155. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

78E/2020 EBAZPENA, ekainaren 16koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, iraungitzat deklaratzen duena Martzillan, Azkoienen eta Funesen zuntz optikoaren azpiegiturarako espedientea, Nasertic-ek eskatuta hasi zena.

2019ko uztailaren 26an, proiektu honi ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera sartu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuan: Azkoien TZrako “Martzilla-Funes” interkonexiorako kanalizazioen proiektua, Martzillako, Azkoiengo eta Funesko udal-mugarteetan. Sustatzailea Nasertic da.

Espedienteko proiektu teknikoa ikusirik, 2019ko irailaren 23ko idazkiaren bidez sustatzaileari eskatu zitzaion dokumentazio osagarria bidal zezala, behar bezala tramitatzeko. Errekerimendu horretan espresuki ohartarazten zen ezen, aipatutako jakinarazpenetik hiru hilabete igarota, behar den dokumentazioa aurkeztuko ez balitz, espedientea iraungitzat deklaratuko litzatekeela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 95. artikuluko beharkizun eta ondorioekin. Horrek berekin ekarriko luke proiektatutako obrak eta instalazioak ezin gauzatzea.

Emandako epea iragan denez eskatutakoa bete gabe, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Azkoien TZrako “Martzilla-Funes” interkonexiorako kanalizazioen proiekturako hasitako espedientea (2019ko ekaina) iraungi dela deklaratzea eta horretan egindako jarduketak artxibatzea. Espedientea Nasertic-ek eskaturik hasi zen.

Adieraztea ezen, etorkizunean obra horiek gauzatu nahiko balira, beste espediente bat hasi beharko litzatekeela, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuan ezarritako moduan. Foru dekretu horren bidez Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zen.

2. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak alarma egoera bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau interesdunari, Martzillako Udalari, Azkoiengo Udalari, Funesko Udalari eta Lurralde Antolamenduaren Atalari igortzea, jakinaren gainean egon daitezen eta behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 6an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2006194