152. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Aldaketa, Udal lokalen erabilera lagatzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2019ko abenduaren 18an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Udal lokalen erabilera lagatzea arautzen duen ordenantzan.

Jendaurreko epean erreklamaziorik aurkeztu ez denez, zuzenean behin betikoa bilakatu da osoko bilkurak hasiera batez hartutako erabakia, aldaketa onestekoa Udal lokalen erabilera lagatzea arautzen duen ordenantzan. Hala, bada, haren testu osoa ematen da argitara, orok jakin dezan eta bete dadin Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70.2 artikuluan xedaturikoa.

Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan (Iruña), bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluarekin bat.

Azkoienen, 2020ko ekainaren 24an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

ORDENANTZA, UDAL LOKALEN ERABILERA LAGATZEA ARAUTZEN DUENA

I. TITULUA

Ordenantzaren xedea

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra ezartzea udal lokalen erabilera lagatzeko hala eskatzen duten elkarteei eta pertsona fisiko edo juridikoei.

2. Erabilera jarraikirako lagapenak urte bakoitzeko irailetik maiatzera bitartekoak izanen dira beti, eta haien xedea izanen da elkarteei toki bat ematea beren jarduerak egin ditzaten eta beren xede estatutarioak bete ditzaten, egonkortasuna eta jarraikitasuna helburu betiere. Aldi baterako emandako baimenak urtero berrituko dira; horretarako, baldintza berriak ezartzen ahalko dira, edo lehendik zirenak aldatu, ukitutako espazio eta lokalen funtzionamendua hobetzeko helburuz.

3. Ordenantza honetan jasotzen dira, orobat, unean uneko edo behin-behineko beharrei erantzuten dieten aldi baterako lagapenak, pertsona fisiko edo juridikoei egitekoak. Dagokien udal baimenaren bidez arautuko dira halakoak.

2. artikulua. Lagako diren lokalak.

Eranskinean zehazturiko udal lokalak. Udala haien jabe bada edo haiek erabiltzeko eskubidea badu, horiek udal lokalak dira.

3. artikulua. Ordenantza honi heltzen ahal dioten entitateak.

1. Legez eratutako elkarteek udal lokala eskatzen ahalko dute haien xede sozialari lotutako jardueretarako; ezinbesteko baldintza izanen da elkarte interesdunak irabazi-asmorik ez izatea eta Nafarroako Gobernuaren Elkarte Erregistroan inskribaturik egotea.

2. Lokala behar duten pertsona fisikoak edo juridikoak.

4. artikulua. Eskabideak.

Entitateek Udal Erregistroan eskatuko dute idatziz lokal baten lagapena, Udalak horretarako emanen duen eredu batean. Han azalduko dira, besteak beste, lokal horretan eginen diren jarduera eta zerbitzuen proiektua, ordutegiak, parte-hartzaileak eta egitekoak diren jarduerak.

Udalak eskaeraren gainean ebatziko du, eta horren berri emanen dio eskatzaileari; aldi berean, erabileragatik ordaindu beharreko tasen kalkulua jakinaraziko dio, ordaindu behar badira, bai eta lagapenaren baldintzak ere.

5. artikulua. Lagatzeko irizpideak.

Elkarteei erabilera onartzen ahalko zaie berezkoak dituzten eginkizun edo jardueretarako bakarrik erabil ditzaten, beren helburu estatutarioen arabera.

Betiere, Udalak lagapenerako lehentasuna bermatuko die herritarrendako zerbitzuak eta laguntza ematea xede duten herriko entitate, elkarte edo taldeei, honako hauek hartuta erabileraren helburutzat:

–Hezkuntza zerbitzuak.

–Prebentzioa edo laguntza bideratzea honelako gizarte arazoen arloan:

  • Aukera berdintasuna.
  • Gizarte bazterketaren aurkako borroka.
  • Desgaitasunak.
  • Droga kontsumoa.
  • Immigrazioa.
  • Balioak eta ardurak garatzea haurren eta/edo gazteen artean.
  • Hirugarren adina.

–Kulturako eta/edo aisia eta astialdiko proiektu, ikastaro, lantegi eta gainerako jarduerak, interes orokorrekoak.

Irizpide hauek ezartzen dira erabiltzeko:

1. Lehentasuna izanen dute udal entitateek antolaturiko ikastaro eta jarduerek, pribatuen aurretik.

2. Lehentasuna izanen dute herriko entitateek antolaturiko ikastaro eta jarduerek, herritik kanpokoek antolaturikoen aurretik.

3. Lehentasuna izanen dute kultura arloko ikastaro eta jarduerek beste guztien aurretik, eta kulturakotzat hartuko da adimen-garapena bultzatzen eta sustatzen duena, garapen fisikoaren orde.

4. Ikastetxeko beheko solairuko lokalak lehentasunez erabiliko dira Azkoiengo Udalaren eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeko guraso elkartearen jardueratarako.

5. Lehentasuna izanen dute parte hartzaile gehien biltzen duten ikastaro edo jarduerek, parte-hartzaile gutxiago dutenen aurretik.

6. Lehentasuna izanen dute kide gehien duten elkarteek, kide gutxiago dutenen aurretik.

Lagatzeko irizpideen artean, zertarakoa ez ezik, kontuan hartuko da lokala zenbat erabiliko den ere (egunero, astean behin, hamabostean behin...).

II. TITULUA

Lokalak erabiltzeko arau orokorrak

6. artikulua. Erabilerak.

Lagatzen diren espazioak ez dira inoiz izanen erabilera esklusibokoak, eta lagatzeko erabakietan adierazitako egun eta ordutegietan bakarrik erabiltzen ahalko ditu entitate onuradunak.

Aurrekoak ez diren erabilera guztiak Azkoiengo Udalak baimendu beharko ditu.

7. artikulua. Onartzen ez diren jarduerak.

Lagatako lokalaren barnean, elkartearen autonomia ukatu gabe, ezin izanen da egin pertsonen arteko berdintasunaren printzipioen aurkako jarduerarik. Horregatik, debeku dira indarkeriazko ekintzak, edo pertsonen duintasunaren kontrakoak, edo arraza, sexua, erlijioa, pentsaera, sexu orientazioa edo gainerako inguruabar pertsonal edo sozialak direla-eta bereizkeria egitea gizabanako edo taldeei.

Ezin izanen da pilatu ez paperik, ez kartoirik, ez eta instalazioen eta erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jar lezakeen material sukoirik ere.

8. artikulua. Erantzukizun zibila.

1. Entitate bakoitzak zuzenean erantzun beharko du berari lagatako espazioetan entitateko kideek nahiz erabiltzaileek egitez, omisioz, edo zabarkeriaz hirugarrenei eragiten dizkieten kalte-galerengatik. Halakoetan, Azkoiengo Udala izanen da hirugarrena.

2. Elkarte edo taldeek lokaletan uzten dituzten materialak galdu, ebatsi edo hondatzen badira, Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen.

9. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Herritar entitate, erabiltzaile zein elkarte guztiek honako arau orokor hauek bete beharko dituzte:

a) Erabiltzeko ordutegiak errespetatzea, bai eta lagapenean esleitutako espazioa ere.

b) Lagatako espazioa beren xedeetarako erabiltzea, beren jarduera programa aurrera eramanez, bai eta lagatzeko erabakian ezartzen diren helburuetarako ere.

c) Garbitasuna eta txukuntasuna zaintzea. Egunero, lokala erabili ondotik, garbitu eginen da eta altzariak zein barneko elementuak ordenatuko dira. Horrela, bermatu beharko da lokala erabiltzeko baldintza hoberenetan egotea hurrengo jarduerarako, erabilera partekatua izanez gero.

d) Behar bezala zaintzea erabilera esklusiboko nahiz erabilera erkideko espazioak eta, oro har, higiezin osoa, bai eta altzariak ere. Elkarteak izanen dira kideek edo erabiltzaileek egitez edo omisioz eragiten dituzten kalteen erantzuleak, eta lehenbailehen eginen dituzte beren kontura beharrezko konponketak, Udalak horretarako baimena eman eta gero.

e) Lokalean ez egitea hirugarrenen inolako publizitate komertzialik, Udalaren baimena izan ezean. Publizitatetzat joko da zerbitzu eta/edo ondasun higigarri nahiz higiezinen salerosketa edo kontratazioa zuzenean edo zeharka eragin edo sustatzea xede duen komunikazio mota oro.

f) Beste entitate edo elkarte batzuei baimendutako erabilerak errespetatzea, eragozpenik sortu gabe haien jardueretarako.

g) Erabilera erkideko espazioen xedea eta helburua errespetatzea.

h) Auzokoei eragozpenik ez sortzea eta inguruko lasaitasuna ez haustea lokalak erabiltzen diren orduetan; horretarako, indarreko araudian ezarritako neurriak hartuko dira.

i) Zentroko giltzak zaintzea eta hura itxita edukitzea erabiltzen ez denean, eta giltzok Udalari itzultzea lagapenaren aldia bukatutakoan.

j) Ez lagatzea hirugarrenei esleituriko espazioaren erabilera, ez osorik ez zati batean, hirugarren horiek elkarteko kide izan zein ez.

k) Jendearendako zabalik dauden lokaletan, funtzionamendu orduetan, inori sartzea ez galaraztea bere arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik, sexu orientazioagatik edo beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik.

l) Azkoiengo Udalari ematea gertatzen diren anomalia, gorabehera edo arazoen berri, eta larrialdiak berehala jakinaraztea.

m) Lagapena iraungi edo ezeztatu ondotik, Azkoiengo Udalari itzultzea lagatako espazio eta ondasunen erabilera, lehengo egoera berean, erabileraren ondoriozko higadura salbu.

n) Udalari une oro uztea jarraipen eta ikuskapen ahalmena erabiltzen, arauak betetzen diren begira dezan.

o) Behar diren tasak ordaintzea.

III. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

10. artikulua. Udalaren ahalmenak.

Lagatako lokalak noiznahi ikuskatzeko ahalmena izanen du Azkoiengo Udalak.

11. artikulua. Arau-hausteak.

Honako hauek joko dira arau-haustetzat:

a) Udal lokalak Udalaren baimenik gabe okupatzea.

b) Laga den lokal edo gela egunero garbi ez edukitzea ordenantza honetan ezarri bezala.

c) Kalteak eragitea lokaletan, instalazioetan, ekipamenduetan eta erabilitako lokaletako gainerako ondasun higigarrietan.

d) Erabiltzen diren eraikin edo lokaletako giltzen kopiak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

e) Erabilitako lokaletako giltzak ez itzultzea jarduera edo lagapena bukatu eta berehala.

f) Lokalean sartzen uztea 16 urtetik beherako norbaiti eskola ordutegian.

g) Edari alkoholdunak, drogak edo gisakoak sartu eta kontsumitzea.

h) Eragozpenak jartzea lokalaren erabilera beste entitate, talde edo jarduera batekin partekatzeari, Udaleko Kultur Alorrak hala eskatzen duenean.

i) Ezarritako tasak ez ordaintzea.

j) Ordenantza honen kontrako gainerako arau-hauste oro.

12. artikulua. Zehapenak.

Lagapenerako baimena berehala azkentzea izanen da ezarriko den zehapena goian adierazitako arau-hausteak eginez gero, eta Udalak ahalmena izanen du baimenik ez emateko arau-hausleak etorkizunean egiten dituen erabilera-eskaeretarako.

13. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoak dakartzan zehapenez gain, kalte-galerengatik bidezkoa den kalte-ordaina eta kalteen konponketa ere ezartzen ahalko dira.

IV. TITULUA

Aretoak erabiltzeko tasen erregulazioa

Zerga-egitatea eta sortzapena.

14. artikulua. Arau honetan tasak ezartzen dira Udalak baimentzen dituen pertsona fisiko edo juridikoek, erakundeek eta entitateek Kultur Etxeko aretoak eta beste udal lokal batzuk erabiltzeko, bai eta, zenbaitetan, ikus-entzunezko materialak ere erabiltzeko, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta ondokoetan xedatuarekin.

15. artikulua. Tasa bat ordaintzeko betebeharra sortuko da baimena emandakoan, eta ordaindu beharko da ekitaldia egin baino bi egun lehenago gutxienez, lagapen puntualen kasuan, edo hiru hilean behin, erabilera jarraikirako lagapenen kasuan.

16. artikulua. Interesdunak erabiltzeari uko egiten ahalko dio ekitaldirako ezarritako eguna baino hogeita lau ordu lehenago gutxienez, eta halakoetan prezio publikoaren %50 itzuliko zaio.

Ordaintzetik salbuetsitako ekitaldiak.

17. artikulua. Ez da ordaindu beharko honako ekitaldi mota hauek egiteko:

a) Erakunde publikoek antolaturiko kultur edo kirol arloko ekitaldiak, edo beste edozein motatakoak.

b) Lokalak erabiltzeko pertsona fisiko eta/edo juridikoek eginiko eskaerak, bilerak, hitzaldiak edo jarduerak irabazi-asmorik gabe egiteko xedez; hau da, izan behar dute inolako ordainsaririk edo kontraprestazio ekonomikorik sortzen ez duten bilerak, hitzaldiak edo jarduerak.

Subjektu pasiboak.

18. artikulua. Aipatu lokalak erabiltzeko eskaera egin eta Udalak baimena ematen dien pertsona fisiko eta juridikoak daude beharturik prezio publikoa ordaintzera.

Zenbatekoa.

19. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik aplikatuko diren tarifak eranskinean daude.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarrik gabe uzten du Udalaren aretoak Azkoiengo herritarren elkarteei lagatzea arautzen duen ordenantza, zeina hasiera batez argitaratu baitzen 2008ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 8koan, bai eta Kultur Etxeko aretoak erabiltzeko tasen gaineko arau fiskala ere, zeina hasiera batez argitaratu baitzen 2010eko 37. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 24koan.

ERANSKINA

2020ko tarifak

I. epigrafea.–Kultur Etxeko aretoa.

A) Kultur Etxeko auditoriuma:

–Lagatzea, orduko: 56,94 euro.

–Elkarteei lagatzea: 50,00 euro.

B) Musika Eskolako ekitaldi aretoa:

–4 ordu bitarte lagatzea, egunean: 103,53 euro.

–4 ordutik gora lagatzea: 200,00 euro.

C) Kultur Etxeko 1. solairuko aretoa:

–Lagatzea, orduko: 8,54 euro.

–Lagatzea, ikus-entzunezko materialak erabiliz: 12,42 euro/ordu.

D) Erakusketa aretoa:

–Lagatzea, orduko: 21,74 euro.

E) Kultur aretoetako erabilera anitzeko gelak:

–Lagatzea, orduko: 8,28 euro.

F) Kultur Etxeko beheko solairuko aretoa:

–Lagatzea, orduko: 2,07 euro.

1.–Azkoiengo Udalaren ikus-entzunezko materiala erabiltzeagatik, kasu guztietan, zenbateko hau gehitu beharko da antolatzen den saio bakoitzeko:

–Bideo-proiektagailu digitala: 51,76 euro.

–Zinemako proiekzio-pantaila (10 × 4,5): 46,59 euro.

–Argiztapen eta soinu teknikariaren zerbitzuak; hura nahitaezkoa izanen da Kultur Etxeko auditoriumean soinua eta/edo argiztapena erabiltzen diren guztietan.

–Zerbitzu teknikoa, lanaldi erdian (gutxienez ere 4 ordu): 165,64 euro.

–Zerbitzu teknikoa, lanaldi osoan (8 ordu bitarte): 279,52 euro.

–8 ordutik gorako orduaren prezioa: 27,95 euro.

–Soinu sistemak erabiltzea (soinu-mahaia): 51,76 euro/saio.

–Mahaiko edo zutikako mikrofonoa erabiltzea, mikrofono eta saio bakoitzeko: 15,53 euro.

Honako ekitaldi hauek ordaintzetik salbuetsirik egonen dira, jarduera ongi egiteko beharrezkoa denean ordenantza fiskal honetan jasoriko argiztapen eta soinuko baliabide teknikoak erabiltzea, bai eta aretoko zerbitzu teknikoaren laguntza ere: antolatzen dituztenak Azkoiengo Udaleko batzordeek, udalerriz gaindiko erakundeek (Azkoiengo Udalak haietan ordezkatuta badago), Azkoiengo kultur eta gazte elkarteek, Azkoiengo kirol klubek, Azkoiengo erakunde sozialek, Azkoiengo ikastetxeek, Azkoienen kokaturiko sindikatuek, Azkoiengo Udalean ordezkariak dituzten talde politikoek (hauteskunde kanpainan), eta bertako enpresari eta merkatariek, eta helburu altruista dutenak, hala nola aurkezpenak, hitzaldiak, bilerak, mahai-inguruak, ikastaroak, batzarrak, jaialdiak, kontzertuak, antzezpenak, jaialdi solidarioak eta haien entseguak, eskola emankizunak eta haien entseguak, master class-ak, eta ikasturte bukaerako jaiak. Halakoetan, argiztapen eta soinu teknikariaren gastuak Kultur Batzordeak hartuko ditu bere gain, kultur jardueren aurrekontu-partidaren barnean, jardueraren kontrola egin eta gero.

2.–Zenbait espazio eta material erabiltzeko, 300,00 euroko fidantza bat ezarriko da, kalteak estaltzeko eta garbiketarako. Fidantza hori itzuliko da instalazioen egoera egiaztatu ondotik, konponketei eta/edo garbiketei dagokien zenbatekoa kenduta, halakorik egin behar izanez gero.

II. epigrafea.–Beste alor batzuetako aretoak.

A) Erretiratuen elkarteko aretoak:

–Lagatzea, orduko: 9,37 euro.

B) Ikastetxe publikoko beheko solairua:

–Lagatzea, orduko: 5,18 euro.

–Elkarteei lagatzea, orduko: 2,07 euro.

C) Zezen-plaza:

–Lagatzea, eguneko: 120,00 euro.

–Elkarteei lagatzea: 50,00 euro.

D) La Laboral eraikineko aretoak:

–Lagatzea, orduko: 8,54 euro.

–Elkarteei lagatzea, orduko: 2,07 euro.

1.–Zenbait espazio eta material erabiltzeko (sukaldea, kasu), fidantza bat ezarriko da, kalteak estaltzeko eta garbiketarako. Fidantza hori itzuliko da instalazioen egoera egiaztatu ondotik, konponketei eta/edo garbiketei dagokien zenbatekoa kenduta, halakorik egin behar izanez gero.

Kalteak estaltzeko eta garbiketarako fidantza: 300,00 euro.

F) Juan de Labrit kaleko 4ko lokala.

–Lagatzea, orduko: 5,18 euro.

–Elkarteei lagatzea, orduko: 2,07 euro.

Iragarkiaren kodea: L2006653