153. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

140E/2020 EBAZPENA, ekainaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Etxarri Aranazko udal-mugartean agerikoak ez diren adreiluak eta egurrezko pelleta fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera. Jardueraren titularrak Cerámicas Utzubar SA eta Gasbrick SL dira.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ekainaren 16ko 925/2010 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 31ko 334E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.

2020ko otsailaren 6an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, kudeatzen dituen hondakinen zerrendan, honako hondakin hau sartzeko LER 020701 kodearekin: mahats pipiten olioa ateratzeko prozesuan sortutako pats lehorren hondarrak. Pats hori kudeatzeko baimena eskatzen da, lehortzeko labean erregai gisa erabiltzeko, biomasa gisa.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 2.2.b) artikuluan jasotzen den definizioaren arabera, pipita-olioa ateratzeko prozesuan sortzen diren pats lehorrak biomasatzat hartzen dira (errege dekretu horren bidez, industriako isurpenen Erregelamendua onartu, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu zen). Hortaz, 815/2013 Errege Dekretuaren 26. artikuluarekin bat, ez dago errege dekretu horren IV. kapituluan ezarritakoaren menpe, hondakinen errausketa eta koerrausketarako instalazioetarako xedapen bereziei dagokienez.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, ikusi da gertatzen direla Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin bat, uste baita aldaketa espediente hau ez dela jendaurrean jarri behar.

COVID-19aren ondoriozko osasun krisia kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, espediente hau instruitu eta tramitatu da epeen etendura aplikatu gabe, fase guztietan, interesdunari kalte larriak saihesteko, interesdunak berak berariazko adostasuna eman baitzuen 2020ko apirilaren 7an.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.– Onartzea Etxarri Aranazko udal-mugartean agerikoak ez diren adreiluak eta egurrezko pelletak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzeko eskaera. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazio horren ingurumen baimen integratuaren espediente administratiboetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bai eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak ere. Instalazioaren titularrak Cerámicas Utzubar SA eta Gasbrick SL dira.

Bigarrena.–Ceramica Utzubar SA eta Gesbrick SL instalazio osorako balio duen ingurumen baimen integratu bakar baten titularrak direnez, baimen horretako baldintzak betetzearen erantzule solidario izanen dira, baita instalazioaren funtzionamenduak eragin ditzakeen ondorioena ere.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen, edo jakinarazpenaren biharamunean, hura geroago egiten bada. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Cerámica Utzubar SAri, Gesbrick SLri eta eta Etxarri Aranazko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2006654