159. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

512E/2020 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldaketa funtsezko bat baimentzen baita Villatuertako udal-mugartean pieza metalikoak fabrikatzen dituen instalazio batean. Instalazioaren titularra Embega S. Coop da.

Gaur egun martxan dagoen instalazio honek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 453/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 440E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 9ko 126E/2019 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Instalazioa sartuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bateginaren I. eranskinean, 2.6 epigrafean: “Metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendua prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez egiteko instalazioak, tratamendurako erabiltzen diren kubeta edo linea osoen bolumena 30 m³-tik gorakoa denean” (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina); halaber, instalazioa sartuta dago Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskinean, 2.6 epigrafean: “Metalen eta material plastikoen gainazalen tratamendua, prozedura elektrolitiko edo kimikoaren bidez, tratamendurako erabiltzen diren kubeten bolumena 30 m³-tik gorakoa denean”. Zuzentarau horrek hizpide ditu industria isurketak (kutsaduraren prebentzioa eta kontrol integratuak); (bertsio bategina).

Titularrak instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, anodizatze-lerroa automatizatzeko eta funtzionamendu ordutegia handitzeko. Aldaketa funtsezkotzat jo zuen Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2019ko abuztuaren 30ean, irizpen hau eman zuen: Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin behar, ez zegoelako lege horren eranskinetako batean ere, eta ulertzen zelako proiektu horrek ez zuela izanen eragin kaltegarri nabarmenik ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako areagotzerik edo ukipenik.

Instalazioa ez dago irailaren 21eko 840/2015 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan sartuta. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, substantzia arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Baimen honek lurgaineko uretan zeharka isurtzeko baimena dakar, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikuluaren aplikazioan eskatutakoa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honek barne hartzen du atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Espedientea tramitatu da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako prozedura erraztuaren bidez (abenduaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan aurreikusitakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Aldaketa funtsezko bat baimentzea Villatuertako udal-mugartean pieza metalikoak fabrikatzen dituen instalazio batean, proiektu hau gauzatzeko: anodizatze-lerroa automatizatzea eta funtzionamendu ordutegia handitzea. Instalazioak eta jarduerak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta administrazio espedientearen parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, baita ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Embega S. Coop da.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15G01257034082007 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Sartzea hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Ingurumen baimen integratu honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunean, edo, betiere, aldaketa martxan jartzen den egunean. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Seigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen, edo jakinarazpenaren biharamunean, hura geroago egiten bada. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Embega, S. Coop.era, Villatuertako Udalera, Jurramendiko Mankomunitatera eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura.

Iruñean, 2020ko ekainaren 22an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2006661