166. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

101/2020 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, Nafarroa jatorri-deituraren baldintza-agiriaren aldi baterako aldaketa onetsi eta argitara ematen duena.

COVID-19 pandemiak sortutako salbuespeneko egoera dela eta, gobernuek eta agintariek, mundu osoan, neurri bereziak ezarri dituzte; Espainiako Gobernuaren kasuan, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan zehaztu dira neurri horiek, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera hamabost egunerako deklaratzen duen horretan.

Alarma egoera horri jarraipena eman zaio ondoz ondoko sei luzapenen bidez (476/2020 Errege Dekretua, martxoaren 27koa; 487/2020 Errege Dekretua, apirilaren 10ekoa; 492/2020 Errege Dekretua, apirilaren 24koa; 514/2020 Errege Dekretua, maiatzaren 8koa; 537/2020 Errege Dekretua, maiatzaren 22koa; eta 555/2020 Errege Dekretua, ekainaren 5ekoa).

Arau horien bidez, Espainiako Gobernuak osasun aroko prebentzio neurri batzuk ezarri ditu, jendearen joan-etorriak nabarmen mugatzen dituztenak. Horrela, bada, arestian aipatutako martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren 10. artikuluko 4. apartatuak ostalaritzaren eta jatetxeen arloko jarduerak eten zituen, bai eta ekitaldiak, festak eta jarduera turistiko osoa geldiarazi ere, pandemiari eusteko helburuarekin.

Mugatze horrek eragin nabarmena izan du ardoaren sektore osoaren gain, eta, bereziki, Nafarroa jatorri-deituraren gain, ostalaritzaren eta jatetxeen arloko establezimenduetan merkaturatzen baita haren ekoizpenaren zati handi bat. Ardo gorrietan nabaritu da bereziki neurri horien eragina, ekoizpenaren zati handi bat osatzen dutelako ardo horiek eta batez ere udaberrian eta udan kontsumitzen direlako.

Europan, ardoaren jatorri-deiturak eta adierazpen geografikoak araututa daude Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduan, nekazaritzako produktuen merkatu antolakunde erkidea sortzen duen horretan. Erregelamendu horren 105. artikuluan ezartzen da erregistratutako jatorri-deituren eta adierazpen geografikoen baldintza-agirietan aldi baterako aldaketak egin daitezkeela, agintaritza publikoek ezarritako nahitaezko osasun neurrien edo neurri fitosanitarioen ondorioz.

Batzordearen 2018ko urriaren 17ko 2019/33 Erregelamendu delegatuak (EB), 1308/2013 Erregelamendua osatzen duenak, 18. artikuluan ezartzen duenez, Europar Batasuneko estatu bakoitzak onetsi eta argitara eman behar ditu aipatutako aldi baterako aldaketak, jatorri-deituraren edo adierazpen geografikoaren eremu geografikoa zer estaturi dagokion, estatu horrek hain zuzen. Batzordeari hilabeteko epean jakinarazi beharko zaizkio aldaketak, horretarako arrazoiekin batera, estatuak onesteko erabakia argitara ematen duenetik.

Nafarroa jatorri-deituraren (aurrerantzean Nafarroa JD) Kontseilu Arauemaileak, Q3171001E IFK duenak, ezohiko egoera honen inpaktua ahal den neurrian arintzeko asmoz, Nafarroa JD baldintza-agiria aldi baterako aldatzeko eskaera helarazi zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari 2020ko ekainaren 16an (erregistroko zenbakia: 2020/457908). Eskaera hori eta tramitaziorako beharrezkoa zen dokumentazioa jaso zituen Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak, 1308/2013 Erregelamenduarekin (EB) eta hartaz baliatuz emandako xedapenekin bat.

Kontseilu Arauemaileak eskatzen duen aldi baterako aldaketaren funtsa da baimena ematea 2019ko uztako ardo gorria 2020ko uztako ardo beltzarekin nahasteko edo gehitzeko, ardo gorriaren proportzioak bien nahasketaren bolumen osoaren %15 gainditu gabe betiere. Aldaketa horri esker 2019ko ardo gorriaren stock-a gutxitzen ahalko da eta ardo gorria momenturik onenean merkaturatzen.

Nafarroa JDaren ekoizpen eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremura mugatzen da. Beraz, bertako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dagokio ebazpen hau emateko eskumena.

Eskaera behin ebaluatu ondoren, egiaztatu da Nafarroa JDaren Kontseilu Arauemaileak betetzen dituela eskatzaile izateko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 95. artikuluan ezarritako baldintzak, eta aldi baterako aldaketarako aurkeztu duen eskaerak betetzen dituela Batzordearen 2019/33 Erregelamendu delegatuaren (EB) 18. artikuluan ezarritako baldintzak.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea eta argitara ematea Nafarroa JDaren baldintza-agiria aldi baterako aldatzearen aldeko erabakia, egiaztatu baita betetzen direla 1308/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako baldintzak eta haren ondorioz emandako xedapenak.

2. Aldi baterako aldaketa honetaz 2021eko ekainaren 30 arte baliatzen ahalko da.

3. Baldintza-agiria, produktuaren dokumentu bakarra eta eskabidea, behar bezala beterik, web helbide honetan argitaratu dira:

https://www.navarra.es/home_es/Temas/Ambito+rural/Viticultura/ZonaDONavarra.htm

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroa JDaren Kontseilu Arauemaileari, INTIAko Ziurtapenen atalera eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Elikagaien Kalitate Kontrolaren eta Laborategien Zuzendariordetzara, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 23an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2006871