154. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

40E/2020 FORU AGINDUA, ekainaren 16koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntzen deialdi hau onesten duena: “Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur zabalkunderako proiektuak egiteko, 2020 (Ideia)”. DDBN identifikazioa: 511295.

Kontuan harturik betetzen direla hala helburua nola gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak, eta ikusirik espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eskatu du onets daitezela kultur hedapenerako proiektuak (Ideia) egiteko kultur entitateei 2020an dirulaguntzak emateko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak, 140.000 euroko gastua baimendu dadila 2020ko gastuen aurrekontuko “IDEIA: Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kulturaren zabalkunderako eta dibulgaziorako” izeneko A20002-A2530-4816-334104 partidaren kargura, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela foru agindua, oinarriak eta eranskinak.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Deialdi hau onestea: “Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko, 2020 (Ideia)”.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2530-4816-334104: IDEIA: Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kulturaren zabalkunderako eta dibulgaziorako

2020

140.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Foru agindu honen aurka, administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko ekainaren 16an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, “Kultur entitateentzako dirulaguntzak, kultur hedapenerako proiektuak egiteko, 2020 (Ideia)” deialdiarenak

1. Dirulaguntzen xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1.1. Deialdiaren xedea da kultur proiektuak egiteko kultur entitate eta elkarteei emanen zaizkien laguntzak arautzea; entitate eta elkarte horiek modu iraunkorrean gauzatu beharko dituzte hedapeneko jarduerak (hitzaldiak, mintzaldiak, erakusketak, lehiaketak, biltzarrak, zinema zikloak eta antzekoak) Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiari dagozkion eskumenen esparruaren barnean.

Salbuespenez, deialdi honek helburu du ere COVID-19ak eragindako osasun krisiak programazio horren gainean izan dituen ondorioak arintzea.

1.2. Irismen soziala eta inklusiboa duten elkarteen esparruak gauzatuko ditu proiektu horiek. Gizarte ehuna eta Nafarroako kultura sortzen, mantentzen eta sustatzen lagundu behar dute, eta populazio osoari zuzenduak egon.

1.3. Proiektuak 2019ko azaroaren 2tik 2020ko azaroaren 1era bitarte egin behar dira.

Jarduera hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

a) Liburuak eta aldizkariak argitaratzea, bai ohiko euskarrian bai euskarri magnetiko edo informatikoan, edo argitalpen diskografikoak, artearen, kulturaren edo zientziaren gainekoak direnak.

b) Arte eszenikoetako eta musikako jarduketak.

1.4. Deialdiaren helburua da Nafarroako kultur jarduera biziagotzea, kultur entitateei laguntza emanez bereziki interesgarritzat jotzen diren eta aurreko apartatuan aipatzen den xedea betetzen duten berariazko jarduerak egiteko.

1.5. Entitate bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

1.6. Kultur entitate eta elkarteek egindako hedapeneko kultur proiektuen programazioaren asmoa da eragin positiboa sortzea Nafarroako kulturgintzako eragileetan, COVID-19aren pandemiak ekarri duen krisiaren aurrean laguntzeko.

2. Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

2.1. Laguntza hauen entitate eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Irabazi-asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izatea, estatutuetan daukana, bere xede eta helburuen artean, deialdi honen xedeari lotutako jarduerak egitea.

b) Legez 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitatea izatea.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan izatea.

2.2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden entitateei.

2.3. Kanpoan gelditzen dira:

a) Toki entitateak, beren erakunde autonomoak eta nagusiki Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateen partaidetza duten enpresa publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2020ko aurrekontu orokorretan laguntzaren eskaeraren xede den proiektua finantzatzeko partida izenduna duten entitateak.

c) Nafarroako Museoen eta Bilduma Museografiko Iraunkorren Erregistroan inskribaturik dauden museoen eta bilduma museografiko iraunkorren titularrak, aldi baterako baimenduta daudenak barne.

d) Sindikatuak, enpresaburuen elkarteak, lanbide elkargoak eta elkarte profesionalak.

2.4. Entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman aipatutako artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako egoeraren batean dauden pertsona eta entitateei.

2.5. Eskatzaileek ez dute egon behar zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dute egon behar zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

3. Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (140.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2020ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Proiektu bakoitzerako laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen onartutako aurrekontuaren %70 baino handiagoa.

Onartutako aurrekontua entitateak aurkeztutako aurrekontua izanen da, baina diruz lagungarriak ez diren gastuei dagozkien diru kopuruak kenduta, deialdi honen 6. oinarrian ezarritakoarekin bat.

3.3. Entitate eskatzaile bakoitzarentzako laguntzaren zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da, gehienez ere.

3.4. Aipatutako muga horiek betetzen badira, laguntzaren zenbatekoa eskatutako bera izanen da, aurrekontuan dirua dagoen bitartean.

3.5. Behin proiektuak eginda aurrekontu onartuekin, unitate kudeatzaileak banatuko du dirulaguntza proiektuen artean, lehentasun hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.

3.6. Gerakinik badago, baina hurrengo proiekturako eskatutako dirulaguntza baino txikiagoa bada, eskatzaileari eska dakioke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregin dezala.

Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu hasierako aurrekontuan sartuta dagoen eta entitatearen beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua.

b) Proiektua berregin ondoren banatzen den azken dirulaguntzak errespetatu beharko ditu ezarritako gehieneko ehunekoak.

Berregindako proiektuek Ebaluazio Batzordearen adostasuna beharko dute, laguntza ematea proposatu aurretik.

3.7. Entitate onuradunen batek laguntzari uko eginez gero, unitate kudeatzaileari jakinarazi beharko dio. Uko egitearen ondorioz eman gabe gelditzen den dirulaguntza puntuazio ordenaren arabera dagokionari ematen ahalko zaio. Profesional hori proiektua berregiten ari baldin bada, dagokion kopurura arte eginen da, eta horren ondotik gerakinen bat baldin badago edo horri uko egiten badio, puntuazio ordenaren arabera hurrengoa den proiektuari emanen zaio. Laguntzak esleitzeko ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 12 puntu baino gutxiago lortu dutenak 8. oinarriko 1. apartatuan.

4. Proiektu diruz lagungarriak.

4.1. Entitate bakoitzak proiektu bat aurkez dezake. Proiektutzat hartuko da entitate batek, proposatutako helburuak lortzeko, epe jakin batean eta ezarritako aurrekontuarekin garatzen dituen jardueren multzoa.

4.2. Proiektua aurkezteko, 8. oinarrian aipatzen diren apartatuei jarraituko zaie (bertan adierazitako izenarekin eta ordenarekin), eta, nolanahi ere, alderdi hauek izanen ditu:

a) Izena.

b) Deskribapen zehatza. Apartatu honetan, proiektuaren helburuak, horiek lortzeko eginen diren ekintzak eta deialdi honetan baloratuko diren gainerako alderdiak zehaztuko dira. II. eranskineko eredua erabiliko da.

c) Aurrekontua. Atal honetan proiektuaren aurrekontu osoa aurkeztu beharko da, eta bertan argi geldituko da koherenteak direla, proiektuari aurre egiteko, entitateak dituen baliabide ekonomikoak (diru-sarrerak eta gastuak), giza baliabideak (bazkideak, boluntarioak, kontratudunak) eta baliabide materialak (azpiegiturak). Aurrekontuaren deskribapena III. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

4.3. Proiektua II. eta III. eranskinetan jasotako ereduko zehaztapenei jarraikiz aurkeztu beharko da.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

5.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2. Eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/). Identifikatzeko, beharrezkoa da ziurtagiri digitala edo NAN-PINa izatea.

Eskaera eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoko fitxaren baitan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

5.3. Eskaeraren berariazko inprimakiari (I. eranskina) erantsi behar zaion dokumentazioa ondotik zehazten dena da. Eskaneatuta aurkeztuko dira agiri hauek, bereizita eta behar bezala identifikatuta:

a) Entitatearen estatutuak.

b) Legez 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen eratutako entitate bat dela frogatzeko agiria.

c) Helbide soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen dokumentua.

d) Proiektuaren deskripzio-memoria, II. eranskinean dagoen ereduaren araberakoa. Proiektuaren deskribapena gehienez ere 30 foliotan egin beharko da, eta, horietatik, zabalkunde planaren deskribapena DIN A4 neurriko 6 orritan eginen da gehienez ere, alde batetik idatzirik, gutxienez ere 11 puntuko letra mota arruntarekin. Ez da baloratuko tamaina hori gainditzen duen informazioa.

e) Aurrekontu zehaztua. Memorian proiektuari buruz agertzen diren datu ekonomikoak III. eranskineko ereduari jarraikiz bete beharko dira, eta nahitaezko baldintza da aurkezten den aurrekontuan gastuak eta diru-sarrerak berdinduta izatea.

5.4. Aurreko deialdietan parte hartu duten kultur entitateek ez dituzte aurreko puntuko a, b eta c ataletan aipatutako agiriak aurkeztu beharko, non ez den agiri horietan aldaketaren bat izan.

5.5. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez, 10 egun naturaleko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

5.6. Prozesuan noiznahi ere, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6. Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Deialdi honen ondorioetarako gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak, behar-beharrezkoak direnak, eta deialdi honetan ezarritako epean eginen direnak. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira frogatzen diren eta ezin berreskuratzen ahal diren gastuak, egin direnak dirulaguntzaren xedea zen proiektua edo jarduera egiteko, proiektua ezin izan bada guztiz edo zati batean egin martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan edo haren luzapenetan aurreikusitako neurrien ondorioz (errege dekretu horren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez) edo agintaritza eskudunek COVID-19aren osasun krisiari aurre egiteko hartzen dituzten neurrien ondorioz.

Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

Entitateak proiektua garatzean egiten dituen gastu hauek hartuko dira kontuan:

a) Zuzeneko kostuak.

–Proiektuan aurreikusitako ekintzak gauzatzeko beharrezkoak diren eta entitatekoak ez diren langile eta artista edo hizlari kontratatuen soldaten eta gizarte segurantzaren kostuak.

–Entitate onuraduneko langileen nominaren soldata eta gizarte segurantzaren kostuak, proiektuaren kostu osoaren %15eko mugarekin.

Talde artistikoko kideek, beren behar bereziak (dibertsitate funtzionala) kontuan hartuta, entitateko langileen berariazko laguntza eta arreta edo dedikazioa behar dutenean, aipatutako laguntza, arreta edo berariazkoa dedikazioaren funtzioak betetzen dituzten entitate onuraduneko langileen nominaren soldata eta gizarte segurantzako kostuak kostu zuzentzat hartuko dira, dirulaguntzaren xedea den proiektuan sartuta dauden neurrian. Kasu horretan, ez da aplikatuko aurreko paragrafoan aipatutako %15eko muga.

–Kanpoko baliabideak kontratatzearen ondorioz sortutako gastuak, hala nola artistak edo hizlariak, toki, ekipamendu eta baliabide materialen alokairuak, baita proiektuko ekintzak gauzatzeko behar diren beste batzuk ere.

–Proiektuan sartutako jardueren zabalkunderako, digitalizaziorako eta merkaturatzeko gastuak.

–Artisten edo hizlarien ostatu gastuak, mantenu gastuak (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietakoak. Gastu hauek behean azaltzen diren mugak izanen dituzte, eta, kasu guztietan, zerbitzua egiten duen enpresak emandako faktura aurkeztu beharko da, salbu eta norberaren ibilgailua erabiltzen bada, kasu horretan behean azaltzen den irizpidea aplikatuko baita:

a) Ostatu gastuak: bakarrik Nafarroaz kanpotik etortzen badira; gau bakoitzeko, 60 euro ordainduko dira gehienez.

b) Mantenu gastuak: otordu bakoitzeko (bazkaria eta afaria) 20 euro ordainduko dira.

d) Lekualdatzeak. norberaren autoa erabiliz gero, 0,30 euro ordainduko dira kilometro bakoitzeko, gehi autobideko gastuak, bidesariak eta aparkalekuetakoak. Hegazkina, trena edo beste garraio publikoren bat erabiliz gero, gehienez ere turista klaseko txartel arruntaren zenbatekoa ordainduko da.

–Dirulaguntzaren xedeko proiektua prestatu edo gauzatzeko, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun krisiaren ondorioz nahitaezkoak diren edo osasun agintaritzak gomendatzen duen materiala erosteko edo zerbitzuetarako egindakoak.

Proiektua osorik edo partez gauzatzeko kontratatutako eta entitateari lotutako pertsonen kontratazioaren kostuek baldintza hauek bete behar dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7.d) artikuluan aipatutako inguruabarren bat gertatuz gero:

–Ez dute gaindituko proiektuaren kostu osoaren %15.

–Kontzeptu honengatik lortzen den zenbatekoa berariaz agertuko da II. eta III. eranskinetako eskabidearekin batera aurkeztu beharreko memorian.

Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosiz gero, gastu diruz lagungarritzat hartuko da haien amortizazioa, proiektuari egozten ahal zaion proportzioan, kontabilitateko irizpide orokorren arabera. (114/2017 Foru Dekretua, abenduaren 20koa).

b) Zeharkako kostuak.

–Zeharkako kostuen barrenean daude bai gastu orokorrak, onuradunak egiten dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko. Hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

–Proiektu bakoitzerako zeharkako kostu diruz lagungarriek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira izanen proiektuaren kostu osoaren %15 baino gehiago.

6.2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Ondasun higiezinen eta azpiegituren erosketarekin, erabilerarekin eta finantzaketarekin lotuta dauden guztiak. Azken kasu horretan, salbuetsita dago 6.1 puntuan ezarri dena dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko ekipamenduko ondasun inbentariagarriak erosteari buruz.

b) Zentzuz jokatuta proiektua gauzatzeko beharrezkoak ez diren gastuak, edo zenbatekoa modu fidagarrian zehaztu gabe dutenak.

c) Balio erantsiaren gaineko zerga, entitateak berreskura edo konpentsa dezakeena, bai eta antzeko zergak eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

d) Entitateko langileen ordainsariak, baldin eta lanbide arteko gutxieneko soldata halako 3 baino gehiago badira.

e) Proiektua gauzatzeko kontratatzen diren artista edo hizlariak alde batera utzita, beste pertsona batzuen ostatu, mantenu (bazkaria/afaria) eta joan-etorrietako gastuak.

f) Ordezkaritza, protokolo eta luxuzko gastuak, ez eta elikagaiak, edariak eta antzekoak erostekoak ere.

6.3. Antolaketako lankidetza proiektuei buruzko eskaeren kasuan, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluan ageri den moduan, onuradun izaten ahalko dira entitateen batasunak, baldin 2. oinarriko baldintzak betetzen badituzte.

Kasu horietan, espresuki agerrarazi beharko dira, bai eskabidean bai kontzesioaren ebazpenean, honako hauek:

a) Gauzatzeko konpromisoak, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartuak.

b) Horietako bakoitzarengatik aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa, horiek ere onuraduntzat joko baitira.

c) Nolanahi ere, batasunaren ordezkari edo ahaldun bat izendatu beharko da, batasunari onuradun gisa dagozkion obligazioak betetzeko adinako ahalen jabe. Batasuna ezin izanen da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legean ezarritako preskripzio-epea iragan arte.

Antolaketako lankidetza proiektuen kasuan, eskatzaile bakar batek bere izenean eskatzen badu proiektu baterako laguntza eta proiektu horretan entitate batek baino gehiagok jartzen baditu baliabideak, ez nahitaez proportzio berean, proiektu bakar bat egiteko, orduan laguntza eskatzaileak espresuki agerrarazi beharko ditu alderdi hauek:

a) Antolaketako lankide bakoitzak bere gain hartutako exekuzio konpromisoak, alderdien arteko hitzarmen edo kontratu baten bidez.

b) Antolaketako lankide bakoitzak proiekturako egindako ekarpenaren zenbatekoa eta bakoitzak bere gain hartzen dituen gastuak.

c) Edonola ere, eskatzaileak frogatu beharko du diruz lagundutako gastu guztia, eta, orobat, proiektua oso-osorik gauzatu dela.

Antolaketako lankidetzaren kasuan, dirulaguntzaren onuradunak egiaz egiten eta justifikatzen dituen gastuak baizik ez dira izanen diruz lagungarriak.

Informazio hori guztia eskabideari eransten zaion memorian xehakatu beharko da.

7. Tramitazioa eta ebaluazioa.

7.1. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

7.2. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bidez izendatutako ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu eskaerak. Batzorde horretako kideen izenak Nafarroako Gobernuaren web atarian argitaratuko dira, tramiteen katalogoko deialdiaren fitxan (www.nafarroa.eus). Honako hauek izanen dira:

a) Batzordeburua: Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, edo, hura izan ezean, zuzendaritza horretako beste zerbitzu bateko zuzendaria.

b) Idazkaria: Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko teknikari bat. Bestela, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko teknikari bat. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

c) Batzordekideak: Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua, edo, hori ezean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko atalburu bat, eta kultura eta/edo ekonomia arloetako bi aditu. Aditu horietako bat, gutxienez, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide izanen da.

7.3. Balorazio eta adjudikazio prozesua.

1. Ebaluazio batzordeko kideek onartzen diren proiektuak jasoko dituzte, balorazioa egiteko.

2. COVID-19 koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela-eta, proiektuak ez dira presentzialki jendaurrean jarriko. Hala ere, balorazio prozesu osoan, batzordeak informazioa eska diezaieke entitateei edozein bideren bitartez, deialdira aurkeztutako proiektuaren gaineko zalantzak argitzeko edo alderdiren bat berresteko.

Eskatzaileek zilegi dute proiektua azaltzen duen bideo artxibo bat eranstea dokumentazioarekin batera, 15 minututik beherakoa betiere.

3. Behin onartutako aurrekontuak ezarririk, ebaluazio batzordeak proiektuen balorazioa eginen du, eta zehaztuko du 8. oinarrian eskatutako gutxieneko puntuazioak gainditu dituzten proiektuei zer zenbateko dagokien, 3. oinarrian ezarritako mugak kontuan harturik.

4. Proiektuei dagokien zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira, kontuan harturik 3. oinarrian finkatutako diru-muga:

–Organo kudeatzaileak dirulaguntza banatuko du proiektuen artean lehentasun hurrenkerari jarraikiz, lortzen den puntuazioaren arabera, dirulaguntzaren zenbatekoa agortu arte.

–Gerakinik badago, baina puntuazio hurrenkeran hurrengoa den proiektuarentzat eskatutako aurrekontua baino txikiagoa bada, eskatzaileari eska dakioke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregin dezala, 3.6 oinarrian aurreikusitakoarekin bat. Proiektua berregitean, 3. oinarrian zehazturiko dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere. Edonola ere, proiektu berreginaren aurrekontua ezingo da, inola ere, hasieran aurkeztutakoa baino %20 txikiagoa izan.

5. Batzordeak irizpen loteslea emanen du, lortutako emaitzak bilduko dituena.

6. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

8. Proiektuen balorazioa.

Proiektuen balorazioa errazteko asmoz, entitate eskatzaileak deialdi honen II. eranskinean ageri den deskripzio-memoriaren ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko du; eranskin horretan zehatz-mehatz jasotzen dira irizpide bakoitzaren barrenean baloratu beharreko alderdiak.

Informazio ekonomikoa III. eranskinean jasotako informazio ekonomikoari buruzko inprimakian jakinaraziko da.

Oinarri hauetan ezarritako balorazio irizpideak aplikatuta, gehienez ere 100 puntu emanen zaizkio proiektu bakoitzari.

Dirulaguntza lortu ahal izateko, eskaerak gutxienez 12 puntu lortu beharko ditu 8.1.a) apartatuan (“Proposamenaren interesa eta kalitatea, deialdi honen oinarriei eta Kultur Ekintza Zerbitzuaren helburuei dagokienez”).

Oker betetzen diren datuak edo ausartegiak direnak baloraziotik kanpo geldituko dira.

Irizpide hauek erabiliz baloratuko dira proiektuak:

1. Proposamenaren kalitate artistikoa. 50 puntu gehienez.

a) Proposamenaren interesa eta kalitatea, deialdi honen oinarriei eta Kultur Ekintza Zerbitzuaren eginkizunei dagokienez: https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2019/220/14 (20 puntu gehienez). Irizpide honetan, proposatutako programazioa baloratuko da (urteko programazioa edo proiektu zehatzak; jarduera finkatuak edo jarduera berritzaileak), interes eta kalitate artistikoaren arabera.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

20

Ona

15

Zuzena

12

Hala-holakoa

9

Ez nahikoa

3

Urria

0

b) Proposamenak nolako ekarpena egiten dion Nafarroako kultur eskaintzari. Baloratuko da nolako ekarpena egiten den Nafarroako kultur eskaintza orekatzeari begira (5 puntu gehienez). Horretarako, kontuan hartuko da antzeko proposamenik dagoen Nafarroan, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Ez dago antzeko proposamenik

5,0

Antzeko proposamenak, 5 baino gutxiago

3,0

Antzeko proposamenak, 5etik 10era

1,0

Antzeko proposamenak,10 baino gehiago

0,0

c) Proiektuaren lurralde-eremua. Baloratuko da nolako irismena duen programak Nafarroako maparen gainean, kultur eskaintza orekatua izan dadin lurralde osoan (5 puntu gehienez). Horretarako, honako honen arabera baloratuko dira kultur programak edo jarduerak: proiekzioa, hedapen eremua eta beste udalerri batzuetan, eskualdean edo Nafarroan duten eragina.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5,0

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Ez nahikoa

2,5

Urria

1,0

d) Proposamenaren esperimentazio eta berrikuntza maila (teknologiaz kanpo), Nafarroan lehendik zegoen kultur eskaintzaren aldean (5 puntu gehienez). Baloratuko da noraino den berritzailea Nafarroako oraingo panoramaren aldean, kontuan izanik ikuspegi berriak eta originalak dituen (gaiak, formatuak, metodologiak, jardueraren eragina gisa horretako ekimenak ohikoak ez diren eremu batean, etab.).

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5,0

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Ez nahikoa

2,5

Urria

1,0

e) Entitate eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia (5 puntu gehienez). Irizpide honetan, entitatearen ibilbidea baloratuko da, baita haren jarraitutasuna eta egonkortasuna ere, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

20 urtetik gorako ibilbidea

5,0

10 eta 20 artean

4,5

5 baino gehiago eta 10 baino gutxiago

3,5

3 baino gehiago eta 5 baino gutxiago

2,5

3 baino gutxiago

1,0

f) Gaitasuna partaidetzarako bideak irekitzeko eta mantentzeko eta lankidetza sareak osatzeko beste eragile batzuekin (5 puntu gehienez). Irizpide honetan baloratuko dira beste eragile batzuekin parte hartzeari edo lankidetzan aritzeari lotuta dauden ekimenak, proposatutako jardueran jasota daudenak, proposatutako programa diseinatu, kudeatu eta egiteko orduan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5,0

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Ez nahikoa

2,5

Urria

1,0

g) Marketina eta komunikazioa (5 puntu gehienez). Irizpide honetan baloratuko da nolako koherentzia duen proposamenaren komunikazio planak.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5,0

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Ez nahikoa

2,5

Urria

1,0

2. Proposamenaren kudeaketa (bideragarritasun eta koherentzia ekonomikoa). 25 puntu gehienez.

a) Bideragarritasun ekonomikoa: 15 puntu gehienez. Proposamen batek bideragarritasun ekonomiko handiagoa du baldin behar adinako finantzaketa badu; eskatutako diru kopurua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta puntu gehiago emanen zaizkio, horrek frogatzen duelako behar adinako finantzaketa duela proposatutako kultur jarduera egiteko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

%0tik %20ra arte

15

%20 baino gehiago, %30 arte

10

%30 baino gehiago, %40 arte

8

%40 baino gehiago, %50 arte

6

%50 baino gehiago, %55 arte

4

%55 baino gehiago, %60 arte

2

%60 baino gehiago, %70 arte

1

b) Aurrekontu-zorroztasuna (10 puntu gehienez). Aurrekontuetan jasotako partidak egokiak eta zehatzak izatea baloratuko da, eta aurrekontua prestatua izatea ekonomia eta efizientzia irizpideei jarraikiz; horrez gainera, baloratuko da jarduera gauzatzeko behar diren partida guztiak ekonomikoki ongi mugatuak izatea.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

10,0

Ona

7,0

Zuzena

5,0

Ez nahikoa

2,0

Urria

0,0

3. Proposamenaren eragina (zeharkako irizpideak). 25 puntu gehienez.

a) Proposamenean euskara erabiltzea (5 puntu gehienez). Irizpide honetan baloratuko da ea euskara erabili den proposatutako programazioan.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5,0

Ertaina

2,5

Urria

0,0

b) Genero-berdintasunaren ikuspegia txertatzea programaren helburuetan eta ekintzetan eta/edo emakumeen ekarpen eta parte-hartze profesionala (5 puntu gehienez). Irizpide hau baloratzeko, eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak hartuko dira oinarri.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Garrantzitsua

5,0

Esanguratsua

2,5

Ez oso esanguratsua

0,0

c) Neurririk hartu den proposamenera iristea bermatzeko bazterketa arriskuan daudenei eta/edo aniztasun funtzionala dutenei (5 puntu gehienez). Irizpide hau baloratzeko, eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak hartuko dira oinarri. Baloratuko da aurkeztutako programazioan neurriak txertatzea aniztasun funtzionala dutenengana iristeko eta haien parte-hartzea bultzatzeko.

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5,0

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Ez nahikoa

1,5

Urria

0,0

d) Entitateak egindako ahaleginak publiko berriak erakartzeko bitartekaritza eta hezkuntza ekintzen bidez, batez ere 0-11 urte bitarteko haurrak, 12-35 bitarteko gazteak eta talde eta pertsonarik kalteberenak (5 puntu gehienez). Irizpide hau baloratzeko, eskaera azaltzeko txostenean jasotako datuak hartuko dira oinarri. Baloratuko da aurkeztutako programazioa publiko berriei zuzenduta egotea eta haiek parte hartzea, taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5,0

Ona

4,5

Zuzena

3,5

Ez nahikoa

1,5

Urria

0,0

e) Adierazleak erabiltzea proposatutako programaren interes soziala eta kulturala baloratzeko (5 puntu gehienez). Irizpide honetan, eskaerako txostenean jasotako datuak baloratuko dira: erabili diren adierazleak eta haien eragina (kulturan eta tokiko kultur eragileengan, lurraldean eta herritarrengan, jasangarritasunean, desberdintasunean...), haztapen taula honen arabera:

KONTZEPTUA

HAZTAPENA

Oso ona

5,0

Zuzena

2,5

Urria

0,0

9. Dirulaguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako Zuzendaritza Nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko. Epe hori berariazko ebazpenik argitaratu gabe iraganik, eskaerak ezetsitzat joko dira.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Horretaz gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, eskabidean berak adierazitako helbide elektronikoaren bidez. Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, interesdunek hura kudeatzen duen organora jo dezakete, helbide elektroniko honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

10. Diruz laguntzen diren proiektuen interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

10.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira. Ondorio horretarako, eskatzaileek IV. eranskina beteko dute.

10.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte. Foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen.

10.3. Orobat, beren proiektuak gauzatzen laguntzeko mezenasgo eta babesletza ekarpenak jasotzen dituzten onuradunek 13.1. oinarrian aipaturiko azken memorian zehaztu beharko dituzte mezenasgo eta babesletza modalitate guztien bidez jasotako ekarpenak, eta ebaluatu beharko dute laguntza horiek zer eragin izan duten diruz lagundutako proiektua gauzatzeari begira.

11. Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, interesdunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo deialdi hau kudeatzen duen Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalaren bidez.

Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den programarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

11.3. Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin den.

11.4. Onuradunek laguntza jasotzen duten proiektuei buruzko ahozko edo idatzizko informazio edo komunikazio guztietan adierazi beharko dute proiektuak Kultura eta Kirol Departamentuaren dirulaguntza jaso duela.

11.5. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko ebaluazio batzordearen adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez badu proiektua funtsean aldatzen.

11.6. Diruz lagundutako proiektuen argitalpen guztietan zehaztu beharko da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso dela. Diruz lagundutako proiektuaren egitarauan, afixetan, iragarkietan edo edozein motatako publizitatean Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabili beharko dute, eta honako hau deskribatzen duen testu bat ezarri: “Diruz lagundua”, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofizialarekin batera.

Logotipoa erabiltzeko jarraibideak Nafarroako Gobernuaren web-orrian kontsulta daitezke: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala eta/edo haren Argitalpen Zerbitzuaren bidez.

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, zabalkunde telematikoan, web-orrian eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldaketa eginen da, eta Nafarroako Gobernuaren logotipoa sartuko, aurreko apartatuko baldintzei jarraituz.

11.7. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.8. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.9. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak eduki beharko dira, behar bezala ikuskatuak, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntzen oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistro berariazkoak edukitzea.

11.10. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordeko dira, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

11.11. Entitateak ebaluazio txosten bat aurkeztu beharko du proiektua amaituta. Txosten horretan honako hauek adieraziko dira:

–Proiektuaren alderdiak noraino bete diren, eskabidearekin batera aurkeztutako deskripzio-memorian jasotakoarekin alderatuta, berariaz zehaztuta proposatutako adierazleak.

–Masa soziala osatzen duten pertsonen banaketa sexuen arabera (emakumezko eta gizonezko bazkideen kopurua); orobat, entitateko zuzendaritza-taldearena, talde artistikoarena eta kudeaketa taldearena.

11.12. Ez erabili inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da (horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: “La Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad”, helbide honetan dagoena: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

12. Ordaintzeko moduak.

Ordaintzeko moduak hauek izanen dira:

12.1. Oro har.

Oro har, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren ordainduko dira laguntzak.

Proiektua bukatutakoan egin daiteke justifikazio hori, edo partzialki, proiektuaren %25, %50 eta %75 gauzatu ahala.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazio partzialean:

a) Eskaera, ordainketa mota (justifikazio partziala) eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

e) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

g) Proiektuari lotutako eta kontabilizatutako gastu eta diru-sarreren zerrenda.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da ordainketa partzial bakoitza egin baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.2. Konturako ordainketa.

Konturako ordainketak egiten ahalko dira, entitate onuradunak diruz lagundutako jarduera egin duela justifikatu ondoren. Konturako ordainketa bat eskatzeko epea bukatuko da justifikazioa aurkezteko epea bukatu baino bi hilabete lehenago.

Entitateak dokumentazio hau aurkeztuko du justifikazioetan:

a) Eskaera bat, ordainketa mota (konturako ordainketa) eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) Gastuak justifikatzeko fakturen edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten beste agiri batzuen zerrenda zenbakitu eta zehaztua, honako hauek adierazita: hornitzailearen/emailearen izena, IFZ, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzen dutenak.

d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, norberaren edo besteren baliabideekin edo beste dirulaguntza batzuekin finantzatu direnean, horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.

f) Egindako jarduerak azaltzen dituen memoria laburra.

Dokumentazio hori erregistroan aurkeztuko da eskaerarekin batera, ordainketa partzial bakoitza baino lehen edo ordainketa osoa eskatzean.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.3. Salbuespenez.

Salbuespenez, jarduera gauzatu aurretik ordaintzen ahalko dira laguntzak, emandako dirulaguntzaren %50 aurreratuz, gehienez ere.

Horretarako, entitateak Kultur Ekintza Zerbitzuari eskatu beharko dio, zer nolako ordainketa den adieraziz (aurrerakina), eta dirulaguntzaren helburuak betetzeko ordainketa hori jaso behar duela frogatzeko dokumentazio egokia aurkeztu (egoera-balantzea edo diruzaintzako egoera-orria, eta egiteko dauden kobrantzen eta ordainketen zerrenda, hilabeteka banakatua).

13. Justifikatzeko epea eta modua.

13.1. Aurreko apartatuan aipatutako ordainketa moduen artean zein aukeratzen den ere, dirulaguntzaren likidaziorako, onuradunek honako frogagiri hauek aurkeztu beharko dituzte epe hauen barnean:

–Dirulaguntza eman zenean bukaturik zeuden proiektuak, barne harturik dirulaguntza ematen duen ebazpenaren eguna: bi hilabete, dirulaguntza ematen den egunetik hasita.

–Dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera eta irailaren 11 baino lehenago bukatzen diren proiektuak (bi egun horiek barne): bi hilabete, proiektua bukatu eta hurrengo egunetik hasita.

–2020ko irailaren 12tik aurrera bukatzen diren proiektuak, azaroaren 12ra arte (bi egunak barne).

Dokumentazio hori eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen da, eta honako hau da:

a) Eskaera, ordainketa mota (azken justifikazioa) eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) 12.1 oinarriko b), c), d) eta e) letretan eskatutako dokumentazioa.

c) Proiektuaren bukaerako memoria.

d) Proiektuan egindako jardueren ebaluazio txostena, 11.11 oinarrian zehaztutakoaren arabera.

e) Elementu inprimatuak eta publizitatekoak, eta/edo zabalkundea egiteko erabili diren web-orrietarako estekak.

f) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, aurrekontua orekatua dela egiaztatzeko. Aurrekontuaren aurreikuspenerako III. eranskinean eskatzen diren atalak eta kontzeptuak kontuan hartuta aurkeztu beharko dira, baina kasu honetan exekutatutako zenbatekoekin.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Ordainketa partzialen edo konturako ordainketaren bat egin bada, ez da beharrezkoa izanen aurkeztutako dokumentazioa berriz aurkeztea.

13.2. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

13.3. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den portzentajea aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordainketaren frogagiria badute.

13.4. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak justifikazioko kontu horien gaineko berrikuspen txostenak egiten ahalko ditu, Kontu-auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen jarduneko kontu-auditore baten bidez.

Txosten horiek honako hauek betez eginen dira:

a) Txostenen kontratazioa Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak eginen du.

b) Txostena maiatzaren 17ko EHA/1413/2007 Aginduan ezarritakoarekin bat eginen da. Agindu horren bidez, kontu-auditoreek dirulaguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko lanetan bete beharreko jarduketa-araua onetsi zen.

14. Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

14.1. Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzarekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Dena dela, bateraezina izanen da Foru Komunitateko Administrazioak eta foru-sektore publiko instituzionalak proiektu bererako ematen duten beste edozein dirulaguntzarekin.

14.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15. Laguntza itzultzea.

Onuradunak programa gauzatu dela behar bezala justifikatu ezean, ordaindutako laguntza osorik edo hein batean itzul dezala eskatuko zaio, bai eta dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzultzen duen egunera arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko ere, proportzionaltasun irizpideari jarraituz eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16. Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, ekipamenduko ondasunen horniduren kasuan edo aholkularitza eta laguntza enpresek emandako zerbitzuen kasuan, onuradunak frogatu egin beharko du organo emailearen aurrean hornitzailea hautatu duela efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz.

Baldintza hori betetzen dela ulertuko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, ez badago merkatuan hura hornitu edo ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

17. Arau-hausteak eta zehapenak.

17.1. Arau-hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

17.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

18. Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

19. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua.

II. ERANSKINA

Proiektuaren deskripzio-memoria.

III. ERANSKINA

Informazio ekonomikoa:

1.–Proiektuaren aurrekontua.

2.–Aurreikusitako gastuen xehetasunak, jardueren arabera zehazturik.

3.–Proiektuaren aurrekontuaren laburpena, jardueraz jarduera.

4.–Aurreikusitako gastua kalkulatzeko metodoaren azalpena.

5.–Proiektuaren kargura ordaindutako langileen zerrenda.

6.–Aurreikusitako diru-sarreren xehetasunak, jardueren arabera zehazturik.

7.–Txarteldegian aurreikusitako diru-sarreren xehetasunak.

IV. ERANSKINA

Kultur mezenasgoari lotutako erantzukizunpeko adierazpenak.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2006332