159. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

202/2020 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, irakasleentzako banakako laguntzak onesten dituena euskara ikasteko edo hobetzeko. DDBN identifikazioa: 511513.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legediari jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen prestakuntza sustatzea, euskara ikas edo hobe dezaten.

Hain zuzen, ikusi da beharra dagoela euskara eta euskaraz ikasteko aukerak sortzeko, irakasleei dagokienez, hezkuntza maila guztietan. Otsailaren 24ko 4/2015 Foru Legearen bidez, zati batean aldatu zen Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea, D eredua –euskarazko irakaskuntza– Nafarroa osora hedatzeko (2015eko martxoaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen foru lege hori, eta 2015eko apirilaren 28koan, haren akats zuzenketa; Estatuko Aldizkari Ofizialean, berriz, 2015eko martxoaren 20an argitaratu zen). Hori ahalbidetzeko, hizkuntza horretan gaitasuna duten profesional gehiago beharko dira, eta, horregatik, destinoko ikastetxean jarraitzeari uko egin gabe eredu horretan sartu nahi dutenen ikaskuntza erraztu beharko da, bai eta Nafarroa osoko irakasleen etengabeko ikaskuntza eta hobekuntza ere.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak aldeko txostena egin du deialdi bat onets dadin banakako laguntzak ematearren Nafarroako ikastetxeetan unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan dabiltzan irakasleei, euskara ikasteko ikastaroak egin ditzaten 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra, eta euskara hobetzeko ikastaroak egin ditzaten eskolarik gabeko aldietan eta oporraldietan. Ikastaro horiek, euskara ikastekoak nahiz hobetzekoak, egiten ahalko dira ikastegi publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatuetan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia eta haren oinarriak (ebazpen honen 1. eranskinean jasoak) onestea banakako laguntzak ematearren Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan dabiltzan irakasleei, euskara ikasteko edo hobetzeko. Helduei euskara irakasten dieten zentro publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak...) edo pribatuetan jaso behar da prestakuntza, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitarte.

2. Gehienez 8.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko aurrekontuko 420001 42410 4809 321200 partidaren kargura (“Euskararen arloan irakasleentzako prestakuntzarako laguntzak”).

3. Ebazpen hau eta eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (Berriak-Gaur-gaurkoa) eta www.nafarroa.eus (Tramiteak) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Hilabete bateko epea izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Euskara Atalera eta Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegora.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA

Oinarriak, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleei euskara ikasteko edo hobetzeko banakako laguntzak emateko deialdia arautzen dutenak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Hezkuntza Departamentuak banakako laguntzetarako deia egiten du Nafarroako ikastetxeetako unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleentzako, euskara ikasteko ikastaroak egiteko, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra, eta euskara hobetzeko ikastaroak egiteko, denbora tarte horretan, eskolarik gabeko aldietan eta oporraldietan. Ikastaro horiek, euskara ikastekoak nahiz hobetzekoak, egiten ahalko dira ikastegi publikoetan (hizkuntza eskola ofizialak, unibertsitateak) edo helduak euskalduntzeko zentro pribatuetan.

Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe publikoetako eta itunduetako irakasleek eskatzen ahalko dituzte laguntzak, baldin eta matrikula egiten duten unean jarduneko zerbitzuan badaude edo administrazio edo lan kontratu bat badute, ikastetxe publikoen kasuan, edo lan kontratu bat, ikastetxe pribatu itunduen kasuan.

2.2. Prestakuntza jasotzen duten irakasleek eskubidea izanen dute 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean egindako ikastaroen matrikularen zati bat ordain diezaieten (barnetegietan egiten diren ikastaroetan, ostatu eta mantenu gastuen zati bat ere bai), baldin eta laguntzaren xede den ikastaroan eskolen %80tan izan badira gutxienez. Gutxieneko bertaratze hori ez badute, deialdian parte hartzeko eskubidea galduko dute.

COVID-19aren eragina dela-eta, bidezkotzat jotzen da bertaratze portzentaje hori kalkulatzea kontuan hartu gabe hezkuntza jarduera etenik egon den aldia (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duena).

Hirugarren oinarria.–Banakako laguntzen deskribapena eta zenbatekoa.

3.1. Ikastaroen ezaugarriak.

Diruz lagunduko dira ikastaro estentsibo nahiz intentsibo presentzialak, baita barnetegietan egiten direnak eta online ikastaroak ere, euskara ikasteko edo hobetzeko helburua dutenak. Hobekuntza ikastaroen helburua izanen da lantzea irakasleen euskarazko hizkuntza gaitasuna bera edo irakas-praktika hobetzeko metodologia.

Hortik kanpo uzten dira online egiten diren hobekuntza ikastaroak eta eduki metodologikoa duten prestakuntza ikastaroak, baldin eta 2019ko urriaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra egin badira; izan ere, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroak (EIBZ) eta irakasleentzako laguntza zentroek doako prestakuntza eskaini dute aldi horretan. Eskaeran sartzen ahalko dira zentro horietan eman ez diren ikastaroak.

3.2. Zenbatekoa.

Laguntza, hasiera batean, matrikularen kostuaren %50 izanen da. Barnetegietako ikastaroen kasuan, halaber, ostatu eta mantenu gastuen %50 ere ordainduko da, gutxienez.

3.2.1. Ezarritako irizpideak aplikatu ondoren, proposamen guztiei erantzuteko bezainbeste dirurik ez badago aurrekontuan, hainbanaketa aplikatuko da guztietan, behar den portzentaje murrizketarekin.

3.2.2. Eskaera guztiei erantzun ondoan diru erabilgarria gelditzen bada helburu hori duen partidan, hainbanaketa aplikatuko da, eta behar den portzentajean igoko dira laguntzak.

3.2.3. Jasotzen den laguntzak ez dio inolako onura ekonomiko pertsonalik ekarriko adjudikaziodunari.

3.3. Laguntzen banaketa.

Laguntzen %75 sare publikoko irakasleentzat izanen da, eta %25, sare itundukoentzat.

Sare batean erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabeak beste sarean emanen dira.

Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 2020ko irailaren 1ean hasi eta hilabete horretako 14an bukatuko da.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkeztea.

a) Web-formulario bat erabiliko da eskaera egiteko, ahal izatera. Eskaerak egiteko epea hasten denean (irailaren 1a) emanen da formulario horren URLa. Eranskin honen 5.2 puntuan aipatzen den dokumentazioa eskaneatuta aurkeztu beharko da. Hautapen batzordeak agiri originalak eskatzen ahalko ditu, behar diren egiaztapenak egiteko, beharrezkotzat jotzen badu.

b) Bestela, Hezkuntza Departamentuko erregistroan aurkeztuko dira ebazpen honen 2. eranskineko eskabidea eta dagokion dokumentazioa.

Nolanahi ere, arestian esandakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako moduetako edozeinen bidez ere aurkezten ahalko dira.

Eskabidea eta dokumentazioa posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean sartuko dira, postako funtzionarioak, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar diezazkion.

Deialdiaren prozesu osoa (eskabidea, agirien aurkezpena eta abar) telematika bidez gauzatzen ahalko da, webgune honen bidez: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1. Elektronikoki tramitatzeko, beharrezkoa da NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala edukitzea.

Deialdi honetako laguntzetarako eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

5.2. Dokumentazioa.

–Web-formularioa edo eskabide orria (ebazpen honen 2. eranskina).

–Entitate antolatzaileak emandako ziurtagiria, esaten duena eskatzaileak ikastaroan parte hartu duela, honako hauek adierazita: parte-hartzailearen izena, ikastaroaren izena, maila, modalitatea (hirugarren oinarriko 1. puntua), prezioa, ikastaroa noiz hasi eta bukatu zen, ordu kopurua guztira, eta eskatzaileak egindako ikastorduak guztira, bertaratze portzentajea kalkulatuta (ikus bigarren oinarriko 2.2 puntua). Datu horiek guztiak nahitaezkoak dira laguntza ordaintzeko.

–Matrikula tasa ordaindu izanaren frogagiria (ez bada agertzen entitate antolatzaileak emandako ziurtagirian).

–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera. Irakasle eskatzaileek “Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” (3. eranskina) igorri beharko dute eskaera egiteko epean, ez badute inoiz aurkeztu, dagokion banketxeak betea eta zigilatua. Agiri hori web-orri honetan ere dago jasota:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Seigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

Beste administrazio publiko batzuek laguntzak emanez gero euskara ikasteko edo hobetzeko prestakuntza ikastaroak 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean egiteko, aurkeztu beharko da zenbateko hori egiaztatzen duen ziurtagiria, administrazio emaileak egina. Nolanahi ere, Hezkuntzako Departamentuaren laguntzaren eta gainerako laguntzen baturak ezin du inola ere gainditu matrikularen zenbatekoa (edo matrikula gehi ostatua, barnetegietako ikastaroen kasuan). Edonola ere, eskatzaileak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio zer laguntza eskatu edo jaso duen.

Zazpigarren oinarria.–Hautapen batzordea.

Kide hauek osatuko dute hautapen batzordea:

–Euskara Ataleko burua.

–Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoko burua.

–Euskara Ataleko teknikari bat.

Hautapen batzordeak eskaera guztiak baloratu eta esleituko ditu, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak esleipen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu web-orri hauetan (“Berriak”-”Gaur-gaurkoa”):

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/actualidad (gaztelania).

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actualidad (euskara).

–Nafarroako Ataria (www.nafarroa.eus).

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinekoz esleitu diren eskaeren zerrenda.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

Hautagaiek erreklamazioak aurkez ditzakete hautapen batzordearen aurrean, hiru egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik. Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du batzordeak, eta ebazpena jakinaraziko die esleipen hartzaileei.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita, batzordearen proposamenarekin bat.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Deialdi honetan adierazitako baldintzekin bat, esleitutako laguntza guztiak ordaintzeko, deialdiaren bosgarren oinarrian aipatzen diren agiria guztiak aurkeztu behar dira aurretik.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak berekin ekartzen ahal du laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Laguntza hauen onuradunak behartuak daude Hezkuntza Departamentuak eskatzen dien informazio guztia ematera, eta behar diren finantza-kontrolerako lanen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Hamargarren oinarria.–Egiaztapena.

Euskarazko eduki metodologikoa duten ikastaroen kasuan, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak ziurtagiri bat eginen du, jarduerari aitorpen ofiziala emanen diona, ikastarora joan izanaren ziurtagirian zehazten diren prestakuntza-orduak aitortzeko.

Hamaikagarren oinarria.–Errekurtsoak

Deialdi honen eta honetatik sortzen diren egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, haiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA

Parte hartzeko eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2006360