159. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

459/2020 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana; honen bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen Espainia osoan, COVID-19ak sortutako pandemiak eragindako osasun larrialdiari aurre egiteko.

2020ko apirilaren 28an, Ministroen Kontseiluak normaltasun berrirako trantsizio plana onetsi zuen, eta bertan ezarri zituen normaltasun berrira egokitzeko parametro eta tresna nagusiak. Lau fasetan antolatutako prozesu horrek (0 fasetik 3. fasera) mailakatua izan behar zuen, eta beharrezko orientazio aldaketetara egokitzeko modukoa, datu epidemiologikoen bilakaeraren eta hartutako neurrien eraginaren arabera.

Hala, 3. fasea gainditzean, indarra galduko dute alarma egoerako neurriek. Hala ere, osasun publikoaren eremuan zuhurtasun-printzipioari jarraitu behar zaio eta, orobat, 43.2 artikuluak botere publikoei osasun publikoa antolatzeko eta zaintzeko betebeharra ezartzen die, osasuna babesteko eskubidea bermatzeko prebentzio neurrien bidez. Horiek horrela, “normaltasun berriaren” egoerak berekin dakar prebentzio neurriak ezarri beharra pandemiari aurre egiten eta hura kontrolatzen jarraitzeko, betiere, oreka mantenduz osasun publikoaren ezinbesteko babesaren eta gizarte bizitza eta ekonomia suspertzen lagun dezaketen jardueren kopuruaren eta trinkotasunaren hazkundearen artean.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuak, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteei buruzkoak, prebentzio neurriak hartzen ditu osasun krisiaren bukaera ofizialki deklaratzen denera arte. Zentzu horretan, autonomia erkidegoen eskumenen esku uzten du aipatu neurriak ezartzea.

Arau horiek aplikatuz, Nafarroako Gobernuak, osasun agintaritza baita, adierazle epidemiologikoak kontuan harturik, uste du Nafarroako Foru Komunitatea gertu dagoela Deskonfinamendurako planaren 3. fasea gainditzeko eta, ondorioz, “normaltasun berrian” sartzeko.

Hala, 3. fasea gainditzean, indarra galduko dute alarma egoerako neurriek. Hala ere, osasun publikoaren eremuan zuhurtasun-printzipioari jarraitu behar zaio eta, orobat, 43.2 artikuluak botere publikoei osasun publikoa antolatzeko eta zaintzeko betebeharra ezartzen die, osasuna babesteko eskubidea bermatzeko prebentzio neurrien bidez. Horiek horrela, “normaltasun berriaren” egoerak berekin dakar prebentzio neurriak ezarri beharra pandemiari aurre egiten eta hura kontrolatzen jarraitzeko, betiere, oreka mantenduz osasun publikoaren ezinbesteko babesaren eta gizarte bizitza eta ekonomia suspertzen lagun dezaketen jardueren kopuruaren eta trinkotasunaren hazkundearen artean.

Ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan xedatutakoa betetzeko, 2020ko ekainaren 19an Nafarroako Gobernuak erabaki bat onetsi du. Haren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartu dela ebatzi eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, 3. fasea gainditu eta Nafarroako Foru Komunitatean alarma egoeraren indarraldia iraungitakoan, balizko berragertzeak prebenitzeko behar diren prebentzio neurriak ematen dira.

Gobernu erabaki horren laugarren apartatuak xedatzen du erabaki horretan ezarritako neurriak osatzen ahalko direla jarduera sektore bakoitzerako egokituriko segurtasuneko berariazko planekin, antolamendu protokoloekin eta gidaliburuekin; administrazio eskudunek onetsiko dituzte.

Erabakiaren 3.18 apartatuak kirol jarduerak eta instalazioak arautzen ditu, federatu gabeko kirol jarduera egiteari dagokionez.

Bestalde, 3.19 apartatuak eskumen autonomikoko kirol jarduera federatua arautzen du, izan entrenamenduetan, izan lehiaketetan. Apartatu jakin horretan, eskumena ematen zaio Nafarroako Kirolaren Institutuari entrenamenduak eta lehiaketak egiteko behar diren baldintzak ezartzeko.

Azkenik, erabakiaren 3.20 apartatuak eremu itxietako kirol ekitaldiak eta haiek egin ahal izateko baldintzak arautzen ditu.

Horregatik, apartatu horietan ezarritako gutxieneko baldintzak betez, beharrezkoa da gorputz- eta kirol-jardueren eta haiek egiten diren espazio eta instalazio mota guztien alderdi teknikoak aipatzea. Era berean, komeni da espazio horien edukierari ñabardurak egitea eta haiek jarduera motaren eta haien ezaugarrien arabera egokitzea.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean kirol jarduera normaltasun berrian garatzeko baldintzak eta kirol entrenamenduak eta lehiaketak hasteko egutegiak onestea. Baldintza eta egutegi horiek ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jaso dira, hurrenez hurren.

2. Nafarroan normaltasun berrian kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak onestea. Protokolo horiek III. eta IV. eranskinetan jaso dira, hurrenez hurren.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratzea, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabaltzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kultura eta Kirol kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

4. Erabaki hau Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari helaraztea, dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2020ko ekainaren 23an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

I. ERANSKINA

Normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak

1. Ohar orokorrak.

Apartatu honetan kontuan hartu behar diren oinarrizko jarraibide orokor batzuk bildu dira:

–Orain arte bezala, ez da ordutegirik egonen; beraz, eguneko edozein ordutan eta nahi adina aldiz egiten ahal da gorputz-jarduera.

–Probintzia edo autonomia erkidegoa ez da muga izanen kirol jarduerarako, eta erkidegoen arteko joan-etorriak egon ahalko dira.

–Ahal denean, kirol jarduera aire zabalean egitea gomendatzen da, kutsatzeko arriskua txikiagotuz horrela.

–Berariaz arautzen dira kirola egiteko instalazio bakoitzaren barruko edukierak. Edukiera orokorrek edukieraren bi herenen muga izanen dute. Barnean zenbait kirol instalazio dituzten kirol konplexuek gehieneko edukiera orokorra bete ahalko dute, bi herenekoa, eta instalazio bakoitzekoa, bi herenekoa kasu bietan, eta, gainera, jarduera jakin bakoitzerako erabakitakoa.

–Arau orokor gisa, metro eta erdiko tartea errespetatuko da beti, tarte hori zabalduz kasuan kasuko kirol jarduerak eskatzen duen mugimenduaren arabera.

–Oro har, parte-hartzaileen artean tartea zenbat eta handiagoa izan, handiagoa izanen da permisibitatea ere. Halaber, errazago baimenduko dira toki irekietan egindako jarduerak, izan natura ingurunean, izan estali gabeko instalazioetan.

–14 urtez azpikoen jardueretan gomendatzen da heldu bat egotea 10 adingabeko, egindako jarduera mota dokumentu honetan jasotakoari egokitzen zaiola ziurtatzeko.

–Hirugarren adinekoak bereziki sentikorrak izanen dira neurri sorta horrekiko eta ahalik eta gehien murriztuko dute hurbiltasunak edo material komuna erabiltzeak dakarren arriskua.

–Kirolari bakoitzak bere materiala eramanen du eta, jardueragatik beharrezkoa izan ezean, ez da partekatuko. Partekatzen bada, erabilera edo lan saio bakoitzaren ondoren garbituko da.

–Kirol instalazioak COVID-19a kutsatzeko arriskuak txikiagotzeko ezarritako prebentzio neurrien arabera arautuko dira.

–Kirolean diharduten pertsonek osasun agintariek gomendatutako norberaren higienerako jarraibideak bete beharko dituzte.

–Instalazioen jabe diren erakundeek ahalik eta gehien zabaldu beharko dituzte hemen iragarritako neurriak, bereziki instalazio estalietan edo erdi-estalietan, bistan dagoen toki batean informazio kartelak jarriz.

–Ahal den heinean ziurtatu behar da instalazio itxiak etengabe aireztatzen direla.

2. Kirolari federatuen entrenamendua.

Kirolari federatuek entrenamenduak egin ahalko dituzte. Entrenamendu horietan banakako lanak eginen dituzte, fisikoak eta teknikoak, eta kirol modalitate jakin horretarako entrenamendu taktikoak, sakonak ez direnak, ahal dela entrenamendu talde osoan gehienez hogeita bost kirolari dituzten azpitaldeetan, segurtasun tartea gordez eta, ahal den heinean, kontaktu fisikoa gertatzen den egoerak saihestuz.

Modalitate bakoitzeko 3. fasean jasota ez dauden entrenamendu eta lan taktikoko zereginak modalitate horren berezitasunean oinarrituta hasiko dira, eta horretarako II. eranskinean jasotzen den egutegiko aurreikuspena errespetatu beharko da.

Kirolarien osasuna babesteko behar diren gutxieneko tarteak gordetzeko, entrenamendu lanak, ahal den guztietan, txandaka eginen dira, instalazioak kirolarientzat daukan edukieraren bi herenak gainditzea saihestuz eta kalkuluan gutxienez pertsona bakoitzeko 5 metro koadro errespetatuz mugimendu garrantzitsurik ez badago, edo 16 metro koadro, kirolarien mugimendu nabarmena dakarten kirol jardueren kasuan.

Ez da beharrezkoa protokolorik betetzea entrenamenduak hasteko, kirolari profesionalen edo ez profesionalen kasuan izan ezik, ekainean eta uztailean Estatuko lehiaketetan parte hartzen badute. Kasu guztietan ezinbestekoa izanen da entrenamenduetara joaten direnen kontrola izatea.

Entrenamendu saioetara langile teknikoak eta saioak gauzatzeko behar diren laguntzaileak joan ahal izanen dira. Laguntzaileek musukoa eraman beharko dute une oro. Langile teknikoen artean arduradun bat izendatuko da, eta gorabeheren berri emanen die berak kirol erakundeko koordinatzaile edo kudeatzaileari.

Lan bilera teknikoak egin ahalko dira, hogeita bost parte-hartzailerekin gehienez, eta behar den segurtasun tartea gordez beti.

Taldeko/klubeko arduradunak lehen saioan argi eman beharko du hartu behar diren higiene eta segurtasun neurrien berri, baita kirolarien familiei ere, lehenago, adingabeen kasuan, kirolari guztiek behar den informazioa jasotzen dutela ziurtatuz.

Lehia-jarduerara itzultzeko, eranskin honen 5. apartatuan araututakoa beteko da.

Instalazioak aldizka garbitu eta desinfektatu beharko dira, kirol instalazioak erabiltzeko baldintzetan aurreikusitakoaren arabera. Halaber, kirolariek erabilitako materiala garbitu eta desinfektatuko da entrenamendu txanda bakoitza amaitzean eta jardunaldia amaitutakoan.

Materialak eta gimnasioak erabiltzeko kirolari eta teknikarientzako babes neurri egokiak aplikatu beharko dira. Oro har, kirolariek ezin izanen dute materialik partekatu. Hori posible ez bada, ariketa taktiko edo berariazko entrenamenduetarako zein mantentze mekanikorako eta materiala eta segurtasun ekipamendua mantentzeko erabilitako ekipamendu edo material oro erabilera bakoitzaren ondoren desinfektatu beharko da.

Berariazko instalazioetan (pilotalekuak, gimnasioak, rokodromoak) jarduera eranskin honen 3. apartatuan araututakoaren arabera eginen da.

3. Federatu gabeko gorputz- eta kirol-jarduerak.

Kirol jarduera federaturako ezarritako neurri berberak beteko ditu. Ez da beharrezkoa izanen aurretiazko protokolorik betetzea.

Informazioa bidali beharko zaie erabiltzaile guztiei funtzionamendu baldintzei eta higiene eta segurtasuneko prebentzio neurriei buruz.

3.1. Gorputz- eta kirol-jarduera autonomoa:

Metro eta erdiko gutxieneko segurtasun tartea gordeko da une oro eta lehen mementoan eta II. eranskinean erantsitako egutegian modalitatearen ezaugarrien arabera jasotzen den datara arte ezin izanen da egin kontaktuko ez zuzeneko aurkaritzako jarduerarik.

Segurtasun tarte hori bermatzeko parte-hartzaile bakoitzeko 5 metro koadroko eremu bat ziurtatuko da mugikortasun urriko jardueretan eta 16koa mugikortasun handikoetan eta tarte hori ez gordetzeko arrisku handiena dutenetan.

Adingabeak badira, arduradun heldu bat egotea gomendatzen da, jarduera dokumentu honetan ezarritako arauak betez egiten dela bermatzeko.

Gomendatzen da profesionalek jarduera zaintzea, segurtasun eta osasun baldintzetan egiten dela ziurtatzeko. Ariketa fisikorako aplikazioak erabiliz gero, gomendagarria da profesional batek gainbegiratuak izatea eta, bestela, sortzaileen gaitasun profesionala ziurtatzea.

3.2. Taldeko jarduera zuzenduak.

Apartatu honetan teknikari espezialista batek zuzendutako gorputz- eta kirol-jarduerak arautzen dira.

Baimenduta dago irakaskuntza, parte-hartzaileko 5 metro koadro ziurtatuz, parte-hartzaileen mugimendu txikia dakarten jardueretan, esaterako: Pilatesa, yoga, indoor zikloa, etab.; eta parte-hartzaileko 16 metro koadro ziurtatuz parte-hartzaileen mugimendu nabarmena dakarten jardueretan.

Bi kasuetan, taldeek 25 lagun izanen dituzte gehienez.

Parte-hartzaile bakoitzak bere materiala eraman beharko du, eta hori ezin bada, materiala desinfektatu beharko da erabilera bakoitzaren ondoren.

3.3. Zuzendu gabeko gorputz- eta kirol-jarduerak fitness geletan.

Muskulazio-geletarako eta makina kardiobaskularretarako, irizpide orokor gisa, erabiltzaile bakoitzeko jarduera zuzenduetarako ezarritako gutxieneko metro koadroak gordeko dira. (5 edo 16 metro koadro jardueraren arabera). Gela horietan ez dago mugatuta gehieneko erabiltzaile kopurua, erabiltzaileko gutxieneko espazio horiek gordez, segurtasun tarteak errespetatzen badira.

Teknikari bat edo gelako arduradun bat egon beharko da derrigorrez beti jende gehien doan orduetan edo bideozaintza sistema bat segurtasun eta higiene neurri zuzenak ziurtatzeko. Jende kopurua kontrolatzeko sistema bat ezarri beharko da derrigorrez, halako moldez non ezarritako muga gainditzen ez dela ziurtatuko den. Materiala erabilera bakoitzaren ondoren desinfektatu beharko da.

Makinen arteko tartea segurtasun tartea ziurtatzeko aski ez bada, ezin izanen dira aldi berean erabili. Horretarako, haietako batzuk zigilatu eta erabilera debekatu beharko da, edo erabiltzeko txandak antolatu. Aukerarik badago, gomendagarria da ondoko espazioak erabilerarako irabaztea, halako moldez non segurtasun tarteak bermatuko diren.

Derrigorrez erabili beharko dira oinetako bereiziak eta norberaren erabilerarako toalla.

3.4. Jarduerak igerilekuetan.

–Kirol erabilera:

Igeriketa: kale batetik joan eta beste batetik etortzea gomendatzen da. Kasu horretan, 25 metroko igerilekuan 2 kaleko 10 igerilarik parte hartzen ahal dute gehienez eta 50 metroko igerilekuan 20k gehienez. Kale beretik joan eta etortzen bada, 25 metroko igerilekuan kaleko 4 igerilari baimentzen dira eta 50 metroko igerilekuan 8 igerilari.

Igeriketan hasi eta ikasteko eskoletan 15 parte-hartzaileko taldeak onartzen dira gehienez, eta une oro parte-hartzaileen artean segurtasun tartea eta monitorearen eta ikasleen arteko tartea gordetzea ziurtatuko da, ahal den heinean kontaktua saihestuz; horretarako neurri horiek jasotzen dituen metodologia bat erabili beharko da.

Bestelako espazio banaketak dituzten beste kirol erabilera batzuk: II. eranskinean xedatutakoaren arabera, kontrakoa ezartzen ez den arte, ez dago baimenduta kontaktu fisikoa dakarten kirol jarduerak egitea. Ur lamina bakoitzeko 10 metro koadroko tartea ziurtatuko da gutxienez parte-hartzaileko, adibidez: igeriketa sinkronizatua, oinarrizko teknika edo taktikako egoerak waterpoloan, eta abar.

3.5. Jarduerak beste instalazio batzuetan.

3.5.1. Irekiak, espazio publiko edo pribatuetan: Pertsona taldeak aritzea baimenduko da, inolako kontakturik gabe eta taldeko 25 parte-hartzailerekin gehienez, eta segurtasun tartea gordez beti. Kontaktua duten jarduerak hasieratik modalitateen araberako entrenamenduetarako ezarritako egutegiaren arabera (II. eranskina) baimenduko dira. Aire zabaleko gimnasioetan aritzea baimentzen da, eta higiene eta segurtasun neurriak gomendatzen dira, materiala erabili ondoren garbituz eta desinfektatuz.

3.5.2. Pilotalekuak: Pilotan jokatzen ahal da, binaka gehienez.

Instalazio estalietarako ezarritako metroak gordeko dira, instalazioa pilota ez den beste jarduera baterako erabiltzen bada, eta 25 lagunekin gehienez, eta talde txikietan jardutea gomendatzen da. Zenbait modalitatetan permisibitatea egutegian (II. eranskinean) ezarritakoaren araberakoa izanen da.

3.5.3. Rokodromoak esparru itxietan: Derrigorrez desinfektatu beharko dira oinetakoak eta eskuak gel hidroalkoholikoz eta magnesio likidoa erabiliz eta parte-hartzaileen artean 4 metroko tartea ziurtatuko da. Gutxienez 10 metro koadro ziurtatuko da kirolari bakoitzeko. Heldulekuak eta euste puntuak eta material komuna maiz desinfektatuko dira.

3.5.4. Tenis eta padel pistak: Pista bakoitza lau lagunek erabiltzen ahal dute gehienez, gehi teknikari edo entrenatzaile batek, eskolak zein beste jarduera bat izan, hala nola joko librea.

3.5.5. Beste instalazio estali batzuk: Kontaktu ezaren eta material komuna ez erabiltzearen irizpidea bete behar da beti eta mugikortasun handiko jardueretan 16 metro koadro eta mugikortasun urrikoetan 5 gordez; esparru itxietan higiene eta aireztapen neurriak ere bete behar dira. 25 laguneko taldeak izanen dira beti. Oroitarazten da esparru horiek ahalik eta gehien aireztatzea gomendatzen dela.

3.6. Kirol jarduerari buruzko neurriak naturaguneetan.

Gorputz- eta kirol-jarduera egiten ahal da naturaguneetan kontakturik gabe eta 25 lagun baino gutxiago duten taldeetan, une oro metro eta erdiko segurtasun tartea gordez.

Turismo aktibo eta naturako jarduerak egin ahalko dira, gehienez 30 laguneko taldeentzat. Egiten dituzten enpresek turismo aktiboko enpresa gisa egon beharko dute erregistratuta dagokien administrazio eskudunean.

4. Kirol ikuskizunak eta ekitaldiak egitea.

Posible da kirol ekitaldiak eta ikuskizunak egitea, izan kirol federatuak, federatu gabeak edo herri kirolak.

Jarduera motaren, instalazioaren, parte-hartzaileen eta ikusle edukieraren arabera eginen da, II. eranskineko taularen arabera.

Pixkanaka kontaktua duten jarduerak baimenduko dira, II. eranskinean adierazitako egutegian jasotako aurreikuspenaren arabera.

Izena on-line eman beharko da beti, parte-hartzaileen zerrenda eta, instalazioen kasuan, ikusleak zorrotz zainduz.

Erakunde antolatzaileak eskudun den administrazioak proposatutako protokoloa bete eta ekitaldi horren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du. III. eranskina. Gomendatzen da oinarrizko protokoloak sakontzea eta ekitaldiaren ezaugarrietara egokitzea.

Kasu guztietan bete beharko dira parte-hartzaileen eta ikusleen edukiera kontrolatzeko antolaketa baldintzak, segurtasun eta higiene neurriak, irteerak eta pertsonak ibiltzeko fluxua, hedapena eta informazioa.

5. Kirol federatuko lehiaketak egitea.

Etapa honetan lehiaketa federatuak egiten ahal dira, jarduera motaren eta egiten diren espazioaren arabera. Ildo horretatik, lehiaketa federatuak eta federatu gabeak bereizten dira eta ikusleen eta parte-hartzaileen edukiera arautzen da, eta aipatutako aldagaien arabera haiek hasteko aurreikusten den egutegia jasotzen da. (II. eranskina).

Irizpide orokor gisa, hasiera batean aire zabaleko edo estali gabeko instalazioetako lehiaketak baimenduko dira aurkaritzarik edo kontakturik gabeko modalitateetan, eta pixkanaka sarrera emanen zaie gainerako jarduerei, une oro baloratuz aldagaiak, hala nola instalazio mota, jardueraren ezaugarriak, parte hartzea eta ikusleen edukiera, besteak beste.

Nolanahi ere, aurreikusitako jarduteko protokoloa bete eta egitate horren erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, IV. eranskinean zehazten den bezala.

6. Nafarroako goi mailako eta goi errendimenduko kirolariak eta kirolari profesionalak.

Larrabide Estadioa Teknifikazio Zentroan sartzen jarraitzen duten Nafarroako goi mailako eta goi errendimenduko kirolariek eta kirolari profesionalek edo Estatuko kategorian lehiatuta fase honetan lehiatzen diren amateurrek Ministerioaren maiatzaren 9ko SND 399/2020 Aginduak kirolari talde horrentzat aipatzen duen osasun protokoloa iragan beharko dute.

7. Kirol campusak.

Baimenduta dago kirol campusak egitea, parte-hartzaileen ohiko edukieraren bi herenetaraino gehienez.

Haietan egiten diren gorputz- eta kirol-jarduerek eranskin honetan garatutako jarduera eta instalazio motetarako hartutako neurriak bete beharko dituzte. Ildo horretatik, ezin izanen dira egin aurkaritza edo kontaktua duten lanak halakoak baimenduta egon arte.

Kirol campusak antolatu eta garatzeko behar diren lanek, hala nola joan-etorriek, ostatuak eta gainerako alderdiek erakunde arduradunak araututako protokoloa eta neurriak bete beharko dituzte.

8. Kirol instalazioak erabiltzeko neurriak.

1. Maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 41. artikuluak aipatzen dituen aire zabaleko kirol instalazioetan, kirol jarduera egin ahalko da, hogeita bost laguneko taldeetan gehienez, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez baimendutako gehieneko edukieraren bi heren eta parte-hartzaileko gutxieneko tartea, eta eranskin honetan ezarritako jarduera mota ziurtatzen badira.

Horretarako, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 41. artikuluan ezarritako sarbide, txanda eta garbiketa araubidea aplikatuko da. Nolanahi ere, kirolariak beren entrenatzailea ez den pertsona batek lagunduta sartu ahalko dira instalazioetan.

2. Maiatzaren 16ko SND/399/2020 Aginduaren 42. artikuluak eta maiatzaren 16ko SND/414/2020 Aginduaren 42. artikuluak (kirol instalazio estaliak) aipatzen dituzten kirol instalazio eta zentroetan, kirol jarduera egin ahalko da, hogeita bost laguneko taldeetan gehienez, kontaktu fisikorik gabe, eta baimendutako gehieneko edukieraren bi herenak eta jardueraren arabera ebazpen honetan ezarritako parte-hartzaileko gutxieneko tartea gainditzen ez badira.

Horretarako, maiatzaren 9ko SND/399/2020 Aginduaren 42. artikuluan eta maiatzaren 16ko SND/414/2020 Aginduaren 42. artikuluan ezarritako sarbide, txanda eta garbiketa araubidea aplikatuko da. Nolanahi ere, kirolariak beren entrenatzailea ez den pertsona batek lagunduta sartu ahalko dira instalazioetan.

3. Ahal dela, artikulu honetan aipatutako kirol jarduera egitean metro eta erdiko segurtasun tartea gorde beharko da.

4. Baimenduta dago aldagelak eta dutxa guneak erabiltzea. Horretarako, maiatzaren 30eko SND 458/2020 Foru Aginduaren 6.5 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

9. Indarraldia eta indarrean jartzea.

Ebazpen honetan ezarritako neurriak sinatzen den egunetik jarriko dira indarrean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira publizitaterako.

II. ERANSKINA

a) 3. fasean baimenduta ez dauden modalitateetako entrenamenduak hasteko egutegia

Aldagai hauek hartzen dira kontuan sailkapenari begira:

  • Jarduera mota:
  • Kontakturik edo aurkaritzarik gabe eta materialaren erabilera komunik gabe parte-hartzaileen artean.
  • Kontaktu edo aurkaritza ertaina, taldeak edo tropelak osatuta edo parte-hartzaileen artean material komunaren erabilera garrantzitsua egonda.
  • Kontaktu edo aurkaritza handia.
  • Instalazio mota:
  • Aire zabalean,
  • Instalazio irekiak edo erdi estaliak,
  • Instalazio itxiak edo guztiz estaliak.
  • Parte hartzea:
  • Parte-hartzaile asko.
  • Parte-hartzaile gutxi.
  • Ikusleak:
  • Ikusle asko,
  • Ikusle gutxi.

1. taula:

AIRE ZABALEKO JARDUERAK INGURUNE NATURALEAN

JARDUERAK AIRE ZABALEKO
INSTALAZIOETAN

JARDUERAK INSTALAZIO ESTALIETAN

IGERILEKUAK

Kirola

Kontakturik ez

3. fasetik baimenduta

Golfa, hipika

Motoziklismoa, ehiza, arrantza, bela, airekoak, piraguismoa, arrauna...

Patinajea, atletismoa, tenisa, padela, motoziklismoa, automobilismoa...

Tenisa, padela, pilota, squasha, badmintona

Igeriketa, urpeko jarduerak...

Kontaktu urria

Ekainaren 22tik aurrera baimenduta

Eskalada, espeleologia

Atletismoa, taldeko lasterketak, beisbola, triatloia...

Halterofilia, gimnastika erritmikoa,

Kirol-gimnastika, boleibola, esgrima...

Sinkronizatua, waterpoloa, oinarrizko taktika

Kontaktu ertain-handia

Abuztuaren 15etik aurrera baimenduta

Futbola, errugbia, belar-hockeya...

Saskibaloia, eskubaloia, arte martzialak, borroka, patin-hockeya

Waterpoloa

Beste gorputz-jarduera batzuk

Kontakturik ez

3. fasetik baimenduta

Mendi-ibiliak, zikloturismoa, lasterketa, betiere banaka

Acuaerobica, spinninga

Yoga, Pilatesa

Igeriketa eta bainua banaka

Kontaktu urria

Ekainaren 22tik aurrera baimenduta

Taldeko jarduera, lasterketa, zikloturismoa

Entrenamendu fisikoa

Crossfita

Igeriketa eskolak

Kontaktu ertain-handia

Abuztuaren 31tik aurrera baimenduta

Kontaktuko jokoak

Aurkaritzako taldeko jokoak

Aretoko dantzak, cardioboxa

Kontaktua edo/eta materialaren erabilera duten uretako jokoak

Oro har, baimenduta daude entrenamendu espezifikoak lehiaketa hasi baino hiru aste lehenago, 2. taulan jaso direnak

Salbuespenez eta behar bezala arrazoituta eta INDk baimenduta hemen adierazitako hasiera aldatu ahalko da.

b) Lehiaketen eta ekitaldien egutegia

–Arau orokor gisa instalazioetan bi hereneko edukiera baimenduko da gehienez.

–II. eranskin honetako a) puntuan aipatutako aldagaiak kontuan hartzen dira.

1.–Federatuak.

1.1. Liga erregularrak eta/edo lehiaketa ofizialak.

–2. taula: Hona modalitate batzuk adibide gisa:

AIRE ZABALEAN

INSTALAZIO ESTALI GABEA

INSTALAZIO ESTALIA

Kontakturik edo aurkaritzarik gabe eta materialaren erabilera komunik gabe

Ekainaren 25a

Adib.: arrantza, ehiza...

Ekainaren 25a

Adib.: tenisa, padela.

Ekainaren 25a

Adib.: pilota.

Kontaktu edo aurkaritza ertaina, taldeak osatuta edo material komunaren erabilera garrantzitsua egonda

Uztailaren 11

Adib.: txirrindularitza, triatloia, piraguismoa...

Uztailaren 11

Adib.: atletismoa, beisbola...

Abuztuaren 14a

Adib.: halterofilia...

Kontaktu edo aurkaritza handia

Abuztuaren 14a

Adib.: sokatira.

Irailaren 11

Adib.: futbola, errugbia.

Urriaren 1a

Adib.: eskubaloia, arte martzialak.

Salbuespenez eta behar bezala arrazoituta eta INDk baimenduta hemen adierazitako hasiera aldatu ahalko da.

Estatu mailako kategoriako lehiaketetan, dokumentu honetan adierazitako hasiera data dagokion estatuko federazioaren egutegi ofizialean proposatutakoaren ondorengoa bada, azken hori onartuko da.

1.2. Federazioek antolatu edo babestutako ekitaldiak eta gertaerak.

Federazio ekitaldiak edo gertaerak dira parte-hartzaile eta/edo ikusle asko izanda, federazioak antolatutako liga erregular edo zirkuitu ofizial baten barruko proba bati ez dagozkionak.

Gehienez 200 parte-hartzaile onartuko dira instalazio estali gabean edo aire zabalean edo 100 instalazio estalian edo aurreko urteko edo egin zen azkeneko parte-hartzearen % 50 eta 1.000 pertsona gehienez.

Proba antolatu aurretik segurtasun tartea ziurtatu beharko da, eta proba jakin batzuen kasuan kontuan hartuko da mailaka irteteko aukera.

Ikusleen edukiera gehieneko edukieraren bi herenerainokoa da, une oro segurtasun tartea gordetzen bada eta kirol instalazioetan eserita. Aire zabalean egiten bada, pertsonen artean metro eta erdiko segurtasun tartean ziurtatu behar da, pilaketak saihestuz zenbait gunetan, hala nola helmuga, irteera, probaren puntu estrategiko eta abarretan. Protokoloan neurri egokiak hartu beharko dira neurri horiek ziurtatzeko.

2.–Federatu gabeak.

2.1. Lehiaketa federatu gabeak eta sozialak.

Modalitateak 1.1 puntuan adierazitako berberak badira, erreferentziako data berberak hartuko dira. Federazioen esparruan jaso ez diren modalitateak badira eta, beraz, Kirolaren Kontseilu Nagusiak onartu ez baditu, INDk sailkatuko ditu eranskin honen hasieran adierazitako aldagaien arabera.

2.2. Federatu gabeko ekitaldiak eta gertaerak.

Federatu gabeko ekitaldi eta gertaerek federatuen baldintza berberak beteko dituzte.

Baldintza horiek 1.2 puntuan adierazi dira eta eskema honetan laburbiltzen dira:

EKITALDIAK

AIRE ZABALEAN EDO
INSTALAZIO ESTALI GABEAN

INSTALAZIO ESTALIAN

Parte-hartzaileak

200 baino gutxiago edo aurreko urtean baino % 50 gutxiago, eta 1.000 gehienez

100 baino gutxiago edo aurreko urtean baino % 50 gutxiago

Ikusleak

Gehieneko edukieraren 2/3eraino

Gehieneko edukieraren 2/3eraino

Modalitateen arabera lehiaketak eta ekitaldiak antolatzeko baimendutako datak

Hemen orokorrean zehazten dira modalitateen arabera lehiaketak eta ekitaldiak egiten hasteko baimendutako datak; ez dira jasotzen modalitate bakoitzak dauzkan espezialitate guztiak, eta gertatzen ahal da espezialitate batzuen ezaugarriak –kontaktua, hurbiltasuna eta instalazioa– modalitate orokorrari dagozkionaren desberdinak izatea. Halako kasuetan, federazio edo erakunde bakoitzak zehaztu eta aztertu ahalko ditu INDrekin hasiera datak kasu bakoitzaren arabera.

–Arte martzialak, borroka, boxeoa eta antzekoak: judoa, karatea, kick boxinga, taekwondoa, borroka, samboa, lotutakoak...

  • Urriaren 1etik aurrera baimenduta.

–Kontaktu handiko barnealdeko talde kirolak: saskibaloia, eskubaloia, hockeya, futbola, errugbia.

  • Urriaren 1etik aurrera baimenduta.

–Kontaktu handiko kanpoaldeko talde kirolak: Futbola, belar-hockeya, errugbia.

  • Irailaren 15etik aurrera baimenduta.

–Kontaktu urriko talde kirolak: boleibola, beisbola.

  • Uztailaren 11tik aurrera baimenduta.

–Kontatu ertaineko aire zabaleko banakako kirolak: Atletismoa, triatloia, mendia, patinajea, txirrindularitza, espeleologia.

  • Uztailaren 11tik aurrera baimenduta.

–Kontaktu urriko aire zabaleko banakako kirolak: hipika, golfa, arku-tiroa, tiro olinpikoa.

  • Ekainaren 25etik aurrera baimenduta.

–Barrualdeko banakako kirolak: Halterofilia, gimnastika erritmikoa, kirol-gimnastika, esgrima, arku-tiroa.

  • Uztailaren 11tik aurrera baimenduta.

–Ehiza eta arrantza:

  • Ekainaren 25etik aurrera baimenduta.

–Uretakoak: Igeriketa, waterpoloa, sinkronizatua, salbamendua eta sorospena, urpeko jarduerak.

  • Ekainaren 25etik aurrera aire zabalean baimenduta. Waterpoloa eta lehiaketa estaliak urriaren 1etik aurrera.

-Ontziak: Arrauna, piraguismoa, bela, surfa.

  • Uztailaren 11tik aurrera baimenduta.

–Tresna batekin jotzeko kirolak: Tenisa, padela, pilota, mahai-tenisa, badmintona, squasha.

  • 25etik aurrera pista estali gabean eta uztailaren 11tik aurrera estalian baimenduta.

–Motorreko kirolak: Automobilismoa, motoziklismoa, aireko motordunak.

  • Ekainaren 25etik aurrera baimenduta (pilotukidearekin uztailaren 11tik aurrera).

–Xakea, billarra:

  • Ekainaren 25etik aurrera baimenduta musukoarekin.

–Herri-kirolak:

Kontakturik gabeko aire zabaleko modalitateak uztailaren 11tik aurrera. Modalitate guztiak urriaren 1etik aurrera.

–Neguko kirolak:

  • Ekainaren 25etik aurrera baimenduta. Taldeko jarduerak (hockeya,...) urriaren 1etik aurrera.

III. ERANSKINA

Nafarroan normaltasun berriko fasean kirolean jarduteko protokolo orokorra

–Baimenduta dago lehiaketak egitea, lehiaketa bakoitzarentzat berariazko protokolo bat ezarrita. Protokoloak puntu honetan azaldutako oinarrizko protokoloaren baldintzak bete beharko ditu. INDk oinarrizko protokolo eredu bat ezarriko da, nahitaez bete beharrekoa (IV. eranskina). Erakunde antolatzaileak hura osatzen ahal du, ekitaldi edo lehiaketaren ezaugarrien arabera.

–Jarduera antolatzen duen klub, federazio eta/edo erakundeak erantzukizunpeko adierazpen bat bete beharko du, eta hor ezarritako oinarrizko neurriak betetzen direla jasoko du; eskudun den administrazioak erantzukizunpeko adierazpen hori eskatu ahalko du.

–Taldeko kiroletako liga federatuen kasuan, protokolo hori lehiaketa egiten den instalazio bakoitzarentzat ezarri beharko dute parte hartzen duten klubek. Parte hartzen duen klub bakoitzak izanen du protokoloa betetzeko ardura, eta dagokion federazioari emanen dio.

–Lehiaketa federatu bat parte-hartzaile guztientzako esparru bakar batean egiten bada, lehiaketa Nafarroako txapelketa bada, federazio antolatzaileak izan beharko du protokolo hori betetzeko ardura.

–Gainerako lehiaketetan eta/edo kirol ekitaldietan, klub, federazio eta/edo erakunde antolatzailea izanen da protokoloa betetzeko arduraduna.

–Jarduera antolatzen duen klubak, federazioak eta/edo erakundeak artxibatuta eduki beharko du jarduera bakoitzean parte hartzen duen kirolarien zerrenda, bakoitzaren harremanetarako datuekin, kutsatzeren bat egonez gero jarraipena egin ahal izateko.

–Kasu guztietan, egiteko protokoloak alderdi hauek jaso beharko ditu:

  • Eginen den lehiaketa/jarduera.
  • Erabiliko diren kirol esparrua/esparruak.
  • Joan-etorri fluxuen erregulazioa erabiliko diren kirol guneetan, bai parte hartzen duten kirolarientzat, bai joandako ikusleentzat, sartzeko eta irteteko ibilbideak bereizita.
  • Kirol jarduerako parte-hartzaile guztien artean (ikusleak barne) 1,5 metroko segurtasun tartea gordetzea, diharduten kirolarien artean izan ezik, kirola egiteko unean (entrenamenduak edo lehiaketak).
  • Lehiaketaren aurreko eta ondorengo uneak antolatzea, segurtasun tartea ziurtatuz eta pilaketak saihestuz.
  • Parte hartzen duten kirolari eta laguntzaileen kopurua.
  • Gel hidroalkoholikoak egotea.
  • Musukoak erabiltzea tarterik gorde ezin den kasuetan, aurreko kasuan bezala.
  • Erabiliko den kirol materiala garbitu eta desinfektatzea.

IV. ERANSKINA:

Normaltasun berriko ekitaldi eta lehiaketen protokoloa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2006690