165. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Turismoko ostatuetarako lizentziak etetea

Honen bidez aditzera ematen da ezen Erriberriko Udalak, 2020ko ekainaren 30ean egin bilkuran, turismoko ostatuekin loturiko hirigintza-lizentziak eteteko erabakia hartu zuela. Honela dio erabakiak:

Azken hilabeteotan hirigintza-lizentzia asko eskatu dira gure hirian hainbat bizitegi turismoko ostatu gisa gaitzeko. Udalbatzak Hirigintzako Udal Plana aldatzeko asmoa du, ostatu horien hirigintzari eta eraikuntzari buruzko alderdiak arautzeko.

Egia da aipatu jarduera izan daitekeela, Erriberrirentzat, turismoaren arloko beste baliabide bat, bisitariei eskaintzeko; baina egia da, baita ere, gauza berria dela eta araudirik ez dagoela ezarpena neurririk txikienenean ere erregulatzeko. Bizitegi-erabilera horiek erregulatzeko araudia izatearen beharraz jabetuta, hura premiazkoa baita eraikuntzako elementuen ikuspuntutik zein bizigarritasunari buruz bete beharreko gutxienekoei begira, baita sartzeko baldintzei, kokapenari, erabilera horietarako ukatutako eremuei –hala denean– eta kontuan hartu beharrekoak diren bestelako elementuei ere begira, dagokion azterketa egin ondoren zehaztekoak direnak, bidezko jotzen da hirigintza-lizentziak etetea, onetsi behar den araudia hutsala izan ez dadin.

Aipatu eteteak babesa du uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsi zuen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 70.1 artikuluan. Artikulu horretan jasotzen denaren arabera, hirigintzako planak onesteko eskumena duen administrazioak aukera du, horiek onetsi baino lehen, lizentzien ematea eteteko, eremu eta erabilera jakin batzuetarako egin nahi diren lurren partzelazioen, eraikitzeen eta eraispenen kasuan. Helburua da aipatu planak aztertzea, horiek prestatzeko edo aldatzeko, alderdi horiek guztiak garbi zehaztuta.

Etetea izanen da Hirigintzako Udal Plana aldatzeko hartu beharreko denbora bitartean, hori aztertu, prestatu eta tramitatzeko behar den epean, alegia, gehienez urtebetez (goian adierazitako testu bateginaren 70.3 artikuluari jarraikiz), asmoa baita aipatu turismoko ostatuak egoki arautzea.

Horregatik,

ERABAKITZEN DA, aho batez:

1. Etetea espazio eta lokalak turismoko ostatu gisa prestatzeko eraikitze, birgaitze, eraberritze edo egokitzeko eraikuntzako hirigintza-lizentziak, hirigune osoan.

2. Bereziki honako hauek ukituko ditu eteteak: hirigune historikoko hiri-lurzoru finkatuko unitate guztiak eta UC1 unitatetik UC12ra bitartekoak; hiri-lurzoru finkatugabekoak, UER1 unitatetik UER16ra bitartekoak eta UEI1 eta UEI2 unitateak; jarduketa asistematikoko areak, AA1 areatik AA4ra bitartekoak; eta plana onetsita duten areak, APA1 areatik APA5era bitartekoak.

3. Nahitaezko iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Erriberrin, 2020ko ekainaren 30ean.–Alkatea, Maite Garbayo.

Iragarkiaren kodea: L2007303