17. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2019ko azaroaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Valtierrako udal mugarteko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2019ko 232. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 25ean, eta ez da alegaziorik aurkeztu jendaurreko epean. Hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik argitaratzen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Valtierran, 2020ko urtarrilaren 14an.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

VALTIERRAKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arautzea Valtierrako udal mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, babesa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaera eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea; uztailaren 2ko 150/2002 Foru Dekretua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Herri-ondasunak erabili, administratu, aprobetxatu eta antolatzeko ahalmenak Valtierrako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Valtierrako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Valtierrako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula jasoko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Valtierrako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Valtierrako Udala herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio haiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Valtierrako Udalak berez eta noiznahi berreskura dezake herri-ondasunen jabetza, aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari Valtierrako Udalak, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura dela eta. Udalak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horien gaineko erabakia.

10. artikulua. Valtierrako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Valtierrako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, iraungi daitezen baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Valtierrako Udalak, herri-lurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta haiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko ditu.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Valtierrako Udalak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-ondasunak defendatzeko, herritarren ekimena abiatu ahalko da zehaztuko den moduan. Horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei Valtierrako Udalak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Larreen aprobetxamenduak.

c) Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. 1.–Oro har, herri-lurren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinduna izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Valtierrako Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea 6 urteko antzinatasunez.

c) Valtierran urtean bederatzi hilabetez, gutxienez, jarraian bizi izatea.

d) Valtierrako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2.–Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3.–Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Valtierrako Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan, txostena egin ondoren Nekazaritzaren, Herri-lurren, Abeltzaintzaren, Ekologiaren eta Ingurumenaren Batzordeak edo Tokiko Gobernu Batzarrak.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

16. artikulua. Valtierrako laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Valtierrako Udalaren zuzeneko ustiapena.

Valtierrako Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondoren, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak

17. artikulua. 1.–Aprobetxamendu modu horren onuradun izateko, familia unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerek lanbide arteko gutxieneko lansariaren %30 baino txikiagoak izan beharko dute, edo familia unitatearen diru-sarrerek guztira lansari horren eta erdiaren azpitik egon.

2.–Familia unitatean ezintasun fisikorik edo psikikorik duten kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3.–Errenta mailak zehazteko erabiliko diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira.

Lehenik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena hartuko da kontuan; era berean, ebaluatu ahalko dira beste irizpide batzuk, hala nola: lansariak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta antzeko izaera duen beste edozein datu ere.

18. artikulua. 1.–Honako azalera hau ezarri da ereduzko lotearendako modalitate honetan:

–Lehorreko lurra: 120 erregu.

–Ureztalurra: 30 erregutik 60ra bitarteko azalera.

Azalera horiek ezberdinak izan daitezke, osatzen diren loteen neurrien arabera.

2.–17. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei emanen zaizkien loteak zehazteko, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia unitateak, 1 koefizientea, hots, lehorreko 120 erregu, edo ureztalurretako 10 erregutik 25,5era arte.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia unitateak, 2 koefizientea, hots, lehorreko 240 erregu, edo ureztalurretako 20 erregutik 51ra arte.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia unitateak, 3 koefizientea, hots, lehorreko 360 erregu, edo ureztalurretako 30 erregutik 76,5era arte.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia unitateak, 4 koefizientea, hots, lehorreko 480 erregu, edo ureztalurretako 40 erregutik 102ra arte.

19. artikulua. Kontuan harturik herri-lurren ezaugarriak eta herritarren egoera soziala, proportzionalki apaldu ahalko ditu 17. eta 18. artikuluetan aipatzen diren faktoreak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak aldez aurretik baimena ematen badu eta behar den bezala justifikatuz gero, baina ez handitu, ordea.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 10 urtekoa izanen da eta 2030eko martxoaren 31n bukatuko da. Dena den, epe hori murriztu ahalko da Udalak ezinbesteko beharra badu; horrela bada, ukituriko partikularrari kalte-ordaina ordainduko zaio, adituaren txosten ofizialaren bidez zehazten den zenbatekoa emanda.

Ohiz kanpoko kasuetan eta Udalak erabakia eman ondoren, artikulu honetan aurreikusiriko adjudikazioaren epea luzatu ahalko da.

Edonola ere, aprobetxamendua bukatuko da adjudikaziodunak 65 urte betetzen dituenean.

21. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu modu horretan:

Kanon hori proportzionalki gehituko da, bideen hobekuntzari, uraren kontsumoari, hala denean elektrizitatearen gastuei, inbertsioei eta abarri lotutako beste gastu batzuekin.

Zenbateko horiek 2020rako proposatutako kanonari dagozkio eta urtero eguneratuko dira, KPIren aldaketen arabera. Nolanahi ere, kanonak Valtierrako Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste moduren baten bidez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, baldin adjudikaziodunak edo bere familia unitateko kideek egin behar badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen badituzte. Alabaina, zuzeneko laborantzaren izaera ez da galduko, baldin, Udal honen iritzian, laborantza pertsonalki egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoi batengatik soldatapekorik hartzen bada. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean komunikatuko zaio Valtierrako Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 24. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta norberak landu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, udal honek adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduen bidez, hau da, herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren edo enkantearen bitartez. Valtierrako Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Valtierrako Udalak ezintasun fisikorik edo besteren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazio aldia bukatu arte.

Onuradunei, herri-lurrak kentzen bazaizkie, Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

25. artikulua. Valtierrako Udalak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak egin ahalko ditu noiznahi, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela ziurtatzeko.

Honako kasu hauetan ulertuko da ez dituela lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen:

a) Nekazaritzako makinak edukita, berari adjudikatutako herri-lurrak lantzeko ez dituenean erabiltzen.

b) Norberak zuzenean lantzen ez dituenean adjudikatutako lurzatiak, Herrilurren Udal Zerbitzuaren edo Nekazaritzaren, Herri-lurren, Abeltzaintzaren, Ekologiaren eta Ingurumenaren Batzordearen ustez, ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen den bezala.

c) Honako hauei dagozkien egiaztagiriak eskatu ondoren, Valtierrako Udalak agindu epean aurkezten ez dituenean: lurra landu, lehengaiak erosi eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak, frogatzeko agiriak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpena eta Nekazaritza Politika Erkideari (NPE) dagokion aitorpena.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, eta Nekazaritza Politika Erkideari (NPE) dagokion aitorpena egiten ez duenean.

e) Adjudikatutako lurzatiaren %80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak direnean.

2. ATALA

Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, geratzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateen titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Zuzenean adjudikatzen diren loteen azalera Udalak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondoren, eta gelditzen den azaleraren, eskabide kopuruaren, ordenantza honetan ezartzen diren irizpideen eta loteen osaeraren arabera eginen da, familia unitate bakoitzaren diru-sarrera garbien alderantzizko proportzioan.

28. artikulua. Adjudikazioaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Aprobetxamendu modu horretan, herri-lurzatien onuradunek ordainduko duten kanona I. eranskinean ezartzen da, eta urtero eguneratuko da Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) aldaketen arabera.

Kanon hori proportzionalki gehituko da, bideen hobekuntzari, uraren kontsumoari, hala denean elektrizitatearen gastuei, inbertsioei eta abarri lotutako beste gastu batzuekin.

La Quemada eremuan, une zehatz batean Ferialen behar beste ur ez badago, kanona ordainduko da ereindako lurzatietako azaleraren proportzioan. Erein ezin bada, ez da inolako kanonik kobratuko.

Zenbateko horiek 2020rako proposatutako kanonari dagozkio eta urtero eguneratuko dira, KPIren aldaketen arabera.

30. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatua bete beharko du.

Aurrekoa gorabehera, lurzatien adjudikaziodunek horiek trukatu ahalko dituzte, honako baldintzak betetzen badira:

1. Bi alde interesdunek sinatutako eskabideak Udalean aurkeztu beharko dira, onets daitezen.

2. Pertsona batek ezin izanen ditu lurzatiak trukatu bi urtetik gorako aldirako, adjudikazioak indarra duen bitartean.

3. Lurzatien trukeak ezin izanen du inolako ordain ekonomikorik sortu eta, Udalak zirkunstantzia horren egiaztapena izanen balu, lurzatia kenduko lioke hori sortzen duenari.

31. artikulua. Valtierrako Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %10 baino gehiago izanen ez den azalera, onuradun berriei adjudikatzeko. Adjudikatzen ez diren bitartean, Valtierrako Udalak enkante publikoaren bidez urtebeterako eskainiko ditu herri-lur horiek.

32. artikulua. Aurkeztutako eskabideak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako adjudikazioa egin ondoren, honako lehentasun ordena hau ezarriko da:

1. Nekazari gazte baten partaidetza duten nekazaritza ustiategiak.

2. Lehentasunezko nekazaritza ustiategiak.

3. Ogibide nagusia nekazaritza duten nekazariak diren pertsona fisikoak, diru-sarreren alderantzizko ordena proportzionalean.

Familia unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honen 17.3) artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

33. artikulua. Valtierrako Udalak baratzeak utzi ahalko dizkie halaxe nahi duten familia unitateen titularrei, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da izanen ureztalurren jabea, ezta herri-lurretako beste lote baten onuraduna ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Adjudikazioa 10 urterako izanen da.

d) Kanona 2020. urterako finkatuko da eta urtero eguneratuko, KPIaren aldaketen arabera, I. eranskinean ezarritakoari jarraituz.

3. ATALA

Valtierrako Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Valtierrako Udalak laborantzako lurra sobera baldin badago, lehenbiziko eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, enkante publikoan adjudikatuko du zehaztuko den eperako, hau da, adjudikazio hori banaketa berria egitean bukatuko da.

Udalak finkatuko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; eremuan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek KPIaren arabera eguneratuko dira, urtero.

Enkantea egin ondoren, laborantzako lurra sobera gelditzen bada, Valtierrako Udalak zuzenean ustiatu ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Udalak erabakia hartu ondoren, 10 egun naturaleko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako lurzatien adjudikazioa eska dezaten, ediktua Udalaren iragarki-taulan argitara eman eta gero.

36. artikulua. Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

b) Familia unitatea osatzen duten kideen aitorpena. Herritarren arteko lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpena, aitortutako azken urteari dagokiona.

d) Nekazaritza Politika Erkideari (NPE) dagokion aitorpena.

e) Eskabidean ibar-basoko, lehorreko lurretako, La Quemada inguruko edo herri-larreetako lurzatia adjudikatzea nahiago den adieraztea.

f) Familia unitate edo pertsona fisiko eskatzailea Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan, edozein modalitatetan, inskribatuta dagoela justifikatzea.

Valtierrako Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3) artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Nekazaritzaren, Herri-lurren, Abeltzaintzaren, Ekologiaren eta Ingurumenaren Batzordeak proposaturik, Valtierrako Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du adjudikatzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

Instalazioetan elementuak falta izateagatik edo plastikorik edo bestelako hondakinik ez kentzeagatik lurzatiak ereiteko moduan utzi ez dituzten adjudikaziodunak zerrendetan sartuko dira hasieran, baina horietatik baztertuko dira, adierazitako epean antzeman diren arazoak konpontzen ez badituzte.

38. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartuen behin-behineko zerrenda udal honen iragarki-taulan jarriko da ikusgai 10 egun naturalean, bidezkotzat jotzen diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta mota bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

40. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten familia unitateen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Valtierrako Udalak loteak adjudikatuko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 18. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 7 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, ebatzi eta akatsak zuzenduta, Udalak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

42. artikulua. Lurzatien adjudikazioa zozketa bidez eginen da; horretarako, horien onuradun izateko eskubidea duten eskatzaile guztiekin zerrenda bat osatuko da, erregelamendu honetan ezarritakoaren ariora.

Aurkezten diren eskabideak gehiago badira adjudikatu beharreko lurrak baino, zerrenda bat osatuko da erregelamendu honetan ezarritakoari jarraikiz, eta diru-sarrera zenbatetsien edo ordenantza honetan ezartzen diren bestelako irizpideen arabera puntuaziorik handiena izandako eskaerak baztertuko dira.

Lehenbiziko zozketa egin ondoren soberako lurzatiak badaude, horiek adjudikatuko dira enkantearen bidez.

Lurzatien zozketa honako prozedura honen bidez eginen da:

Sotoko, lehorreko lurretako, La Quemada inguruko edo larreetako lurzatien zenbakiak poltsa ezberdinetan sartuko dira, eta horien onuradun izateko eskubidea duten eskatzaileek poltsa bakoitzetik dagokion zenbakia aterako dute.

Eskabideak adjudikatu beharreko lurzatiak baino gehiago badira, interesdunek Udalek osatutako zerrendetan ezarritako hurrenkerari jarraikiz aterako dituzte paperak.

Herri-lurzatien emakida berrirako zozketa orokorra egin ondoren, beste adjudikazio batzuk eginen dira urtero; izan ere, adjudikatu gabeko lurzatiak horietarako izanen dira. Horiek, egindako eskaera guztiei erantzuteko aski ez badira, lehenbizi erantzunen zaie onuradun izateko baldintzak betetzen dituztenei; gainerakoendako, behar den zozketa baztergarria eginen da eta baztertuek lehentasunezko txanda bat izanen dute hurrengoan eginen den urteko emakidara arte.

43. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen kontzesioak direla-eta herri-lurzatiak adjudikatzeko urtero eginen den zozketa urteko azken hiru hilabeteetan eginen da, Udalak osoko bilkuran finkatuko duen egunean, eskaerak onartu ondoren, eta udaletxeko iragarki-taulan ikusgai jarriko den ediktuaren edukiarekin bat.

44. artikulua. Uzta batuta egon beharko da 2030eko martxoaren 31rako. Bestela, adjudikaziodunak hura eta lurzatiaren gaineko eskubideak galduko ditu.

45. artikulua. Egokitu zaion herri-lurzatian laborantza zuzenean eta pertsonalki egiteari borondatez uko egiten bazaio, erabiltzeko aukera aprobetxamenduaren epe osorako galduko da, ordenantza honen 20. eta 28. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Halaber, Udalari kalte-ordaina ordaindu beharko zaio sortu zaizkion kalteengatik, baita salaketa egin deneko urteko kanona ere.

Hala ere, Udalaren organo eskudunaren ustetan arrazoia behar bezala justifikatzen bada (lanpostua galtzea, langabezia sorospenik gabeko langabetua izatea edo ezinbesteko bestelako kasuak), eta eskatzaileak 15. artikuluko baldintzak betetzen baditu, beste adjudikazio batean izanen du aukera, 47. eta 48. artikuluekin bat.

46. artikulua. Herri-lurzatiak erabiltzeko aukera, nolanahi ere, hurrengo arrazoiengatik galduko da: herriko biztanlea izateari uzteagatik, herrian urtean 9 hilabetetan benetan bizi ez izateagatik, Valtierrako Udalarekin zerga arloko betebeharrak egunean ez izateagatik, ordenantza honen 15. artikuluak agintzen duen moduan, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki ez lantzeagatik edo Udalak zehazten dituen beste baldintza batzuk ez betetzeagatik.

IV. KAPITULUA

Herri-lurretako bestelako aprobetxamenduak

47. artikulua. Herri-lurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua dagokion araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

48. artikulua. Valtierrako Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

V. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

49. artikulua. 1.–Valtierrako Udalak indarrik gabe utzi ahalko ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurra hobetzea edo lurzatien berrantolamendua egitea, halakorik bada, baita lehorreko lurrak ureztalur bihurtzea ere.

c) Gizarte proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2.–Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete eta lehentasuna izanen dute.

3.–Kasu horietan, bide honi jarraituko zaio:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesteko.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruzkoa.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4.–Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordaindu eginen zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

50. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Udalak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

51. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrendako aprobetxamendua.

d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

e) Udalak adjudikatu gabe herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, larre utziak. Edo beste onuradun batzuei adjudikatutako loteak azpierrentamenduan lantzea.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) Udalaren baimenik gabe landatzea.

g) Adjudikazioetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.

h) Nekazaritza Politika Erkideak (NPE) eskatuta, lurzatiak urteren batean erein gabe geratu badira, horiek ez lantzea.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate edo egintza guztiak.

52. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d), e), f), g) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak.

–g) arau-haustearengatik herri-lurren adjudikazioduna izateko eskubidea galduko da.

–Gainerako arau-hausteengatik, ordainduko da egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez, eta halako hamar, gehienez, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, 60 eurotik 1.200 eurora bitarteko zehapena ezarriko da.

VI. TITULUA

Herri-lurretako La Quemada eta Soto ureztalurren eremuaren araudia

53. artikulua. Titulu honen xedea da arauak ezartzea Valtierrako La Quemada eta El Soto izeneko parajean dauden herri-lurzatietarako.

54. artikulua. Eskatzaileek lurzatia edo pibota adjudikatzea nahiago duten adierazi beharko dute eskabidean.

Bi nekazarik landu beharko dituzte pibotak batera eta haien izenak adierazi beharko dira eskabidean.

Adjudikazioan lehentasuna izanen dute:

1. Biak nekazari gazteak badira.

2. Nekazarietako bat gaztea bada.

3. Gainerako eskatzaileak.

55. artikulua. La Quemadako lurzatiak adjudikatzeko aldia amaitu ondoren, Udalaren esku geldituko dira. Hori dela eta, adjudikaziodunak lurzatia eta instalazioak lantzeko moduan utzi beharko ditu.

56. artikulua. Lurzatiko lur gaineko instalazioen mantentze-lanak adjudikaziodunaren konturakoak izanen dira; gainerako instalazioen mantentze-lanak eta horietan sortzen diren matxurak, berriz, Ferialeko sindikatuaren konturakoak La Quemada alderdian, eta Valtierrako Ureztatzaileen Elkartearen konturakoak El Soto alderdian.

Lur gainean ez dauden lurzatiko gainerako instalazioetako mantentze-lanei aurre egiteko, sindikatuak urteko zenbatekoa jasanaraziko dio adjudikaziodun bakoitzari, landutako azalerarekin proportzioan dagoena, gastu horiei aurre egiteko.

Era berean, adjudikaziodunen kontura izanen dira ur-harguneetatik abiatzen diren instalazioen mantentze-lanak, adibidez, lurzatiko ureztaketa sarea, barneko balbulak, iragazkiak, aspertsoreak eta abar.

Piboten adjudikaziodunek urtero egiaztatu beharko dute horien mantentze-lanak egin direla.

Araudi honetan arautzen ez diren ohiz kanpoko kasuetan, Udalak jarduteko modua erabakiko du.

57. artikulua. Debekatuta dago abereak sartzea zainzuriak eta fruta-arbolak dituzten lurzatietan. Mahastiak dituzten lurzatietan, ezin izanen da azienda sartu landarearen bizi zikloaren lehenbiziko lau urteetan.

Lurzati batean bi uzta lantzen badira urtean, abereek bi uzten larreak aprobetxatu ahalko dituzte.

58. artikulua. Adjudikaziodunek honako epe hauek errespetatu beharko dituzte belarrak aprobetxatzeko:

–Lehenbiziko uztan (udaberria-uda) 7 egun eman beharko dira, gutxienez, abereek larreak aprobetxa ditzaten.

–Bigarren uztan (udazkena-negua) 15 egun eman beharko dira gutxienez.

–Pibotetan lehenbiziko uztan 15 eguneko epea emanen da; bigarrenean, aldiz, 21 egunekoa.

59. artikulua. Lurzatietan zainzuriak, fruta-arbolak edo mahastiak dituzten adjudikaziodunek Udalari ordainduko diote lurzatiko eta urteko finkatzen den zenbatekoa, aurreko artikuluetan aitortzen den eskubidearen ordain gisa.

VII. TITULUA

Herri-larreen araudia

60. artikulua. Titulu honen xedea da arautzea udal-mugartean dauden herri-larreak eta bereziki La Plana bazkalekukoak, El Común bazkalekukoak, Bornax bazkalekukoak, Planillos bazkalekukoak, La Quemada ingurukoak eta herri-lurretako Sotokoak.

61. artikulua. Udalak du herri-larre guztiak aprobetxatzeko eskubidea.

Nekazariek ezin izanen dute abeltzain adjudikaziodun baten lotean lantzen duten lurzatiko larreen erabilera agindu, nahiz eta denbora horretan abeltzainaren abereak larrean ez egon, belarren adjudikaziodunaren baimenik gabe beste abeltzain bat gonbidatzeko.

62. artikulua. Udalak lote bakoitzak izan dezakeen abeltzaintza karga kalkulatuko du, eta loteak Udalak xedatu bezala banatuko dira.

63. artikulua. Eskortak eta artegiak Udalak xedatu bezala adjudikatuko dira, lote guztietarako behar beste eskorga ez baitago.

64. artikulua. Titularrik gabe geratzen diren loteak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira.

65. artikulua. Eskabideak adjudikatu beharreko loteak baino gehiago badira, Udalak ordenantza honetan ezartzen diren irizpide orokorrak aplikatuko ditu, zozketan parte hartuko duten eskatzaileen kopurua zehazteko.

66. artikulua. Loteen zerrenda Udaleko Herri-lurren Batzordeak eginen du, libre dauden lurren arabera.

67. artikulua. Larreen adjudikazioduna abereek sortzen dituzten kalteen erantzulea izanen da.

68. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituzten abereek osasun ziurtagiri bat behar dute, abereen osasun babesari buruz indarra duen araudia betetzen dela egiaztatzen duena.

69. artikulua. Simaurra abeltzainaren esku geldituko da eta zernahitarako erabili ahalko du, eta betiere alokairua bukatu aurretik jaso beharko du.

70. artikulua. Abeltzainek urmaelak garbituko dituzte, beren kargura.

71. artikulua. Ordenantza honek aipatzen duen adjudikazio-aldian loteen azalera murrizten duten zirkunstantziak gertatzen badira edo abereek eskuratu ezin dituzten laboreak ereiten badira, alokairuaren prezioa murriztuko da abereek aprobetxatu ezin duten azaleraren proportzioan.

72. artikulua. Debekatuta dago abereak lurzatietan sartzea, uzta bildu gabe dagoela.

73. artikulua. Azaroaren 15etik otsailaren 1era arte, larreen adjudikaziodunak abereak sartu ahalko ditu alpapa edo hirustak ereinda dituzten lurzati guztietan.

Alpapa laboreetan ezin izanen da ereindako lehen urtean sartu, salbu eta udaberrian erein bada eta uzta bildu bada.

Ohiz kanpoko zirkunstantziak (euria, uztaren atzerapena eta abar) direla-eta nekazariak Udalari eskatzen badio abereak ordenantzan adierazten den eguna baino egun batzuk beranduago sartzeko, Herri-lurren Batzordeak hori baimendu ahalko du, larreen abeltzain adjudikaziodunaren informazioa jaso ondoren.

Auzokoek ezin izanen diote aurka egin aurreko paragrafoan larreen adjudikaziodunari ematen zaion eskubidea gauzatzeari.

74. artikulua. Debekatuta dago abereak zainzuriak, orburuak eta fruta-arbolak dituzten lurzatietan sartzea.

Mahastiak dituzten lurzatietan, ezin izanen da azienda sartu landatu ondorengo lehenengo lau urteetan. Bosgarren urtetik aurrera, azienda ezin izanen da sartu martxoaren 19tik fruitua bildu arte.

Artoa duten lurzatietan abereak sartuko dira, paketatu baino lehen artabururik gabeko artoa jan dezaten. Bestela, paketatu ondoren sartuko dira, baina kasu horretan bakarrik paketatu ahalko da areatu gabe.

Zerealen loteren bat udaberrian edo udan uztatzen bada, ezarritako kanonaren preziotik haren azalerari dagokion zati proportzionala kenduko da, nekazariak ordainduko duena.

Lurzatien adjudikaziodunek 15 eguneko gutxieneko aldia itxaron beharko dute fruituak biltzen dituztenetik berriz ere laborantzan hasi arte, abereek belarra jan dezaten.

Euria ari duenean larreen adjudikazioduna ezin izanen da lurzatietan sartu, harik eta hiru egun iragan arte.

75. artikulua. Abereak ezin izanen dira sartu baso eremuan, makaldietan izan ezik; horietan bazkatu ahalko da, Udalak baimentzen duenean.

76. artikulua. Debekatuta dago abereak koordenadaz koordenada igarotzea ubideetatik.

77. artikulua. Urtarrilaren 1era arte ezin izanen dira lurzatiak laboratu, labore berria jarri nahi izan ezean. Aurrekoa gorabehera, belarrak bazkatu eta berehala, nekazariak lurzatiak laboratu ahalko ditu.

Uztondo zuria duten lurzatietan azaroaren 2tik aurrera laboratu ahalko da.

78. artikulua. Zereala ereinda duten lurzatietan abereak sartu ahalko dira uzta bildu eta bost egunen buruan. Bost egun horietan laboratzaileak lastoa bildu ahalko du.

79. artikulua. Lehorreko lurzatietan ezin izanen da laboratzen hasi apirilaren 15era arte. Laboratu ondoren, azienda ezin izanen da lurzatietan sartu. Lurzati horietan ezin izanen da berriro hazirik erein.

80. artikulua. Bai lehorreko lurzatietan, bai ureztalurretan herbizidak ez erabiltzen saiatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek arautzen duen herri-lurren egungo aprobetxamenduak indarra duen bitartean Nafarroako Parlamentuak edo, hala badagokio, Nafarroako Gobernuak aldatzen badu herri-lurren araubidea, egun arautua dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legean, Udalak egokitzapena eginen du erregelamenduzko araudiaren bidez. Horretarako ordenantza hau aldatuko du, baita, beharrezkoa balitz, herri-lurra birbanatuko ere.

1. ERANSKINA

1. Herritarrendako lehentasunezko aprobetxamendua (2019ko irailean eguneratutako tarifak).

  • Lehorreko lurrak: 1,68 euro/erregu.
  • Ureztalurrak: 16,79 euro/erregu.
  • Lehorreko larreak: 1,70 euro/erregu.
  • Ureztalurretako larreak: 2,84 euro/erregu.

2. Herritarrendako zuzeneko aprobetxamendua (2019ko irailean eguneratutako tarifak).

  • Lehorreko lurrak: 3,36 euro/erregu.
  • Ureztalurrak: 33,58 euro/erregu.
  • Lehorreko larreak: 3,40 euro/erregu.
  • Ureztalurretako larreak: 5,67 euro/erregu.

3. Baratzeak (2019ko irailean eguneratutako tarifak).

  • Baratzeak: 36,64 euro.

Iragarkiaren kodea: L2000433