155. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 24an hartua, ezesten duena Arakilgo Udalak egindako aurretiazko errekerimendua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 360E/2019 Ebazpenaren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurrekoa.

AURREKARIAK

1. 2018ko ekainean, Nedgia Navarra SA enpresak ondotik aipatzen den proiektua aurkeztu zuen Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuan, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean eta Gas naturala garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1431/2002 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat: “16 bar-eko OPMko hornidura-antena (APA) Lekunberriko industrialderako, Nafarroako Foru Komunitatean”.

Proiektu horren xedea da gasbide bat eraikitzea, 16 bar-eko operazio presio maximoa (OPM) izanen duena, hodi bidez Lekunberriko udalerriko industrialdea eta hirigunea gasez hornitzeko. Hala, etorkizunean eraitsi eginen dira gas natural likidotuaren egungo bi estazioak.

2. Proiektu hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4e) multzokoen artean; hortaz, Energiaren, Meatzaritzaren eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak Lurralde eta Paisaia Zerbitzura igorri zuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren eskaera.

3. Jendaurreko izapideak eta bidezko kontsultetakoak bukatuta, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren 2019ko urtarrilaren 9ko 13E/2019 Ebazpenaren bidez xedatu zen proiektu hori gauzatzeak ondorio nabarmenak izan ditzakeela ingurumenean, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta behar duela, sinplifikatuaren ordez, eta beste alternatiba batzuk aztertu behar direla, hasierako proiektuak baino ingurumen-inpaktu txikiagoa dutenak habitaten eta paisaiaren gainean.

4. 2019ko martxoaren 27an, Nedgia Navarra SAk adenda bat aurkeztu zuen prozeduran, hasierako proiektuari aldaketak proposatzeko eta gasbidearen trazadurarako alternatibak planteatzeko.

Jendaurreko eta kontsultetako izapideak bukatuta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluarekin bat, 2019ko uztailaren 9an Nedgia Navarra SAk eskatu zion ingurumen arloko organoari proiektu honen gaineko ingurumen-ebaluazio arrunterako prozedura hasi, garatu eta tramitatu zezan: “16 bar-eko OPMko hornidura-antena (APA) Lekunberriko industrialderako, Nafarroako Foru Komunitatean”.

5. Ingurumeneko zuzendari nagusiak 2019ko abenduaren 31n eman eta Arakilgo Udalari 2020ko urtarrilaren 2an jakinarazitako 360E/2019 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman zen. Ebazpen hori Nedgia Navarra SAri, Arakilgo Udalari eta prozeduran interesa duten gainerakoei jakinarazteaz gain, 2020ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 7koan.

6. 2020ko otsailaren 28an, 2020ko otsailaren 26ko 31. alkatetza-ebazpena aurkeztu zen, zeinaren bidez Oihana Olaberria Jaka andreak, Arakilgo Udaleko alkate udalburua den aldetik, aurretiazko errekerimendua egin baitzuen, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 360E/2019 Ebazpenaren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurrekoa.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehena.–Uztailaren 13ko 29/1998 Legeak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duenak, 44. artikuluan hau ezartzen du:

“1. Administrazio publikoen arteko auzietan ez dago errekurtsoa jartzerik administrazio-bidean. Nolanahi ere, Administrazio batek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten duenean beste baten aurka, aldez aurretik eskatzen ahalko dio xedapena indargabetu dezala, egintza deuseztatu nahiz errebokatu, jarduketa materiala eten nahiz aldatu, edo egin beharrekoa duen jarduerari ekin diezaiola.

(...) 2. Errekerimendua organo eskudunari bidali behar zaio idatzi arrazoituaren bidez. Bertan zehaztuko da xedapena, egintza, jarduera edo jarduerarik eza, eta bi hilabeteko epean egin behar da, araua argitaratzen denetik hasita, edo errekerimendua egiten duen administrazioak egintza, jarduera edo jarduerarik eza ezagutu zuenetik edo ezagutzen ahal zuenetik”.

Bigarrena.–Nafarroako Gobernuari dagokio aurretiazko errekerimendua ezagutu eta ebaztea, Nafarroako Foru Komunitateari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 100. artikuluak ezartzen duenarekin bat, zeinak ezartzen baitu:

“Nafarroako Gobernua izanen da organo eskuduna beste administrazioek Foru Administrazio Publikoari egiten dizkioten errekerimenduak ezagutzeko. Gai honen gaineko erabakiak Nafarroako Gobernuak hartuko ditu ukitutako departamentuak edo departamentuek aurretik proposamen arrazoitua eginda”.

Hirugarrena.–Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen kalifikazioaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura “instrumentala” da proiektuak baimentzeko prozedura substantiboarekin alderatuta, eta, horregatik, ingurumen-inpaktuaren txostenak nahitaezko txosten loteslearen izaera juridikoa du, eta, horrenbestez, errekurtsorako aukerarik gabeko ingurumen-irizpen bat da.

Alde horretatik, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.5 artikuluak honakoa xedatzen du: “Ingurumen-inpaktuaren txostenaren aurka ezin izanen da errekurtsorik jarri, baina horrek ez du kentzen proiektua baimentzeko egintzaren aurka bide administratibo edo judizialean bidezkoak direnak jartzea”.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Ezestea Arakilgo Udalak egindako aurretiazko errekerimendua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abenduaren 31ko 360E/2019 Ebazpenaren aurkako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri aurrekoa; ebazpen horren bidez, proiektu honen aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen: “16 bar-eko OPMko hornidura-antena (APA) Lekunberriko industrialderako, Nafarroako Foru Komunitatean”.

2. Erabaki hau Nedgia Navarra SAri jakinaraztea, eta aditzera ematea erabakiak administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka bi errekurtso hauetako bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, hau argitaratu eta, biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

3. Erabaki hau Arakilgo Udalari jakinaraztea, eta adieraztea erabakiak amaiera ematen diola administrazio bideari eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2006626