152. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

62E/2020 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, “Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien 2019-2020 ikasturteko deialdia” onesten duena. DDBN identifikazioa: 510940.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostenean proposatu du nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien 2019-2020 ikasturteko deialdia onestea eta argitaratzea. Deialdi hori Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Laguntza osagarri hauen bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen nazioarteko proiekzioa sustatzeko, baita beste unibertsitate batzuek kudeatzen dituzten programetan parte hartzen duten ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien 2019-2020 ikasturteko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Gehienez 150.000 euroko gastua baimentzea, 2020ko aurrekontuko “Atzerriko Unibertsitateekin trukeak egitea: Erasmus eta beste batzuk” izeneko 411001-41210-4800-322300 partidaren kargura.

4. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta bere laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan. Epea alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko da kontatzen.

Sarrigurenen, 2020ko ekainaren 12an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

ERANSKINA

Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programen laguntza osagarrien 2019-2020 ikasturteko deialdia

OINARRIAK

1. Xedea.

Gaur egun, unibertsitateko ikasketen gakoetako bat da nazioarteko dimentsioaren garapena. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarrien bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen hartzaileak.

Laguntza hauek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei esleituko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen zenbatekoa.

a) Laguntza hauek eskaeran adierazten den aldirako emanen dira; bederatzi hilabeterako, gehienez.

Nolanahi ere, jaso beharreko laguntza kalkulatzearen ondorioetarako, proiektua bukatzeko muga-eguna 2020ko azaroaren 30a izanen da.

b) Ordaindu beharreko zenbatekoa zehazteko, egonaldiaren iraupena kontabilizatuko da, hasiera egunetik bukaera egunera arte, egonaldiaren amaierako agirian justifikatzen denaren arabera. 100 euroko modulu bat aplikatuko da hilabete oso bakoitzeko, eta 25 eurokoa egonaldia bukatzeko falta diren aste bakoitzeko.

c) Deialdiari esleitutako aurrekontua 150.000 eurokoa da. 138.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 12.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako.

4. Eskatzaileek bete beharrekoak.

a) Espainiako unibertsitate batean graduko edo master ofizialeko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea. Goi mailako arte eta musikako irakaskuntzak ez daude sarturik.

b) Unibertsitateek sustatutako nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Egoera hauetako batean izatea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Gutxienez bi urte eramatea Nafarroan erroldaturik, deialdia argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

5. Eskaerak aurkeztea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabidea eta eskatutako dokumentazioa telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoan dagoen “Nazioarteko mugikortasunerako unibertsitate programetarako laguntza osagarria” izeneko fitxaren bidez (aurrerantzean laguntzen fitxa), helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/1974/Ayuda-complementaria-a-los-programasuniversitarios-de-movilidad-internacional.

Eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskabidea gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentazioa osorik ez dagoelako, eskatzaileari akatsen berri emanen zaio, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko fitxaren bitartez, argitaratu eta hamar eguneko epean zuzen ditzan. Zuzendu ezean, espedientea artxibatuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

6. Dokumentazioa.

Honako agiri hauek aurkeztuko dira laguntzen fitxaren bidez:

–Eskatzaile guztientzat nahitaezkoa:

a) Laguntza eskabidea, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den inprimaki telematikoa betez.

b) Diru-sarrera egiteko erabiliko den kontuaren IBAN zenbakia jasotzen duen agiria. Orobat, kontuaren titularra edo titularrak agertuko ditu. Nahitaezkoa da laguntza ordaintzeko erabiliko den kontuaren titularra onuraduna izatea, eta kontu hori irekita edukitzea laguntza jaso arte.

c) Ikasketen ziurtagiria.

c.1) Graduko ikasleentzat: 2018-2019 ikasturteko notak frogatzen dituen agiria, datu hauekin: egindako irakasgai guztiak, irakasgai bakoitzaren kreditu balioa eta erabilitako deialdietan eskuraturiko kalifikazioa. Baliozko agiri gisa onartuko da ikasleak web bidez egindako espedientearen kontsulta, baldin eta bertan agertzen badira bere izena, NANa eta eskatutako datu guztiak.

c.2) Masterreko ikasleentzat: masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota eta titulazio horren irakasgai guztien kalifikazioak biltzen dituen agiria.

d) NANaren fotokopia, Administrazioari baimena ematen bazaio datu horiek Datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko sisteman kontsulta ditzan telematika bidez.

e) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen amaitu bada, “Egonaldiaren amaierako agiria” ere aurkeztuko da, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua.

f) Hezkuntza Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren bekadunak diren ikasleek horren berri eman beharko dute laguntza eskabidean horretarako jarri den laukitxoan.

–Nafarroan jaio ez diren eskatzaileak.

Administrazioari ez bazaio baimenik ematen datuak kontsulta ditzan Datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko sisteman, Nafarroan jaio ez diren eskatzaileek erroldatze-agiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko bi urteetan Nafarroan bizi izan direla egiaztatzeko. Bi urte horiek eskaera aurkezten den egunetik kontatuko dira.

–Egoitza Nafarroatik kanpo duten unibertsitateetan matrikulatutako ikasleak:

Nafarroako Unibertsitate Publikoa edo Nafarroako Unibertsitatea ez beste unibertsitate batean matrikulatutako ikasleek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute egiaztatzeko eskatzaileak parte hartzen duen truke programaren edo hitzarmenaren datuak.

7. Emateko irizpideak.

a) Izangaien lehentasun ordena, modalitate bakoitzean (gradua edo masterra), honen arabera ezarriko da:

Lehenbizi, 2018-2019 ikasturtean bekadun izan diren eskatzaileak, ikasketa espedientearen batez besteko notaren arabera ordenatuak.

Gero, gainerako eskatzaileak, ikasketa espedientearen batez besteko notaren arabera ordenatuak.

Batez besteko notan berdinketa baldin badago, kalifikazio onenen arabera ezarriko da hurrenkera. Lehenik, lortutako ohorezko matrikulak hartuko dira kontuan; horrekin berdinketa hausten ez bada, lortutako bikainak, eta, horrela hurrenez hurren.

b) Modalitate batean ematen diren laguntzen zenbatekoa modalitate horretarako aurreikusitako guztirako diru zenbatekoa baino txikiagoa bada, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.

c) Batez besteko notaren kalkulua.

Graduko ikasleentzat, 2018-19 ikasturteko kalifikazioekin kalkulatuko da espedientearen batez besteko nota. Masterreko ikasleentzat, masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan. Bi kasuetan, 1,17ko koefiziente biderkatzailea aplikatuko da titulazio teknikoetan.

Batez besteko nota kalkulatzeko, Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

d) Deialdiko baldintzak bete bai baina aurrekontu faltagatik laguntzarik jasotzen ez dutenekin itxaron zerrenda bat eratuko da, honela ordenatua: lehenbizi, graduko ikasleak, eta ondoren, masterreko ikasleak. Talde bakoitzean, espedienteko batez besteko notaren arabera ezarriko da ordena.

8. Dirulaguntza emateko ebazpena.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira laguntzak. Ebazpen horretan bi zerrenda ezarriko dira:

Lehenbiziko zerrendan egonen dira laguntza jasoko duten eskatzaileak (behin egonaldia justifikatu ondoren, deialdiaren 9. oinarrian ezarri bezala). Bigarren zerrendan, hots, itxaron zerrendan, egonen dira baldintzak bete arren hasiera batean dirulaguntzarik izanen ez duten eskatzaileak, deialdirako aurrekontua bukatua izateagatik. Hamahirugarren oinarrian ezarritako baldintzetan jaso dezakete laguntza itxaron zerrenda horretako eskatzaileek.

Laguntzak eman eta ukatzeko ebazpena Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko da.

9. Onuradunek bete beharrekoak.

Egonaldia amaituta, laguntzen onuradunek “Egonaldiaren amaiera” izeneko agiria aurkeztu behar dute, behar bezala betea eta destinoko unibertsitateak zigilatua. Agiri hori laguntzen fitxan eskuratu daiteke.

2020ko azaroaren 30etik aurrera bukatzen diren egonaldien kasuan, agiria egun hori baino lehen aurkeztuko da, eta egun hori egonaldiaren azken eguntzat hartuko da laguntza justifikatu eta ordaintzeko ondorioetarako.

Agiri hori ezinbestekoa da laguntzak ordaintzeko. Unibertsitateko Atalera igorri beharko da, laguntzen fitxaren bidez edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez.

10. Uko egiteak.

Laguntzari uko eginez gero, horren berri eman beharko zaio Unibertsitateen Atalari, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez.

11. Ez-betetzeak.

Honako kasu hauetan, onartutako laguntza ez da ordainduko:

a) Egonaldia ez egitea edo hori egin dela egiaztatzen duen “Egonaldiaren bukaera” agiria ez aurkeztea. Kasu horretan, laguntza ez da ordainduko.

b) Egiten den egonaldia eskatutakoa eta onartutakoa baino laburragoa izatea, egindako egonalditzat hartuta “Egonaldiaren amaiera” agirian agertzen dena. Kasu horretan, laguntzaren onuradunak agirian justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa jasoko du soilik, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela 2020ko azaroaren 30etik haratago joan.

12. Laguntzaren ordainketa.

Laguntzen onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute zenbateko osoa.

Bi epe ezartzen dira laguntzak ordaintzeko: 2020ko iraila eta abendua. Epe horietako bakoitzean laguntza ordainduko zaie egonaldia hilabete hori baino lehen amaitzen duten onuradunei, egonaldia gauzatu dela frogatzeko agiria aurkeztu ondoren.

Egonaldia 2020ko azaroaren 30etik aurrera bukatzen duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute “Egonaldiaren amaiera” ziurtagiria.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da ordainketa.

13. Itxaron zerrenda.

Lehenengo ordainketaldian onartutako laguntzak ordaindu ondoren aurrekontuan dirurik gelditzen bada (izan onuradunen batek uko egin diolako edo izan esleitutako laguntzaren bat doitu delako justifikatutako aldia laburragoa izateagatik), proposatuko da laguntza ordain dakiela itxaron zerrendako onuradunei, laguntzetarako aurrekontua agortu arte. Onuradun horiek “Egonaldiaren amaiera” izeneko agiriaren bidez justifikatuko dute egonaldia.

14. Laguntza hauen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

15. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.

16. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2006148