166. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

569E/2020 EBAZPENA, uztailaren 2koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldeko txostena egiten duena zerriak gizentzeko instalazioaren jarduera sailkatuko proiekturako (2.496 plaza) Oteitzako udal mugartean, Udalak ebazpena eman baino lehen. Instalazioaren titularra Iñigo Azcona Echavarri da.

Jarduera hori jasota dago Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 4C eranskineko C) 3 epigrafean (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Hortaz, jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak ingurumen arloko txostena eman eta gero.

Horrez gain, proiektuaren ezaugarriak direla-eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da proiektua (1. taldea, 3. apartatua). Beraz, legearen 7. artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zaio.

Oteitzako Udalak, 2019ko uztailaren 3an, organo eskudun gisa ari zela, jarduera sailkatuko proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa aurkeztu zituen Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, honako hauek eman zitzan espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren: Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70. artikuluan ezarritako txostena, eta ingurumen eraginaren adierazpena, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluarekin bat.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak txosten bat egin behar du Udalak ebazpena eman aurretik, zehazteko zein ingurumen baldintza eta zein neurri zuzentzaile ezarri behar diren jarduerarekin hasteko, eta, hala baldin badagokio, aplikagarriak diren hirigintzako determinazioak, baldin eta jarduera hori lurzoru urbanizaezinean garatzen bada eta lurzoru mota horretan baimendu badaiteke. Hala ezarrita dago Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 70. artikuluan.

Espedienteko txostenak ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Aldeko txostena egitea zerriak gizentzeko instalazioaren jarduera sailkatuko proiekturako (2496 plaza) Oteitzako udal mugartean, Udalak ebazpena eman baino lehen. Instalazioaren titularra Iñigo Azcona Echavarri da.

Bigarrena.–Ingurumen eraginaren adierazpena ematea zerriak gizentzeko instalazioaren proiekturako Oteitzako udal mugartean, bideragarria baita ingurumenari dagokionez. Instalazioaren titularra Iñigo Azcona Echavarri da. Adierazpen honek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak lau urteko epean hasi beharko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera kontatzen hasita; epe hori igarota, ingurumen eraginaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak eta eraginkortasunik gabe geldituko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Jarduera ingurumenaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadila agintzea, eta espedienteari atxikitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen diren baldintzak bete beharko dira.

Laugarrena.–Jarduera suteen kontrako segurtasunaren arloan indarrean den legeriarekin bat egin dadin ezartzea, eta ingeniari agronomoen proiektuan (496/19 E ikus-onespena, 2019ko apirilaren 30ekoa) proposaturiko baldintzei jarraikiz. Gainera, ebazpen honen II. eranskinean jasotzen diren baldintzak bete beharko dira.

Bosgarrena.–Hirigintzako legerian aurreikusitako lurzoru urbanizaezinerako baimena ematea, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 64. artikuluan xedatutakoaren arabera, ebazpen honen III. eranskineko baldintzak bete behar direla kontuan izanda.

Seigarrena.–Jarduera edonola ere aldatzeko, Udalari jakinarazi beharko dio titularrak aldez aurretik. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez funtsezkoa den, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 77. eta 78. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Zazpigarrena.–Jarduera hasi aurretik, jarduera sailkatua abian jartzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du titularrak Udalean, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 32. artikuluan xedatuarekin bat. Adierazpen horrekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira: ziurtagiriak, instalazioa onetsitako proiektuarekin bat datorrela frogatzen duena eta jarduera lizentzian ezarritako neurri zuzentzaileak betetzen direla egiaztatzen duena, behin betiko planoak, eta egin diren neurketa eta egiaztatze praktikoak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bederatzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, hirigintzako gaiei buruz. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamargarrena.–Ebazpen hau udal eskatzaileari, jardueraren titularrari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari igortzea, eta adieraztea Udalak zerbitzu honi jakinarazi beharko diola hartzen duen erabakia, hamabost eguneko epean, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko uztailaren 2an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ingurumen baldintzak

1) Neurri zuzentzaileak eta baldintza teknikoak:

a) Uretara egindako emisioak.

–Euri-urak lurreko ur-jariatzera atera eta eramaterakoan, ur horiek kutsa ditzaketen materialak bildu edo erabiltzeko guneekin ez nahasteko moduan jokatuko da.

–Lurzatiko eremu urbanizatuko jariatze-uraren ebakuazioa instalaziotik hurbileko lurzatietan putzuak, higadura edo bestelako kalteak ez sortzeko moduan eginen da.

–Gasolio-hornidura egitean zorura eroritako isurketarik edo filtraziorik ez dagoela bermatzeko, bai geruza bikoitzeko gordailua, bai hornidura-puntua azalera estanko eta iragazgaitz batean kokatu beharko dira, isurkiak bildu ahal izateko.

b) Simaurren kudeaketa.

–Simaurra aplikatu eta biltzeko, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da, horren bidez ezarri baitziren abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak, bai eta otsailaren 28ko 234/2005 Foru Aginduan xedatutakoa ere, horren bidez ezarri baitziren Nafarroako abeltegietan simaurra sortu, bildu eta kudeatzeko baldintzak.

–Simaurren kudeaketan, simaurrak ekoizteko eta kudeatzeko 2000030016/1/1 planean jasotakoak beteko dira.

–Simaurra kudeatzeko erregistro liburu bat izanen da ustiategian, eta bertan jasoko da, behar bezala eguneratuta, formaturik egokienarekin eta ahal dela euskarri informatikoan, aplikazio bakoitza identifikatu eta zehaztasunez deskribatzeko beharrezkoa den informazioa, Simaurra sortu eta kudeatzeko planarekiko egokiak ote diren ziurtatu ahal izateko. Kanpoko kudeatzaile bati entrega eginez gero, erregistro liburuan adierazi beharko da zenbat simaur entregatu den eta noiz, eta kudeatzaileak betetako albaranak gorde beharko dira entregak justifikatzeko.

c) Hondakinak.

–Arriskutsutzat jotako hondakin zoosanitarioak, behar bezala bereiziak, urarekiko estankoak diren edukiontzi edo biltegietan bilduko dira, gero, horiek kudeatuko dituen enpresa baimenduari entregatzeko.

–Mindak biltzeko kanpoko urmael berrian, isurketa posibleak detektatzeko sistema instalatu beharko da, otsailaren 28ko 234/2005 Foru Aginduaren 2.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

d) Biltegiratzea.

–Ura edo lurzoruak kutsa ditzaketen edo saneamendu sareen funtzionamenduan ondorio negatiboak izan ditzaketen produktu likidoak, izan lehengaiak izan hondakinak, biltegiratzeko, isurketa edo jario posibleentzako euste edukiontziak egon beharko dira, eta, horien edukiera, honako balioen berdina edo handiagoa izan beharko da:

–Atxikitako ontzi handienaren edukiaren %100.

–Edukiontzian dauden ontzien eduki osoaren %30.

Edukiontzi hori estankoa izanen da, barnean dituen produktuak jasateko modukoa, eta ez du grabitatearen bidez husteko sistemarik izanen eta erreakzio kimikoak direla-eta, beraien artean bateragarriak ez diren substantzien biltegiekin loturarik ez du izanen.

2) Isuriak atmosferara.

Fokuen katalogazioa eta datuak

FOKUA

CAPCA-2010

KANPOKO KONTROLA

ERREKUNTZA

Zenbakia

Izena

Multzoa

Kodea

LEN

Potentzia termikoa (kW)

Erregaia

Sorgailu elektrikoa

-

02 03 05 02

(1)

20

Gasolioa

(1) Funtzionamenduko ohiko baldintzetan, foku horrek instalazioaren funtzionamendu denboraren % 5 baino gutxiago igortzen du; beraz, ez du izanen Egiaztatutako Saiakuntza Laborategiaren (ESL) kanpoko kontrolik.

–Fokuen katalogazioa. Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoaren arabera sailkatu dira isuriaren fokuak (CAPCA-2010), katalogo hori urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bidez eguneratuta izanik.

–Jardueraren katalogazioa. Jarduera hori C taldean dago katalogatua (10 05 03 02 kodea) Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoaren arabera (CAPCA-2010), zeina urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bidez eguneratu baitzen.

–Kanpoko kontrolik gabeko fokuak. Fokuen ezaugarriak eta katalogazioa kontuan hartuz, ez dute kanpoko kontrolik behar, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 6. artikuluarekin bat, eta ez dute neurketa toki eta sekziorik izateko betebeharrik ere, UNE-EN 15259 araurekin bat.

3) Hondakinak sortzea.

a) Baldintza orokorrak.

–Hona hemen jardueran sortzen diren hondakinak eta haiekin azken kudeaketarako egin beharreko jarduketa:

Sortutako hondakinak

Prozesua

Hondakinen deskribapena

LER hondakina (1)

Bukaerako kanpo kudeaketa (2)

SORTZE PROZESUA-gizentzeko zerriak (egiteke)

Infekzioak prebenitzeko, betekizun bereziko bilketa eta deuseztatzea behar duten hondakinak.

180202 *

D9, D10

SORTZE PROZESUA-gizentzeko zerriak (egiteke)

Plastikozko ontziak.

150102

R3, R1

SORTZE PROZESUA-gizentzeko zerriak (egiteke)

Substantzia arriskutsuen hondarrak dituzten ontziak, edo haiekin kutsatuta daudenak.

150110 *

R3, R4, R1, D9, D5

SORTZE PROZESUA-gizentzeko zerriak (egiteke)

Hondakin metalikoak.

020110

R4, D5

(1) Hondakinaren kodea, Batzordearen 2000ko maiatzaren 3ko 2000/532/EE Erabakian ezarritako zerrendaren arabera.

(2) Azken kudeaketako eragiketen kodea, Hondakinei eta Lur Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen I. eta II. eranskinen arabera. Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako hondakinen hierarkiaren printzipioa aplikatuz, sortzen diren hondakinak aipatutako lehentasun ordenaren arabera kudeatu beharko dira. Eragiketetako lehena egiten ez bada, hondakin sortzaileak egokiro justifikatu beharko du arrazoia. Arrazoi teknikoengatik edo ekonomikoengatik, eragiketa horietako bakar bat ere ezin bada aplikatu, ingurumenean duten eragina ahalik eta gehien galarazi edo murrizteko moduan deuseztatuko dira hondakinak. Tarteko kudeaketa eragiketak egiten ahal dira transferentzia estazioetan (D15 edo R13), baldin eta bukaerako kudeaketa taula honetan ezarritakoa dela frogatzen ahal bada.

–Instalazioaren titularrak bere hondakinak jasotzen dituen kanpoko kudeatzaileak edo garraio langileak emandako frogagiriak izan beharko ditu, non haietako bakoitzarekin egiten den kudeaketa justifikatuko baita, azken kudeaketa barne.

–Instalazioaren titularrak hondakinen produkzioari buruzko agiri kronologiko bat izan beharko du euskarri egokian eta euskarri informatikoan, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera. Erregistro hori jardueraren instalazioetan eduki beharko da, etengabe eguneratua eta ikusi nahi duen agintari eskudunaren eskura.

b) Dokumentuak kudeatzeko prozedura.

–Agirien kudeaketa prozedura Nafarroako Gobernuko webgunean ezarritakoa izanen da: Hondakinen atari tematikoa/hondakinak biltegiratzea eta garraiatzea.

c) Hondakinak etiketatzea eta biltegiratzea.

–Hondakinak kudeatzeko baldintza orokorrak Nafarroako Gobernuko webgunean ezarritakoak izanen dira: Hondakinen atari tematikoa/hondakinak biltegiratzea eta garraiatzea.

II. ERANSKINA

Suteen kontrako segurtasun baldintza gehigarriak

–Okupa daitekeen edozein puntutatik kanporako irteera batera 50 metrotik beherako ibilbidea izanen da gehienez ere.

–Ebakuazio ibilbideetan dauden ateak tolesgarriak izanen dira, bertikalean biratzeko ardatza dutenak, eskuz aise irekitzeko modukoak, eta orria 0,8 metrotik 1,20 metrora bitartekoa izanen da.

–Eskuzko itzalgailuak izanen dira, gutxienez ere 21 A eraginkortasuna dutenak, ageriko tokietan eta eskuratzeko erraz, halako moduz non 15 metro izanen diren okupa daitekeen edozein tokitatik itzalgailu hurbilenera.

–Obra bukaerako ziurtagiriak berariaz adieraziko du enpresa instalatzaile baimendu batek ezarri dituela suteen aurka babesteko instalazioak, eta tresnek, ekipoek, sistemek edo hala behar duten osagaiek arauen araberako marka dutela. Enpresa horren obra bukaerako ziurtagiria, teknikari tituludun eskudun batek sinatua, erantsiko da.

–Frogatuko da ENACek (Egiaztatze Erakunde Nazionala) egiaztatutako laborategiek sailkatu dituztela oraindik EEren markatzea ez duten eraikuntzako produktu edo elementuak, sutearen aurka egin edo irauteko dituzten ezaugarrien arabera, eta horretarako saiakuntzak egin direla.

–EBko laborategia bada, produktuek segurtasuna egiaztatzen duen agiria eduki beharko dute, abenduaren 29ko 1630/92 Errege Dekretuaren 9.2 artikuluak aipatzen baitu, Estatutako Administrazioko zuzendaritza nagusi eskudunak emana.

–Obra CE markarik ez duten produktuez hornitzen denean, saiakuntzako eta sailkapeneko ziurtagiriek 5 urtetik beherako antzinatasuna izan beharko dute, suaren kontrako erreakzioari dagokionez, eta 10 urtetik beherakoa suaren kontrako erresistentziari dagokionez.

III. ERANSKINA

Lurzoru urbanizaezineko baimenaren xedapenak

–Baimen hori bakarrik bi abere nabe, sarrerako lokala, minden urmaela eta instalazio osagarriak eraikitzeko izanen da (siloak, karga nasak), aurkeztutako dokumentazio teknikoarekin bat, eta ez daude, beraz, baimenaren barne hornidura eta elektrizitate azpiegiturak, horiek proiektu independentea izanen baitute.

–Era berean, baimenduta egonen da 60 m³-ko ur tanga eraikitzea, jardueraren azpiegitura osagarri gisa, eta hori guztia, aurkeztutako dokumentazio teknikoarekin bat. Ur tanga hori 3. poligonoko 14. lurzati mugakidean egonen da, eta, edonola ere, baimendutako zerri aziendaren ustiategiari lotuta.

–Oteitzako Udalak arau subsidiarioetan ezarritako baldintzak, eta bereziki, urbanizagarria ez den lurzoru arauak betetzen direla zainduko du.

–Egin nahi diren lanek uki ditzaketen edo lanen trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, ekainaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, itxiturek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, Foru Lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, gehienez bi urteko epea ezartzen da ebazpen honen babespeko jarduketak egin edo abian jartzeko, baimena ematen denetik hasita. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak iraungiko dira zuzenean, eta baliorik gabe geldituko da.

–Jarduera eta/edo jarduera horri lotutako erabilera uzteak ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharko dituela gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsiz eta/edo kenduz. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

IV. ERANSKINA

Ingurune naturala eta paisaia babesteko baldintzak

–Lurzatian proiektatutako zabaldegia eta bidea ezartzeko, lursailaren topografia errespetatuko da, eta ez dira ezponda gehiegizkoak edo bertikalak sortuko (2H:1V baino bertikalagoak ez dira izanen, eta hondeatuz gero, altuera ez da hiru metro baino gehiagokoa izanen). Betelaneko ezpondak eraikitzean soberan dauden lur emankorrak aprobetxatuko dira, inguruan dagoen lursailean leunki egokituz.

–Obren ondorioz aldatutako lursailaren zabaldegiko ertzaren itxiturak (nabeetako bidea eta zabaldegia) eta lursailaren ur-jariatzean askatutako gainazaleko uren bideratzeak ez dute eraginik sortuko alboko lursailetako erabileren mantentzean.

–Obrak hasten direnean, landare lurra aterako da (lurzoruaren geruza emankorra), eta gainerako hondeaketa lurretatik bereiz pilatuko da, gero ezpondetan eta obren eraginpeko azaleretan ezartzeko.

–Garosko Iturriari dagokion tartean lurperatutako hornidura hoditeriaren trazadura aldatuko da, eta bere ordez, bideak edo laborantzarako lurra erabiliko dira, ur-jariatze lerroaren kanpoan, eta iturriaren belardiei eragin gabe.

–Mirandako errepide ondoko ibilbidean, hoditeriak bideko plataforma okupatuko du edo horrekiko modu paraleloan egonen da, ertzetako alboko belardietan eraginik sortu gabe. Lanak bukatzean, zanga berriz ere estaliko da, soberan dauden materialak baimendutako zabortegira eramanen dira edo lursailaren ondoan banatuko dira, larreetan edo ur-jariatze naturaleko lerroan eraginik sortu gabe.

–Hondeaketetako lur soberakinak eta obra hondarrak baimendutako zabortegira eraman beharko dira edo kudeatzailearen esku jarri beharko dira, ezaugarrien arabera; ez dira lurzatian utziko, dagoen landaredia (larrea) ez kaltetzeko.

–Salbuespen gisa, eta bakarrik landare lurzoruei dagokienez, zabaldegiaren, minden urmaelaren edo bidearen eraginpeko eremuan mailaketak eta betegarriak egiten ahal dira.

–Baigorri Iparraldeko Nafarroako Estepako Abifauna Nafarroan Kontserbatzeko Intereseko Eremuaren gaitasuna eta potentzialtasuna mantentzeko, mindaren balorizazio materialerako nekazaritza banaketan errespetatu eginen da urteko eta aldiko erregimena intereseko eremu horretan. Eremu horretan, laborantza egin nahi den lurzatietan bakarrik erabiliko da minda, irailaren hasieratik aurrera, eta ekoizpen aldia uzta jasotzean bukatuko da.

–Edonola ere, eguneratu egin beharko da ustiapenari lotutako simaurrak kudeatzeko plana, Biodibertsitatearen Zerbitzuak intereseko eremu horri buruz xedatzen dituenak barne hartuz.

–Ustiapena maneiatzeko sisteman, eta bereziki garbitasunari, pentsu bidezko elikadurari eta abere hilen kudeaketari dagokienez, aukeren bila dabiltzan animaliak (hegaztiak, karraskariak, azeriak) egotea saihestuko da, inguruetako basa hegaztiak harrapatzen aritu baitaitezke.

–Ezpondak ereinen dira eta zuhaixkak landatuko dira, eta nabeetako ertzeetan zuhaitzak landatuko dira; horretarako, eremuko baldintzetara egokitutako tokiko espezieak erabiliko dira.

–Instalazioetako kanpoko argiztapena irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuaren 3. artikulura egokitu beharko da. Foru Dekretu horren bidez onetsi zen Argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legea garatzen duen erregelamendua. Era berean, gaueko faunari sortutako kalteak murrizteko, kanpoko argiteriak 440 nm-tik beheitiko uhin-luzeren erradiazioa iragaziko du; hau da, berariaz baztertuko dira argi zuri urdinxka zabaltzen duten lanparak (LEDen kasua, LED-anbarra salbuetsita). Nolanahi ere, saihestu eginen da gauean lanekoak ez diren orduetan kanpoko argi guztiak piztuta egotea.

–Obrak hasi baino gutxienez hiru egun aurretik, Lizarra hegoaldeko basozaintzari abisua emanen zaio, proiektuaren eremuan edo inguruan katalogatutako estepako hegazti-faunarik ez dagoela egiaztatzeko; izan ere, hala izanez gero, obran denbora mugak ezartzen ahalko dira.

V. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren adierazpena

Ingurumen eraginaren prozeduraren laburpena.

Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura hasteko, Iñigo Azcona Echavarrik, 2019ko maiatzaren 25ean, Oteitzako Udalean aurkeztu zuen udalerri horretako Matazarra parajean gizentzeko zerrientzako 2.496 plazako instalazioa jartzeko proiektua.

2019ko abuztuaren 1ean (149. Nafarroako Aldizkari Ofiziala) Oteitzako Udalak, baimentzeko organo substantibo gisa, ingurumen eraginaren azterketa eta jarduera sailkatuaren udal lizentziarako aurkeztutako dokumentazioa 30 egunez jendaurrean jartzeko eta eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluei jarraikiz.

Eraginpeko administrazio publikoak diren heinean, kontsulta egin zitzaien Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Ekonomia Zirkularraren Plangintza Estrategikorako eta Kontrolerako Atalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia), Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Jurramendiko Mankomunitateari eta Oteitzako, Aberingo eta Morentingo udalei. Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren eta Oteitzako Udalaren erantzunak jaso ziren. Horrez gain, zortzi pertsona interesdunei kontsulta egin zitzaien, eta inork ez zuen erantzun.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman zuen aurreikusitako jarduketaren inguruan, esanez ez duela eraginik sortzen katalogatutako arkeologia aztarnategietan eta, beraz, hasiera batean ez dagoela eragozpenik jarduera hori ezartzeko; baina obretan zehar hondar arkeologikoren bat detektatuz gero ezarri beharreko komunikazio eta babes prozeduraren berri eman zuten.

Oteitzako Udalak adierazi zuen aurreikusitako kokalekuan proiektatutako jarduera bat datorrela nekazaritzako eta abeltzaintzako ekoizpen ertaineko lurzoru kategoriarekin, hirigintzako udal planeamenduan jasotakoarekin, hain zuzen ere, eta, beraz, erabilera baimentzen ahal dela.

Jendaurreko informazioaren izapidean bi alegazio jaso ziren. Eraginpeko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek emandako alegazioen eta erantzunen edukia agiri honetako VII. eranskinean laburtuta dago.

2019ko irailaren 23an, Oteitzako Udalak espedientea bidali zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusira, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 19. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Horren helburua zen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak espediente teknikoa aztertzea eta ingurumen eraginaren adierazpen arrunta egitea zen.

Azaroaren 26an Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak txostena bidali zuen eta titularrari dokumentazio gehiago eskatu zion, hark azal zezan ingurumen eraginaren azterketan nola hartu zituzten kontuan jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutako alegazioak.

Proiektuaren laburpena.

Zerriak gizentzeko jarduera ezartzea proiektatu da, 2.496 plazarekin. Horretarako, 1.084,5 m²-ko bi nabe eraikiko dira. Abereen kargalekua egonen da nabeen artean, eta aurreko aldean pentsu siloak egonen dira, baita lokal teknikoa (lanabesak gordetzeko biltegia, bulegoa, kontrol gela, komunak eta dutxak ezartzeko, eta gasolio tanga ere izanen duena), lurzatitik kanpoko ur-tanga eta mindak gordetzeko idoia ere.

Nabe biak berdin-berdinak izanen dira, oinplanoa 72,3 x 15 metrokoa izanen dute eta bi isurkiko teilatuko goihabera arteko altuera 5,5 metrokoa izanen da; paraleloan egonen dira, Oteitzako 3. poligonoko 16. lurzatiko burualdean. Horien aurrean, maniobratzeko zabaldegia egonen da, 890 m² inguruko zagorrekin indartua, eta horren ondoan, sarrera lokala egonen da (oinplanoko 7,3 x 7,3 metrorekin eta 4 metroko altuerarekin). Bide bat dago aurreikusita, luzeran 330 metro eta zabaleran 3,5 metro izanen dituena; bide hori lurzatiaren hegoaldetik joanen da, barneko aldetik. Minden putzua lurzatiaren ekialdeko behealdean hondeatuko da, eta xafla plastikoarekin irazgaiztuko da. Urmaelaren sekzioa piramide-enbor formakoa izanen da, eta edukiera gordina 3.417 m³-koa izanen da (oinplanoko 50 x 36 metro eta sakonean 3,5 metro), eta barneko ezpondak 2H:1V-koak izanen dira. Itxitura sanitarioa instalatuko da. Alde batetik nabeak, siloak eta kargalekua itxiko ditu, eta bestetik urmaela.

Ustiategirako sarbidea ekialdean egonen da, Mirandako bidean eta NA-132 errepidean zehar (Lizarra-Tafalla-Zangoza errepidea). Ustiategiko hornidura elektrikorako gasolio bidezko sorgailu autonomoa egonen da. Sare publikotik urez hornitzeko, lurpean egonen den 3.000 metro inguruko hoditeria proiektatu da. Hoditeria horrek Mirandako bideari jarraituko dio errepideko sarbide ondoko puntu bateraino, eta urak biltegi batera eramanen ditu; biltegi hori 14. lurzatiko goialde batean kokatuko da, nabeen ondoan.

Jarduera zerriak gizentzea da. Abereak 20 edo 22 kg-rekin sartuko dira eta 110 kg-rekin aterako dira, guztiak batera hilko dira, eta zikloen arteko hutsune sanitarioa eginen da, nekazaritza banaketaren arabera. Proiektuaren barnean, simaurrak ekoizteko eta kudeatzeko plan bat dago, simaurren balorizazio materiala aurreikusten duena.

Ingurumen eraginaren azterlanaren laburpena.

Izapidetzean ingurumen eraginaren azterketa egin da, jarduera sailkatuaren proiektuan aurkeztutako dokumentazioarekin bat datorrena. Egokiena delakoan aukeratutako kokalekua jaso da, eta erabakia hartzeko baldintzatzailetzat jo dira baldintza sanitarioak, herriguneetatik urrun egotea, nekazaritza banaketarako mindak balorizatzea eta etorkizunean gunea handitu ahal izatea.

Azterlanean, alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak, ezartzean eta funtzionamenduan jartzean izan ditzakeen inpaktuak identifikatzen eta deskribatzen ditu, proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko neurriak ezarriz. Azterlanean, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren inpaktu nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki, jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.

Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa.

Ustiategia Oteitzako herritik hegoaldera 2.800 metro ingurura kokatuta egonen da, eremu uhindun batean. Bertan lehorreko zereal soroak daude eta behinola lurzati berrantolamendua egin zen. Garriga hondarrak daude haitzetan eta aldapa handienetan, txaparrarekin, elorri-triskarekin eta ezkaiarekin.

Nabeak mendebaldean daude, lurzatiaren burualdeko muino baten gainean, eta aldapa ekialdera eta iparraldera jaisten da. Idoia ipar-ekialdean dago, erdialdeko ibarbidearen ondoan. Nabeetako zabaldegia berdinduz desnibela konpentsatzea proiektatzen da, 5 metro ingurukoa, eta horretarako betelana eginen da okupazioaren ekialdean, urmael hondeaketan soberan geratutako bolumena aprobetxatuz.

Nabeak lurzatiaren mendebaldean kokatuta daudenez eta topografia irregularra denez, lur-mugimendu gehigarriak egin behar dira, nabeetara sartzeko barneko bidean sestraren gutxieneko baldintzak definitzeko, eta bideak sortutako ezponden eta zabaldegiaren arteko ingurumen integraziorako neurriak gehitu behar dira. Ikusirik alboko jabearen laborantzako lurzatien ondoan dagoela, bermatu egin behar da ezpondak integratuta daudela eta jariatze-uraren kontzentrazioa bideratuta dagoela, inguruko lursailetako drainatzean eraginik sortu gabe.

Aztertu den beste alderdi garrantzitsu bat uraren hoditeria trazadurari dagokiona da; ur-hoditeria hori hornidura sare publikotik dator, eta Mirandako bideak N-132 errepidearekin (Oteitza ondoan) bat egiten duen lekutik hurbil proiektatu da, luzeran 3.000 metro inguru izanen dituen lurpeko hoditeria baten bidez. Zangak Mirandako bide baten alde bat okupatzen du, eta azken tartean ubideetatik desbideratzen da, Garosko iturriaren norabidean. Azken tarte horretan, zeina drainatze zaharrak eta iturri naturalak okupatzen duten ubideei dagokien, eraginaren azterketan aurreikusitako neurriez gain beste batzuk ezartzen dira balio naturalak babesteko.

Proiektatutako eremua nekazaritzako lurzati batean dago, estepako abifauna kontserbatzeko garrantzizko eremu batean: “Baigorri Iparraldea”, garrantzi handikoa. Bertan, nabarmentzekoa da basoilo txikia (Tetrax tetrax), “Galzoriko espeziea” kategoria duena Nafarroako espezie mehatxatuen katalogoan, baita atalarra ere (Burrhinus oedicnemus), katalogatu gabea; inguruan azkenaldian ez da horrelakorik ikusi. Hala ere, neurriak ezartzen dira espezie horiek bizirik jarraitzeko baldintza potentzialak mantentzeko.

Nabeak laborantza lurretan kokatuta daudela kontuan hartuz, eta instalazioan balio naturalik ez dagoenez, ez da inpaktu garrantzitsurik sortuko deskribatu direnez aparte, eta horietarako neurri zuzentzaileak ezarri dira. Lursailean sartzeko bide publikoa erabiltzen da, eta hornidura elektrikoa gasoliozko sorgailu autonomo baten bidez eginen da.

Proiektuak, jarduera sailkatua izapidetzeko espedientean, jarduera eta sektore horretarako erreferentziazko neurri zuzentzaileak jasotzen ditu, jardueraren diseinuari eta funtzionamenduari lotutako ondorio kaltegarri garrantzitsuenak prebenitzeko. Neurri zuzentzaileak, hondakinak garraiatzea eta jarduketa inguruan berriz ere landaketak egitea izanen dira.

Dokumentazioaren II. eranskinean, proiektuak gehitu egin du klimatologia apartatua. Horretarako, haizeak aztertu dira, eta bertan zehazten da, iparraldetik eta ipar-mendebaldetik datorren ziertzoa dela nagusi den haizea. Horrek, azterketaren arabera, murriztu eginen luke instalazioko usainek Oteitzan, hurbilen dagoen herrian, izanen luketen eragina. Gainera, jarduera osagarri gisa, herriguneko laborantza lursailetara minda banatzeko egunak ez dira izanen nagusi diren haizeek usaina herrietara eramaten dutenak. Era berean, minden urmaeleko edukiera instalaziorako ezarritako gutxienekoa baino askoz handiagoa da, eta, horrenbestez, errazagoa izanen da etorkizunean handitzea.

Ingurumen eraginaren azterketa eta IEA txosten hau berrikusi ondoren egiaztatu da hauek direla kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak, gizakien erabileretan, pertzepzio-ingurunean, azaleko uretan eta habitatetan inpaktuak sortzen ahal dituztelako: baliabideen kontsumoa, airearen, lurzoruaren eta uren kalitatearen kontrola (jarduera sailkatuaren espedientean ebaluatzen direnak), geometria lurzatien topografiara egokitzea, soberan dauden lurrak kudeatzea, gaueko zerura argia emititzea eta paisaiaren gaineko inpaktua.

Paisaiari dagokionez, proiektuan jasotako aldaketak ez du eragin nabarmenik izanen paisaian, izan ere, irisgarritasun bisuala mugatua da, herriguneetatik edo maiz erabiltzen diren errepideetatik urruti dago eta bateragarria da inguru horretako erabilerarekin eta nekazaritza eta abeltzaintza paisaiekin.

Espedientearen ingurumen eraginaren azterketa teknikoaren ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen eta paisaia ondorioak), Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura zuzen gauzatu dela eta obrek ez dutela inpaktu larririk sortuko ingurumenean, behin ingurumen eraginaren azterketako neurri zuzentzaileak eta ebaluaziotik eratortzen diren neurri osagarriak aplikatu ondoren.

VI. ERANSKINA

Jendaurreko informazioa eta kontsultak

Jendaurreko informazioaren izapidean aurkeztutako alegazioak eta horien erantzuna.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoarekin bat, Oteitzako Udalak, organo substantiboaren eginkizunak betez, titularrak aurkeztutako proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa jendaurrean jarri zituen hogeita hamar eguneko epean.

Epe horretan alegazioak aurkeztu ziren. Eranskin honetan gehitu da alegazioen laburpena eta horiei emandako erantzuna, bakarrik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoak diren alorrei dagokienez.

Alegazioen eta erantzunen laburpena, bakarrik Biodibertsitatearen Zerbitzuaren eskumenekoak diren alorretan

Jesus Javier Mateo de Miguel jaunak 2019ko irailaren 16an aurkeztutako alegazioak:

Bigarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Alegazioan jasota dago proiektuan ez dela agertzen instalazioetara sartzeko modua, ezta jarduerak errepideen sarean sortuko duen trafikoa ere, eta, horrenbestez, ezin dela jarduerak inguruko abeltzaintza estentsiboan edo ehizan sortuko duen inpaktua baloratu, ezta bidea egitean sortuko den inpaktua ere. Adierazten du ezen, ustiategia antolatu den moduan, bideari itxuraz legokiokeen soluzioak muga eginen lukeela bere jabetzako lurzatiarekin. Horregatik guztiagatik, instalazioen kokapena eta antolamendua aldatu beharko liratekeela adierazten du.

Bestalde, inguruko hegazti-faunan sortzen ahal diren inpaktuak kontuan hartzeko eskatu zuen.

Erantzuna:

Azkenean, ustiategirako sarbidea 4. eranskinean jasotako moduan eginen da. 4. eranskina neurri zuzentzaileen planoari buruzkoa da, eta 2019ko ekainean aurkeztutako dokumentazio osagarriaren arabera egin zen. Hala, sarbidea finkaren hego-ekialdean egonen da, eta alegazioan aipatutako 12. eta 13. lurzatiei ez die eraginik sortuko. Bestalde, neurri zuzentzaileak ezartzean, eraginaren ebaluazioak kontuan hartu ditu sarbidea egokitzeari lotutako alderdiak, eta ez dago zailtasun berezirik horretarako.

Hegazti-faunaren gaineko inpaktuari dagokionez, alegazioan aipatu baitzen, ingurumen eraginaren adierazpenean hegazti-fauna babestearekiko bateragarritasuna errazteko neurriak jaso ziren, bai kokalekuan bai lurralde planean.

Bosgarren eta zazpigarren alegazioak.

Alegazioaren laburpena:

Alegatzaileak adierazi zuen ingurumen eraginaren azterketan ez zirela ebaluatu Oteitzako bizitegi eta turismo erabilerari eragiten dioten ondorio sozioekonomikoak, ez baitziren kontuan hartu usainen efektuak eta herritik ikusten den paisaiaren gaineko inpaktua. Horren arabera derrigorrezkoa izan beharko litzateke usainen kudeaketa plan osoa egitea, airearen kalitatea bermatzeko.

Erantzuna:

Paisaia-inpaktuari dagokionez, dokumentazio osagarrian, neurri zuzentzaileen planoan, okupazioaren iparraldeko, hegoaldeko eta ekialdeko mugetan, perimetroan zuhaitzak landatzea aurreikusita dago. Hala, instalazioan pantaila jarriz hura paisaian integratzeko neurriak ezarriko lirateke, eta herriaren distantzia eta eraikinen ezaugarriak kontuan hartuz neurri hori nahikotzat jotzen da.

Zortzigarren, bederatzigarren, hamargarren eta hamaikagarren alegazioak.

Alegazioaren laburpena:

Alegatzaileak dio abeltegia jartzeak ondorio negatiboak izanen lituzkeela turismo eta kultur sustapenean. Izan ere, abeltegia interes turistikoko zenbait espaziotatik hurbil kokatuko litzateke eta Oteitzako eta Lizarrako eremuko garapen eta jasangarritasun estrategia kaltetuko litzateke; despopulazioak jotako aldea da, eta proiektuaren eraginpeko eremuan kokatutako baliabide naturalak eta historikoak sustatzen ari dira.

Erantzuna:

Proiektuaren inpaktu sozioekonomikoa ezartzeko, kontuan hartu behar dira bosgarren eta zazpigarren alegazioei emandako erantzunak. Oteitza landa eremuan dago, eta izapidetzen ari den proiektuak jarraitutasuna ematen dio inguru horretako nekazaritza eta abeltzaintza bokazioari. Gainera, herritik 2,9 km-ko distantzia dago, eta hori nahikoa da herritarrenganako kalteak murrizteko. Hala ere, horri dagokionez, udal txostena eskatu da, eta Oteitzako Udalak, baimentzeko organo substantiboa den heinean, neurriak edo gogoetak ezartzen ahalko ditu.

Hamabigarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Alegatzaileak dio kokalekuak potentzial natural garrantzitsua duela eta aberastasun ezaguneko zenbait ekosistema konektatzen dituen espazioa dela.

Erantzuna:

Kokalekuaren naturaltasunaren ebaluazioak eta aipatutako habitatetan, ekosistemetan eta espazioetan egindako ekarpena behar den moduan jaso eta kontuan hartu dira ingurumen eraginaren ebaluazioan.

Amaia Aisa Asiain andreak aurkeztutako alegazioak, M.ª Remedios Asiain Echeverria andrea ordezkatuz, 2019ko irailaren 16an:

Lehen alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Proiektuaren aurka adierazten du fruta-arbolak landatu nahi dituela erregimen ekologikoan eta ez duela uste hori bateragarria denik aurreikusitako jarduerarekin, zeina bere lurzatiaren mugakidea bailitzateke.

Erantzuna:

Araudi berezi bat aplikatuz nekazaritza ekologikoan aplikatzen ahal diren baldintzak ez dira izapide honetan ebaluatu behar.

Laugarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Alegazioa jardueraren usainei buruzkoa da, eta bereziki aipatzen ditu mindaren banaketan sortzen diren usainak.

Erantzuna:

Jesus Javier Mateo de Miguel jaunak aurkeztutako bosgarren eta zazpigarren alegazioen erantzuna berretsi zen.

Bosgarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Alegazioan adierazi zen, horrelako abeltegi batek hornidurarako ur kontsumoa handia duela, eta hori kontuan hartu behar dela, bermatzeko, funtzionatzen dagoenean, udalerriko horniduran ez dela eraginik sortuko.

Erantzuna:

Ustiategirako ur-emaria Jurramendiko Mankomunitatetik etorriko da, eta hark ezarriko ditu ur-aprobetxamendua emateko baldintzak eta aukerak. Horrez gain, kontrol eta zaintza programa bat dago, eta bertan alferrik urik ez galtzeko neurriak daude jasota: besteak beste, instalazioen ikuskapenak eta aldizkako mantentzeak.

Alegazioen laburpena eta erantzunak, bakarrik Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren eskumenekoak diren alorretan.

Jesus Javier Mateo de Miguel jaunak 2019ko irailaren 16an aurkeztutako alegazioak:

Lehen alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Lehenengo alegazioan hiru alderdi hauek jasotzen dira:

–Proiektuan ez da kontuan hartu Oteitzako 3. poligonoko 12. lurzatian putzu bat dagoela, proiektatutako instalaziotik hurbil.

–Era berean, adierazten du ez dela kontuan hartu ustiapenak akuiferoan eta bere jabetzako laborantzako lurzatietan ondorio kutsatzaileak sortuko dituela; izan ere, ur-jariatzeak direla-eta hondakinak iristen ahal direla.

–Alegatzen du ez dela idoiaren edukiera kontuan hartu, ezta euri-urak biltzeak nola eragiten ahal duen bere lurzatian eta akuiferoan.

Erantzuna:

Ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dira, instalazioek inguru naturalean sortutako kalteak ahalik eta txikienak izan daitezen. Dekretu horren III. eranskinaren arabera, abeltzaintzako instalazioak hornidura publikoko erabileretarako putzuetatik, iturburuetatik eta urtegietatik gutxienez 35 metrora egon behar dira. Alegatzailearen putzuaren eta nabeak proiektatutako lurzatiaren arteko distantzia kalkulatu da, eta 35 metro baino gehiagokoa da.

Proiektuan aurreikusita dago hormigoizko zuloak eraikitzea, ekoizpen lekuan mindak jasotzeko. Zulo horietatik, mindak, grabitatearekin, kanpoko minden urmaelera ebakuatuko dira PVCzko hodi baten bidez. Barneko zuloak eta minden hoditeria iragazgaitzak dira, eta, beraz, ez da filtraziorik egonen. Sistemak sabaia izanen du, eta, beraz, ez dira nahastuko euri-urak eta hondakinak.

Foru Dekretuaren 7. artikuluko 2a) apartatuaren arabera, sortutako hondakinen biltegiratze edukiera, gutxienez, lau hilabetean sortutako hondakinena izanen da, simaurrak sortzeko eta kudeatzeko planean kalkulatutakoa, hain zuzen ere. 4. apartatuan jasota dago biltegiak % 10eko edukiera osagarria izan behar duela. Artikulu beraren 6a) apartatuan xedatuta dago biltegiratze edukiera kalkulatzeko kontuan hartuko dela euri-uren ekarpena, eta inguruko urteko batez besteko euri-kopuruaren % 33ko bolumena gehituko dela, 25 urteko itzulera aldiarekin.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 28ko 234/2005 Foru Aginduan Nafarroako abeltegietan simaurra sortu, bildu eta kudeatzeko baldintzak ezartzen dira.

Sustatzaileak simaurrak kudeatzeko plana aurkeztu du, bere ustiapenaren ezaugarrietara egokituta. Kalkuluen arabera, 2.647,57 t minda sortuko dira. Kalkuluen arabera, urmaelean 1028 l euri-ur jasoko dira. Urmaelaren edukiera 1.225,19 l baino gehiagokoa izan behar da indarrean dagoen araudia betetzeko.

Proiektuan jasota dago mindak biltzeko urmaela eraikiko dela, 4.417 m³-koa (edukiera erabilgarria 3.975 m³-koa izanen da). Lur-azpian eta iragazgaiztuta egonen da, EPDM materialeko edo antzeko material bateko xafla batekin. Xaflaren eta lurraren artean drainatze sare bat instalatuko da, eta horren bukaeran kontrol kutxatila bat egonen da, isuri posibleak detektatzeko.

Proiektatutako urmaelak gaur egun edukierari, irazgaiztasunari, egonkortasun mekanikoari eta istripuak saihesteko segurtasun neurriei buruz ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Hirugarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Ez da aurkeztu abeltegiak sute edo istripu posibleen aurrean ezarriko duen larrialdi edo segurtasun planik, eta horiek, hondakinak edo gasolio isuriak direla-eta kutsadura arazoak sortzen ahal dituzte.

Erantzuna:

Instalazio honetarako ez da behar funtzionamendu ez-ohikoa gertatzean ezarri beharreko jarduketa planik (horren barne daude ingurumen larrialdi bat gertatuz gero ezarri beharreko neurriak).

Proiektuan aurreikusita daude neurri zuzentzaile eta baldintza tekniko guztiak, uretan eta airean emisiorik ez egiteko, hondakinak zuzentasunez kudeatzeko (mindak barne) eta uretan edo lurzoruan kutsatzeak sortzen ahal dituzten substantziak biltzeko (gasolioa barne), araudiak ezarritakoaren arabera.

Ez dago abeltegiek izan beharreko suteen kontrako babes neurriak arautzen dituen araudirik. Hala ere, proiektuan babes zibilak sortutako neurriak jaso dira.

Laugarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Ez da egin ekoizpen zikloan erabilitako antibiotikoen eta zoosanitarioen estimaziorik, eta datu hori ingurumen eraginaren adierazpenean agertu behar da.

Erantzuna:

Proiektuan aurreikusita dago produktu zoosanitarioak eta horiek gordetzeko ontzien hondakinak nola gorde eta kudeatuko diren, indarrean dagoen araudiarekin bat.

Bosgarren eta zazpigarren alegazioak.

Alegazioaren laburpena:

Alegatzaileak adierazi zuen ingurumen eraginaren azterketan ez zirela ebaluatu Oteitzako bizitegi eta turismo erabilerari eragiten dioten ondorio sozioekonomikoak, ez baitziren kontuan hartu usainen efektuak eta herritik ikusten den paisaiaren gaineko inpaktua. Horren arabera, derrigorrezkoa izan beharko litzateke usainen kudeaketa plan osoa egitea, airearen kalitatea bermatzeko.

Erantzuna:

2019ko abenduan, titularrak jendaurreko informazioaren izapidean egindako alegazioei erantzun zien, eta dokumentazio osagarriko 2. eranskina aurkeztu zuen. Dokumentu horretan haize nagusiak ezaugarritzen dira, ipar-ekialdekoak, eta kalkuluen arabera, ustiategiko usainek herrietan izanen duten eragina txikia izanen da, haizearen norabidean hurbilen dagoen herria (Larraga) 7 km baino urrutiago baitago. Dokumentuan aurreikusita dago jardueran neurri osagarriak ezarriko direla, minden banaketak sortutako usainek herrietan izanen dituen ondorioak murrizteko.

Seigarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Ez da kontuan hartu inguruan abere ustiapenak daudela, ezta ere inguruan abeltzaintza intentsiboko abeltegien ugaritasunak sortutako inpaktuaren ebaluazioa.

Erantzuna:

Abeltzaintza Zerbitzuaren txostenaren arabera, instalazioak Estatuan eta Foru Komunitatean antolamendu zooteknikoari buruz dagoen araudia betetzen du, abeltzaintzako instalazioen arteko distantziei dagokienez.

Amaia Aisa Asiain andreak aurkeztutako alegazioak, M.ª Remedios Asiain Echeverria andrea ordezkatuz, 2019ko irailaren 16an.

Bigarren eta zazpigarren alegazioak.

Alegazioaren laburpena:

Alegazio horien bidez esan zuten ez zeudela ados zerriak gizentzeko ustiapen instalazioarekin, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren alorretik kanpoko arrazoiak direla-eta.

Erantzuna:

Gure eskumenen barneko alegazioak erantzunen ditugu.

Hirugarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Alegatzailearen ustez, horrelako ustiapenei abeltegi deitzea oker dago, izan ere, industria izaera dute, eta egiaz, usaina, zarata eta kutsadura sortzen duten fabrikak dira.

Erantzuna:

Proiektatutako ekoizpen jarduerak sortutako zarata eta kutsadura murrizteko derrigorrezko neurriak baloratu dira. Biek betetzen dute araudia.

Laugarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena:

Alegazioa jardueraren usainei buruzkoa da, eta bereziki aipatzen ditu mindak banatzean sortzen diren usainak.

Erantzuna:

Jesus Javier Mateo de Miguel jaunak aurkeztutako bosgarren eta zazpigarren alegazioen erantzuna berretsi zen.

Seigarren alegazioa.

Alegazioaren laburpena.

Mota horretako abeltegiak akuiferoak, lur-azpiko urak eta putzuak kutsatzen dituzten iturri nagusiak dira. Kutsadurak lurzoruen emankortasuna kaltetzen du.

Erantzuna:

Proiektuan aurreikusita dago hormigoizko zuloak eraikitzea, ekoizpen lekuan mindak jasotzeko. Zulo horietatik, mindak, grabitatearekin, kanpoko minden urmaelera ebakuatuko dira PVCzko hodi baten bidez. Barneko zuloak eta minden hoditeria iragazgaitzak dira, eta, beraz, ez da filtraziorik egonen. Sistemak sabaia izanen du, eta, beraz, ez dira nahastuko euri-urak eta hondakinak.

Proiektuan jasota dago mindak biltzeko urmaela eraikiko dela, lur-azpian egonen dena eta iragazgaiztuta egonen dena EPDM xafla batekin edo antzekoarekin. Xaflaren eta lurraren artean drainatze sare bat instalatuko da, eta horren bukaeran kontrol kutxatila bat egonen da, isuri posibleak detektatzeko. Proiektatutako urmaelak gaur egun edukierari, irazgaiztasunari, egonkortasun mekanikoari eta istripuak saihesteko segurtasun neurriei buruz ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Sustatzaileak simaurrak kudeatzeko plana aurkeztu du, bere ustiapenaren ezaugarrietara egokituta, eta horren barne dago mindak nekazaritza lurzatietako ongarri gisa baliaraztea. Planak indarrean dagoen sektoreko araudia betetzen du.

Iragarkiaren kodea: F2007191