164. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

16/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, departamentu horretako bulegoen egitura garatzen duena.

ATARIKOA

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen, eta abuztuaren 14ko 86/2019 Foru Dekretuaren bidez, berriz, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren oinarrizko egitura.

Era berean, urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez ezarri zen Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa. Bertan egitura arautzen da atalaren mailaraino.

Foru dekretu horietan xedatutakoa ikusita, beharrezkoa da atala baino beheragoko unitateen eta bulegoen egitura egokitzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru agindua beharko dela.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut:

I. KAPITULUA

Xedea eta egitura orokorra

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen xedea da Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura bulego mailan garatzea.

2. artikulua. Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu egituran:

–Administrazio Laguntzako Bulegoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari atxikia.

–Paisaiaren Bulegoa, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari atxikia.

–Landa Lurzoruaren Bulegoa, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari atxikia.

–Udalez Gaindiko Planen Bulegoa, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari atxikia.

–Hirigintzaren arloko Lankidetza Bulegoa, Hirigintza Atalari atxikia.

3. artikulua. Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak bulego hauek ditu egituran:

–Eraikuntza arloko Espedienteak Tramitatzeko Bulegoa, Eraikuntza Atalari atxikia.

–Hiriak Birgaitu, Berritu eta Berroneratzeko Bulegoa, Eraikuntza Atalari atxikia.

–Etxebizitzak Finantzatzeko Bulegoa, Laguntzen eta Plangintzen Atalari atxikia.

–Errentamendu Babestuaren Bulegoa, Laguntzen eta Plangintzen Atalari atxikia.

II. KAPITULUA

Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia

4. artikulua. Administrazio Laguntzako Bulegoa.

Administrazio Laguntzeko Bulegoak, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zerbitzuko zuzendaritzari lagundu eta harekin elkarlanean aritzea.

b) Atal eta bulegoen lan administratiboa antolatzea.

c) Zerbitzuari atxikitako ibilgailuen erabilera eta mantentzea kontrolatzea eta antolatzea.

d) Zerbitzuari buruzko agirien sarrera-irteerak kontrolatu eta erregistratzea.

e) Kanpoko eta telefono bidezko eskaerei arreta ematea.

f) Aurrekontuen betetze-mailaren egoera-orriez arduratzea.

g) Zerbitzuaren artxibo, liburu eta agiriak kudeatu eta kontrolatzea.

h) Zerbitzuko artxiborako eta planeamenduaren erregistrorako sarbidea kontrolatzea.

i) Zerbitzuan tramitatutako espedienteen kudeaketa eta kontrola.

j) Zerbitzuaren jardueren estatistika eta adierazleak lantzea.

k) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

5. artikulua. Paisaiaren Bulegoa.

Paisaiaren Bulegoak, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako paisaiari buruzko estrategia garatzea.

b) Paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko ekintzak garatzea eta aplikatzea.

c) Paisaia kudeatzeko irizpideak eta jarraibideak aplikatzea.

d) Paisaiak lehengoratzeko, birgaitzeko eta hobetzeko neurriak garatzea eta aplikatzea.

e) Paisaiaren arloan sentsibilizatzeko neurri berariazkoak ezartzea eta garatzea.

f) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

6. artikulua. Landa Lurzoruaren Bulegoa.

Landa Lurzoruaren Bulegoak, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Lurzoru urbanizaezinari lotutako hirigintza planeamenduko proposamenei buruzko txostenak egitea.

b) Lurzoru urbanizaezinetan jarduera eta erabilerak baimentzeko espedienteei buruzko txostenak egitea.

c) Hirigintza planeamendurik gabeko toki entitateetan jarduketak baimentzeko espedienteei buruzko txostenak tramitatzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste erakunde batzuei, erakunde publikoei eta toki entitateei aholku ematea, lurzoru urbanizaezinaren babesarekin eta kudeaketarekin loturik.

e) Lurzoru urbanizaezinaren erabilera eta jarduerari buruzko kontsulta pribatuei erantzutea.

f) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

7. artikulua. Udalez Gaindiko Planen Bulegoa.

Udalez Gaindiko Planen Bulegoak, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Esku-hartzeko proposamenak prestatzea eta aztertzea eskualdeetan.

b) Udalez edo eskualdez gaindiko planeamendu proposamenei buruzko txostenak egitea.

c) Zerbitzuko gainerako unitateei aholku ematea, udalez gaindiko planeamenduari buruz.

d) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

8. artikulua. Hirigintzaren arloko Lankidetza Bulegoa.

Hirigintzaren arloko Lankidetza Bulegoak, Hirigintza Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Txostenak eta ebazpen proposamenak prestatu eta tramitatzea udalen hirigintza planeamendua prestatu eta onesteko.

b) Toki entitateei eta beste organismo publiko batzuei laguntza eta aholkularitza teknikoa ematea, hirigintza planeamenduaren arloan.

c) Jarraipeneko batzordeetan parte hartzea.

d) Udalen hirigintza-planak egiteko eta onesteko etapa guztietan aurreikusitako epeak kontrolatu eta haien jarraipena egitea.

e) Laguntza teknikoa ematea hirigintzako legezkotasuna babesteko espedienteetan.

f) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

III. KAPITULUA

Etxebizitza Zuzendaritza Nagusia

9. artikulua. Eraikuntza arloko Espedienteak Tramitatzeko Bulegoa.

Eraikuntza arloko Espedienteak Tramitatzeko Bulegoak, Eraikuntza Atalari atxikirik, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Espedienteak hartzea eta kudeatzea eta komunikazioak igortzea etxebizitza librearen, etxebizitza babestuaren eta etxebizitzak zaharberritzearen arloan, baita bestelako espediente batzuk ere.

b) Ahozko eta idatzizko kontsultei eman beharreko arreta antolatzea, etxebizitzaren arloan edo lehen adierazitako espedienteen arloan.

c) Etxebizitzen zentsuari buruzko informaziorako laguntza ematea.

d) Eraikuntza Atalaren berezko arloetan laguntza administratiboa antolatzea.

e) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

10. artikulua. Hiriak Birgaitu, Berritu eta Berroneratzeko Bulegoa.

Hiriak Birgaitu, Berritu eta Berroneratzeko Bulegoak, Eraikuntza Atalari atxikirik, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Birgaitze babestuko espedienteetan txostenak eta proposamenak tramitatzea.

b) Lehentasunez birgaitu beharreko eremuei buruzko txostenak eta proposamenak egitea.

c) Esku-hartze orokorreko proiektuen espedienteen txostenak eta proposamenak egitea.

d) Birgaitze bulegoei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea.

e) Birgaitze, berrikuntza eta hiri-berroneratzeari buruzko arauak edo gai teknikoak aldatzeko proposamenak egitea.

f) Araudi konparatua aztertzea.

g) Herritarren partaidetza bideratzeko prozesuak gauzatzea etxebizitzen birgaitze arloko politika publikoak diseinatu eta burutzean.

h) Nafarroako Foru Komunitatean birgaitze babestuaren arloan dauden behar teknikoak eta aurrekontu-beharrak planifikatzea.

i) Web-orrian birgaitzearekin zerikusia duten araudia eta gainerako gaiak gaurkotzea.

j) Dibulgazio eta informazio kanpainak proposatzea, bere eskumenen arloan.

k) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

11. artikulua. Etxebizitzak Finantzatzeko Bulegoa.

Etxebizitzak Finantzatzeko Bulegoak, Laguntzen eta Plangintzen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Etxebizitza babestuen, etxebizitzen zaharberritze babestuen eta antzekoen espedienteetan aplikatzekoak diren dirulaguntza pertsonalak tramitatzea.

b) Etxebizitza babestuen maizterrendako dirulaguntzak edo errentariendako laguntzak tramitatzea.

c) Maileguak esleitzeko espedienteak tramitatzea, etxebizitzaren arloan babesa jaso dezaketen jarduketei aplikatzekoak, eta horiek aitortzea, horien maileguak eratzea eta jarraipena eta estatistikak egitea, finantza entitateekin formalizatu ondoren.

d) Eduki ekonomikoa edo administratiboa duten espedienteak, etxebizitzen eskualdaketei eta fidantza emateei buruzkoak, tramitatzea.

e) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

12. artikulua. Errentamendu Babestuaren Bulegoa.

Errentamendu Babestuaren Bulegoak, Laguntzen eta Plangintzen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Errentamendu babestuarengatik ematen diren dirulaguntzak ordaintzeko espedienteen txostena eta proposamena egitea.

b) Errentamendu babestuaren kontratuen bisak tramitatzea.

c) Errentamendu babestuari datxezkion eskubide eta betebeharrei buruzko informazioa ematea herritarrei.

d) Etxebizitza babestuak errentatzen dituzten enpresei aholkularitza eta laguntza administratiboa ematea.

e) Etxebizitzarako eskubide subjektiboaren espedienteen kudeketa.

f) Herritarren partaidetza bideratzeko prozesuak gauzatzea, errentamendu babestuaren arloko politika publikoak diseinatu eta burutzean.

g) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona.

Lehen xedapen gehigarria.–Bulegoak kentzea.

Bulego hauek kentzen dira:

–Diziplinaren eta Kontrol Juridikoaren Bulegoa, Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikita.

–Etxebizitzen Kontrol Juridikorako eta Bitartekotzarako Bulegoa, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Etxebizitzaren Araubide Juridikoaren Atalari atxikita.

Bigarren xedapen gehigarria.–Bulegoak sortzea.

Bulego hauek sortzen dira:

–Hiriak Birgaitu, Berritu eta Berroneratzeko Bulegoa.

–Errentamendu Babestuaren Bulegoa.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Izendapenak.

Foru agindu hau atera baino lehen Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan zeuden bulegoburutzen izendapenak berresten edo tinkotzen dira, egin ziren baldintza beretan. Halaber, bulego horiek haien izenari eutsiko diote foru agindu honek ezartzen duen bulegoen egituran.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauen indargabetzea.

Indargabetu egiten dira foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta zehazki:

–Eskubide Sozialetako kontseilariaren abenduaren 15eko 305/2015 Foru Aginduaren 11. artikulua eta III. Kapituluko 2. atala (foru agindu horren bidez departamentu horretako eta haren erakunde autonomoetako bulegoen eta atala baino maila beheragoko unitateen egitura garatu zen), baita horretan foru agindu honetan ezarritakoari aurka egiten dion beste edozein xedapen ere.

–Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 22ko 456/2016 Foru Aginduaren 58., 59., 60., 60 bis eta 62. artikuluak, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak onetsi zituena, baita foru agindu honetan ezartzen denaren aurka egiten duen foru agindu horren beste edozein xedapen ere.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko ekainaren 29an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2006854