153. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Alkatetzaren ekainaren 22ko 851/2020 Ebazpenaren bitartez, onetsi ziren Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia eta oinarriak.

Deialdia gauzatuko da jarraikiz aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari.

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1.Deialdi hau gai honi buruz arau hauetan xedatzen denari loturik gauzatuko da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua onesten duen azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak.

Aipatu foru legearen lehenbiziko xedapen iragankorrean xedatuarekin bat etorriz: Foru lege honetan aipatzen diren garapen erregelamenduak onetsi bitartean, egun indarra duten erregelamenduen aplikazioari eutsiko zaio. Zehazki, lanaldien, ordutegien eta ordainsarien araubide berria, foru lege honetan jasotako erregulaziotik heldu dena, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen da aplikatzekoa, eta bitartean indarrean jarraituko du Foruzaingoaren lanaldi eta ordainsarien Erregelamendua onesten duen irailaren 28ko 79/2016 Foru Dekretuak.

1.2. 0506B09201 kodigoa duen lanpostu hutsa barne igoera txandakoa da, eta bete gabe deklaratuko da, baldin eta hutsik gelditzen bada, hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuaziora izangairik ez iristeagatik.

1.3. Baldin eta deialdi honen xede den lanposturako izendatzen den funtzionarioa afiliaturik badago eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubidean, alegia, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen zerbitzuko langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, aukeran izanen du bertan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.4. Tuterako Udaleko langile finkoek, prestakuntza ikastarora sartzen badira, kontuko diote gizarte aurreikuspenerako duten araubideari eta beren jatorrizko lanpostuko lansariak jasoko dituzte, horiek praktiketako funtzionarioari dagozkionak baino handiagoak direnean.

1.5. Izendatzen den izangaiak azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta hori garatzen duten arauetan ezarritako eginkizunak, eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, eta Foru Lege horretan ezartzen diren mailetako B mailaren barnean geldituko da sailkaturik.

1.6. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da.

2. oinarria.–Izangaien betekizunak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Gutxienez ere 3 urteko antzinatasuna izatea Tuterako Udalaren Udaltzaingoko agente lehenaren (kaboa) enpleguan.

b) Eskaerak aurkezteko epea bururatzen den egunean Unibertsitateko Diplomadun titulua, Ingeniari Teknikoarena, Arkitekto Teknikoarena, hirugarren mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea deklaratutakoa izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa frogatzen duen agiria eduki beharko da.

c) Jatorrizko lanpostuan jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egotea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzean eta lanpostuaz jabetu arte.

3. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

3.1. Eskabideak.

Eskabideak honako esteka honetan ageri den ereduari beharko zaizkio lotu:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_C.pdf

Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (HLZ) erregistratu beharko dira (Plaza Vieja, 1), edo El Frontón kaleko 1. zenbakiko bulegoetan, edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean; hartan, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

3.2.Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

a) Tuterako Udalaren Udaltzaingoko agente lehenaren lanpostuaren jabetza hartuz geroztik, Udalak ofizioz aurkeztuko du hiru urteko antzinatasuna gutxienez ere baduela frogatzen duen dokumentazioa, baita interesdunaren egoera administratiboari eta egindako eta aitortutako zerbitzuei buruzkoa ere.

b) Deialdi honen 2. oinarrian eskatutako titulu akademikoaren kopia konpultsatua.

c) Deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatutako merezimenduen frogagirien jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak edo behar bezala kautotuak, indarrean den legediarekin bat.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ezarritako epean eskaerarik aurkeztu ezean, oposizio-lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta haiek ebatzi ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Tuterako Udalaren iragarki-taulan eta udal web-orrian.

4.4. Aurreko apartatuetan aipatzen diren behin-behineko eta behin betiko zerrendetan izangaien plaka zenbakia agertuko da soilik.

5. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

5.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da oposizio-lehiaketa osatzen duten probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian emanen dira argitara, gutxienez 48 ordu lehenago.

5.2. Lehiaketaldia. Lehiaketaldian baloratuko dira izangaiek alegatu eta behar bezala frogaturiko merezimenduak, eta gehienez ere 77,5 puntu emanen dira:

a) Administrazio Publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

c) Hizkuntzak jakitea: frantsesa, ingelesa eta alemana: 15 puntu gehienez.

d) Sariak: 2,5 puntu gehienez.

Aurreko ataletan alegatu eta frogaturiko merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, deialdiko I. eranskineko baremoaren arabera. Izangaiek lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean alegatu eta agiri bidez frogatu beharko dituzte beren merezimenduak.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen atal bakoitzean.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruz.

5.3. Oposizioaldia.

5.3.1. Oposizioaldian honako hauek sartuko dira:

a) Ezagutza teoriko eta praktikoen proba, eskatutako maila akademikoaren eta deitzen den lanpostuaren edukiaren araberakoa: ehun eta berrogeita hamar puntu.

b) Proba psikoteknikoak, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikora zenbateraino egokitzen diren neurtu beharrez: hirurogeita hamar puntu.

c) Gainditzea dagokion lanposturako gaitasun-ikastaro bat, Nafarroako Segurtasun Eskolak emana: berrehun puntu.

Proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira. Bazterturik geldituko dira haietako edozeinetara agertzen ez diren izangaiak.

5.3.2. Ezagutzei buruzko proba teoriko-praktikoek gehienez ere 150 puntu izanen dituzte guztira, eta test motako azterketa eginen da, hots, 50 galdera II. eranskineko gai-zerrendari buruz, galdera bakoitzak balizko hiru erantzun dituela. Galdera zuzen bakoitzeko 3 puntu emanen dira, eta oker bakoitzeko puntu 1 kenduko da.

Proba hau baztertzailea izanen da eta, gainditzeko, gutxienez ere 75 puntu lortu beharko dira.

5.3.3. Izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien zehaztea dute helburu proba psikoteknikoek. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 70 puntu lor daitezke.

Proba psikoteknikoak hasi aitzin, Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuak, Alkatetzarekin kontsulta egin ondotik, lanpostuan behar diren ezaugarrien gaineko proposamena igorriko dio Alkatetzari berari. Alkatetzak onetsi eginen du profil hori eta deialdiko epaimahaiari jakinaraziko dio.

5.3.4. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat emanen du lehiatzaile bakoitzari buruz. Hartan, norbera deialdiaren xedeko lanpostuaren izaera eta ezaugarriei nola egokitzen zaien baloratuko da. Zerbitzu horrek txosten psikoteknikoan izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahaiarentzat.

Proba hau ez da baztergarria izanen eta 0tik 70 puntura baloratuko da.

5.3.5. Igoerarako trebakuntza ikastaroa:

Proba psikoteknikoak egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Tuterako Udalaren iragarki-taulan, azken probaren tokian eta Udalaren web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien behin-behineko zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, baita gaikuntza ikastaroan onartutako izangaien zerrenda ere (2 ikasle gehienez).

Nafarroako Segurtasun Eskolak emanen du trebakuntza ikastaroa; hautatzekoa izanen da eta 200 puntuko balorazioa izanen du.

Epaimahaiak trebakuntza ikastaroa egiteko onartutakoen behin-behineko zerrendarekin batera adieraziko du ikastaroa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

Trebakuntza ikastaroa egin bitartean izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko ditu Tuterako Udalak deialdi honetako trebakuntza ikastaroa egiteko, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 24.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ikastaroa bukatutakoan, langilea jarduneko egoerara itzuliko da berehala, zerbitzu berezietako egoeran deklaratu zenean zuen lanpostura.

Zerbitzu berezietan deklaratzeak ez du aldaketarik sortuko izangaiaren gizarte aurreikuspeneko sisteman, jatorrizko lanpostuan zuenarekin segituko baitu.

Zerbitzu berezietako egoeran deklaratutako izangaiek, trebakuntza ikastaroan onartuak badaude, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde lanpostuko lansariak hartuko dituzte Tuterako Udaletik, baita beren agente lehenaren lanpostuan onarturik dituzten gradua, antzinatasuna eta familia laguntza ere.

Izangaiak ikastaroa uzten badu, uzten duen egun horretara arte izanen du eskubidea aurreko apartatuan aipatu lansariak jasotzeko.

Zerbitzu berezietako egoera bukatzen denean, aurreko apartatuan aipatutako lansari-erregimena izateari utziko zaio, eta ez du eskubiderik ekarriko, ez eskubide pasiborik sortuko, ezta deialdiko lanpostuaren ondoriozko inolako eskubiderik ere.

Izangaiak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Segurtasun Eskolari atxikiko zaizkio.

Baztertu eginen dira ikastaroa osatzen duten arloetakoren bat gainditzen ez duten izangaiak.

6. oinarria.–Epaimahaiaren osaera, eraketa eta jarduketa.

6.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Pedro González Felipe, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Zeus Pérez Pérez, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Ricardo Casamián Gil, Tuterako Udaltzaingoko inspektoreordea.

Ordezko epaimahaikidea: Patxi Bacaicoa Nuñez, Plangintza eta Koordinazio Arloko komisarioa.

Epaimahaikidea: José Antonio Agramonte Redrado, Tuterako Udaltzaingoko bitarte baterako inspektoreordea.

Ordezko epaimahaikidea: Ángel Beortegui Sierra, Bitartekaritza eta Instrukzioko Arloko komisarioa.

Epaimahaikidea: Mikel Ciordia Osta, Langileen Batzordeko ordezkaria.

Ordezkoa: Íñigo Pérez Ochoa, Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Ana Cristina Martínez Cisneros, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezkoa: Ana Gárate Martínez, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

6.2. Epaimahaia probak hasi baino lehenago eratuko da, mahaiburuak deituta.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Epaimahaiaren eraketak balioa izan dezan, mahaiburuak eta idazkariak bertan egon behar dute edo, hala ez bada, haien ordezkoek.

6.4. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honetako oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruzko arazo guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso ahalko du proba guztietan edo haietako batzuetan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

Trebakuntza ikastaroa bukatutakoan, Nafarroako Segurtasun Eskolak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroko puntuazioak, bai eta arlo bakoitzerako eta haren azken kalifikaziorako proposamena ere. Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, lehiaketaldiko eta oposizioaldiko puntuazioak batuko dira. Epaimahaiak izendapen proposamena eginen du, deialdiko lanpostua betetzeko probak gainditu dituen izangaiaren alde.

8. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkatetzak Tuterako Udaltzaingoko inspektoreorde izendatuko du aitzineko apartatuan aipatu proposamenean sartutako izangaia, eta izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

8.2. Izangai izendatuak deialdia egin duen organoak zehazten duen egunean jabetu beharko du lanpostuaz. Egiten ez dutenek, deialdia egin duen organoak aintzat hartzen dituen ezinbesteko kasuetan izan ezik, mailaz igotzeko eskubidea galduko dute.

9. oinarria.–Aurkeztutako agiriak.

Izangaiek, lanpostua eskuratu dutenek izan ezik, aurkeztu dituzten agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, halaxe eskatu ondotik, baldin eta erreklamazio edo errekurtsorik jartzen ez bada. Agiriak berreskuratzeko eskaera hiru hilabeteko epean aurkezten ahalko da. Epe hori izendapenaren ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hiru hilabetera hasiko da.

Baldin aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak eraman gabe, ulertuko da izangaiak agiriak berreskuratzeari uko egin diola, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko du eta agiriak suntsitu eginen dira.

Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak: 35 puntu gehienez.

–Nafarroako Polizia Kidego batean, lanpostu finkoan egindako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu, agente lehenaren (lehen, kaboa) lanpostuan; 1,25 puntu, polizia lanpostuan.

–Nafarroako Polizia Kidego batean, bitarteko gisa eta deialdiko lanpostuan egindako urte bakoitzeko: 1,65 puntu.

–Administrazio publiko baten bestelako Segurtasun Indar eta Kidegoetan, lanpostu finkoan, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu, agente lehenaren (lehen, kaboa) lanpostuan; 1,25 puntu, polizia lanpostuan.

–Edozein administrazio publikotan, lanpostu finkoan, polizia kidego batekoak ez diren lanpostuetan egindako zerbitzuak: 0,25 puntu, urte bakoitzeko.

Oharrak a) apartatu osorako:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

3. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

4. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon bada edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu, egoera horietan sartu aitzin zuen lanpostuan egindako zerbitzuak bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta beste merezimendu batzuk: 25 puntu gehienez.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatutako prestakuntza ekintzetan parte hartzea: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

Oharrak:

1.–Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, irakastorduen zatikiak hainbanatu eginen dira.

2.–Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

3.–Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

4.–Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekintzetan parte hartzea puntuazio berarekin baloratuko da. Horien artean, espresuki sartuko dira sindikatuek Administrazio Publikoetako etengabeko prestakuntzarako itunen barrenean antolatuak.

2. Biltzar edo jardunaldietan txostenak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jaso duten zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 3 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoa, kontuan hartuz lana edo jarduera bakar batek edo taldean egina den eta biltzarra edo argitalpena zein mailatakoa den, tokikoa, eskualdekoa, naziokoa edo nazioartekoa.

3. Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo halakoetan irakasle gisa parte hartzea: gehienez ere 2 puntu, epaimahaiak haien iraupenaren arabera baloratu beharrekoak.

4. Titulazio eta espezialitate akademikoak, deialdian eskatu ez direnak: gehienez ere 4 puntu.

5. Doktore edo lizentziatu gradua, deialdian eskatutako titulazioari buruzkoa: gehienez ere 2 puntu.

6. Beste merezimendu batzuk, epaimahaiak baloratu beharrekoak: sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako bekak edo egonaldiak, edo kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartzea: gehienez ere 4 puntu.

Oharrak b) atal guztirako:

1.–Atal honetan aipatutako merezimenduak soilik baloratuko dira deialdiko lanpostuarekin zerikusia izanez gero. Ez dira inolaz ere baloratuko kidegoan sartzeko edo gora egiteko prestakuntza ikastaroak.

2.–Gehienez ere 25 puntu emanen dira b) atal honetan.

c) Hizkuntzak jakiteagatik: gehienez ere 15 puntu.

Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, 5na puntu gehienez ere.

a) A2 maila: 1 puntu.

b) B1 maila: 2 puntu.

c) B2 maila: 3 puntu.

d) C1 maila: 4 puntu.

e) C2 maila: 5 puntu.

Titulazio eta ziurtagiri baliokideak Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan ezarritako mailen arabera baloratuko dira.

Izangaiek hizkuntza bakoitzean frogatutako maila goikoenari dagokion puntuazioa emanen da, eta inolaz ere ez dira batuko bi maila edo gehiagori dagozkion puntuazioak.

d) Sariak: gehienez ere 2,5 puntu.

1. Zerbitzu Goraipagarrien Plakagatik: 1,25 puntu.

2. Zerbitzu Goraipagarrien Dominagatik: 0,75 puntu.

3. Jendaurreko esker onagatik: 0,50 puntu.

4. Esker on pribatuagatik: 0,25 puntu.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziei buruzkoa.

2.–718/2003 Foru Dekretua, abenduaren 29koa, Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duena.

3.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa.

4.–Prozedura Kriminalari buruzko Legea. Prozedura Kriminalaren Legea: I. liburua: IV. titulua: Nori dagokion delitu eta falten ondoriozko akzioak egikaritzea. II. liburua: I. titulua: Salaketa, III. titulua: Polizia judiziala, V. titulua: Delitua egiaztatzea eta delitugilea nor den ikertzea. VI. titulua: II. kapitulua: Atxiloketa eta IV. kapitulua: Defentsa-eskubidearen egikaritza, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea; liburuak eta paperak miatzea; eta idatzizko posta eta posta telegrafikoa geldiarazi eta irekitzea.

5.–Zigor Kodea: III. titulua: Lesioak. VI. titulua: Askatasunaren aurkako delituak; II. kapitulua: Mehatxuak; III. kapitulua: Derrigortzeak. VII. titulua: Sexu-askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delituak. IX. titulua. Sorospen-eginbeharra ez betetzea. XIII. titulua: Ondarearen, eta gizarte eta ekonomiaren ordenaren aurkako delituak: Ebasketak, Lapurretak, Ibilgailua erabiltzeko lapurreta eta ebasketa, Usurpazioa, Iruzur egitea. XVII. titulua. Segurtasun kolektiboaren aurkako delituak; III. kapitulua: Herri-osasunaren aurkako delituak; IV. kapitulua: Trafiko-segurtasunaren aurkako delituak. XVIII. titulua: Faltsutzeak; II. kapitulua: Agiri-faltsutzeak, 1. atala: Agiri publikoak, ofizialak, merkataritza-agiriak eta telekomunikazio-zerbitzuen bidez bidalitako idatz-agiriak faltsifikatzea. XXII. titulua: Ordena publikoaren aurkako delituak; II. kapitulua: Agintaritzaren aurkako atentatuak, agintaritzaren agenteen eta funtzionario publikoen aurkako atentatuak, eta jarkitzea eta desobeditzea.

6.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena.

7.–4/1997 Lege Organikoa, abuztuaren 4koa, Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea arautzen duena.

8.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.

9.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, Zirkulazioaren Erregelamendu Orokorra.

10.–10/1991 Foru Legea, martxoaren 16koa, adingabeei edari alkoholdunak kontsumitzea galarazi eta mugatzeari buruzkoa. 6/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, Tabako kontsumoaren prebentzioari, arnasteko airea babesteari eta tabakoaren aurrean osasuna sustatzeari buruzkoa. Abenduaren 30eko 42/2010 Legearen testu bategina eta 28/2005 Legea, abenduaren 26koa, Tabakismoaren kontrako osasun neurriak finkatu eta tabako-produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituena.

11.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Nafarroako ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituena. (201/2002, 202/2002 Foru Dekretuak, irailaren 23koak).

12.–11/2009 Foru Dekretua, otsailaren 9koa, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onesten duena.

13.–Terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak jabari eta/edo erabilera publikoko eremuetan paratzea arautzen duen udal ordenantza.

14.–Tuterako Udalaren Trafikoari buruzko Ordenantza Orokorra.

15.–”Kuadrilla gelatako” lokalak arautzen dituen ordenantza.

16.–Bideen eta eremu publikoen garbiketari buruzko udal ordenantza.

17.–Tuterako Udalean Lagun egiteko animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza.

18.–Tuterako taxien hiriko zerbitzu publikoaren gaineko udal ordenantza.

19.–Merkatu eta azoka txikietan lurzorua okupatzeko tasak arautzen dituen udal ordenantza.

20.–Elikagaien segurtasuna arautzen duen ordenantza, elikagaiak eta/edo edariak prestatu, saldu eta zerbitzatzen dituzten establezimenduetan.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratu ahalko ditu epaimahaiak.

Tuteran, 2020ko ekainaren 25ean.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

Iragarkiaren kodea: L2006689