159. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

77E/2020 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio ponpatze bidezko instalazio fotovoltaiko bat jartzeko proiektuari. Instalazioa Ablitasko 10. poligonoko 1303. lurzatian jarriko da, eta Ablitasko ureztaketen sindikatuak sustatu du.

2019ko maiatzaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Hona zertan datzan proiektatutako jarduera: sorkuntza fotovoltaikoko instalazio bat egitea, 806,4kW-ekoa, zuzenean eta bakar-bakarrik elikatzeko Lodosako ubidearen idoiko ponpatze-estazioan dauden bi ponpa, sare elektrikoari lotzeko edo energia metatzeko aukerarik gabe. Zehazki, sorgailu fotovoltaikoaren 268,80 kW lurzoru gainean instalatuko da, egitura estatikoetan, eta 537,6 kW, idoiaren gaineko egitura flotatzaileen gainean. Gaur egungo itxitura handitzea proposatzen da, egitura estatikoak sartzeko egungo itxituraren barruan.

Lurzoruko instalaziorako, ahokatze-lanak egin eta zabalgune bat eratuko da; xedea da gunea leuntzea eta malda berdintzea, landare lurraren geruza kendu ondoren. Zulaketa metalikoaren bidez eginen da zimendua, hormigoizko zapatarik egiteko beharrik gabe. Lur azpitik joanen da hoditeria sorgailu fotovoltaikotik ponpatze eraikinera.

Espedientean Ablitasko Udalaren txostena jasotzen da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea ponpatze bidezko instalazio fotovoltaiko bat jartzeko proiektuari. Instalazioa Ablitasko 10. poligonoko 1303. lurzatian jarriko da, eta Ablitasko ureztaketen sindikatuak sustatu du.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Planteatutako ahokatze-lanekin eta lur-berdinketarekin egiten diren lur mugimenduak teknikoki beharrezkoak diren gutxienekoak izanen dira.

–Hondeatzen diren azalera guztiak landare lurraren geruzarekin estaliko dira. Geruza hori aldez aurretik kendu eta pilatuko da, hondeaketako gainerako lurretatik bereizita. Lurzoruaren higadura murrizteko, azalera horiek berriz landareztatuko dira, tokiko berezko hazien nahasketa batekin ereinez.

–Inguruko hesiak animalia txikiei pasatzen utzi beharko die; beraz, beheko aldeak gutxienez 20cm-ko argia izan beharko du.

–Lanak bukatutakoan, obra hondar guztiak garbituko dira okupatu den eremuan, bai eta ondoko lurretan ere.

Hirigintza arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, instalazioko edo azpiegiturako elementu irtenek 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoaren kanpoko bazterretik neurtuta.

–Herri Lan Zuzendaritza Nagusiaren txostenarekin bat, sustatzaileak, egokitu beharko balu gaur egungo NA-3042 errepidetik eginen diren instalazioetara sartzeko bidea, edozein lan egin baino lehen, aipatu Herri Lan Zuzendaritza Nagusian aurkeztuko du egin beharreko obrak zehazten dituen dokumentazio tekniko zehatza, nahitaez aurkeztu behar duen baimenaren eskaerarekin batera. Zuzendaritzak, hala badagokio, lan horiek egiteko baimena emanen dio.

–Herri-lurren Atalaren txostenean adierazitakoarekin bat, obrak herri-lurretan eginen direnez, obra-lizentzia eman aurretik, Ablitasko Udalak herri ondasunak okupatzeko baimena eskuratu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herrilurren Atalaren bidez, eta horretarako nahitaezko izapideen ziurtagiriak aurkeztuko ditu, bai eta espedienteak ukitzen dituen lurzatiei buruzkoak ere; hori guztia Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 142. artikuluan ezarritakoarekin bat.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ablitasko Udalari, Ingurumena Zaintzeko Taldeari (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2006192