157. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

108/2020 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 20ko 12E Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitziren Nafarroako Foru Komunitatean lehen ehiza-lizentzia administratiboa lortzeko egin behar diren gaitasun probetarako 2020ko deialdiaren oinarriak.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 13.1 artikuluan ezarrita dago ezen Nafarroako Foru Komunitatean ehiza-lizentzia lehen aldiz eskuratu ahal izateko aurretik gainditu beharko direla gaitasun probak eta ehizarekin lotutako gaiei buruzko azterketak.

Gaitasun proba horien baldintzak eta edukia ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 5. artikuluan zehaztu ziren, dekretu horren bidez onetsi baitzen Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua. Besteak beste, aipatzen du beharrezkoa dela prestakuntza ikastaro homologatu bat egitea, eta ezartzen du nahitaezkoa dela gaitasun probek honako hauei buruzko edukiak jasotzea: ehizaren lege arloko alderdiak, basa faunari buruzko ezagutza, ehizari eta segurtasunari buruzko metodoak, eta ehizarako arteak eta bitartekoak eta horien erabilera.

Xedapen horiek betez, bidezkoa da ezartzea zein diren aurtengo deialdiak eta baldintzak, ehizan estreinakoz aritu nahi dutenek froga dezaten beren lehen ehiza-lizentzia administratiboa lortzeko beharrezkoak diren ezagutzak dituztela.

Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 22ko 12E Ebazpenaren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko lehenbiziko ehiza-lizentzia administratiboa lortzeko egin behar diren gaitasun probetarako 2020ko deialdia eta oinarriak.

Ebazpen hori 2020ko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 13koan; bertan ezarri ziren nahitaezko prestakuntza ikastaroa egiteko egunak (apirilaren 17a eta 18a eta maiatzaren 7a eta 8a), azterketak egitekoak (maiatzaren 22a eta 23a, eta ekainaren 5a eta 6a), eta, halaber, izena emateko azken eguna (martxoaren 16a).

Baina egungo egoera salbuespenekoa dela-eta, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Horrek ekarri zuen, batetik, Ingurumeneko zuzendari nagusiak martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpena ematea, 463/2020 Errege Dekretuak ukitutako ehiza arloko zenbait jarduera salbuespeneko izaeraz arautzekoa, eta 2020ko ehiza-ikastaroa eta azterketa behin-behinekoz bertan behera gelditzea; bestetik, aurreikusitako epe administratiboak ere bertan behera gelditu ziren. 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera:

1. Sektore publikoko erakundeen prozedurak izapidetzeko mugaegunak bertan behera uzten dira eta horien epeak eten egiten dira. Epeen zenbaketa berriz hasiko da errege dekretu horrek indarra galtzen duen unean edo, hala badagokio, haren luzapenek indarra galtzen duten unean.

2. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean zehaztutako sektore publiko guztiari aplikatuko zaio epeak etetea eta mugaegunak bertan behera uztea.

3. Aurrekoagatik ere, organo eskudunak erabaki ahalko du, ebazpen arrazoitu baten bidez, antolamendu eta instrukzioko neurriak hartzea, behar-beharrezkoak baino ez direnak, kalte larriak saihesteko prozedurako interesdunaren eskubide eta interesetan, baldin eta interesdunak adostasuna adierazten badu, edo interesdunak adostasuna adierazten duenean epea ez eteteko.

4. Deusetan galarazi gabe aurreko ataletan ezarritakoa, errege dekretu honek indarra hartzen duen unetik sektore publikoko entitateek ahalmena izanen dute alarma egoera justifikatzen duten egitateei zuzen-zuzenean lotutako egoerei buruzko prozedura administratiboei jarraipena emateko, behar bezala arrazoituta, baita, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamenduari begira, ezinbestekoak diren prozedurei ere.

Azkenik, COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratzen duen alarma egoera luzatzen duen maiatzaren 22ko 537/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duenarekin bat, eten diren epe administratiboak berriz hasiko dira zenbatzen 2020ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Kontuan hartuta inguruabar horiek, izena eman dutenen kopurua eta beharrezkoa den aforoa, urruntze sozialaren baldintzak eta osasun eta higiene arloko beste neurri batzuk, bai eta oraingo datak eta ehiza denboraldia hasteko epeak ere, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren ustez komeni da bertan behera uztea 2020ko ehiza arloko prestakuntza ikastaroa.

Halere, izena eman dutenen kopuruak interesa dagoela adierazten duenez, ikastaroaren edukia Nafarroako Gobernuaren web orrian eskura dagoenez (“Manual preparatorio del examen del cazador en Navarra, versión 2013 y libro de preguntas versión 2016”), eta helbide elektroniko bat (examencaza2020@navarra.es) prestatu denez gaiari buruzko zalantzei erantzuteko, uste da komeni dela bere horretan mantentzea ehiza-azterketaren 2020ko deialdiak.

Ikusita Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren txostena.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 37/2020 Ebazpenaren lehen puntuan xedatutakoa baliogabetzea; ebazpen horren bidez arautu ziren salbuespenez 463/2020 Errege Dekretuak ukitutako ehiza arloko zenbait jarduera, eta bertan behera utzi ziren behin-behinekoz 2020ko ehiza-ikastaroa eta -azterketa.

2. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 20ko 12E Ebazpena aldatzea; ebazpen horren bidez onesten dira Nafarroako Foru Komunitateko lehenbiziko ehiza-lizentzia administratiboa lortzeko egin behar diren gaitasun probetarako 2020ko deialdiak; horrenbestez, behin betiko gelditzen da bertan behera 2020ko ehizarako prestakuntza ikastaroa, eta mantentzen dira ehiza-azterketaren 2020ko deialdiak.

3. Onartutakoen behin betiko zerrenda eta azterketak egiteko egunak, tokia, ordutegia eta baldintzak argitaratuko dira Nafarroako Gobernuko iragarki-taulan (Karlos III.aren etorbidea 2; 31002, Iruña) eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki-taulan (González Tablas kalea 9, Iruña). Internet bidez ere kontsultatzen ahalko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta Zerbitzuen Katalogoan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, hartan espediente zenbakia adierazita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2006773