161. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

74E/EBAZPENA, ekainaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emanda, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: “Zubiri: Z 321999 PEBANG 2018 A2 A101 CR. 5 L. 3 Proiektu zenbakia: 7974103”. Sustatzailea Telefónica de España, SAU da.

2020ko martxoaren 27an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean sartzen denetakoa da (“Komunikaziorako instalazioak”). Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatu den jarduketaren helburua da zuntz optikoa zabaltzea Osteritz herriari zerbitzua emateko. Proiektua honetan datza: lurpeko kanalizazio bat egitea, NA-2335 errepideko pK 0+600 puntutik hurbil dagoen P-19 zutoinetik P-20 zutoinera interkonexioa egin ahal izateko. Horretarako 92 metro luze den zanga bat eginen da (0,45x0,8 m), PVC-ko eta 110 mm-ko bi hodirekin, igarotzen den lekua nolakoa den, material horrekin estalita.

Espedientean daude Lurraldearen Antolamenduaren Atalak eta Esteribarko Udalak egindako txostenak. Ingurumen Eraginaren Atalak espedientearen aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Zubiri: Z 321999 PEBANG 2018 A2 A101 CR. 5 L. 3 Proiektu zenbakia: 7974103”. Proiektua Esteribarko udal-mugartean egitekoa da, eta sustatzailea Telefónica de España, SAU da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Aditzera ematen da, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaion edozein ukipen arau-hauste astuntzat joko dela, aipatu foru legearen 101.h artikulua aplikatuz.

–Kanalizazioa egitean sortzen diren material soberakinak edo hondakinak era egokian kudeatu behar dira, haien izaeraren arabera, indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

–Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, gaztigua eman behar zaio Aezkoa-Kintoa barrutiko Ingurumena Zaintzeko Taldeari (tel: 686 502927, email: gmaaezkoa@navarra.es), lan-kalea eta zanga balizatzeko eta berezko landarediari ahalik eta afekzio txikiena egiteko.

–Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira.

Hirigintza arlokoak:

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interesdunaren adostasunarekin.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Esteribarko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Taldera (Aezkoa-Kintoa barrutia) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an. Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2006144