabilgarri.

Bosgarrena.–Magdalena (uztaila) eta Nievako Ama Birjina (iraila) festetan eman beharreko zerbitzuak, jai egunekotzat hartuko dira ordainsariei dagokienez.

Seigarrena.–Oporrak 2019. urtean hartu beharko dira, eta 2021eko urtarrilaren 31n azkenduko da opor horiek hartzeko eskubidea, salbu eta ongi justifikaturiko zerbitzuaren beharrengatik geroratu behar badira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau langileen ordezkariei igortzea, bai eta kontu-hartzailetzara ere, eta argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, gardentasun atarian eta Vianako Udalaren iragarki-taulan, eta horren berri Udalbatzari ematea, egiten duen hurrengo bilkura arruntean.

Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Vianan, 2019ko abenduaren 27an.–Alkate udalburua, María B. Yolanda González García.

Iragarkiaren kodea: L1916804