157. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 17a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiaren iragarkia. Jendaurrean jartzen da “Muga” Meategiaren Proiektua (Nafarroa eta Aragoi) lehengoratzeko planaren gaurkotzea

Muga meategiaren proiektuak (Nafarroa eta Aragoi) Nafarroako eta Aragoiko autonomia erkidegoei eragiten die eta ustiapenerako hiru emakida hartzen ditu. Haietako bat Aragoiko Gobernuaren eskumenekoa da, beste bat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarena eta beste bat Estatuko Administrazio Orokorrarena. Hiru administrazio ukituta daudenez, haien artean kudeaketa-esleipen bat izenpetu zuten, administrazio bakoitzak meategiko emakida esleitzeko behar diren administrazio-espedienteak batera izapidetzeko.

Biodibertsitatearen eta Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza Nagusiaren 2019ko maiatzaren 31ko ebazpen baten bidez egin zen Muga Meategiaren proiektuaren (Nafarroa eta Aragoi) gaineko ingurumen-inpaktuaren adierazpena, eta 2019ko ekainaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu; adierazpenaren D atalean zenbait baldintza ezartzen dira proiekturako, lehengoratzeko plana barne, zeina jendaurrean egon baitzen ingurumen-inpaktuaren azterketarekin batera.

Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiak 2019ko irailaren 12an emandako ofizio baten bidez, enpresari dokumentazio osagarria eskatu zitzaion, espedientearen izapidetzearekin aurrera egiteko, besteak beste ustiapen proiektuaren eta lehengoratze planaren gaurkotze-planak, bai eta prozesatzeko instalazioaren eta instalazio osagarrien proiektu gaurkotu bat ere, proiekturako IAn ezarritako baldintza aplikagarriak bete behar zituztenak.

2020ko martxoaren 13an aurkeztu zen dokumentazio hori Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusian.

Bere garaian jendaurreko eta kontsultetako tramiteak bete zituen lehengoratze planarekin alderatuta aldaketak daudenez gaurkotzeko plan honetan honetan, bidezkotzat jo da parte-hartze publikoaren tramitea betetzea, Erauzketa industrietako hondakinak kudeatzeari eta meatzaritzak ukitutako eremua babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Beraz, jendaurrean jartzen da “Muga Meategiko proiektua” (Nafarroa eta Aragoi) lehengoratzeko planaren gaurkotzea, bai eta Politika Energetikoaren eta Meatzeen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen proposamena ere, zeinak proposatzen baitu lehengoratze plana onestea; 30 egunez egonen dira jendaurrean, iragarki hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe horretan aztertzen ahalko dute hala nahi dutenek, ondoren alegazioak aurkeztu ahal izateko. Sinplifikazio administratiboa dela eta, administrazio honen ebazpen proposamena baizik ez da argitaratzen, eta ez Aragoiko Gobernuak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egindakoak, haiek ebatziko baitituzte, hurrenez hurren, ikerketarako baimen hauek eragindako emakidei buruzko espedienteak: “Muga”, 3.500-10 zenbakikoa, eta “Goyo”, 35.780 zenbakikoa.

Proiektua honako toki hauetan egonen da jendaurrean bulego egun eta orduetan: Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Meatzeetako Zuzendariordetza Nagusian, (Castellana pasealekua, 160, Madril); Gobernuak Nafarroako Autonomia Erkidegoan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalean (Merindadeen plaza, z.g., Iruña); Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusian (Tomás Caballero parkea 1, Iruña); Gobernuak Aragoin duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalean, Zaragozan (Nuestra Señora del Pilar plaza, z.g.) eta Aragoiko Gobernuko Energiako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusian (Edificio Pignatelli, María Agustín pasealekua, 36, Zaragoza).

Era berean, dokumentazio hori kontsultatzen ahalko da, epe horretan berean, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren web orrian:

https://energia.gob.es/es-ES/Participacion/Paginas/Index.aspx

Aditzera ematen da orok jakin dezan.

Madrilen, 2020ko ekainaren 27an.–Energia Politikako eta Meatzetako zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2007156