157. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

41E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 23koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren apirilaren 29ko 30E/2019 Foru Agindua, zinema bultzatzeko Generazinema laguntzen 2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi zituena.

Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariak apirilaren 29an emandako 30E/2019 Foru Aginduaren bidez, zinema bultzatzeko Generazinema laguntzen 2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi ziren, horretarako gastua baimendu zen eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindu zen.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren irailaren 25eko 171E/2019 Ebazpenaren bidez, zinema bultzatzeko Generazinema laguntzen 2019ko deialdia ebatzi zen. Ebazpen horretan jaso ziren deialdiaren bidez diruz lagunduko diren pertsona eta entitate onuradunek egin beharreko proiektuak. Proiektu horiek gauzatzeko epea 2020ko urriaren 31n bukatzen da.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma-egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan jasotako neurrien ondorioz, besteak beste, pertsonen zirkulazio askatasuna mugatu da eta hainbat euste-neurri ezarri dira merkataritza-jardueran, kultur ekipamenduei dagokienez eta beste arlo batzuetan (7. eta 10. artikuluak).

Apirilaren 4ko 3/2020 Foru Lege-dekretuak, zeinaren bidez presako neurri batzuk ezarri baitziren koronabirusaren osasun krisiak (COVID-19) eragindako inpaktuari aurre egiteko, laugarren xedapen gehigarrian, ezartzen du martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak indarra hartu baino lehenagoko dirulaguntzen deialdiak eta haiek emateko baldintzak aldatzen ahalko direla, diruz lagundutako jarduera egiteko epeak luzatzeko eta, hala behar denean, baita jarduera justifikatzeko eta egin dela ziurtatzeko epeak luzatzeko ere, kasuan kasuko oinarri arautzaileetan luzapen hori aurreikusi ez bada ere.

Horretarako, adierazten du organo eskudunak justifikatu beharko duen gauza bakarra hauxe izanen dela: diruz lagundutako jarduera ezin dela egin alarma-egoera indarrean izan den bitartean, eta hori bukatu eta gero ere ez dela denbora nahikoa izanen diruz lagundutako jarduera egiteko, justifikatzeko edo egin dela ziurtatzeko.

Horrez gainera, ezartzen du ezen, emandako dirulaguntzaren konturako aurrerakinak ordaindu direnean, oinarri arautzaileetan espresuki hala aurreikusten bada eta jarduera ezin bada egin COVID-19arekin loturiko zergatiak direla-eta gerora sortutako arrazoiengatik, itzulketa-prozesuan ez dela berandutze-kosturik exijituko.

Espainian deklaratutako alarma-egoeraren ondoriozko egoerak nabarmen aldatu du Generazinema 2019ko laguntzen deialdian onuradun atera ziren proiektu askoren helburua, zeina apirilaren 29ko 30E/2019 Foru Aginduaren I. eranskinaren I. oinarrian azaldu baitzen, hots: proiektu fasean dauden filmen produkziorako laguntzak ematea. Deialdiak hiru modalitate ditu: film luzeen produkzioa, film laburren produkzioa eta film luzeen garapena. Lehenengo bi modalitateen denbora eremua eta eremu ekonomikoa urte anitzekoa da, eta produkzio fasean dauden filmak dituzte xede. Fase horren barnean sartzen dira filmatze, produkzio, edizio eta posprodukzio lanak. Lan horietako asko geldiarazi edo aldatu behar izan dira alarma-egoeraren deklarazioaren ondorioz. Era berean, deskonfinamendu prozesuarekin batera ikus-entzunezko lanen filmatze eta produkzio lan batzuk berriz abian jarri badira ere (partez betiere), zenbait mugapen ezarri dira COVID-19a ugal ez dadin, eta horrek aurreikusitako jarduerak egiteko prozesua moteltzen du. Gainera, dirulaguntza eskatu zenean aurreikusi ez ziren gastuak egin behar izan dira.

Deialdian finkatutako xedeak bete ahal izateko, beharrezkoa da aldaketa batzuk egitea oinarri arautzaileetan, sortutako egoera berriarekin bat etor daitezen. Aldaketa horiek apirilaren 29ko 30E/2019 Foru Aginduaren I. eranskinean jasotako 1., 3., 15., 17. 20. eta 22. oinarri arautzaileei eragiten diete.

Ikusirik espedientean jasotako txosten tekniko eta juridikoak, erakusten dutenak hurrenez hurren, dirulaguntza hauek ematea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia, haren oinarri arautzaileak eta proposatutako aldaketa legezkoak direla,

AGINTZEN DUT:

1. Foru agindu bat onestea aldatzeko Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren apirilaren 29ko 30E/2019 Foru Agindua, zeinaren bidez xedatu baitzen zinema bultzatzeko Generazinema laguntzen 2019ko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, horretarako gastua baimentzea eta deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Hala, partez aldatuko dira deialdiaren 1., 3., 15., 17., 20. eta 22. oinarriak, foru agindu horren I. eranskinean jaso zirenak.

2. Apirilaren 29ko 30E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 1. oinarria aldatzea, 5. atala gehitzeko, testu hau izanen duena:

“1.5. 2020ko azaroaren 30era arte luzatzen da diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, baldin eta jarduera horiek atzeratu edo aldi baterako eten badira alarma-egoera deklaratzearen ondorioz, edo COVID-19ak eragindako osasun krisia dela-eta jarduera horien plangintzan egindako aldaketen ondorioz”.

3. Apirilaren 29ko 30E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 3. oinarria aldatzea, 8. atala gehitzeko, testu hau izanen duena:

“3.8. Aurrekontuko partiden arteko doikuntza: Proiekturako aurkeztutako jatorrizko aurrekontuaren exekuzioan aldaketak egitea onartuko da, eta, horrenbestez, justifikatutako gastu txikiagoak izateagatik atalen batean erabili ez den kreditua erabiltzen ahalko da justifikatutako gastu handiagoak izan diren beste atal batzuetan”.

4. Apirilaren 29ko 30E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 15. eta 20. oinarriak aldatzea, 1.f atala gehitzeko, testu hau izanen duena:

“15.1.f) Gastu diruz lagungarriak izanen dira, orobat, diruz laguntzen den proiektuan lan egiten duten profesionalentzat erosten diren norbera babesteko ekipamenduen gastuak, baita deskonfinamendurako baldintzen gaineko bestelako informazio, seinaleztatze edo babes elementuak erostekoak ere, eta higiene eta garbiketa materiala ere bai, aplikatu beharreko araudiak edo osasun arloko agintariek nahitaezkotzat jotzen badituzte.”

“20.1.f) Gastu diruz lagungarriak izanen dira, orobat, diruz laguntzen den proiektuan lan egiten duten profesionalentzat erosten diren norbera babesteko ekipamenduen gastuak, baita deskonfinamendurako baldintzen gaineko bestelako informazio, seinaleztatze edo babes elementuak erostekoak ere, eta higiene eta garbiketa materiala ere bai, aplikatu beharreko araudiak edo osasun arloko agintariek nahitaezkotzat jotzen badituzte.”

5. Apirilaren 29ko 30E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 17.3. eta 22.3. oinarriak aldatzea, honela idatzita geldituko baitira:

“17.3. Bigarren ordainketa, oro har, onartutako dirulaguntzaren %81,55ekoa izanen da, eta diruz lagundutako jarduera bukatuta ordainduko da, Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren, baldin eta 17.9 oinarrian ezarritako egunetan frogagiri eta dokumentu hauek aurkezten baditu”.

“22.3. Bigarren ordainketa, oro har, onartutako dirulaguntzaren %81,55ekoa izanen da, eta diruz lagundutako jarduera bukatuta ordainduko da, Proiektu Estrategiko Ikus-entzunezkoen eta Digitalen Atalak aldeko txostena eman ondoren, baldin eta 22.9 oinarrian ezarritako egunetan frogagiri eta dokumentu hauek aurkezten baditu”.

6. Apirilaren 29ko 30E/2019 Foru Aginduaren I. eranskineko 17. eta 22. oinarriak aldatzea, 9. atala gehitzeko, testu hau izanen duena:

“17.9. Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna hau da:

a) Oro har, 2020ko urriaren 31.

b) Salbuespen gisa, COVID-19aren ondoriozko alarma-egoeraren deklarazioa dela kausa proiektuko jardueraren bat atzeratu behar izan duten onuradunentzat, 2020ko abenduaren 10a.”

“22.9. Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna hau da:

a) Oro har, 2020ko urriaren 31.

b) Salbuespen gisa, COVID-19aren ondoriozko alarma-egoeraren deklarazioa dela kausa proiektuko jardueraren bat atzeratu behar izan duten onuradunentzat, 2020ko abenduaren 10a.”

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 23an. –Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2006657