154. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1684E/2020 EBAZPENA, ekainaren 11koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat eta oinarri arautzaileak onesten baitira COVID-19ak ukitutako sektoreetako landunei zuzendutako prestakuntza programak gauzatzeko 2020an. DDBN identifikazioa: 489114.

COVID-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi egoera aurrekaririk gabeko osasun-krisia da, eta eragin ekonomiko eta sozial handia du. Nafarroako ekoizpen sareko sektoreek modu batera edo bestera jasan dute pandemia horren eragina. Batzuen kasuan, langabezia eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak (ABEEE) areagotu dira krisi ekonomikoaren kolpearen ondorioz; beste batzuen kasuan, berriz, funtsezkotzat jo dira une kritikoetan; nolanahi ere, den-denak daude behartuta egoera berriari aurre egitera.

Nafarroako Gobernuak borondate argia azaldu du jarduera ekonomikoa sustatzearren eta enplegua sortzearren behar diren jarduketei heltzeko, unean uneko beharretara egokituz eta erantzun azkarra emanez.

Irailaren 9ko 30/2015 Legeak (Lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzen duena) eta hori garatzeko uztailaren 3an emandako 694/2017 Errege Dekretuak sistemaren erreforma integralari ekin diote, esparru juridiko berria emanez prestakuntza arloko ekimen ezberdinei.

694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren dirulaguntza publikoak emateko administrazio eskudunen prestakuntza eskaintza finantzatzeko. Agindu horrek araututako prestakuntza eskaintzaren ekimenen artean dago landunentzako ekimena, sektorekako prestakuntza programen bidez garatua.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza publikoen deialdia onestea COVID-19ak ukitutako sektoreetako landunei zuzendutako prestakuntza programak gauzatzeko, 2020an, Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan.

2. Onestea deialdia arautuko duten oinarri arautzaileak, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoak, bai eta gainerako eranskin guztiak ere.

3. Guztira, 650.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastuen aurrekontuko “Landunen lanbide prestakuntzarako laguntzak. Konferentzia Sektoriala” izeneko 950002 96200 4819 242104 partidaren kargura. DDBN: 489114.

4. 650.000 euroko urteko gastua honela banatuko da: 600.000 euro sektorekako prestakuntza programetarako, eta 50.000 euro material informatikorako eta Interneterako sarbiderako.

5. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko ekainaren 11n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

1.1. Oinarri hauen xedea da dirulaguntzak emateko prozedura arautzea, 2020an prestakuntza programak gauzatzeko COVID-19ak ukitutako sektoreetako landunentzat Nafarroako Foru Komunitatean.

1.2. Honako hauek dira deialdi honetan diruz laguntzen ahal diren jarduketak:

–Sektorekako prestakuntza programak egitea, sektore jakin baterako interes orokorrekoak diren prestakuntza ekintzez osatuak.

–Material informatikoaren alokairua eta Interneterako sarbidea; hau da, prestakuntza entitateek Errenta Bermatua edo bizitzeko gutxieneko errenta jasotzen duten ikasleentzat kontratatzen dutena, pertsona horiek ekintzan parte hartu ahal izan dezaten.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Prestakuntza entitateak izaten ahalko dira, publikoak edo pribatuak izan, oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun, barnean sartuta titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratuak, kasuan kasuko Prestakuntza Entitateen Erregistroan inskribaturik daudenak dirulaguntzaren xede diren prestakuntza espezialitateak emateko, dela aurrez aurre, dela ikasgela birtualaren, teleprestakuntzaren edo modalitate mistoaren bidez; eta prestakuntza ekintza zabaltzeko jarduerak egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitatean behar bezala inskribatutako instalazioak eduki beharko dituzte eskatutako prestakuntza espezialitateak emateko.

Halaber, inskribatuak dauden prestakuntza entitateen batasunek ere parte hartzen ahalko dute deialdian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoarekin bat. Batasun horren eraketa agiri pribatu batean jaso beharko da, eta bertan elkartearen ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko da, onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko adinako ahalen jabe. Kasu horretan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskabidean, batasuneko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Prestakuntza inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan eman nahi duten entitateen kasuan, eskabidean zehaztu beharko dute non eginen duten prestakuntza, eta instalazio horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu. Betiere, eskatutako prestakuntza ekintzetarako inskribaturik egon beharko dute instalazio horiek, entitate eskatzaileen epe beretan.

2.2. Ezin izanen dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako inguruabarren batean dauden pertsonak edo entitateak.

2.1 oinarrian sartutako batasunak ezin izanen dira onuradun izan baldin eta taldeko entitateren batek debeku horietakoren bat badu.

3.–Prestakuntza programak eta prestakuntza ekintzak.

3.1. Sektorekako prestakuntza programak osatzen dituzten prestakuntza ekintzak interes orokorrekoak izanen dira sektore jakin baterako eta sektore horretako prestakuntza beharrak aseko dituzte.

Eskatutako dirulaguntzaren %75etik %85era bitarte bideratuko da Fundaeren Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sektore horretarako adierazten den berariazko prestakuntzara.

Eskatutako dirulaguntzaren gainerakoa aipatu katalogoan jasotako beste edozein prestakuntzara bideratuko da.

Aurkeztutako programek 9.1.A. oinarrian jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

3.2. Deialdi honen babesean, sektorekako prestakuntza programa hauek egiteko dirulaguntzak ematen ahalko dira, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

LEHENTASUNA

SEKTOREAREN KODEA

SEKTOREA

AURREKONTUA

1

011

OSTALARITZA

100.000 euro

2

005

MERKATARITZA

100.000 euro

3

014

METALGINTZA

100.000 euro

4

040

SALGAIEN ERREPIDE BIDEZKO GARRAIOA

50.000 euro

5

016

ILE-APAINDEGIAK, APAINDEGIAK ETA GIMNASIOAK

50.000 euro

6

114

KIROL INSTALAZIOAK

50.000 euro

7

025

057

111

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA (sektore bakartzat jotzen dira lanbide-arlo hau osatzen duten hiru sektoreak)

50.000 euro

8

041

ERAIKINEN ETA LOKALEN GARBIKETA

50.000 euro

9

062

MENPEKOTASUNA DUTENEI LAGUNTZA EMATEKO ZERBITZUA ETA NORBERAREN AUTONOMIA SUSTATZEKO GARAPENA

50.000 euro

3.3. Dirulaguntza emateko ebazpena eman eta biharamunetik gauzatu daitezke prestakuntza programak, eta 2021eko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

3.4. Deialdi honen II. eranskinean (Fundaeren Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa) zerrendatutako prestakuntza ekintzak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak.

Prestakuntza ekintza guztien erreferentzia izanen da irailaren 9ko 30/2015 Legearen 20.3 artikuluan aurreikusitako Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa, eta horien iraupena, edukiak eta emateko baldintzak bertan ezarritakoak izanen dira.

3.5. Prestakuntza ekintzak modalitate presentzialean edo ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean ematen direnean, astean 40 ordukoak izanen dira gehienez, eta 8 ordukoak eguneko gehienez. Muga horretan sartuko dira lantokietako prestakuntza praktikoaren moduluko orduak, kasua denean.

3.6. Modalitate presentzialean edo ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean antolatzen diren prestakuntza ekintzak gehienez 30 ikasleko taldeetan egiteko programatuko dira.

Teleprestakuntzaren modalitatean, tutore bat izan beharko da 80 parte-hartzaileko, gehienez. Tutore-irakasleek prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute modalitate horretan.

Ekintza mistoetan muga horiek errespetatu eginen dira, prestakuntza emateko modalitatearen arabera.

3.7. Prestakuntza ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean emateko, apirilaren 29ko 33/2020 Ebazpena beteko da. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen horren bidez, enplegurako lanbide prestakuntzaren arloko jarraibide bereziak onetsi ziren, koronabirusa (COVID-19) dela-eta egun dugun egoeraren ondorioz.

3.8. Teleprestakuntzako plataformak online ikasteko sistema bat izan beharko du, ahalmen nahikoarekin ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta segurtatzeko. Baldintza hauek bete beharko ditu, gutxienez:

–Aplikatzekoa den arau teknikoan adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta elkarreragin-mailak izatea.

–Ikasle guztiak aldi berean sartzea ahalbidetzea, segurtatuta plataformaren banda-zabalera uniformea dela kurtsoaren etapa guztietan.

–Plataforma erabiltzeko behar diren lizentziak izatea.

–24 × 7 eskuragarri egotea.

–Backupa, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratzen ahalko direla bermatzeko behar den aldizkakotasuna duena.

–Ikasleen eta egiten diren jarduera guztien erregistroak, eta txostenen edizioa.

Entitate onuradunak plataformarako sarbidea emanen die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langile teknikoei; horretarako, gako bat emanen die, prestakuntza ekintza guztien kontrola eta jarraipena egin ahal ditzaten.

Teleprestakuntza plataformari dagokionez, oinarri arautzaile hauetan jaso ez den orotarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2014ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren I. eranskina beteko da (Teleprestakuntza plataformaren eta ikaskuntza-eduki birtualaren baldintza teknikoak profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez dauden eta teleprestakuntzako modalitatekoak diren prestakuntza espezialitateetarako). Aipatu ebazpenaren bidez, teleprestakuntzako modalitatean eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren kudeaketa esparruan enplegurako lanbide heziketa ematen duten prestakuntza zentro eta entitateen akreditazioa eta inskripzioa arautzen da.

4.–Dirulaguntzen zenbatekoa.

4.1. Modalitate presentzialean edo ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean egiten den prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko berariazko modulua, lanbide arloen arabera zehaztua:

KODEA

LANBIDE-ARLOA

MODULUA

AFD

GORPUTZ ETA KIROL JARDUERAK

8,23

ADG

ADMINISTRAZIOA ETA KUDEAKETA

7,62

AGA

NEKAZARITZA

8,00

ARG

ARTE GRAFIKOAK

7,83

COM

MERKATARITZA ETA MARKETINA

7,69

ELE

ELEKTRIZITATEA ETA ELEKTRONIKA

9,32

FME

FABRIKAZIO MEKANIKOA

8,22

HOT

OSTALARITZA ETA TURISMOA

7,72

IFC

INFORMATIKA ETA KOMUNIKAZIOAK

8,05

IMA

INSTALAZIOA ETA MANTENTZE-LANAK

9,18

IMP

IRUDI PERTSONALA

8,08

IMS

IRUDIA ETA SOINUA

7,95

INA

ELIKAGAIEN INDUSTRIAK

7,94

MAM

ZURGINTZA, ALTZARIGINTZA ETA KORTXOA

8,28

QUIM

KIMIKA

8,72

SAN

OSASUNA

7,72

SEA

SEGURTASUNA ETA INGURUMENA

7,94

SSC

KULTUR ZERBITZUAK ETA KOMUNITATEARENTZAKO ZERBITZUAK

7,38

TMV

GARRAIOA ETA IBILGAILUEN MANTENTZE-LANAK

8,05

Aurreko taulan agertzen ez diren lanbide-arloetako prestakuntza ekintza bakoitzagatik –modalitate presentzialean nahiz ikasgela birtual bidezko modalitatean– eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu modulu ekonomikoko araubide berariazkoa: 8 euro, parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko.

4.2. Teleprestakuntza modalitatean, prestakuntza ekintza bakoitzagatik eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoak ezin du gainditu modalitate presentzialerako ezarritako parte-hartzaileko eta prestakuntza orduko berariazko modulu ekonomikoaren %75. Teleprestakuntza modalitatetzat joko da baldin eta prestakuntza ekintzaren zati presentziala edo ikasgela birtual bidezko zati presentziala iraupen osoaren %20 edo gutxiago bada.

4.3. Modalitate mistoan (presentziala, ikasgela bidezko modalitate presentziala edo teleprestakuntza) prestakuntza modalitate mota bakoitzaren ordu kopuruaren arabera aplikatuko dira moduluak.

4.4. Gehieneko dirulaguntza 50.000 eurokoa izanen da, prestakuntza programako.

Gehieneko dirulaguntza bat ezarriko da: programa bat sektore eta entitate eskatzaile bakoitzeko, alegia.

Muga horiek entitate eskatzaile bakoitzari aplikatuko zaizkio, kontuan hartu gabe banaka edo batasun batean (beste entitate batzuekin batera) aurkezten den.

4.5. Deialdi honetan, 50.000 euroko zenbatekoa aurreikusi da, honakoak finantzatzeko: entitate onuradunek prestakuntza programetan parte hartzen duten eta beharra duten parte-hartzaileentzat alokatutako material informatikoa eta Interneterako sarbidea ordaintzeko gastuak.

200 euro emanen dira gehienez parte-hartzaile eta prestakuntza ekintza bakoitzeko.

5.–Prestakuntza programetako parte-hartzaileak.

5.1. Honako hauek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan aurreikusten diren prestakuntza programetan:

a) Zerbitzua administrazio publikoetako prestakuntza akordioen aplikazio eremutik kanpoko enpresetan edo entitate publikoetan ematen dutenak, betiere Gizarte Segurantzan lanbide prestakuntza gisa kotizatzen badute.

b) Egoera hauetako batean daudenak: aldizkako langile finkoak, lanik gabeko aldietan; prestakuntza aldian langabeziara pasatzen diren langileak; edo enplegu erregulaziora pasatzen diren langileak, enpleguaren etete aldian daudenean.

c) Besteren kontura ari diren nekazaritzako langileen sistema bereziari atxikitakoak, lanik gabeko aldietan Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuak daudenak; langile autonomoen araubide bereziari atxikitakoak (lan mutualitate batekoak diren autonomoak barne); itsasoko langileen araubide bereziari atxikitakoak; eta lanbide prestakuntzarengatik kotizatzen ez duten Gizarte Segurantzako gainerako langileak.

d) Kooperatibetako, lan sozietateetako eta ekonomia sozialaren bestelako enpresa eta entitateetako bazkideak eta langileak.

e) Langabeak, enplegu zerbitzu publikoetan lan-eskatzaile gisa inskribaturik badaude. Nolanahi ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 5.1.c) artikuluan xedatutakoaren arabera, ez da beharrezkoa izanen lan-eskatzaile gisa inskribaturik egotea baldin araudi berariazkoak hala aurreikusten badu, eta, zehazki, Gazteen Bermearen Sistema Nazionalean inskribaturik daudenen kasuan, urriaren 15eko 18/2014 Legean aurreikusitakoaren arabera (lege hori hazkundeari, lehiakortasunari eta efizientziari buruzko presako neurriak onesteari buruzkoa da).

Pertsona horiek deialdi honetan aurreikusitako prestakuntza ekintzetan izanen duten parte-hartzea, gehienez ere, %40 izanen da prestakuntza programa osoan, hartan prestakuntza hasten duten pertsonen kopuru osoarekin alderatuta.

Langabetzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran langileak dauden lan egoerari jarriko zaio arreta.

f) Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek ezin izanen dute prestakuntza programa hauetan parte hartu.

g) Prestakuntza entitatearen plantillako pertsonek entitateak kudeatzen dituen prestakuntza ekintzetan parte hartzen ahal dute, betiere gainditu gabe parte-hartzaile guztien %10eko muga eta plantilla guztiaren %10eko muga.

5.2. Eskatzaileek behin baino ezin izanen dute parte hartu prestakuntza ekintza bakoitzean.

Parte hartzeko eskaerak entitate onuradunek gordeko dituzte, eta prestakuntza ekintzen ebaluazio, jarraipen eta kontrolerako organo eskudunen eskura egonen dira.

5.3. Entitate onuradunak hautaketaren ardura izanen du –berdintasun eta objektibotasun irizpideei jarraikiz eginen duena–, baita parte-hartzaileek prestakuntza ekintzan sartzeko baldintzak edo hura egiteko oinarrizko gaitasunak dituztela segurtatzeko ardura ere, kasuan kasuko ekintzaren errekerimenduen arabera.

5.4. Pertsona hauek izanen dute lehentasuna prestakuntzan sartzeko: aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente egoeran edo enplegu-erregulazioko espediente egoeran daudenak; emakumeak; desgaitasuna duten pertsonak; kualifikazio baxua dutenak; 45 urtetik gorakoak; 30 urtetik beherako gazteak; lanik gabe luzaro egon direnak; eta enpresa txiki eta ertainetako langileak.

Kualifikazio baxuko pertsonatzat hartuko dira ikastaroa hasten denean ondoko kotizazio taldeetako batean daudenak: 06, 07, 09 edo 10. Langabeak edo langile autonomoak badira, hauetako bat ere ez dutenak hartuko dira: lanbide txartela, 2. edo 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiria, lanbide heziketako titulua edo unibertsitateko titulua.

Luzaroko langabetzat hartuko dira enplegu agentzia batean inskribatuak egon direnak gutxienez 12 hilabetez hautapenaren aurreko 18 hilabeteetan.

5.5. Ikasleek prestakuntza ekintzetara joan beharra dute, eta haiek aprobetxatu. Prestakuntza ekintzan parte hartzeak dituen betebeharren berri emanen die parte-hartzaileei entitate onuradunak. Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Hirutan baino gehiagotan hilabetean prestakuntza jarduerara ez joatea arrazoitu gabe.

b) Prestakuntza ekintza ez aprobetxatzea.

c) Prestakuntza ekintzaren garapen arrunta trabatzea.

d) Begirune edo adeitasun falta irakasleekiko, ikaskideekiko edo prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko langileekiko.

e) Prestakuntza ematen duen entitate edo zentroko instalazioak eta ekipamenduak behar bezala ez erabiltzea.

f) Prestakuntza ematen duen zentro edo entitateko funtzionamendu araudian ager daitekeen beste edozein.

5.6. Prestakuntza ekintza bidezko arrazoirik gabe uzten duten ikasleek ezin izanen dute inskribatu edo parte hartu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antolatutako beste prestakuntza ekintza batean harik eta 3 hilabete pasatzen diren arte aurreko prestakuntza uzten denetik. Kanporatutako ikasleen kasuan, epe hori 12 hilabetekoa izanen da, ikaslea kanporatzen denetik zenbatzen hasita.

5.7. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza ekintza bat kautelaz eteten ahal du, prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten irregulartasunak antzematen direnean.

6.–Bekak eta laguntzak.

6.1. Prestakuntza ekintzetan parte hartzen duten langabeak martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren IV. kapituluan ezarritako beken eta laguntzen onuradunak izaten ahalko dira arau horretan eta oinarri honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen badituzte.

Langabetzat joko da prestakuntzaren hasieran enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dagoena enplegu zerbitzu publikoetan. Bestela, ez da beka edo laguntzarik jasotzeko eskubiderik izanen. Era berean, beka eta/edo laguntza jasotzeko eskubidea etenen da baldin eta langabea lanean hasten bada.

Laguntzak eta bekak zuzeneko araubidearen bidez emanen dira, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 6.5.d) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Entitate onuradunak langabeei informazioa emanen die eskuratzen ahal dituzten laguntzei eta bekei buruz eta horiek eskuratzeko eskatzen diren betebeharrei buruz, bai eta bekak eta laguntzak eskatzeko ereduei buruz ere. Nafarroako Atarian egonen dira eskuragarri (www.nafarroa.eus), tramiteen atalean dagoen deialdiaren fitxan, bekei eta laguntzei buruzko informazioa, aurkeztu beharreko dokumentazioa eta eskabide ereduak.

Langabeek aipatutako prestakuntza ekintza bukatu aurretik eskatu beharko dute laguntza edo beka, eta eskatutako dokumentazioa ere orduan aurkeztu beharko dute.

Entitate onuradunak ikasleen eskaerak eta frogagiriak bidaliko ditu Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzura 10 eguneko epean, prestakuntza ekintza bukatu eta biharamunetik hasita, honako hauekin batera: ikasleak prestakuntzara bertaratu direla frogatzeko agiriak eta eskatutako laguntzari edo bekari buruzko dokumentazioa.

Bi hilabete baino gehiago irauten duten prestakuntza ekintzen kasuan, entitateak tarteko bidalketa bat egiten ahalko du, eskabidearekin eta prestakuntzara bertaratu izanaren frogagiriekin eta eskatutako bekari edo laguntzari buruzko dokumentazioarekin, hots, epe horri dagozkionekin.

6.2. Bekak eta laguntzak:

a) Desgaitasuna duten pertsonentzako beka.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzat, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko erakundeak egiaztaturik. Bekaren zenbatekoa 9 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, enplegurako lanbide prestakuntzaren sistemaren barnean, haietako batengatik kobratuko du beka hau.

b) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezkoentzako beka.

Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dagokien beka da, eta honako hauen bidez egiaztatuko da: administrazio eskuduneko edo harrera zentroko gizarte zerbitzuen ziurtagiria, ebazpen judiziala, babes agindua edo fiskaltzaren txostena. Bekaren zenbatekoa 10 eurokoa izanen da ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko. Pertsona batek egun berean Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako bi prestakuntza ekintzatan edo gehiagotan parte hartzen badu, haietako batengatik bakarrik kobratuko du beka hau.

b) Garraiorako laguntza.

Prestakuntza ekintzetara joaten diren langabeek eskubidea izanen dute garraio publikorako laguntza jasotzeko. Ikasleek izena emana duten enplegu agentziaren datu-basean ageri den helbidea hartuko da kontuan, nahiz eta jakinarazpenetarako emandako helbidea beste bat izan. Kontuan hartzen ahalko da zein helbidetan bizi den benetan, baldin eta helbide hori ez badator bat aipatu datu-basearekin eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egiazta badezake.

Prestakuntzara joateko hiri-garraio publikoaren sarea erabiltzen badute, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 1,5 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute.

Beharrezkoa balitz hiriarteko garraio publikoa erabiltzea, bertaratzen diren ikastaro eta egun bakoitzeko gehienez ere 15 euroko laguntza jasotzeko eskubidea izanen dute. Hiriarteko lekualdaketan garraio publikoa erabili beharrak eragindako benetako gastua garraio txartelen bitartez frogatuko da.

Langabearen helbidetik zentrorako joan-etorrirako garraiobide publikorik ez badago, edo garraiobide horrek ordutegi erregular bat ez badu prestakuntza ekintzarako egokia, norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntzarako eskubidea izaten ahalko da. Gorabehera hori laguntzaren ordainketan eskudun den organoak aztertu beharko du. Norberaren ibilgailua erabili beharraren ondoriozko laguntza kilometroko 0,19 eurokoa izanen da, muga honekin: 15 euro bertaratze egun eta ikastaro bakoitzeko.

c) Mantenurako laguntza.

Goizez eta arratsaldez garatzen diren jardueretan parte hartzen duten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, baldin eta horixe bada prestakuntza ekintzaren ohiko ordutegia (eta ez salbuespenezkoa) eta bizilekua ekintza ematen deneko herritik 20 km-ra baino gehiagora badute. Laguntza horren zenbatekoa 12 eurokoa izanen da ikastaroko egun bakoitzeko.

d) Ostaturako eta mantenurako laguntza.

Laguntza horretarako eskubidea izanen da, garraio sarea dela-eta joan-etorriak klaseak hasi aurretik eta bukatu ondoren egunero egin ezin direnean eta langabearen bizilekua ekintza ematen den herritik 90 km-ra baino gehiagora dagoenean. Betiere, gorabehera hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko organo kudeatzaileak aitortu beharko du. Gehienez ere 60 euro hartzen ahalko da egunean kontzeptu honengatik. Gainera, langabeak hasierako eta bukaerako joan-etorrien zenbatekoa kobratzen ahalko du, gehienez ere 30 euro, biak baturik.

Ostaturako, mantenurako eta, kasua bada, garraiorako gastu erreala errentamendu kontratuaren bidez, fakturaren bidez, txartelaren bidez edo froga-balioa duen beste edozein agiriren bidez frogatuko da.

e) Kontziliaziorako laguntza.

12 urtetik beherako seme-alabak edo 2. mailarainoko mendekotasuna duen ahaideren bat dituzten langabeek hartzen ahalko dute laguntza hau, horiekin bizi badira, eta prestakuntza ekintza hastean betebehar hauek betetzen badituzte:

–Lan eskaintza egoki bati ere uko egin ez izana.

–Lan igoera, prestakuntza edo moldaketako jardueretan parte hartzeari uko egin ez izana, langabezia-sorospena edo kotizaziopeko prestazioa agortzen denetik hilabeteko epean.

IPREM-Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren %75etik gorako errentarik ez izatea. Ulertuko da betebehar hori betetzen dela baldin familia-unitatea osatzen duten kide guztien errenten baturak, kideen kopuruarekin zatiturik, IPREMaren ehuneko 75 gainditzen ez badu, martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 22. artikuluarekin bat.

Kontziliaziorako laguntzaren zenbatekoa eguneko IPREMaren %75ekoa izanen da, ikaslea ikastarora bertaratzen den egun bakoitzeko.

6.3. Bekak edo laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko da prestakuntza ekintza bakoitzean hilean hirutan baino gehiagotan huts eginez gero justifikaziorik gabe. Nolanahi ere, ez da eskubiderik izanen prestakuntza ekintzara agertzen ez den egunei dagozkien garraio eta mantenurako laguntzak jasotzeko, ezta justifikatu gabeko hutsegiteei dagozkien bekak eta kontziliaziorako laguntzak jasotzeko ere.

Prestakuntza ekintzak ikasgela birtual bidezko modalitate presentzialean edo teleprestakuntza modalitatean direnean, garraiorako, mantenurako eta ostaturako laguntzak soilik jasoko dira langabeek aurrez aurreko prestakuntza ekintzetara agertu behar dutenean.

7.–Eskabideak, dokumentazioa eta haiek aurkezteko epea.

7.1. Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), “Tramiteak” atalean dagoen deialdiaren fitxan, “Tramitatu” aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatua erabiliko da.

7.2. Aurkezten den eskaera bakoitzak sektorekako prestakuntza programa bakar bat izan beharko du.

7.3. Entitate eskatzaileak honako erantzukizunpeko adierazpen hauek egin beharko ditu eskaera sinatzean:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aipatutako egoera bakar batean ere ez dagoela dioen adierazpena, horrek onuradun izatea galaraziko bailioke.

b) Adierazpena, dioena badituela behar adina instalazio eta giza baliabide Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren prestakuntza espezialitateen katalogoko edozein espezialitate irakasteko, profesionaltasun ziurtagiria lortzera bideratuta ez daudenean.

c) Helburu bererako eskatu edo harturiko dirulaguntzen adierazpena.

d) 9.1 oinarrian berdintasunari buruz baloratu beharreko datuei buruzko adierazpena.

e) Adierazpena, eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan ageri diren informazioa eta datu guztiak egiazkoak direla dioena, eta eskatutako agiriak aurkeztu direla dioena.

7.4. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duten pertsonak edo pertsonek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza frogatzen duten agiriak.

b) Entitate eskatzaileak garatuko duen prestakuntza programa.

c) Programaren laburpena, aurreikusitako prestakuntza ekintza bakoitza adierazita, Nafarroako Atariko deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera.

d) Aurretik Nafarroako Gobernuaren inolako dirulaguntzarik jaso ez bada, “transferentzia bidez ordaintzeko eskaera” inprimakia aurkeztu beharko da.

e) Prestakuntza inskribatutako instalazioak ez diren beste batzuetan eman nahi duten entitateen kasuan, horiek erabiltzeko akordioa edo kontratua aurkeztu beharko dute.

f) 9.1 oinarriko abalen kopurua frogatzea, eta, kasua bada, berdintasunaren irizpidea.

g) Aurrekoaz gain, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak beste zeinahi dokumentu edo informazio eskatzen ahalko du, baldin eta espedientea ebazteko beharrezkotzat jotzen badu.

Beste edozein administraziori lehendik aurkeztutako agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du zer unetan eta zer administrazio organotan aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak elektronikoki lortu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo kontsulta eginez datu-bitartekotzarako plataformetan edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bitartez.

7.5. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.–Errekerimenduak eta tramitera ez onartzea.

8.1. Dirulaguntzarako eskabidea aurkeztuta, horrek deialdi honetan aipatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, entitate interesdunei errekerimendua egiten ahalko zaie akatsak zuzen ditzaten, 10 eguneko epean, errekerimendua jaso eta biharamunetik hasita, behar diren informazioak edo agiriak aurkeztuz, eta adieraziko zaie halaber, hala egin ezean eskabideari uko egin diotela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluarekin bat.

8.2. Ez dira tramitera onartuko deialdi honetan ezarritako epean aurkezten ez diren eskaerak; horrelakoetan ez da akatsak zuzentzeko aukerarik izanen, eta artxibatu eginen dira.

9.–Balorazio irizpideak.

9.1. Aurkeztutako eskaeren balorazio teknikorako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

A) Aurkeztutako abalen kopurua.

Irizpide honetan 20 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Zerrenda bat aurkeztu beharko da, zehaztuta sektoreko zer enpresek ematen duten abala programarako, bai eta enpresa horietako bakoitzaren plantilla ere, eredu normalizatuaren arabera.

Puntuazioa proportzioan emanen da, eta gehienez ere prestakuntza programarako abala ematen duten enpresetako plantilletako 1.000 langilek izanen dute puntuazioa.

B) Lehentasunezko pertsonak.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da zein den emakume parte-hartzaileen ehunekoa eta ABEEE edo EEE egoeran daudenena programan parte hartzen duten guztien artetik.

Honela eginen da zenbaketa: lehentasunezko pertsonen portzentajea ehuneko 30 eta ehuneko 100 bitartean dagoenean, 0-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Programaren barrenean lehentasunezko pertsonak kontabilizatzeko, behin bakarrik zenbatuko dira.

C) Entitate eskatzaileak programa garatzeko gaitasun frogatua.

2. oinarrian aurreikusitako batasunen kasuan, entitatearen gaitasuna baloratuko da batasunaren kide bakoitzak eskatutako dirulaguntzaren proportzioan.

Irizpide honen gehieneko balorazioa 35 puntukoa izanen da, xehakapen honen arabera:

C.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren inkestetan lortutako puntuazioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Baloratuko da entitate eskatzaileak 2019ko ekitaldian lortutako puntuazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta entitateak batik bat landunentzat diren prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenei egindako inkestetan.

Honela eginen da zenbaketa: Inkestetako 3tik 4ra doan tarte bat hartuko da kontuan. Ezarritako tartearen gutxieneko balioari (3) ez zaio punturik emanen, eta gehieneko balioari (4), berriz, 10 puntu. Hainbanaketa proportzionala eginen da 3tik 4ra doan tarte horretan.

Aurre-aurreko ekitaldiko inkesten daturik ez duten entitateei, ekitaldi horretan kontzeptu honi dagokionez lortutako batez besteko puntuazioa emanen zaie.

C.2. Kaudimen finantzarioa.

Irizpide honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Zenbaketa honela eginen da: entitate eskatzaileak prestakuntzaren arloan edozein administrazio publikotatik lortu dituen dirulaguntzen bolumena zati entitatearen negozio bolumen osoa (bi kasuetan aurreko 2019ko ekitaldia hartuko da aintzat). Portzentajea ehuneko 50 eta ehuneko 10 bitartean dagoenean, 1-10 tarteari dagokion puntuazioa emanen da modu proportzionalean.

Entitate baten 2019ko ekitaldiko negozio bolumena 0 bada, batez besteko puntuazioa emanen zaio.

C.3. Emandako dirulaguntzen gauzatze maila.

Gehienez ere 10 punturekin baloratuko da zenbateraino gauzatu den 2019ko ekitaldian Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak batik bat landunei zuzendutako prestakuntza ekintzak egiteko emandako dirulaguntza.

Zenbaketa honela eginen da: 2019ko ekitaldian ordaindutako dirulaguntza zati emandako dirulaguntza:

–Emandako dirulaguntzaren %90 baino gehiago gauzatzea: 10 puntu.

–Emandako dirulaguntzaren %90 arte gauzatzea: 10-0 tarteari dagokion puntuazioa emanen da, proportzioan.

2019ko ekitaldian batik bat langabeei zuzendutako eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako prestakuntza ekintzen onuradun izan ez diren entitateen kasuan, 10 puntu emanen zaizkie.

C.4. Berdintasuna.

Irizpide horretan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa: 5 puntu emanen dira, baldin eta eskaera aurkezteko egunean, entitate eskatzaileak egiaztatzen badu baduela berdintasun plan bat indarrean, Nafarroako Gobernuaren Hitzarmen Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan erregistratuta, edo baduela txosten bat dioena gauzatu dituela genero-berdintasunaren arloko hiru neurri gutxienez, honako arlo hauetakoren batean: 1. Hautapen eta kontratazio prozesua; 2. Lanbide-sailkapena; 3. Prestakuntza; 4. Lanbide sustapena. 5. Lan baldintzak, gizonen eta emakumeen soldata-auditoria barne; 6. Ardurakidetza, bizitza pertsonaleko, familiarreko eta laneko eskubideei dagokienez; 7. Emakumeen ordezkaritza neurriz beherakoa; 8. Ordainsariak; eta 9. Sexu jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren prebentzioa.

D) Efizientzia ekonomikoa.

Irizpide honetan 5 puntu lortzen ahal dira gehienez.

Honela eginen da zenbaketa:

Prezioa merkatzen bada, 4.1 oinarrian ezarritako modulu ekonomikoak kontuan hartuta, ehuneko puntu bakoitzeko: 1 puntu. Ehunekoak osoak ez badira, egoki den zati proportzionala emanen da.

E) Lurralde kohesioa.

Irizpide honek 10 puntuko balorazioa izanen du prestakuntza ekintza bakoitzeko.

Honela eginen da zenbaketa: modalitate presentzialeko edo mistoko prestakuntza ekintzetan, 10 puntu emanen dira Iruñetik 20 km baino gehiagora egiten diren ekintzetarako. Prestakuntza ekintza udalerri batean baino gehiagotan kokatutako taldeetan ematen bada, proportzioan emanen da puntuazioa. Lortuko den puntuazioa izanen da kontzeptu honengatik programa osatzen duten ekintza guztien batezbestekoa.

9.2. Balorazio teknikoaren ondorioetarako, ezin izanen da aldaketarik egin aurkeztutako programetan behin eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan.

10.–Esleitzeko irizpideak.

10.1. Prestakuntza programak programa sektorial mota bakoitzaren arabera esleituko dira, balorazio teknikoan lortutako puntuazio hurrenkeraren arabera, kreditu erabilgarria agortu arte.

–Lehenbizi, eskaera bakarra izan duten programa sektorialak esleituko dira.

Programa horiek ez dira kontuan hartuko gainerako programa sektorialak esleitzeko.

–Jarraian, gainerako programak esleituko dira, 3.2 oinarriko sektorekako lehentasun-ordenari jarraikiz.

Programa sektorial mota bakoitzaren onuradun izanen da puntuaziorik handiena eta programa kopuru gutxiena esleitua daukan entitatea. Esleitutako programa kopurua berdina bada, lehentasun ordenaren arabera esleituko da.

Entitate bat baino gehiago elkartuz gero, kopuru handiena duen entitateari esleitutako programak kontatuko dira.

–Azkenik, sektore bakoitzean esleitu gabeko kopuruak ondoz ondoko txandetan esleituko zaizkie gainerako sektoreei, 3.2 oinarrian ezarritako lehentasun-ordenaren arabera eta aurreko apartatuan adierazitako moduan. Prestakuntza programa bakarra esleituko da sektoreko balizko txanda bakoitzean.

–Erabilgarri dagoen aurrekontua eskatutako dirulaguntzaren %30 gutxienez finantzatzeko adinakoa denean bakarrik esleituko dira programak.

10.2. Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, berdinketa hausteko irizpidetzat hartuko da parte-hartzaile gehien dituen programa.

10.3. Prestakuntza entitateek, beharra duten ikasleei prestakuntza ekintzan parte hartzen laguntzeko, informatikako materiala alokatzen badute eta Interneterako sarbidea kontratatzen, gastu horri dagokion dirulaguntza emanen da egindako gastua justifikatzeko unean, entitateak balorazio teknikoan lortutako puntuazioaren arabera.

11.–Organo eskudunak eta laguntzak emateko prozedura.

11.1. Norgehiagokako araubidea erabiliko da laguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

11.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea da deialdi honen xedeko eskaerak ebazteko eskumena duen organoa.

11.3. Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuari dagokio.

11.4. Eskaeren Ebaluazio Batzordea eratuko da, ondoko kide hauek osatua:

a) Batzordeko burua: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

b) Batzordeko kideak: Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzuko bi teknikari; horietako bat batzordeko idazkaria izanen da.

Ebaluazio Batzordeak txosten loteslea eginen du. Bertan, deialdian ezarritako irizpideekin bat, eskaeren ebaluazioaren emaitza zehaztuko da zerrenda batean, puntuazio handienetik puntuazio txikienera ordenatuta.

11.5. Ebaluazio Batzordearen txostenean aurreikusitako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaerakoa baino txikiagoa denean, 10 eguneko epea emanen da alegazioak aurkez ditzaten edo eskaera alda dezaten, konpromisoak eta baldintzak emanen zaien dirulaguntzara egokitzeko. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada edo programa berriz formulatzen ez bada, aurreikusitako dirulaguntza eta hasierako eskaera mantenduko dira. Edonola ere, formulazio berria eginen da balorazio-aldian lortutako puntuazioa mantenduz.

11.6. Instrukzio organoak, ebaluazioaren emaitza eta, kasua bada, geroko alegazioak ikusirik, ebazpen proposamen bat eginen du, eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari bidaliko dio ebatz dezan.

11.7. Prozedura ebatzi eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita. Epe hori dagokion ebazpena eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

12.–Entitate onuradunen betebeharrak.

12.1. Deialdi honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betebeharrez gain, entitate onuradunek betebehar hauek ere izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako prestakuntzan parte hartzen duten pertsonei bermatzea prestakuntza ekintzak doakoak direla.

b) Ikasleei honako hauen berri ematea: prestakuntzaren norainokoa; prestakuntzak profesionaltasun ziurtagiri osoa edo haren egiaztapen partziala lortzea dakarren ala ez; eta eskubideak eta betebeharrak.

c) Dirulaguntza emateko oinarri den prestakuntza jarduera egitea, deialdi honetako baldintzen eta baldintza formal eta materialen arabera, baita eman beharreko dirulaguntza zehazteko oinarri izan ziren onarpen baldintzen arabera ere.

d) Deialdi honetan jasotako edozein jardueretara joateak dakarren arriskua estaltzea; horretarako, frankiziarik gabeko poliza bat kontratatu beharko du edo, bestela, horren berme gutuna. Estaldura hau izan beharko du gutxienez: laguntza medikoa, farmazeutikoa eta ospitalekoa, ikastaroaren orduetan gertatutako edozein istriputarako; horren barnean, bisitak egiteko irteera baimenduak eta ohiko bizilekutik ikastaroa ematen deneko tokira joateko behar den denbora (joan-etorria edozein garraiobidetan izaten ahal da). Gutxieneko kalte-ordaina 36.000 eurokoa izanen da heriotzagatik eta 72.000 eurokoa baliaezintasun iraunkorragatik, baldin eta egoera horiek ikastaroan, irteeretan eta in itinere joan-etorrietan sortzen badira.

e) Irakasleei hilero saria ordaintzea.

f) Entitate onuradunak bertaratze ziurtagiri bat eman beharko dio prestakuntza ekintza bukatzen duen parte-hartzaile bakoitzari, edo bestela, diploma bat prestakuntza ebaluazio positiboarekin gainditzen duen parte-hartzaile bakoitzari. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak luzatuko ditu bi ziurtagiriak IRIS aplikazioaren bidez.

g) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eskatzen dituen argibide eta agiriak aurkeztea prozedura instruitzeko fasean, prestakuntza ekintzak gauzatzean eta dirulaguntza justifikatzean, organo horrek ezarritako formatu, epe eta bideak erabilita, eta kontrol organo eskudunen eskura edukitzea partaideek prestakuntza ekintzetan parte hartu dutela frogatzen duten agiriak, behar bezala sinatuak, eta haien ikaskuntzaren ebaluazio kontrolak eta egindako prestakuntza jardueraren erregistroak, prestakuntza teleprestakuntza modalitatean eman bada.

h) Aurreko deialdietan emandako eta ordaindutako kopuruen itzulketak egin edo, hala badagokio, bermatu izana, baldin eta itzulketa hori bide exekutibora jo aurreko erreklamazioaren bidez edo itzulketa bidezko ebazpenaren bidez eskatu bazaio, eta ebazpen irmo bat baldin badago, salbu eta egintza eten bada.

i) Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk hartu diren, harturiko funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen. Diru-sarrera horiek bateraezinak dira xede bereko dirulaguntzarekin. Beraz, harturiko zenbatekoan gutxituko da.

j) Nafarroako Foru Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko tributu betebeharrak eguneratuak izatea.

k) Kontabilitate bereizia edo kontabilitate kode egokia eramatea, diruz lagundutako jarduerarekin egindako transakzio guztiei dagokienez, eta kontabilitateko datuak erregistratu eta biltegiratzeko sistema informatizatua izatea.

l) Dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta jasotako funtsak erabili direla frogatzen duten agiriak gordetzea, gutxienez 4 urteko epean, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketen ondorioetarako. Epe hori zenbatuko da entitate onuradunak aipatu frogagiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori iragan gabe haien jarduera eten edo bertan behera uzten duten entitateek, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote aipatu dokumentazioaren kopia, dirulaguntzaren frogagiriak aurkezteko betebeharra galarazi gabe.

m) Oinarri honetan berariaz aurreikusi ez den orotan, beteko dira Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, lan arloko enplegurako lanbide heziketaren araudiak eta aplikagarri diren gainerako arauek ezarritako betebeharrak.

Prestakuntza ekintzak osorik edo partez gauzatzeko hirugarren pertsona fisiko edo juridikoekin kontratu bat sinatzen den kasuetan, entitate onuraduna ez da aipatu diren betebeharretatik salbuetsita egonen.

12.2. Gardentasun betebeharrak:

12.2.1. Entitate eta pertsona juridiko onuradunak behartuak daude Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan ezarritako gardentasun betebeharra betetzera, baldin eta 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte urtebetez Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak haien urteko diru-sarrera guztien ehuneko 20 edo gehiago badira, eta gutxienez 5.000 eurora iristen badira.

Horretarako, inguruabar horiek betetzen dituzten entitate eta pertsona juridiko onuradunek, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, arestiko foru legearen 12.4 artikuluan aipatzen den informazioa aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari zuzendua eta entitatearen legezko ordezkariak sinatua, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, honako hau adieraziz:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateek haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoen informazioa emanen dute.

d) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Apartatu honetan ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura.

Informazio hori ez da eman beharrik izanen baldin hura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko web-orrian argitaratuta badago.

12.2.2. Entitate eta pertsona juridiko onuradunek ez badute gardentasun betebeharra bete behar, aurreko apartatuko inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpen bat aurkeztu beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik hasita.

12.2.3. Aurreko bi puntuetan aipatutako gardentasun betebeharrak betetzeko, adierazpen eredu normalizatu bat egonen da eskuragarri Nafarroako Atariko Tramiteen atalean (www.nafarroa.eus).

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko emandako dirulaguntza, ezta aurrerakinak edo ordainketa partzialak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

12.2.4. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, aipatu arauan ezarritako isunak eta zehapenak ezartzea erabakitzen ahalko da, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

13.–Prestakuntza gauzatzea eta haren hasiera jakinaraztea.

13.1. Prestakuntza ekintzak garatu eta ematerakoan, ondoko arauak beteko dira: uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 3. eta 4. artikuluak eta martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduaren 17 artikulua.

13.2. IRIS aplikazio informatikoaren bidez emanen da prestakuntza ekintzen hasieraren berri, ekintza bakoitza hasi baino 2 egun natural lehenago, gutxienez ere.

Hasieraren berri eman ondoren ekintza aldatu edo bertan behera utziz gero, ekintza hasteko aurreikusitako data baino lehenago jakinarazi beharko zaio Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, salbu eta tokia, eguna nahiz ordutegia aldatzea edo ekintza eten eta berriz hastea eragin duten arrazoiak justifikatuta badaude eta garaiz aurreikusi ezinak badira, edo ekintza hasi ondoren gertatzen bada.

Ezarritako epeetan jakinarazi ezik, ez egintzat joko da prestakuntza ekintza, dirulaguntzaren likidazio ekonomikoari dagokionez, salbu eta ezinbesteko arrazoiengatik gertatu bada, behar bezala frogaturik eta gorabehera horiek gertatzean komunikaturik.

13.3. Prestakuntza ekintza hasten duten parte-hartzaileen zerrendaren berri emateko, IRIS aplikazio informatikoaren bidez eginen da, prestakuntza ekintzaren orduen %25 eman baino lehen.

Dokumentazioaren bidalketa ontzat emanen da baldin eta bidaltzen bada ikastaroaren iraupenaren %25 gainditzen den eskola eguna baino lehen, egun hori barne.

13.4. Prestakuntza ekintza hasi ondoren plaza hutsik badago edo prestakuntza bertan behera uzten bada, beste pertsona batzuk sartzen ahalko dira joandakoen ordez, betiere prestakuntza ekintzaren iraupenaren %25 eman baino lehen.

13.5. Entitateek bitan egiten ahalko dituzte aldaketak prestakuntza jardueretan, baldin eta horien ondorioz balorazio fasean lortutako puntuazioa gutxitzen ez bada. Entitateak aldaketa horien berri eman behar die Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari prestakuntza jarduera hasi baino 15 egun lehenago beranduenez, aldaketak egin eta gero lortutako puntuazioaren justifikazioarekin batera.

14.–Gastu diruz lagungarriak.

14.1. Prestakuntza entitateak bete beharko du Dirulaguntza jaso dezaketen gastuei buruzko martxoaren 28ko TSM/368/2019 Aginduaren 13. artikuluan xedatutakoa, dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa modulu ekonomikoen bidez egin ala ez.

14.2. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira hala behar duten parte-hartzaileentzat alokatutako material informatikoaren eta Interneteko sarbidearen kontratazioaren ondoriozkoak.

15.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

15.1. Dirulaguntzaren justifikazioa moduluen bidezko egiaztapen moduan eginen da.

15.2. Entitate onuradunek ez dute kontabilitatean edo merkataritzan garrantzia duten liburu, erregistro eta agiriak aurkeztu beharrik, ez eta egindako gastuak justifikatzeko bestelako dokumentaziorik ere. Hala ere, onuradunak jasotako funtsen aplikazioaren frogagiriak gorde beharko ditu, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-jardueren xede izan daitezkeen bitartean, bai eta hala eskatzen duen beste edozein legezko betebehar ere.

15.3. Dirulaguntzaren azken justifikazioa aurkeztu baino lehen, entitateak honako hauek eskatzen ahalko ditu:

a) Dirulaguntzaren aurrerakina, entitate onuradunak funtsen hornidura behar duela frogatuz gero, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aurreikusitakoari jarraituz. Horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Diruzaintzako fluxuen aurreikuspenen gaineko ziurtagiria, entitateak egina.

–Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatu eta/edo eskuratu diren maileguen zerrenda, banku entitateen ziurtagiriak gehituta.

–Funtsen beharra dagoela dioen txostena, non adieraziko baitira entitateak une horretan dituen banku-kontuen saldoak.

–Funts horniduren beharra frogatzen duen beste formularen bat.

Prestakuntza jarduera hasi aurretik, ordainketa aurreratua aurreikusten ahalko da, gehienez ere emandako zenbateko osoaren %25 izanen dena. Halaber, %35 bat gehiago ere ordaintzea aurreikus daiteke, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren. Halaber, onuradunak eskaturik, aurrerakin bakarra ordaintzen ahalko da, emandako zenbatekoaren %60raino, prestakuntza jardueraren hasiera egiaztatu ondoren.

Prestakuntza jardueraren hasieratzat hartuko da onetsitako prestakuntza ekintzen lehen prestakuntza taldea gauzatzen hastea.

b) Ordainketa egitea justifikazio partzialarekin. Entitate onuradunak gauzatutakoaren memoria teknikoa aurkeztu beharko du. Entitateak justifikatutako zenbatekoa ordainduko da, ez besterik.

Aurrerakinaren eta justifikazio partzialarekin egindako ordainketaren baturak ez du inola ere gaindituko guztira emandakoaren %60; gainerako %40a diruz lagundutako jarduera bukatu, justifikatu eta egiaztatu ondoren pagatuko da.

15.4. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak frogagiri hauek aurkeztu beharko ditu:

1. Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Halaber, emaitzak eta kalitatearen ebaluazioaren balorazioa jasoko ditu, 16.1 oinarrian ezarri bezala.

2. Memoria ekonomiko bat, honako hauek gutxienez frogatuko dituena:

a) Entitate onuradunaren egiaztapena edo, hori ez bada, adierazpen bat modulutzat hartutako unitate fisikoen kopuruari buruz (prestakuntza bukatzen duten parte-hartzaileak eta prestakuntza orduak).

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, jarduketa memoriako jarduera-datuetan eta oinarri arautzaileen moduluetan oinarriturik kalkulatua.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren xehetasuna, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita.

15.5. Aurreko agiriekin batera, entitateak material informatikoaren alokairua eta Interneterako sarbidea kontratatu baditu prestakuntzan parte hartzen dutenentzat, honako hauek aurkeztu beharko ditu: egindako gastua frogatzen duten fakturak eta dagokion ordainagiria (horiek Fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte), merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa duten balio bereko agiriak, edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuk.

15.6. Dirulaguntza justifikatzeko epea hilabetekoa izanen da, prestakuntza programa bukatu eta biharamunetik hasita. Prestakuntza programa baterako hilabeteko epea 2021eko uztailaren 31tik haratago bukatzen bada, frogagiriak aurkezteko azkeneko eguna egun hori izanen da.

Epe horietan justifikaziorik ez aurkezteak edo akatsak ez zuzentzeak ekarriko du justifikatu gabeko gastu eta ordainketak kobratzeko eskubidea galtzea edo 18. oinarrian aurreikusitako itzulketa-prozedura hastea.

15.7. Justifikatutako gastua ez bada iristen aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbateko osora, bidezkoa izanen da frogagiri bat aurkeztea erakusteko diru-sarrera bat egin dela Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren alde, aurreratutako edo/eta justifikazio partzialaren bidez ordaindutako zenbatekoaren eta justifikatutako zenbatekoaren arteko aldea adinakoa. Diru-sarrera horren bitartez entitate onuradunak uko egiten dio laguntza zati horri.

15.8. Aurkeztutako frogagiriak egiaztatuta, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak espedientea bukatzeko eta likidatzeko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, dokumentazio hori aurkeztu eta biharamunetik hasita. Hala badagokio, errekerimendua eginen du justifikatu gabeko zenbatekoak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat etortzen ez direnak itzultzeko. Kasu horietan dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuta.

15.9. Dirulaguntzaren zenbatekoa finkatze aldera, eta ekintza presentzialen kasuan, ikasle batek prestakuntza bukatu duela joko da prestakuntza ekintzako orduen %75era edo gehiagotara joan bada. Prestakuntza ekintzak teleprestakuntzako modalitatearen bidez eman badira, ikasle batek ekintza bukatu duela joko da haren ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldian-aldian egiten diren kontrolen ehuneko 75 eginez gero, konektatuta egon den ordu kopurua gorabehera.

Prestakuntza orduen %25 eman ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, prestakuntza ekintzen ondoriozko desbideratzeak onartuko dira, gehienez ere ekintza hasi duten parte-hartzaileen %15ena.

Justifikazioaren ondorioetarako, langabetuen kasuan prestakuntza ekintza bukatu dutela ulertuko da baldin eta lana, beka edo lanetik kanpoko praktikaren bat aurkitzeagatik ekintza bertan behera utzi behar izan badute, bai eta egiaztatutako gaixotasunagatik edo istripuagatik baja hartu badute ere, baldin eta aipatutako kasuetan, gutxienez, prestakuntza ekintzaren %25 egin badute.

Ezin dira 15 egun natural baino gehiago pasatu langabeak prestakuntza ekintza uzten duen egunetik kontratua, beka edo lanetik kanpoko praktika hasten duen egunera arte.

Dirulaguntzak justifikatzeko apartatu honetan prestakuntza ekintza bukatu duela ulertzeari buruz ezarritakoa ez da aplikatuko eskuratutako gaitasun profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko, abuztuaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

16.–Prestakuntzaren ebaluazioa, kontrola eta jarraipena egiteko plana.

16.1. Eskaintzako prestakuntza programa gauzatzeko ardura duten entitateek beren prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola eginen dituzte.

Horretarako, lagin adierazgarri bat hartu beharko da, prestakuntza jaso dutenen taldeen %5ekoa, gutxienez. Lagin horrek prestakuntza programako ekintzak bilduko ditu, kasuan kasuko eremuan lehentasuna dutenak nahiz zeharkakoak, bai eta programan agertzen diren ikaskuntzaren modalitate guztiak ere.

Egin beharreko jarduketen artean, honako hauek daude:

a) Kontrol jarduketak:

–Alderdi hauei dagokienez, denbora errealean prestakuntza modu egokian ematen dela egiaztatzea: lokalak, irakasleak, ordutegia, programaren egokitasuna, etab.

–Prestakuntza zentroek beren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak egiaztatzea: bertaratzearen kontrola, prestakuntzaren doakotasuna eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren/Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren publizitatea, besteak beste.

–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan egin behar diren tramiteak eta egin behar zaizkion komunikazioak betetzen diren egiaztatzeko barne-kontroleko bisitak prestakuntza programa antolatzen edo kudeatzen den bulegoetara.

–Aurrekoen osagarri den beste edozein jarduketa, telefonozko errekerimenduen bidez, zirkularren bidez edo bestelako baliabideak erabiliz.

b) Ebaluazio jarduketak: parte-hartzaileek prestakuntza ekintza bakoitzaren bukaeran prestakuntza ekintzen kalitateari buruz bete behar duten galde-sorta aztertu eta ustiatzea.

Entitate onuradunek prestakuntza programen eraginkortasuna, efizientzia eta kalitatea segurtatzeko egokitzat jotzen duten beste edozein jarduketa egiten ahalko da.

Entitateak 15.4.1 oinarrian aipatzen den ebaluazio memorian bilduko ditu emaitzak, balorazioa eta, hala bada, hartutako neurriak, oinarri honetan aipatzen diren kontrol eta ebaluazio jarduketei buruz.

16.2. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jarraipen eta kontrolerako lan hauek egiten ahalko ditu:

a) Denbora errealeko jarduketak. Atal honetan sartzen da prestakuntza jardueraren jarraipena egitea, horrek iraun bitartean eta egiten den tokian bertan, eta horretarako froga fisikoak eta testigantzak erabiltzea, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta irakasleei elkarrizketen bidez eskatuko baitzaizkie, teknikoki egiaztatzeko asmoz prestakuntza ekintzak nola egin diren, edukiak, parte-hartzaileen benetako kopurua, instalazioak eta baliabide pedagogikoak. Horrez gainera, argitalpenetan eta bestelako hedabideetan ekintzak Nafarroako Gobernuak finantzaturik antolatu direla adierazi ote den begiratuko da.

b) “Ex post” jarduketak. Prestakuntza ekintzak bukatu ondoren egin ahal izanen dira, entitate onuradunei, prestakuntzaren arduradunei, ikasleei eta/edo irakasleei eginen zaizkien elkarrizketen bidez jasoko diren froga fisikoak, lekukotzak eta agiriak erabiliz, honako hauen gaineko egiaztapen teknikoa egiteko, besteak beste:

–Prestakuntza ekintzak egin direla.

–Parte-hartzaileen benetako kopurua.

–Parte-hartzaileei prestakuntzaren ziurtagiria edo diploma eman zaiela eta bertan Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertzen dela.

Horretarako, entitate onuradunei edozein dokumentazio eskatu eta/edo kanpoko auditoretza egiten ahalko die, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz lan horiek betetzeko bidezkoa bada.

Kontrolerako ekintza horien ondorioz ez-betetzeak antzematen badira, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak entitateei eskatuko die ez-betetzeak sortu dituzten egoerak zuzentzeko.

16.3. Parte-hartzaileek prestakuntza ekintzen kalitatea ebaluatuko dute. Ebaluaziorako “Kalitatea ebaluatzeko galde-sorta” erabiliko da, Nafarroako Atariko tramiteen atalean den eredu normalizatua baliatuz (www.nafarroa.eus).

Entitate onuradunek Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igorri beharko diote parte-hartzaileen galde-sorta guztien tabulazioa biltzen duen fitxategiaren (edo fitxategien) kopia bat, egin diren ekintzen kalitatea aztertu ahal izateko. Galde-sortan jasotako galdera bakoitzaren tabulazioa bi modutara aurkeztuko da: batetik, programako prestakuntza ekintzetan eratzen den talde bakoitzeko, eta bestetik, programa osoari buruzkoa.

Era berean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak prestakuntza guztiaren kanpoko ebaluazioa egiten ahalko du, enplegurako lanbide-prestakuntzako azpisistema hobetzeko asmoz lan arloan.

17.–Azpikontratazioa.

17.1. Entitate onuradunek ezin izanen dute hirugarrenekin azpikontrataziorik egin esleitutako prestakuntza ekintza gauzatzeko. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat hartuko irakasleen kontratazioa. Irakasleen kontratazioak pertsona fisikoen kontratazioari bakarrik egiten dio aipamena.

Ebaluazioa eta kontrola ez dira prestakuntza jardueratzat hartzen, eta, horren ondorioz, hirugarren batek egin ditzake.

Ez da azpikontrataziotzat hartuko entitate onuradunak berak diruz lagundutako prestakuntza programa egiteko egin behar dituen bestelako gastuak.

17.2. Entitate onuradunak baliabideak izan beharko ditu prestakuntza programaren plangintza eta koordinazio eginkizunetarako eta, betiere, diruz laguntzen den jarduera gauzatzeko erantzukizun guztia hartuko du administrazio publikoaren aurrean. Hala hark nola kontratistak ziurtatu beharko dute jarraipen eta kontrol organismoen eginkizunak egoki betetzen direla.

18.–Ez-betetzeak eta dirulaguntzen itzulketa.

18.1. Deialdi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betebeharrak eta laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzeak ekarriko du dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galtzea, eta, aldez aurretik bidezko den itzulketa-prozeduraren ondoren, jasotako dirulaguntza osorik edo partez itzuli beharra, bidezko berandutze-interesak eta guzti (ordainketa agintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera artekoak).

18.2. Aurreko apartatuan aipatutako ez-betetzeak honako irizpide hauen arabera zehaztuko dira:

–Prestakuntza programa ez betetzea.

Erabateko ez-betetzetzat joko da emandako prestakuntza ehuneko 25era ez iristea (honela neurtuta: orduen kopurua bider pertsona kopurua), eta horrek dirulaguntza deuseztatzea eta, hala badagokio, aurretik jasotako zenbatekoak itzultzea ekarriko du.

Prestakuntzaren zati bat gauzatzeak, baldin eta %25etik gorakoa bada, emandako dirulaguntza hein berean murriztea ekarriko du.

–9. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen ez-betetzea:

Programa diruz laguntzeko baloratu diren irizpide guztiak edo baten bat betetzen ez bada, programa horri dagokion azken likidazioaren zenbatekoa murriztuko da, lortutako eta egin gabeko puntuen proportzioan. Kalkulatuko da zer portzentaje izan duten puntu horiek azken balorazioan, eta ehuneko hori kenduko da azken justifikaziotik.

–Ikasle langabeen portzentajea ez betetzea.

Likidazio ondorioetarako, parte hartzen duten langabeak %40 baino gehiago badira, portzentaje horretatik goiti parte hartzen duten langabetuak kenduko dira, parte hartzea ezarritako mugaraino iritsi arte. Arau orokor gisa, likidazioaren kalkuluan kalte gutxien ekartzen duten pertsonak kenduko dira.

–Ebaluazio eta kontrol jarduketak ez betetzea.

Baldin 16.1 oinarrian ezarritako ebaluazio eta kontrol jarduketa horiek egiten ez badira, honako murrizketa hauek aplikatuko dira:

Ebaluazio eta kontrol jarduketak gutxienez prestakuntza taldeen ehuneko 2,5ean egin ez badira, azken likidazioan ehuneko 3ko murrizketa aplikatuko da.

Ebaluazio eta kontrol jarduketak prestakuntza taldeen ehuneko 2,5etik ehuneko 5era egin badira, azken likidazioan ehuneko 1,5eko murrizketa aplikatuko da.

18.3. Dirua itzultzeko aurreikusitako kasuren bat gertatu dela jakitean hasiko da ofizioz dirua itzultzeko prozedura, oinarri arautzaile hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

18.4. Itzuli beharrak ez du galarazten Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean “dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapen administratiboei” buruz ezarritakoa.

18.5. Kobratzeko eskubidea galtzeagatik edo dirulaguntzari espresuki uko egiteagatik liberatutako kopuruak hasiera batean ezetza eman zitzaien entitateei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira, puntuazioaren araberako hurrenkeran eta beste deialdi baten beharrik gabe.

19.–Datuen babesa.

19.1. Entitate eskatzaileek eta entitate onuradunek jakinarazpenetan ematen duten informazioa datuak babesteari buruz indarra duen araudiaren mende egonen da.

19.2. Entitate eskatzaileen ordezkari diren pertsona fisikoen eta programetan parte hartzen dutenen identifikazio datuak fitxategi informatikoetan sartuko dira, bidezkoak diren ondorioetarako, eta, horri dagokionez, interesdunak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduan (EB) eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoan oro har aitortzen diren eskubideez baliatzen ahalko dira. Aipatu erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du. Zehazki, entitate onuradunen ardura izanen da programetan parte hartzen duten pertsonei aipatu Erregelamenduaren (EB) 13. artikuluan adierazitako informazioa ematea.

20.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri hauetan agertzen ez den orotan uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan xedatutakoa aplikatuko da. 694/2017 Errege Dekretuaren bidez garatu zen irailaren 9ko 30/2015 Legea, hizpide duena lan arloan enplegurako lanbide heziketako sistema arautzea. Aplikagarri izanen dira, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legea; Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea; eta arlo honetan aplikatzekoa den beste edozein araudi.

21.–Dirulaguntzen publizitatea.

21.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), eta bertan adieraziko dira deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak ere argitaratuko ditu datu horiek bere web-orrian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20.8 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunek berariaz aipatu behar dute Nafarroako Gobernuaren eta Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioaren finantzabidea informazio, argitalpen, material didaktiko eta ziurtagiri guztietan, baita zerbitzuak eta ekintzak egiten diren toki guztietan ere.

Horretarako, Nafarroako Gobernuaren logotipoa izan beharko du agerian, lehentasunezko tokian, eta inola ere izan gabe entitate sustatzailearena edo antolatzailearena baino txikiagoa. Kasu guztietan, otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan deskribatutako ezaugarri teknikoak errespetatuko dira. Foru dekretu horren bidez aldatu zen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituena.

21.2. Entitateak deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko erabiltzen dituen dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egin beharko da, emakumeak diskriminatzen dituen edozein eredu edo estereotipo sexista baztertu, eta berdintasun balioetan, presentzia orekatuan eta rolen eta genero identitateen aniztasunean oinarritutako irudia sustatu.

22.–Errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen eta haien aplikazioaren ondoriozko egintzen aurka pertsona edo entitate interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.1 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza espresua ez bada, edozein unetan jar daiteke gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

II. ERANSKINA

Fundaeren Prestakuntza Espezialitateen Katalogoa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2006019