153. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

56C/2020 EBAZPENA, ekainaren 8koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 28C/2020 Ebazpena zuzentzen duena (ebazpen horrek Nafarroako abeltzaintza-merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboko soldatak 2020an berrikusteari buruzko akordioa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea oneste zuen).

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 28C/2020 Ebazpenaren bidez, erabaki zen Nafarroako abeltzaintza-merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboko soldatak 2020an berrikusteari buruzko akordioa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Aipatu ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (2020ko 74. zenbakia, apirilaren 7koa), baina argitaratzean akats bat izan zen; aipatu ebazpen zenbakiarekin argitaratu baitzen Nafarroako metalaren merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboko soldatak 2020an berrikusteari buruzko akordioa.

Argitaratzean akats bat badela oharturik, zuzenketa eginen da.

Erakunde honek gai horren ardura hartzeko duen eskumena ezarrita dago Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Lan hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 109.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezkoa da akatsa zuzentzea, eta Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 28C/2020 Ebazpena berriz argitaratzea, Nafarroako abeltzaintza-merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboko soldatak 2020an berrikusteari buruzko akordioarekin batera.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Izan den akatsa zuzendu eta gero, eranskin gisa argitaratzea Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren otsailaren 26ko 28C/2020 Ebazpena, Nafarroako abeltzaintza-merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboko soldatak 2020an berrikusteari buruzko akordioarekin batera.

2. Ebazpen hau jakinaraztea hitzarmen kolektiboaren negoziazio batzordeari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da (“Erreferentzia: Esped:” hitzen ondoren dagoen zenbakia).

Iruñean, 2020ko ekainaren 8an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA

28C/2020 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, erabakitzen duena Nafarroako abeltzaintza-merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboko soldatak 2020an berrikusteari buruzko akordioa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Nafarroako abeltzaintza-merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboko 2020ko urteko soldaten berrikuspenari buruzko akordioaren testua aztertu da (kode zenbakia: 31001905011981), erregistro honetan 2020ko otsailaren 3an sartu zena, enpresaren ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek 2020ko urtarrilaren 29an izenpetua eta 2020ko otsailaren 4an zuzendua, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan eta Laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

2. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 26n. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia. Izaskun Goñi Razquin.

Nafarroako abeltzaintza-merkataritzaren sektoreko hitzarmen kolektiboko 2020ko soldaten berrikuspenari buruzko akordioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2005953