155. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

90/2020 EBAZPENA, ekainaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako, lurraldearen zaintzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2020ko deialdiak. DDBN identifikazioa: 510893.

Ingurumen hezkuntza, sentsibilizazioa eta boluntariotza norbanakoen eta taldeen ardurakidetza garatzeko tresnak dira, ingurumenaren egoerari eta bilakaerari dagokienez, eta jarreren, balioen eta jokabideen aldaketa sustatzen dute jasangarritasunerantz aurrera egiteko. Zientzia herritarra da jendeak oro har (bai zientzia ikasketak dituztenak, bai horrelakorik ez dutenak) bere borondatez parte hartzea antolatutako jarduera zientifikoetan, eta honako hauek dakartza berekin: galderak egitea eta datuak jaso eta interpretatzea eta jendeak oro har ikerketa zientifikoko jardueretan konpromisoa hartzea. Hori gauzatzen da herritarrek zientzian aktiboki parte hartzen dutenean ahalegin intelektuala eginez edo jakintzari euskarria emanez beren tresna edo baliabideekin, betiere biodibertsitatea eta haren kontserbazioa aztertzeari lotuta.

Nafarroako Gobernuak ingurumen hezkuntzaren tratamendua zeharka indartu nahi du maila guztietan, eta ingurumen arloko boluntariotza eta zientzia herritarraren arloetako ekimenak babestu. Helburu nagusia da herritarren sentsibilizazioa eta ezagutza handitzea ingurumen arloan, eta balioak eta trebetasunak berenganatzea, ingurumen arloko arazoen konponketan parte hartzeko gai izan daitezen banaka zein taldeka.

Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen 4.bis artikuluaren arabera, deialdia Nafarroako Ingurumen Kontseiluari igorri zaio, horren berri izan eta onets dezan.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea.

Ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako dirulaguntzen 2020ko ekitaldiko deialdia onestea.

2. Oinarri arautzaileak onestea.

Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. Gasturako baimena ematea.

216.821,00 euroko gastua egiteko baimena ematea, 2020ko Gastuen Aurrekontuko “PFEZren %0,7ko Funtsa. Ingurumen hezkuntza, boluntariotza, zaintza” izeneko 740002 74200 4809 456200 partidaren kargura, ebazpen honetatik sortutako konpromisoei aurre egiteko, ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako dirulaguntzen deialdiari dagokionez.

Gastuaren banaketa honako hau izanen da proiektu motaren arabera:

• 130.093,00 euro ingurumen hezkuntzako proiektuetarako.

• 86.728,00 euro ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako.

Dirulaguntza ematen den unean multzoetako batean ez bada amaitzen zehaztutako zenbatekoa, beste proiektu motetan gastua ematea baimenduko da hurrengo ordenari jarraikiz:

–Ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazioa.

–Ingurumen arloko boluntariotza eta zientzia herritarra.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Deialdi hauek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunetik hasita hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, alarma egoera deklaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

7. Ebazpena jakinaraztea.

Ebazpen hau Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpena argitaratzea.

Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko ekainaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2020ko deialdienak

1. oinarria. Xedea eta aplikazio-eremua.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek ingurumena hobetzeko laguntza-helburuak erdiestearren sustatzen dituzten proiektuetarako laguntza ekonomikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legean ezarritakoaren arabera. Mota hauetako bateko proiektuak izan behar dira:

a) Ingurumen hezkuntzako proiektuak: halakotzat jotzen dira gizabanakoek zein taldeek ezagutzak, balioak, trebetasunak eta esperientziak jasotzea helburu dutenak, egungo eta etorkizuneko ingurumen arazoak konpontze aldera bakarka zein taldeka jarduteko gaitu daitezen.

b) Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak: halakotzat jotzen dira gizakiak ingurumenean duen eragin kaltegarria gutxitzea helburu dutenak, baita egun dagoen natura-ondarearen, animalia eta landare espezieen, ekosistemen eta baliabide naturalen garrantzia nabarmentzea ere.

c) Zientzia herritarreko proiektuak: deialdi honen ondorioetarako, halakotzat jotzen dira herritarren, orokorrean, borondatezko partaidetza duten ikerketa zientifikoari buruzko jardueretakoak, herritarren parte-hartze hori aktiboa denean, bai ahalegin intelektualaren bidez bai inguruneari buruzko ezagutzaren bidez bai beraien tresnak eta baliabideak jarriz.

Mota horietan guztietan, proiektuak Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira eta ingurumenaren arloko jarduketak bildu behar dituzte, halakotzat hartuta honako hauei buruzkoak:

a) Nafarroako ingurumena, paisaia eta/edo biodibertsitatea zaindu, mantendu eta leheneratzea.

b) Natura 2000 Sareari eta Naturagune Babestuen Sareari buruzko ezagutza, edota bestelako naturagune bereziei buruzkoa eta baliabide naturalak zaintzeko lankidetza proiektuei buruzkoa ere.

c) Ekonomia zirkularra, kontsumo arduratsua, hondakinen kudeaketa eta klima-aldaketaren eta/edo ingurumenaren kutsaduraren aurkako borroka sustatzea eta bultzatzea, eta horietaz sentsibilizatzea.

d) Uraren arrazoizko erabilera, energiaren arrazoizko erabilera, ingurune naturalaren kontserbazioarekin bateragarriak diren baliabide naturalen erabilerak eta aprobetxamenduak.

e) Ingurumenaren kalitatea hobetzea hiri esparruan: ekintzak hiriko eta hiriaren inguruko berdeguneetan, hondakinetan, energian, kontsumoan.

f) Ingurumen jasangarritasuna:

Jarduketak jende ororentzat edo kolektibo zehatz batzuentzat izan daitezke. Nolanahi ere, jarduera jende artean hedatzen dela bermatu behar da. Hala ez egitea proiektua ezeztatzeko arrazoia da. Ez dira diruz lagungarritzat hartuko promozio eta/edo publizitaterako jarduerak ez besterik egiten duten proiektuak, lehenago deskribatu diren ingurumenari buruzko ekintzekin lotura badute ere.

2. oinarria. Baldintza orokorrak.

Laguntza hauekin bateraezin deklaratutako legez kontrako laguntzarik jaso duten Nafarroako elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeek ezin izanen dute ingurumena hobetzeko laguntza-helburuak erdiesteko laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, bateraezin deklaratutako legez kanpoko laguntza horren zenbateko osoa itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte, berreskuratze-interesak barne.

3. oinarria. Onartua izateko irizpideak.

Deialdi honen laguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroan helbidea eta nortasun juridikoa duten elkarteak eta gobernuz kanpoko erakundeak, 1. oinarriko motetako jarduerak egiten badituzte (aipatzen diren ingurumenari buruzko gaien inguruan).

Onuradunek, deialdian onartuak izateko, irizpide hauek bete beharko dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Entitateek jardunean egon behar dute, eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek egoki den erregistro publikoan izena emanik egon behar dute.

b) Sarturik ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluarekin.

c) Egunean izatea tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

d) Proiektuak bete behar ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren ingurumen-politikak, eta bateragarri eta koherente izan behar da aipatu departamentuak egiten dituen jarduketekin.

Entitate eskatzaileek proiektuaren koordinatzaile tekniko bat izendatuko dute, proiektua diseinatu, gauzatu eta ebaluatzearen arduraduna izan dadin.

Onartua izateko irizpideak, zehazki zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik daudela frogatzeari buruzkoak, laguntza eman zein ordaindu baino lehen egiaztatzen dira. Irizpide horiei dagokienez, ez dago zuzentzeko eskatzerik. Beraz, ez betetzeek laguntzak edo horien ordainketa ukatzea ekarriko dute.

4. oinarria. Gastu diruz lagungarriak.

Jarduera garatzen laguntzen duten gastuak diruz lagungarriak izanen dira, eta, bereziki, hauek:

–Material grafikoen eta ikus-entzunezkoen argitalpena, euskarri fisikoan edo elektronikoan.

–Ikastaroetan eta prestakuntzako eta sentsibilizazioko beste jarduera batzuetan, txostengileen, hizlarien, irakasleen eta boluntarioen hezitzaileen kontratazioa, ostatua, mantenua eta garraioa, baita monitoreena eta jarduera gauzatzeko eta boluntarioak leku batetik bestera eramateko behar diren pertsonena ere. Txostengileen eta hizlarien ostatu eta mantenuaren ondoriozko gastuak ezin dira izan onartutako aurrekontuaren %10 baino handiagoak.

–Jarduerak garatzeko behar diren material suntsikorrak eskuratzea, betiere modu arrazoizkoan eta proportzionalean erabilita.

–Ekintza gauzatzeko behar diren instalazioak edo materiala alokatzea, esaterako hitzaldi aretoak, proiektagailuak, tresnak, etab.

–Proiektuari buruzko informazioaren, gizartearen parte-hartzearen eta publizitatearen ondoriozko gastuak.

–Entitate onuradunaren ohiko edo egiturazko funtzionamendu gastuak (Nafarroako egoitzako alokairua, argia, ura, telefonoa, langileak...). Gehienez aurkeztutako aurrekontu osoaren %7 izanen da.

–Jarduera egin bitartean sortzen diren hondakinak ahalik eta gutxien izatea laguntzen duten materialak.

–Istripu asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua boluntzariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako. Aseguru horren gastuak aukeratzen ahalko dira, boluntarioak eta monitoreak ez ezik, proiektuan inplikatuta dauden eta parte hartzen duten hirugarren pertsonak ere (halakorik dagoenean) estaltzen badituzte.

Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuen kasuan, honako hauek ere izanen dira diruz lagungarriak:

–Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetako boluntarioen mantenu gastuak. Gehienez 5 eurokoa izanen da boluntario/egun eta ekintzako, eta aurkeztutako aurrekontu osoaren %10 (400 euro).

Gastu hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

a) Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

b) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

c) Inbertsioak.

d) Beste entitate batzuekin egindako hitzarmenen ondoriozkoak.

e) Beharrezkoak ez direnak edo behar ez bezala justifikatzen direnak. Beharrezkoak ez diren edo behar ez bezala justifikatzen diren gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat ez datozenak, behar-beharrezkoak ez direnak eta ebazpen honek ezarritako epean egiten ez direnak.

f) Bankuko transferentzien ondoriozkoak.

g) Txostengileentzako sariak edo opariak.

h) Erabili eta botatzeko diren plastikozko plater, mahai-tresna, edalontzi, kikara eta erretiluak, erabilera bakarreko poltsak eta, orokorrean, ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren eremuan sartzen direnak.

Gastu diruz lagungarrien erosketa-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa, ezta neurrigabea ere, ekonomiaren eta kostua/eraginkortasuna erlazioaren printzipioen arabera.

5. oinarria. Laguntza eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1. Elkarte bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, agiri hauekin batera:

a) Eskabidea, III. eranskineko ereduaren arabera, bertan zehaztuko baita zer modalitatetarako eskatzen den dirulaguntza, honako hauekin batera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duen erantzukizunpeko adierazpena; eta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela frogatzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

b) Proiektu diruz lagungarri bakoitzeko deskripzio-memoria, III. eranskineko ereduaren arabera. Bertan jasoko dira, gutxienez:

1.–Proiektuaren izena.

2.–Proiektu mota.

3.–Proiektuaren deskribapen laburra.

4.–Jarduteko eremua.

5.–Xede-taldea (nori zuzenduta dagoen eta aurreikusten den parte-hartzaileen kopurua).

6.–Proiektuaren xedea.

7.–Ingurumen arloko onura.

8.–Baliabide materialak.

9.–Giza baliabideak.

10.–Proiektuaren ekintzen eta horiek garatzeko faseen deskribapena.

11.–Proiektuaren zabalkundea.

12.–Proiektua ebaluatzeko irizpideak.

13.–Jarduketaren kronograma.

14.–Proiektuaren aurrekontu orokorra, bertan adierazita ekintza bakoitzeko kostua, zerga-oinarria eta lotutako BEZa ahal den guztietan zehaztuta.

c) Aurreko 3. oinarrian (Onartua izateko irizpideak) eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

d) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik eta sinaturik.

e) Entitatearen erantzukizunpeko adierazpena, BEZ jasanaraziaren kenkaria egiteko eskubidea sortzen duten gastuak eta sortzen ez dutenak bereizirik, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

f) Entitatearen erantzukizunpeko adierazpena, bertan adierazita bestelako laguntzak, diru-sarrerak eta/edo finantzabideak, publikoak zein pribatuak, deialdi honetara aurkeztutako proiektuarekin lotuta, III. eranskineko ereduaren arabera.

g) Aurrerakin-eskaera, III. eranskineko ereduaren arabera: entitateek eskatutako dirulaguntzaren %50 aurretik ordaintzea eskatzen ahalko dute, justifikatuta aurrerakin hori behar dutela diruz lagundutako jarduera egiteko. Horretarako, entitatearen diruzaintzako egoera-orria eta ekitaldiko diru-sarreren eta gastuen aurreikuspena aurkeztuko ditu diruz lagundutako jarduerari loturik.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari igorriko zaizkio.

Telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

6. oinarria. Laguntzen zenbatekoa.

Proiektu mota guztien dirulaguntzaren zenbatekoak taula honetan adierazten diren portzentajeei eta mugei jarraituko die:

PROIEKTU MOTA

ZENBATEKOA, GUZTIRA

DIRULAGUNTZAREN GEHIENEKO %

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA PROIEKTUKO

Ingurumen hezkuntza

130.093,00

%80

9.000 euro

Ingurumen arloko boluntariotza eta zientzia herritarra

86.728,00

%90

9.000 euro1

GUZTIRA

216.821,00

1. Ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuen kasuan, gehieneko dirulaguntza 9.000 eurokoa izanen da entitate bakoitzak aurkeztutako proiektu guztientzat.

Lehentasun hurrenkera ezartzeko, 7. oinarrian (Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak) ezarritako puntuazio-baremoa hartuko da kontuan.

Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du tipologia bakoitzeko, salbu eta ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetan. Horietan nahi beste proiektu aurkezten ahal da, baina diruz lagunduko den zenbatekoa ez da inoiz izanen aurreko taulan ezarritakoa baino handiagoa. Entitateak mota bereko proiektu bat baino gehiago aurkezten baditu (ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetan ezik), eskaeran lehenik erregistratutako proiektua baino ez da tramitatuko, salbu eta uko egiten bazaio espresuki.

7. oinarria. Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Eskaeren lehentasun ordena.

Ingurumen hezkuntzako, ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuak baloratzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Aurkeztutako ekimenaren interes maila 0 puntutik 40 puntura.

Apartatu honetan baloratuko dira: proiektuaren helburuak eta ingurumen arloko onura; zabaltzeko modua, entitate batzuen arteko sinergiak ezartzen ote dituen lankidetzako prozesu baten bidez, eta izaera berritzailea.

–Proiektuaren helburuak eta ingurumen arloko onura: 0 puntutik 10 puntura.

Helburuak zehatzak eta ingurumenaren hobekuntzarekiko koherenteak direla baloratuko da, baita horien kuantifikazioa ere.

–Proiektuaren zabalkundea: 0 puntutik 10 puntura.

Zabalkunde eta publizitateko metodoak baloratuko dira, baita zabalkunde horretan ingurumeneko irizpideak erabiltzea ere.

–Lankidetza-izaera izatea: 0 puntutik 10 puntura.

Proiektua gauzatzeko eta garatzeko beste entitate batzuekin egindako lankidetza baloratuko da. Lehentasuna izanen du elkarte eta/edo gobernuz kanpoko erakundeen arteko lankidetzak. Zerbitzuen kontratazio hutsa ez da lankidetzat hartuko.

–Izaera berritzailea: 0 puntutik 10 puntura.

Aurkeztutako proiektua orijinala izatea baloratuko da, baita berria eta berritzailea ere, honela:

b) Proiektuaren kalitatea. 0 puntutik 25 puntura.

Apartatu honetan proiektuaren metodologia eta bideragarritasuna baloratuko dira, baita sustatzaileek proposatzen duten azken ebaluaziorako prozesua ere.

–Proiektuaren metodologia eta bideragarritasuna. 0 puntutik 15 puntura.

Eginen diren jardueren deskribapena baloratuko da, baita baliabide materialak eta giza baliabideak proiektuan ongi erabiltzea ere, eta horiek metodologiara ongi egokitzea eta aurkeztutako guztiarekin elkarrekikotasuna izatea.

–Proiektuaren azken ebaluazioa: 0 puntutik 10 puntura.

Proiektuaren azken ebaluazioa egiteko neurrien diseinua eta kalitatea baloratuko dira, honela:

c) Xede-taldea eta herritarren parte-hartzea: 0 puntutik 20 puntura.

Herritarrek proiektuaren garapenean izan duten parte-hartzea baloratuko da, baita proiektuaren inpaktua, xede den publiko mota eta inklusibo izatea.

–Herritarren parte-hartzea proiektuaren garapenean: 0 puntutik 5 puntura.

–Jardueraren inpaktua: 0 puntutik 5 puntura.

–Lehentasunezko xede-taldea: 0 puntutik 5 puntura.

–Inklusibo izatea: 0 puntutik 5 puntura.

d) Genero ikuspegia: 0 puntutik 5 puntura.

Proiektuak bermatzen du estereotipo sexistak hausten direla eta rolak modu parekidean banatzen direla proiektuaren barnean.

Koadro honetan zehazten da alderdi horien baremazioa.

IRIZPIDEA

BALORATU BEHARREKO ALDERDIAK

BAREMAZIOA

BALIOA
(puntuak)

AURKEZTUTAKO EKIMENAREN INTERES MAILA

0-40

Proiektuaren helburuak eta ingurumen arloko onura

Proiektuaren xedea eta helburuak zehatzak eta koherenteak dira, eta proiektua gauzatzearen ondorioak kuantifikatzen ahal dira eta iraunkorrak dira

10

Proiektuaren xedea eta helburuak zehatzak eta koherenteak dira, eta proiektua gauzatzearen ondorioak kuantifikatzen ahal dira, baina ez dira iraunkorrak

5

Proiektuaren xedea eta helburuak bat datoz deialdiarekin, baina ez da argi zehazten gauzatzearen ondorioekin dagoen harreman zuzena eta kuantifikatua

0

Proiektuaren zabalkundea

Proiektua bitarteko batzuen bidez zabalduko da eta ingurumeneko irizpideak aintzat hartzen dira zabalkunde hori diseinatzean eta gauzatzean

10

Proiektua bitarteko batzuen bidez zabalduko da, baina ez dira ingurumeneko irizpideak aintzat hartzen zabalkunde hori diseinatzean eta gauzatzean

5

Ez da aurreikusi proiektua zabaltzea

0

Lankidetza-izaera izatea

Lankidetzan ari dira bi elkarte eta/edo gobernuz kanpoko erakunde, edo gehiago

10

Lankidetzan ari dira entitate batzuk, baina haietako bat besterik ez da elkarte eta/edo gobernuz kanpoko erakunde

5

Aurkeztutako proiektuan ez da lankidetza aipatzen, edo ez da betetzen ezta aurreko irizpideetako bat ere

0

Izaera berritzailea

Teknologia berriak erabiltzen dira proiektuaren ekintza batzuetan, edo zerbitzu berria eskaintzen da edo metodologia orijinala erabiltzen da

10

Proiektuaren ekintzetan ez da teknologia berririk erabiltzen, edo zerbitzu berririk ez da eskaintzen edo metodologia orijinala ez da erabiltzen: 0 puntu

0

PROIEKTUAREN KALITATEA

0-25

Proiektuaren metodologia eta bideragarritasuna

Eginen diren ekintzetako deskribapenak proiektuaren helburuei jarraitzen die, koherentea da aurkeztutako kronogramarekin, erabiltzen diren baliabide materialak eta giza baliabideak justifikatzen ditu eta horiek proiektuaren zein fasetan erabiliko diren adierazten du

15

Eginen diren ekintzetako deskribapenak proiektuaren helburuei jarraitzen die eta koherentea da aurkeztutako kronogramarekin, baina ez ditu justifikatzen erabiltzen diren baliabide materialak eta giza baliabideak edo ez du adierazten horiek proiektuaren zein fasetan erabiliko diren

10

Eginen diren ekintzetako deskribapenak proiektuaren helburuei jarraitzen die, baina kronogramak ez du hein batean zehazten ekintzak nola eginen diren, ez eta baliabide materialak eta giza baliabideak ere, eta ez du adierazten horiek proiektuaren zein fasetan erabiliko diren

0

Proiektuaren azken ebaluazioa

Proiektuak ebaluaziorako hainbat metodo adierazledun erabiltzen du, eta adierazle horiek helburuen erdieste-maila neurtzen laguntzen dute

10

Proiektuak ebaluaziorako hainbat metodo erabiltzen du, baina metodo horiek ez dute helburuen erdieste-maila neurtzen laguntzen duen adierazlerik

5

Proiektuak metodo bakar bat erabiltzen du helburuen erdieste-maila ebaluatzeko

0

XEDE-TALDEA ETA HERRITARREN PARTE-HARTZEA

0-20

Herritarren parte-hartzea

Proiektuak herritarren parte-hartze aktiboa sustatzen du bere faseen garapenean

5

Jardueraren inpaktua

Proiektuak xede-taldearen kuantifikazio arrazoitua jasotzen du

5

Lehentasunezko xede-taldea

Hauetako bat da xede-taldea: gazteak (30 urte baino gutxiagokoak) eta/edo 60 urte baino gehiagokoak

5

Inklusibo izatea

Proiektuak aukera berdintasuna bermatzen du, desgaitasuna duten pertsonek parte har dezaten (ikusteko desgaitasuna, entzutekoa, adimenekoa, gaixotasun mentala, fisikoa eta/edo organikoa dutenek), eta irisgarritasun unibertsaleko neurri egokiak ezartzen ditu inguruneetan, prozesuetan, ondasunetan, produktuetan eta/edo zerbitzuetan, pertsona guztientzako diseinuaren irizpideari jarraikiz

5

GENERO IKUSPEGIA

0-5

Proiektuak bermatzen du estereotipo sexistak hausten direla eta rolak modu parekidean banatzen direla proiektuaren barnean

5

8. oinarria. Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

1.–Eskaera bakoitzaren puntuazio osoa lortzeko, aipatutako irizpide bakoitzean lortutako puntuak batuko dira. Gutxienez 0 puntu lortuko dira, eta gehienez 90.

a) Gutxienez 36 puntu lortu beharko dira dirulaguntza jaso ahal izateko.

b) Bi eskaeraren edo gehiagoren artean berdinketarik bada, lehentasunez baloratuko dira Nafarroako Naturagune Babestuen Sareko eta Natura 2000 Sareko espazioetan jardutea xede duten proiektuak. Berdinketak jarraitzen badu, espedienteak ingurumenaren arloko gaien arabera antolatuko dira, ordena honi jarraikiz:

–Klima-aldaketaren aurkako borroka xede dutenak.

–Ekonomia zirkularra sustatzea xede dutenak.

–Hondakinen sorrera prebenitzeari buruzkoak.

–Mendiko landa eremuetan egiten direnak.

–7. oinarriko a, b eta c apartatuetan puntuazio altuena lortu duten espedienteak (aipatutako ordenan).

c) Dirulaguntza emateko orduan, puntuazio handiena lortu duen proiektua izanen da abiapuntua, eta puntuazio handienetik txikienerako ordenari jarraituko zaio dirulaguntzak emateko, proiektu mota bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte. Azkeneko proiektuaren guztirako zenbatekoa sartzeko kreditu nahikorik ez badago, hark dagokion zatia jasoko du, gasturako baimendutako zenbatekoa agortu arte.

d) Deialdi honetako proiektu motetako batean eman gabeko krediturik badago, kreditu hori erabiliko da hurrengo taldeetarako, honako lehentasun ordena honi jarraikiz: ingurumen arloko boluntariotza, zientzia herritarra eta ingurumen hezkuntza.

e) Diruz lagundu diren proiektuetako baten onuradunak jakinarazten badu ez duela diruz lagundutako ekintzaren bat egin, askatzen diren zenbatekoak erabiltzen ahalko dira aurrekontu nahikoa ez izateagatik dirulaguntza ukatu zaien proiektuei emateko.

Horretarako, 2020ko uztailaren 1a baino lehen jakinarazi behar da, unitate kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena alda dezan eta diruz lagundutako beste entitate horiek behar den denbora izan dezaten haien proiektuak egin eta justifikatzeko.

Aipatu jakinarazpena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera zuzenduko da, eta aipatu departamentuaren Erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren tokietatik edozeinetan aurkeztuko da.

Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

Inoiz ezinen da jaso proiektuaren gastuaren %100 gainditzen duten ekarpenik.

9. oinarria. Onuradunek bete beharrekoak.

1. Onuradunek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte.

2. Diruz lagundu behar diren jarduerak egitea, baldintza teknikoei jarraikiz eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat, eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren egiaztapenaren mende jartzea.

3. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri ematea organo emaileari.

4. Boluntariotzako proiektuen kasuan, diruz lagundutako entitateek Boluntariotzari buruzko urriaren 14ko 45/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte. Halaber, entitatearen boluntariotzako ekintzak inskribatu behar dituzte Boluntariotzaren 2018-2020 Ekintza Planeko “Nafarroa, Orotan Lagun” baliabidean. Honen bidez inskribatuko ditu: https://www.navarramasvoluntaria.es/eu/boluntarioak-behar-dituzu.

5. Zientzia herritarreko proiektuetan, entitate kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen badu, eta boluntariotzako proiektu guztietan, proiektuaren entitate arduradunak ziurtatu beharko du jardueretako parte-hartzaileak babestuta daudela aseguru batekin edo bestelako berme finantzario batekin, proiektuaren jarduerak egiteak ekar ditzakeen istripu edo gaixotasun arriskuak estaltzeko.

Unitate kudeatzaileak lotutako entitateei jakinaraziko die baldintza hau bete behar dutela dirulaguntza eman baino lehen. Jakinarazpen horrek izanen du proiektuak zuzentzeko eskaerek duten trataera bera: 10 egun baliodun izanen dira egoki jotzen diren aldaketak egiteko, aipatu baldintza betetzearren.

6. Dirulaguntza emateko ebazpenetan, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, bidezkoa bada, diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

7. Proiektuaren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan dirulaguntza nork eman duen adieraztea.

8. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala erabili behar da, urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan xedatzen den moduan (foru dekretu horrek Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatu zuen). Dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Argitalpen Atalak aldez aurretik baimendu beharko du Nafarroako Gobernuaren sinboloaren erabilera. Baimen hori eskatzeko, eranskineko eredua bidali behar da publicaciones@navarra.es helbidera.

9. Onuradunek behar diren baimen guztiak izan beharko dituzte planteatutako jarduketak gauzatzeko.

10. oinarria. Onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan ezarritako gardentasuna bete beharko dute. Bi artikulu horien arabera:

1. Pertsona fisikoek ez dute gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu behar.

2. Foru lege horren 2. artikuluaren c) apartatuak ezartzen du Nafarroako toki erakundeek eta haien mendeko entitate instrumentalek gardentasun betebeharra gorde behar dutela.

3. Foru lege horren 3. artikuluaren c) apartatuak ezartzen duenez, dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate pribatuek gardentasun betebeharra dute bi inguruabar hauetako bat gertatzen denean:

a) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa bere urteko sarreren %20 baino handiagoa izatea, betiere gutxienez 5.000 euro egiten badu.

4. Adierazpen hori eta kasuan-kasuan eransten den informazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, hori baita dirulaguntza kudeatzen duen unitate administratiboa.

5. Adierazpen hau igortzeko epea hilabetekoa da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo argitaratzen den egunetik hasita. Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

6. Entitate onuradunak ematen duen informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai, argitaratzen denetik. Epe hori iraganik, hura argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du.

11. oinarria. Instrukzio organoa.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduren instrukzioa Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari dagokio; atal hori Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari atxikita dago.

12. oinarria. Balorazio Batzordea.

1. Instrukzio organoak, espedienteak ikusirik eta aurrekontuan dagoen kredituaren arabera, txosten bat eskatuko dio Balorazio Batzordeari, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko.

2. Hona, Balorazio Batzordea osatuko duten kideak:

Batzordeburua: Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendaria.

Lehen batzordekidea: Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Ataleko burua.

Bigarren batzordekidea: Ingurumen Hezkuntzaren Bulegoko burua.

Idazkaria: Ingurumen Hezkuntzaren Bulegoko teknikari bat.

3. Batzordeko kide bakoitzak Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko beste teknikari baten esku utz dezake bere ordezkaritza.

4. Eskaerak aztertu eta balorazio irizpideak aplikatu ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko langileek aurreko bisitak eta beharrezkotzat jotzen dituzten adina jarduketa eginen dituzte inbertsioak egokiak ote diren erabakitzeko.

5. Aurkeztutako eskaerak kontuan harturik, Balorazio Batzordeak proposatuko du ikuspuntu tekniko batetik egokiak ez diren ekintzetarako dirulaguntza ukatzea, baita laguntzak arautzen dituzten Europar Batasuneko eta Nafarroako araudietara egokitzen ez direnetarako ere.

13. oinarria. Dirulaguntza emateko prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaera jaso ondoren, deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko du Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak. Eskaerak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio okerrak 10 egun balioduneko epean zuzen ditzala. Ez badu zuzenketarik aurkezten, eskaerari uko egiten zaiola ulertuko da, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie.

2. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak eskaerak ebaluatuko ditu 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz. Jarduketak baimendu baino lehen, atal horrek egoki iruditzen zaizkion txostenak eskatuko dizkie departamentuko beste unitate batzuei, hasierako proiektua hein batean aldatzera behartzen duten lurraldeko ukipenak edota baimena behar duten ukipenak ote diren ebazteko.

3. Aztertu ondoren, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari, eta, bertan, onuradunek dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.

14. oinarria. Laguntza eskaera aldatzea.

1. Onuradunek, proiektua gauzatzen den bitartean, beharrezko jotzen badute proiektuan ez jasotako jarduerak egitea, betiere proiektua aldatzea ekartzen ez badute, hala jakinarazi beharko diote Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, aldatutako jarduera egin baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Aldaketa hori departamentuaren Erregistroan (González Tablas kalea 9, Iruña) aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusten diren tokietatik edozeinetan.

2. Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak onuradunari jakinaraziko dio, 10 eguneko epean, aipatu aldaketa onartzen den ala ez. Epe hori iraganda, aldaketa onartzearen jakinarazpenik ez bada, ezetsi dela ulertuko da.

3. Edonola ere, ez dira onartuko aurkeztutako aurrekontuaren aldaketak ekartzen dituzten aldaketak.

15. oinarria. Ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

2. Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

3. Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, “Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak” izeneko 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden eskatzaileari edo eskatzaileei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada ukatutako eskaera bat bederen aintzat hartzeko.

Ondorio horietarako, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar eguneko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Epe horretatik kanpo aurkezten bada laguntzen ukoa, betiere justifikazio teknikorik gabe, edo ezinbesteko arrazoiek eraginda ez bada, enpresak ezin izanen du xede bererako laguntzarik eskatu hurrengo kanpainan. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, dirulaguntza kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

4. Laguntzak emateak berekin dakar jarduerak egiteko ingurumen baimena ematea, hala behar dutenen kasuan.

5. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

6. Eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan ezarritako ebazpena emateko epean.

16. oinarria. Inbertsioa gauzatzeko epeak, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa-eskaera.

1. Inbertsioa bukatzeko eguna 2020ko azaroaren 2a izanen da 2020ko kanpainako laguntza eskaerentzat.

2. Onuradunek justifikatu beharko dituzte egin dituzten gastuak eta ordainketak, eta horretarako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Egindako proiektuaren memoria laburra, IV. eranskineko ereduaren arabera. Gutxienez hauek izanen ditu:

  • Egindako ekintzen garapenaren deskribapena.
  • Aurreikusitako ekintzaren bat ez bada egin, horren justifikazioa.
  • Helburuen erdieste maila.
  • Proiektuari emandako publizitatearen deskribapena.
  • Partaideen kopurua, sexuaren eta adinaren arabera bereizia.
  • Jardueren kronograma.
  • Proiektuko ebaluazioaren emaitzak.

–Dirulaguntzaren xede izanda argitaratu diren materialen artxibo informatikoak edo fisikoak.

–Argazki erreportajea edo ikus-entzunezko erreportajea, proiektuaren jarduerak egin direla egiaztatzen dutenak.

–Egindako gastuen fakturak, jatorrizkoak edo fotokopiak izan, betiere onuradunaren izenean, eta gastu horiek egin direla frogatzen dituzten bankuko frogagiriak. 600 eurotik beherako fakturen kasuan, eskudiruzko ordainketa onartzen da, behar bezala frogatzen bada.

–Boluntariotzako proiektuen kasuan, prestakuntza jardueretan parte hartu duten boluntarioen sinadurak biltzen dituen orria.

–Aseguru-polizaren edo berme finantzarioko bestelako agiri baten kopia, boluntariotzako proiektu guztietan eta hala behar duten zientzia herritarreko proiektuetan.

Aipatutako agiriak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera zuzenduko dira. Departamentu horretako Erregistroan (González Tablas kalea, 9, Iruña) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aipatzen diren tokietatik edozeinetan aurkezten ahal dira.

Aipatutako informazioa osorik ez badago edo ez baditu baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala, eta adieraziko zaizkio hurrengo apartatuan aurreikusitako inguruabarrak.

–Agiri horiek epean aurkezten ez badira, dirulaguntza galduko da.

–Baldin eta frogatutako zenbatekoa txikiagoa bada dirulaguntza ematea eragin zuen aurrekontua baino, dirulaguntzaren ordainketa murriztu eginen da, araberan.

17. oinarria. Laguntzak ordaintzeko eskaera aurkezteko modua eta epeak.

1. Dirulaguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin frogatu ondoren esleipena eragin zuten jarduerak burutu direla eskaera aurkeztu zenetik gehienez hiru hilabeteko epean. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta haren bukaeraren ziurtapena amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

2. Instrukzio organoak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

3. Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

4. Kontrol horiek egiteko, instrukzio organoak joko du Foru Komunitatean eta/edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza ordaintzeko eskaera aurkezten den unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, in situ bisitak egiten ahal zaizkie onuradunei, inbertsioak bukatu eta zuzen gauzatu direla egiaztatzeko, edo instrukzio organoak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi egiaztatzeko.

5. Instrukzio organoak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako azkeneko ordainketa eskaerarekin alderatuta, ordainketa aipatu egiaztapenei egokitu zaie.

6. Ez da onartuko hasieran baimendutako aurrekontuak gora egitea, non ez dauden egitatezko akatsak eskaeran edo ez diren baso administrazioak eskatuta sartutako arrazoizko aldaketak.

7. Laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa-eskaera aurkeztu beharko du. Ordainketa-eskaera deialdian zehazturiko datak baino lehen aurkeztu beharko da, horretarako ezarritako inprimakiaren bidez; eredua Nafarroako Gobernuaren web-orriko izapideen katalogoan dago eskura (www.nafarroa.eus). Hala aurkeztu ezean, dagokion urtekoa galduko da.

18. oinarria. Dirulaguntzaren ordainketa.

Egiaztagiriak azterturik, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak pagatzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da. Aurretik ordaintzen den aurrerakina zenbatekotik deskontatuko da.

19. oinarria. Zigorrak ordainketetan.

Zigortuko dira onartua izateko irizpide/betebeharrak ez betetzea eta laguntza eta ordainketa eskaeraren konpromisoak eta beste betebehar batzuk ez betetzea, honela:

a) Ez-betetze baztertzaileak:

1.–Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada aldarazi direla eskaeren hurrenkera ezartzeko erabilitako balorazio irizpideak, onuradunak puntuazio txikiagoa jaso behar zuela, eta, horren ondorioz, onuradun izaera guztiz edo partez galduko zukeela, laguntza osoa galduko du.

2.–Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira.

3.–Entitate onuradunak ez badu ziurtatzen diruz lagundutako jarduerak jendearen artean zabaldu direla, emandako laguntza osoa galduko du.

4.–Emandako laguntza osoa galduko du zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik ez dituenak.

5.–Laguntzak emateko ebazpenetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betekizunak ez betetzeak laguntza osoa galtzea ekarriko du.

b) Baztertzaileak ez diren ez-betetzeak.

1.–Ordaintzeko balioetsitako laguntzaren gaineko %5eko zigorra aplikatuko zaie eskaerei ez badute modu sinesgarrian justifikatzen hasierako proiektuan aurreikusitako jarduerak egin ez izana. Zenbateko hori beti izanen da emandako laguntza baino txikiagoa.

20. oinarria. Beste laguntza batzuk ere izatea.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko d) apartatuan xedaturikoarekin bat.

21. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

II. ERANSKINA

PROIEKTU MOTA BAKOITZERAKO ZEHAZTAPENAK

Ingurumen hezkuntzako proiektuetarako zehaztapenak

Ingurumen hezkuntzako proiektuak erabiliko dira, pertsonek ingurumenaren zaintza hobeki uler dezaten eta gai horretan kontzientzia handiagoa izan dezaten. Ekimenak ingurumen hezkuntzako tresna hauen bidez gauzatuko dira:

–Informazioa, komunikazioa, interpretazioa eta sentsibilizazioa: informazio, dibulgazio eta gizarte sentsibilizazioko kanpainak egitea; erakusketak, debateak, hitzaldiak eta mahai-inguruak egitea; ingurumen arloko mundu egunak ospatzea; zine edo bideo zikloak eta saioak antolatzea; argitalpenak; antzezpen artistikoak, ikus-entzunezko materiala prestatzea; eta abar.

–Gizarteak ingurumenaren kudeaketan parte hartzea: ingurumena hobetzeko ekimenak antolatu eta gauzatzea, herritar taldeen parte-hartzearekin.

–Arautu gabeko prestakuntza ingurumen arloan: prestakuntza proiektuak, ikastaroen, jardunaldien, mintegien, sinposioen eta biltzarren bidez egin daitezkeenak.

–Baliabide natural jasangarriak kudeatzeko jarduerak: ildo horretan sustatutako ekimenak, esaterako, modu jasangarrian kudeatzea baliabide hidrikoak, basoko baliabideak, baliabide mikologikoak, zinegetikoak, arrainei dagozkienak, geologikoak, faunakoak eta florakoak.

–Ekitaldi jasangarriak, halakotzat jotzen baitira ingurumen-inpaktu negatiboak gutxitzeko diseinatu, antolatu eta ezartzen direnak eta xedeko komunitatean ondare positiboa uzten dutenak.

Boluntariotzako proiektuetarako zehaztapenak

Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak elkartasuneko ekintza zehatzak izanen dira, ingurumena zaintzen eta hobetzen laguntzen dutenak, libreki egitekoak, betebehar pertsonalek edo eginbehar juridikoek ez eraginda eta nork bere gain borondatez eta ordain ekonomiko edo materialik gabe hartuta.

Deskripzio-memorian honako hauek jasoko dira:

–Parte-hartzaileak gaitzeko modua.

–Parte-hartzaileen prestakuntza, boluntarioen jardueraren kalitatearen hobekuntza dakarrena eta ingurumena ezagutzearen eta zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzen laguntzen duena.

–Boluntarioen ekipamendua. Segurtasunaren oinarrizko arauak betetzeko, eta jarduera hirikoak ez diren kanpoko espazioetan garatzen bada. Nahitaezko elementuen artean dugu boluntario eta monitore guztiek ikuspen handiko txaleko islatzaileak eramanen dituztela, UNE-EN-471 arauaren arabera homologatuak. Txaleko horren ordez helburu bereko beste sistema bat erabiltzen ahalko da, betiere modu egokian justifikatzen bada proiektuaren proposamenean eta segurtasun bermeak mantentzen baditu proiektuaren testuingurua zein den kontuan hartuta.

Ikastaroak, mintegiak edo tailerrak egiten ahalko dira, beharrezkoa den informazioa jasotzeko zertarako eta: proiektuaren ardatza den ingurumen arloko arazoa ezagutzeko; boluntario lanerako trebakuntza jasotzeko; boluntariotzako proiektuaren gakoak aztertzeko, bereziki haren xedeak, eta boluntario lanean aritzean behar dituzten segurtasun printzipioak kontuan hartzeko, bai pertsonei bai ondasunei dagokienez.

Ingurumen arloko boluntariotzako ekintza bakoitzak 10 partaide izanen ditu gutxienez.

Ez da boluntariotzako jardueratzat jotzen dibulgazio edo informazio materialen argitalpen hutsa edo prestakuntza jarduerak egite hutsa.

Zientzia herritarreko proiektuetarako zehaztapenak

Fauna eta flora espezieak ikertzeko, horien jarraipena egiteko eta kontserbatzeko lanetan laguntzea, klima-aldaketaren, habitaten eta mehatxupeko espezieen jarraipenerako datuak lortzeko aukera egonda.

Ikerketa lanetan laguntzearen eremuan, lankidetza hori ibilbide zientifiko eta ikertzaile ospetsuko entitateekin edo pertsonekin egin behar da.

Ikerketa lanen ondoriozko datuak pertsonen eskura jarri behar dira datu-base zientifiko egokien bidez.

Lan hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

–Programa zabaltzea informazio hitzaldien bidez, parte hartzeko prest dauden boluntarioak aurkitzeko asmoz.

–Trantsektoen sarea diseinatzea boluntarioen kokapenarekin bat etorrita, habitaten ahalik eta ordezkagarritasun handiena bilatuta.

–Trantsektoak bisitatzea horiek aztertu eta beren ezaugarriak emateko.

–Boluntarioentzako prestakuntza ikastaro teoriko-praktikoa.

–Boluntarioak datuak hartzen hastea, eta horien jarraipena egitea.

–Datuak bildu eta antolatzea.

–Datuak bidezko datu-baseetara transferitzea.

–Emaitzen eta ondorioen azken txostena idaztea.

–Boluntarioek datuak hartzeko behar diren materialak.

III. ERANSKINA

Dirulaguntza eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien ereduak

Entitatearen laguntza eskabidea.

Aurkeztutako proiektu bakoitzeko deskripzio-memoriaren eskabidea.

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena.

Jasandako BEZaren kenkaria egiteko eskubideari buruzko adierazpena.

Proiektuaren finantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

–Aurrerakina eskatzen bada:

–Laguntzak lehenbizikoz jasotzen badira edo abonatzeko kontua aldatu bada:

IV. ERANSKINA

Emandako dirulaguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko agirien ereduak

Aurkeztutako proiektu bakoitzeko deskripzio-memoriaren eskabidea.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2006407