17. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

345E/2019 EBAZPENA, abenduaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, Lizarrako udal mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua berritzen duena. Instalazioaren titularra Aridos Reciclados de Navarra SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, hondakin arriskutsuak eta ez arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko zentroa izateko, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 2506/2009 Ebazpenaren bidez emana.

2017ko azaroaren 13n, titularrak ingurumen baimen integratua berritzeko eskatu zuen, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

2019ko apirilaren 29an, titularrari errekerimendu bat jakinarazi zitzaion, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntza Atalarena, instalazioan suteen kontrako babes-neurriak betetzeari buruzkoa, eta titularrak 2019ko uztailaren 9an erantzun zuen.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Lizarrako udal-mugartean hondakinak kudeatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua berritzea. Instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Aridos Reciclados de Navarra SL enpresa da.

Bigarrena.–Instalazioaren baimenen indarraldia mantentzea. Hortaz, baimen hauek edukiko ditu: arriskutsuak ez diren hondakinak transferitzeko zentroarena, 15G05097040132009 zenbakiarekin inskribatuta; hondakin arriskutsuak transferitzeko zentroarena, 15G02097040132009 zenbakiarekin inskribatuta; eta bestalde, hondakinei aurretratamendua egiteko zentroarena, 15G04097040132019 zenbakiarekin inskribatuta; hondakinak sortzeari eta kudeatzeari dagokionez.

Hirugarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Aridos Reciclados de Navarra SLra eta Lizarrako Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F1916080