159. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

207/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 17koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, zeinaren bidez sari honetarako deialdia egiten baita: “Nafarroako ebaluazio-proiektu eta -ekimenei buruzko saria”.

Urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak, Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiari esleitzen dio, besteak beste, gizarte-zerbitzuen arloko planak, programak eta prestazioak ebaluatzeko eskumena.

Hori horrela, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak –Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zuzendaritza Nagusiari atxikia baitago– eginkizun hauek izanen ditu ikerkuntza aplikatuaren esparru materialean: gizarte-zerbitzuen eta enpleguaren arloetako politika publikoen ebaluazioa eta plangintza; gizarte eraldaketa prozesuen eta gizarte arazoen analisia, bai eta gizarte eraldaketa prozesuen eta gizarte arazoen analisia ere.

Eskumen hori gauzatzeko, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak, Nafarroako Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, deialdia egin du “Nafarroako ebaluazio-proiektu eta -ekimenei buruzko sari”rako.

Nafarroako Kutxa Fundazioarekin elkarlanean jarri da martxan sari hori. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusia eta Nafarroako Kutxa Fundazioa biak ala biak bat datoz ahaleginak batzeak eta ekimenak sustatzeak duten garrantziaz, lankidetza publiko-pribatua bultzatuz.

Nafarroako Kutxa Fundazioak, bere ikuspegiaren barruan, elkartasunaren eta gizarte-aurrerabidearen arloko erreferentziazko erakundea izan nahi du, eta horregatik oinarritzen du bere ikuspegi metodologikoa beste erakunde batzuekin lankidetzan eta sarean egindako lanean, bai eta berrikuntzan, ekitatean eta irisgarritasunean ere.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak hainbat helburu partekatzen dituzte, besteak beste hau: gizarte sektorea babestea eta indartzea, tresna egokiak emanez kudeaketa-prozesuak hobetzeko, emaitzak eta inpaktuak kontuan hartuta, eta xedetzat izanik ebaluazioa ezagutza eta berrikuntza sortzeko elementu gisa sendotzea, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Ondoren ematen diren oinarri arautzaileei jarraituz, sari honetarako deialdia egitea: “Nafarroako ebaluazio-proiektu eta -ekimenei buruzko saria”.

2. 3.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastuen aurrekontuko partida honen kargura: 900008 92100 2276 231004 partida, “Gizarte berrikuntzako proiektuak eta Europako proiektuak” izenekoa.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru Agindu hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Administrazio Aferetarako Bulegora, haren Kontabilitate Zentrora eta Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 17an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2006272