153. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IZKUE

Hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubideak eta tasak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Izkueko Kontzejuaren Batzarrak, 2020ko martxoaren 9an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Izkueko Kontzejuaren (Oltza Zendea) hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2020ko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onesten da Izkueko hilerriaren erabilera eta hura erabiltzeko eta hartan zerbitzu egiteko eskubide eta tasak arautzen dituen ordenantza, eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin, zeina aldatu baita urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bidez.

Izkuen, 2020ko ekainaren 24an.–Kontzejuko burua, Alberto del Castillo Artázcoz.

ORDENANTZA, IZKUEKO KONTZEJUAREN HILERRIAREN ERABILERA ETA HURA ERABILTZEKO ETA HARTAN ZERBITZU EGITEKO ESKUBIDEAK ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA

LEHEN KAPITULUA

Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak

1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4., 25. eta 26. artikuluetan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12. eta 100. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Izkueko Kontzejuari dagozkio hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaten legezko eskumenak.

2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak berekin dakartzate honako eskumen hauek:

a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar adina langile izanen ditu eta, eginbehar hau ahalik eta hobekien betetzeko, behar diren proposamenak aurkeztuko dizkio Kontzejuari.

4. artikulua. Hilerrian, ehorzteko ekartzen dituzten hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta zerbitzu horrengatik ordaindu beharko dira tasen eranskinean jasotzen diren ehorzketa eskubideak.

5. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere. Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.

6. artikulua. Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.

Eskatzaileak bere kontura eginen ditu hilotza ateratzeko lanak eta kostu guztiei aurre eginen die. Aldez aurretik, baina, Alkatetzari jakinaraziko dio, hark lanak ikuskatu beharko baititu.

Hilotzak hobitik atera behar badira ehorzketa berriak egiteko, hilerriko zein aldetan dauden nitxo zaharrenak, handik hasiko da.

7. artikulua. Beste hilerri batetik ekarritako hilotzak ezinen dira ehortzi nitxoetan. Gutxienez ere hamar urte lehenagotik dagoen hilobian paratuko dira (epea bestelakoa izan daiteke, baina sekula ez 5 urtetik beherakoa); bestela, hezurtegira eramanen dira.

8. artikulua. Hiltzeko arrazoiak osasun arriskurik sortu ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak honako baldintza hauetan ateratzen ahalko dira:

a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.

b) Hilobi mota guztietan zinkezko hilkutxan ehortzi bada, edozein unetan atera eta lekuz aldatzen ahal da, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.

Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada. Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da hilotzik aterako epaileak agindu ezean.

9. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

10. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuak egiteagatik Kontzejuaren tasak ordaindu ondotik, hilerriko lur guztiak doan erabiliko dira hamar urteko epean, nahiz eta hilotzak atera ahalko diren toki faltagatik, legez ezarritako gutxienekoa beteta (5 urte); bestalde, erabilera kostu bidezkoa izanen da, hilobien kontzesio administratiboa tartean denean.

11. artikulua. Hilerriko lurra hilobietarako eta hilobietako elementuak jartzeko erabiliko da, ez bestetarako.

12. artikulua. Izkueko hilerriko lurretan gaur egun 30 nitxotarako eta 4 lur azpiko hilobietarako tokia dago.

Egiten diren ehorzketa berrietarako, hilerriko zein aldetan dauden nitxo zaharrenak, handik hasiko da.

Hilarriak zabortegira eramanen dira, nitxo berean ehorzteko hurrengo txanda iristen denean.

13. artikulua. Hilobien doako kontzesioaren titularren betebeharra da hilobiak segurtasun, higiene eta apaindura baldintza egokietan edukitzea. Kentzen diren belar, lore, koroa eta antzekoak edo bestelako zaborrak ezin dira hilerrian edo inguruetan bota; horretarako ezarritako edukiontzi edo zabortegietan bota beharko dira.

14. artikulua. Kontzesioak eta aprobetxamendua ere iraungitzen ahalko dira honako arrazoi hauengatik:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

BIGARREN KAPITULUA

Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik

15. artikulua. Zerga-egitatea da honako zerbitzu hauek ematea:

a) Ehorzketak.

b) Hilobiei lotutako beste lan batzuk.

16. artikulua. Ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen dutenak dira tasa hauen subjektu pasiboak, izan pertsona fisikoak, izan pertsona juridikoak edo izan, nortasun juridikorik gabe, batasun ekonomikoa edo ondare bereizia eratzen duten entitateak.

17. artikulua. Zerga-oinarria da ordenantza honen tarifen eranskinean agertzen dena. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.

18. artikulua. Hilerri honetako edo beste hilerri bateko hilobietatik heldu diren gorpuzkiak berriz hobiratzeko, ehorzteko tasak baizik ez dira ordainduko, hilobitik ateratzea partikularraren kontura izanen baita.

21. artikulua. 15. artikuluan ezarritako a) eta b) zerbitzuen tasak ordainduko dira haiek eman aitzin, arrazoitutako ezintasuna dagoenean salbu; orduan, Alkatetzak edo Kontzejuak berak, dagokion tarifa ordainaraziko du geroago.

ERANSKINA

1.–Ehorzketak:

A) Izkuen erroldatuak nahiz jaioak: salbuetsirik.

B) Izkuen erroldatu gabeak: 400 euro.

A) kasuan, erroldatutzat hartuko dira Izkuen gutxienez ere 10 urtez erroldatuta egon direla frogatzen duten pertsonen hilotzak.

B) kasuan, herritarrak salbuetsirik daude eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik erroldaturik ez badaude. Halakoetan A) kasukoekin parekatuko dira, eta ez dute inolako diru ordainketarik egin beharko.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2006683