163. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 23a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

36/2020 FORU AGINDUA, uztailaren 22koa, Osasuneko kontseilariak emana, Mendillorri auzoan (Iruña) prebentzio neurriak hartzen dituena COVID-19aren egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratzen duena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen dituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta daitezkeen berragertzeak prebenitzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerarako egokiak direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabaki hau aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki honetan ezarritakoen neurri gehigarri, osagarri edo murriztaileak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Nafarroako egoera epidemiologikoaz egin duen txostenaren arabera, Mendillorrin dagoen egoera epidemiologikoa ikusirik, komeni da bertan lehenbailehen hartzea berariazko neurri batzuk, foru agindu honetan zehazten direnak, agerraldia geldiarazten dela ziurtatzeko eta kutsapen gehiago ekiditeko, Nafarroako biztanleen osasun publikoa arriskuan jar dezaketelako; izan ere, gertatzen ari diren kasu batzuek adieraz dezakete transmisio komunitario baten hasiera dela, hein batean kontrolatuta dauden agerraldiak baitira.

Neurri hauek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b letra) eta jarduerak bertan behera uztea (d letra).

Era berean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.6 artikuluaren bigarren paragrafoan ezartzen da administrazioarekiko auzien epaitegiei dagokiela osasun agintariek osasun publikoari begira presakotzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak judizialki baimentzea edo berrestea, neurri horiek askatasuna edo oinarrizko beste eskubide batzuk kentzen edo mugatzen dituzten kasuetan.

Edonola ere, hemen ezartzen diren neurriak ebaluatu eginen dira aurrerago, gehienez ere hamabost eguneko epean foru agindu hau argitaratzen denetik.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, udal agintari eskudunei kontsulta egin ondoren eta osasun eskualde oinarrizko horretako osasun langileen iritzia entzunda,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Mendillorri auzorako (Iruña) prebentzio neurri hauek hartzea, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera dela eta:

1) Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakiaren 3. puntuan (“Edukierak eta berariazko prebentzio neurriak sektoreen arabera”) ezarritako gehieneko edukierak aldatzen dira lurralde eremu horretan, eta hauek izanen dira aurrerantzean:

1.1. Gurtza egiteko tokiak.

Gurtza egiteko tokietan okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

1.2. Ezkontza zeremoniak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk.

Gurtza egiteko tokietan egiten badira bete beharko dituzte foru agindu honetan toki horietarako ezartzen diren edukierak.

Ospakizunekin batera ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak eman behar badira ostalaritza lokaletan, jatetxeetan eta elkarte gastronomikoetan, foru agindu honetan edukierari dagokionez zehazten dena bete beharko da.

1.3. Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoak, jendearentzat irekita daudenak.

Jendearentzat irekita dauden txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan ezin izanen da gainditu gehienez baimenduriko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

1.4. Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentro pribatuak, eta prestakuntza zentroak.

Akademia, autoeskola eta irakaskuntza ez-arautuko zentro pribatuetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez bada.

1.5. Ostalaritzako establezimenduak, jatetxeak eta gaueko aisialdikoak, baldin badaude.

1. Ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar lokalaren barnean edo, bestela, erabilera publikorako baimendutako eremuetako 2,25 metro karratu erabiltzaile bakoitzerako.

2. Lokalaren barnean bakarrik kontsumitzen ahalko da mahai batean eserita, edo mahai multzo batean. Dena den, bermatu beharko da pertsonen arteko segurtasun-tartea gordetzen dela mahaietan edo mahai multzoetan dauden bezeroen edo bezero taldeen artean, eta ez da onartuko hamar pertsona baino gehiago egotea mahai berean edo mahai multzo berean.

3. Establezimendu horietako aire zabaleko terrazak ehuneko hirurogeita hamabostean okupatzen ahalko dira, udal lizentzian baimendutako mahaien edukiera oinarri hartuta.

4. Establezimendu horiek 00:00etan itxi beharko dira, eta ixteko ordu hori ezin da atzeratu.

1.6. Liburutegiak.

1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar. Halaber, muga hori aplikatuko da liburutegietan kultur jarduerak egiten direnean.

2. Liburutegien barnean haurrentzat dauden espazioetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko hogeita bost.

3. Establezimenduan jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak foru agindu honetan establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

1.7. Kultura ekipamenduak.

Kultura ekipamenduetara sartzen ahalko da jendea, baldin eta bisitarien kopuruak ez badu gainditzen baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

1.8. Kirol jarduerak eta instalazioak.

1. Aire zabaleko kirol jarduera federatugabea banaka edo taldeka egiten ahalko da, ukipen fisikorik gabe eta gehienez 10 pertsona bilduta.

2. Kirol instalazio eta zentroen barneko jarduera gehienez 10 pertsonako taldeetan egiten ahalko da, kontaktu fisikorik gabe, baldin eta ez bada gainditzen baimenduriko gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamar.

3. Jatetxe edo ostalaritzako zerbitzu motaren bat ematen bada, zerbitzuak establezimendu horietarako ezarritako baldintzak beteko ditu.

1.9. Haur eta gazteentzako denbora libreko jarduerak egitea.

Haur eta gazteentzako aisialdiko eta denbora libreko jardueren kasuan, edukieraren ehuneko berrogeita hamarrera mugatuko dira, eta, betiere, gehienez ere hamabost pertsona bilduta talde bakoitzean, udal agintari eskudunak xedatzen duena ukatu gabe, halakorik bada.

1.10. Parkeak eta erabilera publikoko kanpoko kirol eremuak.

Ezin izanen dira erabili haurrentzako parkeak, ez eta erabilera publikoko antzeko eremuak ere.

1.11. Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Debekatuta dago jarduera elkarte gastronomikoetan eta peñetan, eta itxita egon beharko dute.

2) Haurtzaindegi eta haur eskoletan, gehieneko edukieraren ehuneko berrogeita hamarrera mugatuko da jarduera.

Bigarrena.–Neurri hauek mugatzen dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakian aurreikusitakoak, baina erabaki hori osotara aplikatzekoa da arautzen dituen gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, horrek ukatu gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrena.–Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da eta, betiere, hamabost eguneko epean gehienez ere, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Aholkularitza Juridikora, dagokion Administrazioarekiko Auzien Epaitegian berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Iruñeko Udalera, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetzara eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko uztailaren 22an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2008069