153. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

222/2020 EBAZPENA, ekainaren 23koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko musikako goi mailako ikasketetako irakasleek 2020-2021 ikasturtean ikerketa proiektuak egiteko deialdia arautzen duena.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 58.6 artikuluan dioenez, goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek jakintza arlo horretako ikerketa programak bultzatuko dituzte.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bidez araututako goi mailako arte irakaskuntzak antolatzen dituen urriaren 26ko 1614/2009 Errege Dekretuak, 19.2 artikuluan dioenez, goi mailako arte irakaskuntzen kalitatea aztertzearen helburuetako bat ikerketa lana hobetzea izanen da. Eta bosgarren xedapen gehigarrian, bestalde, arestian aipatutako Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 58.6 artikuluari buruz aritzen da.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako musikako goi mailako graduko arte irakaskuntzen oinarrizko edukia arautzen duen maiatzaren 14ko 631/2010 Errege Dekretuak 2.3 artikuluan dioenez, musikako goi mailako arte irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek jakintza arlo horretako berariazko ikerketa zientifiko eta teknikoen programak bultzatuko dituzte, esparru horretan ezagutza sor eta heda dadin eta berrikuntza gara dadin. Aditzera ematen du, bestetik, hezkuntzako administrazioek behar diren mekanismoak ezarriko dituztela ikastetxe horiek ikerlan zientifiko eta teknikoa egin ahal izan dezaten, edo hori egiteko euskarria eman dezaten, eta Espainiako Zientzia eta Teknologia Sisteman sartu ahal izateko.

Hori horrela, 2013-2014 ikasturtetik deialdi bat onesten da urtero Nafarroan musikako goi mailako ikasketetako irakasleentzako ikerketa proiektuak arautzeko. Proiektuak irizpide hauen arabera hautatzen dira: proposamenaren egilearen ikerketarako prestakuntza, proiektatutako ikerketaren bideragarritasuna, interesa eta erabilgarritasuna, eta abar. Irakasleek, proiektua hautatua gertatzen bada, murrizketa bat izanen dute 2020-2021 ikasturteko eskola-ordutegian. Aurkezteko epeak eta baldintzak behar denean emanen dira jakitera.

Ikusirik ekainaren 18an Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Atalaren buruak egindako txostena, zeinean proposatzen baita deialdi bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko musikako goi mailako ikasketetako irakasleek 2020-2021 ikasturtean ikerketa proiektuak egiteko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 20ko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko musikako goi mailako ikasketetako irakasleek ikerketa proiektuak egiteko deialdia onestea 2020-2021 ikasturterako, ebazpen honen I. eranskinean agertzen diren oinarri arautzaileei jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Arte Ikasketen Atalera eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko ekainaren 23an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko musikako goi mailako ikasketetako irakasleek ikerketa proiektuak egiteko deialdia 2020-2021 ikasturterako. Oinarriak

1. Xedea eta helburua.

Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko irakasleen ikerlari lana erraztu, akuilatu eta bultzatzea da deialdi honen xedea, goi mailako irakaskuntzei dagokien ikertzaile profila eskuratu dezaten.

2. Onuradunak.

2.1. 2019-2020 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eskolak eman dituzten irakasleak aurkezten ahalko dira deialdi honetara, non eta ez diren igaro “Pablo Sarasate” Musika Kontserbatorio Profesionaletik Nafarroako Goi mailako Musika Kontserbatoriora.

2.2. 2020-2021 ikasturterako, urte osorako bi ikerketa proiektu onetsiko dira gehienez.

2.3. Kontzesioa puntuazioaren arabera eginen da, handienetik txikienera, 7. oinarrian ezarritako baremazioari jarraituz. Gutxienez ere 5 puntu lortu beharko dira ikerketa proiektua hautagaien artean egoteko.

2.4. Proiektua onartzen zaien irakasleek beren eskola-ordutegiko 3 ordu izanen dituzte ikerketa proiektua egiteko.

3. Aplikazio gaiak.

3.1. Ikerketa arloa norberak hautatuko du, libreki.

3.2. Proiektuak originalak izanen dira, behin ere argitaratu gabeak, salbu eta aurreko deialdian kontzesioa izan duen proiektu baten luzapena bada. Behin bakarrik eman dakioke luzapena proiektu bati.

3.3. Proiektuak maila goragoko beste proiektu batzuetan sartuta badaude, behar bezala identifikaturik eta zehazturik egonen dira ikerketaren multzoaren barnean edo ikerketa-ildo nagusietan.

4. Eskaerak aurkezteko epeak eta lekua.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea 7 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskabidea eranskineko ereduaren arabera aurkeztu behar da, datu guztiak beteta. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko zuzendariak izenpetua egonen da, edo, hura ez badago, zuzendaritza taldeko beste kide batek izenpetua.

Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Arte Ikasketen Atalari zuzenduko zaio, eta Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren bulegoetan aurkeztuko da (2014ko 46. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 7koa), edo Hezkuntza Departamentuan berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta araututako Erregistro Elektronikoaren bitartez, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Foru Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan. Azken kasu horretan, onuradunak iragarri beharko du dokumentazioa igorri duela, mezu elektroniko bat bidaliz ensearti@navarra.es helbidera, igorpenaren gordailu eguna egiaztatzen duen agiriaren kopiarekin batera, aurkezpenaren egun berean.

5. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

5.1. Eskaera aurkezteko unean, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskatzailearen NANaren edo AITaren fotokopia (bi aldeetatik), edo pasaportearena.

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, paperean eta euskarri digitalean.

c) Eskatzaileak ikerlanetan duen ibilbidearen deskripzioa, paperean eta euskarri digitalean.

d) Proiektua deskribatzen duen memoria edo haren luzapenarena, paperean eta euskarri digitalean. Gutxienez III. eranskinean aipatzen diren atalak bilduko ditu.

e) Eranskin honen 7. oinarrian aipatzen diren titulazioak.

5.2. Arte Ikasketen Atalak prozeduraren edozein fasetan eskatzen ahalko ditu argibideak edo datu osagarriak alegaturiko inguruabarrei buruz, agiriei buruz eta eskaerarekin eta esleipenarekin zerikusia duten bestelako inguruabarrei buruz.

5.3. Foru Komunitatean ofiziala ez den hizkuntza batean luzatutako agirien itzulpen ofiziala edo zinpekoa eskatzen ahalko du organo kudeatzaileak. Itzulpenik ez bada, agiriak ez dira kontuan hartuko.

6. Eskaera onartuak eta baztertuak.

6.1. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatu ondoren, Arte Ikasketen Atalak onartu diren eskatzaileen izenen hasiera bateko zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuko web orrian (www.nafarroa.eus, zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan), baita baztertutako eskatzaileen izenen zerrenda ere, baztertzeko arrazoia azalduta.

6.2. Baztertutako eskatzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik hasita, baztertzeko arrazoiak zuzentzeko moduko dokumentazioa aurkezteko. Arte Ikasketen Atalera zuzenduko da dokumentazioa, eta ebazpen honen 4 oinarrian aurreikusitako edozein tokitan aurkeztuko da.

6.3. Atal horrek balizko erreklamazioei erantzunen die eta, ondoren, eskatzaile onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko du, lehenago aipatutako bide berberak erabiliz. Baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia zehaztuko du.

7. Eskaeren puntuazioa. 10 puntu gehienez.

7.1. Eskatzailearen lantaldea, ibilbidea eta historial zientifikoa, 3 puntu gehienez, honela banatuta:

a) Eskatzailearen curriculum vitae-a: doktoretza, goi mailako tituluak, irakasle esperientzia, meritu artistikoak, etab. 1,5 puntu gehienez.

b) Eskatzaileak ikerketa lanetan duen ibilbidea: argitalpenak, ikerketa proiektuak eta abar. 1,5 puntu gehienez.

Merezimenduen egiaztagiria aurkeztuko da.

7.2. Aurkeztutako proiektuaren kalitatea eta bideragarritasuna, edo haren luzapenarena, 6 puntu gehienez, honela banatuta:

a) Proposatutako helburuen berrikuntza, interesa eta garrantzia. Puntu bat gehienez.

b) Ikerlan proiektuak egin lezakeen kontribuzio zientifiko eta/edo teknikoa. Puntu bat gehienez.

c) Ikerlanak Nafarroako Goi mailako Musika Kontserbatorioan izan lezakeen erabilera eta eragina. Puntu bat gehienez.

d) Ikerketaren exekuzioaren bideragarritasuna. Puntu bat gehienez.

e) Diseinu metodologikoaren eta lan planaren egokitasuna, azaldutako helburuei dagokienez. Puntu bat gehienez.

f) Ikerlanaren iraupenaren egokitasuna, ezarritako helburuak kontuan hartuta. 0,5 puntu gehienez.

g) Ebaluatzaileak kontuan har ditzakeen beste alderdi batzuk: Proiektuaren edo haren luzapenaren emaitzen hedapenerako eta zabalkunderako plana eta/edo horretarako aukerak. 0,5 puntu gehienez.

7.3. Bestelako alderdi batzuk, puntu bat gehienez, honela banatuta:

a) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan lanaldi osoan irakasle gisa ibili izana 18-19 ikasturtean. 0,5 puntu.

b) Beste titulu batzuk: hizkuntzak, lanbide tituluak, etab. 0,5 puntu gehienez. Merezimenduen egiaztagiria aurkeztuko da.

8. Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

8.1. Proiektuen deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta hasiko da prozedura, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

8.2. Arte Ikasketen Atala izanen da prozeduraren instrukzio organoa, eta ofizioz erabakiko ditu eskaeretako datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko eta ebaluazioa egiteko beharrezkoak diren jarduketa guztiak, gero ebazpena eman ahal izateko. Zehazki, honako instrukzio jarduketa hauek eginen ditu, besteak beste: beharrezkotzat jotzen dituen ebaluazio txostenak eskatzea, ebazpena aplikatzetik sor litezkeen auziak konpontzea eta ebazpena garatzeko eta betetzeko jarraibideak ematea.

8.3. Eskaeren balorazioa egitea Arte Ikasketen Atalari dagokio.

8.4. Jasotako eskaerak barematu eta gero, Arte Ikasketen Atalak behin-behineko esleipenaren proposamena argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren web-orrian, www.nafarroa.eus orriko zerbitzuen katalogoaren barrenean dagokion fitxan.

Interesdunek behin-behineko proposamen horren kontrako erreklamazio edo alegazioak aurkezten ahalko dituzte gehienez bi egun balioduneko epean, behin-behineko ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe horretan, espedientea interesdunen eskura izanen da Arte Ikasketen Atalean, datu zehatzak kontsultatzeko modua izan dezaten.

Erreklamazioak Arte Ikasketen Atalari zuzenduko zaizkio. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta, bidezkoa bada, haiek erantzun ondoren, deialdi honen xedeko ikerketa proiektuen gaineko behin betiko ebazpena emanen da.

8.5. Deialdia Hezkuntzako zuzendari nagusiak emanen duen ebazpenaren bidez ebatziko da, instrukzio organoaren proposamena ikusi eta gero.

8.6. Proiektuen kontzesioaren onuradunen batek ez badu plazarik aukeratzen Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, prozedura honetatik sortzen den zerrendan hurrengoa den ordezko eskatzailearen proiektua aukeratuko da.

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, www.nafarroa.eus helbideko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxan.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

9.1. Irakasle onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Oro har, proiektuaren jarraipen egokia egiteko Arte Ikasketen Atalak ematen dituen jarraibideak onartzea, eskatzen zaizkion txostenak egitea eta ikuskapen-eskaerei kasu egitea.

b) Onartutako ordu liberazioaren xedeko proiektua hura onartzeko ebazpenean adierazitako moduan eta epean egitea.

c) Egindako lanaren berri ematea deialdiaren 10. oinarriak agintzen duen moduan eta epean.

d) Onetsitako proiektuan edonolako aldaketak egiteko, Arte Ikasketen Atalari baimena eskatzea, idatziz.

e) Ikerketaren aurrerapenen bat eginez gero argitalpenen, komunikazioen edo beste baliabide baten bidez, Arte Ikasketen Atalari jakinaraztea.

9.2. Deialdi honetan ezarritako betebehar edo baldintzaren bat betetzen ez bada, ezin izanen da beste proiektu bat egiteko eskaerarik aurkeztu hurrengo bi ikasturteetan.

10. Proiektuaren segimendua eta amaiera.

10.1. Ikerketa proiektua deialdi honetan ezarritakoaren arabera egiten duten irakasleek egindako lan guztia eta emaitzak jasotzen dituen testu osoa aurkeztu beharko dute, bai paperean, bai euskarri digitalean. Alderdi hauek jaso beharko dira: egindako proiektuaren memoria osoa, xehetasunez emana, eta ikerlanaren emaitzen berri ematen duten artikulu, argitalpen, hitzaldi eta bestelakoak. Hori guztia oinarritzat hartuko da azken ebaluazioa egiteko. Testu hori Hezkuntza Departamentuko Arte Ikasketen Atalari bidaliko zaio, 2021eko ekainaren 15etik 30era bitartean, eranskin honen 4. oinarrian ezarritako bideetako bat erabiliz.

10.2. Ezarritako epea igarota, dokumentaziorik jaso ez bada, interesdunari errekerimendu formala eginen zaio bost eguneko epe luzaezinean aurkez dezan. Epe berri horretan aurkezten ez badu, 9.2. oinarrian ez-betetzeetarako adierazitako ondorioak sortuko dira.

10.3. Azken memoriak ikastetxeko zuzendariaren onespena jaso beharko du, eta, gutxienez, IV. eranskinean aipatutako atalak izanen ditu.

10.4. Espedientearen bukaera.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik eta proiektua gauzatu bitartean izaten diren gorabeherak kontuan harturik, Arte Ikasketen Atalak ikerketa proiektuen ebaluazio txosten bat eginen du.

Egindako lanaren eta emaitzen ebaluazioa negatiboa izanez gero, 9.2. oinarrian ez-betetze kasuetarako adierazitako ondorioak sortuko dira.

Ikerlanaren balorazioa positiboa baldin bada, hurrengo deialdian parte hartzeko baimena emanen zaie irakasleei, proiektu berri bat nahiz aurreko deialdiko proiektuaren luzapena egin dezaten, betiere deialdiaren betebeharrak betetzen badituzte.

11. Atzera egitea eta uko egitea.

11.1. Deialdiaren ebazpena eman aurretik, eskatzaileak noiznahi erretiratzen ahalko du bere eskaera, are ebazpenaren behin-behineko proposamenari alegazioak aurkezteko epean ere. Horretarako, interesdunak ikastetxeko zuzendariak ontzat emandako idazki bat aurkeztu beharko dio Arte Ikasketen Atalari, 4. oinarrian ezarritako bideak erabiliz.

11.2. Eskaeran dauden akatsak 6.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz zuzentzen ez dituzten eskatzaileen eskaerak baztertu eginen dira.

11.3. Ikerketa proiektuen deialdia ebatzi ondoren, ezin izanen zaie uko egin.

II. ERANSKINA

Eskabide-orria (PDFa).

III. ERANSKINA

Deskripzio-memoria

1. Aurrekariak eta “gaia zertan den”. Ikerlanaren oinarri bibliografikoa.

2. Planteatutako helburuak. Espresuki aipatuko da helburuek dakarten berrikuntza, garrantzia eta interes orokorra.

3. Proiektua egiteak Nafarroako goi mailako hezkuntza sistemari nolako onura ekar diezaiokeen espresuki azaltzen duen atala.

4. Ikerlanaren metodologia eta erabiliko diren teknikak.

Proiektua egiteko behar diren bitartekoak:

–Eskuragarri dauden instalazioak, baliabideak eta teknikak.

–Beharrezkoak diren beste baliabide batzuk, eskuragarri ez daudenak.

5. Lanaren kronograma: hasiera eta bukaera datak, ikerlana egiteko aurreikusten diren faseak eta aurreikusitako epeak betetzeko aurreikuspenak.

6. Iturri bibliografiko eta dokumentalen erreferentzia.

7. Ikerketak ekartzen ahal dituen aplikazio praktikoen azalpena.

8. Proiektuari loturiko doktoretza tesiaren deskribapena, halakorik baldin badago.

IV. ERANSKINA

Azken memoria

1. Proiektuaren izenburua. Ikastetxea eta departamentua.

2. Ikerlanaren hasierako eta bukaerako datak.

3. Proiektuaren garapen kronologikoa. Egindako aldaketak eta hasierako aurreikuspenen aldean izandako desbideratzeak.

4. Lortutako emaitzak:

–Proiektuaren hasierako helburuen eta lortutako helburuen azalpen konparatiboa.

–Proiektuak emandako informazio zientifiko eta teknikoa.

–Proiektuaren babespean garatutako doktoretza tesiak.

–Ikerlanaren emaitzei buruzko argitalpenak: artikulu zientifikoak, zabalkunde-artikuluak, liburuak, etab.

–Biltzar, bilkura eta simposiumetan aurkeztutako lanak.

–Ikerketaren ondoriozko aplikazio praktikoak.

–Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko duen eragin zuzenekoa edo zeharkakoa.

5. Proiektua tamaina handiagoko beste baten barrenean sartua dagoenean, proiektuaren kontestualizazioa eta finantzabideak.

6. Deialdiak ezarritako zailtasunen eta abantailen balorazioa.

Iragarkiaren kodea: F2006693