151. ALDIZKARIA - 2020ko uztailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

134E/2020 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez berrikusten baita erretxinak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Villatuertan dago, eta Kemira Ibérica SA pertsona bakarreko sozietatea da titularra.

Instalazio horrek badu jadanik ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 619E/2016 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 408E/2018 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, bere 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak Batzordearen maiatzaren 30eko 2016/902 Erabakiaren bidez eman ziren argitara; erabaki horretan, kimikaren sektorean hondakin gas eta uren tratamendu eta kudeaketa sistema erkideetarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren Europako Parlamenturen eta Kontseiluak industria isuriei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Horregatik, 2019ko urriaren 14an, instalazioaren titularrak baimenaren baldintzak berrikusi ahal izateko beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu zuen, Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakiaren arabera, bat etorriz abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritakoarekin. Horren ondorioz, instalazioaren baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioa hasi zen.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioa Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakiak eskatutakora egokitu dela, salbu eta hondakin uren isurketen autokontrolerako programari dagokionez, zeina ebazpen honen bidez eguneratzen baita.

Gainera, hirugarren ekipo elektrogeno bat sartu da, instalazioan dagoena, baita harekin lotuta dagoen atmosferara isurtzeko fokua ere (12 zenbakia duena), instalazioaren ingurumen baimen integratuan agertzen ez zirenak.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegazio bakarrik ere aurkeztu.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzen duen Industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu da espedientea. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 815/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Villatuertako udal-mugartean erretxinak fabrikatzeko dagoen instalazio baten ingurumen baimen integratua berrikustea, egiaztatzeko ea instalazioa egokitu den Batzordearen 2016ko maiatzaren 30eko 2016/902 Betearazpen Erabakiak eskatutakora. Izan ere, erabaki horren bidez kimikaren sektorean hondakin gas eta uren tratamendu eta kudeaketa sistema erkideetarako dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren. Instalazioaren titularra Kemira Ibérica SA pertsona bakarreko sozietatea da. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuari buruzko proiektuan eta aurretik tramitatutako espediente administratiboetan bildutako dokumentazio teknikoan aipatzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta, edozein kasutan, ebazpen honen eranskinetan agertzen diren baldintzak.

Bigarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P01257023302002 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Hirugarrena.–Eguneratzea hondakin urak udalaren kolektore sarean isurtzeko baimena, alegia, Ur Jabari Publikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bateginaren (uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) hamargarren xedapen gehigarrian eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta, une oro eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen diren bitartean, besterik gabe berrituko da bost urtetik bost urtera.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzekoak izanen dira ebazpenaren egunetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak alarma egoeraren deklarazioa bukatu eta hurrengo egun baliodunean hasiko dira kontatzen, edo jakinarazpenaren biharamunean, hura geroago egiten bada. Alarma egoera martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez deklaratu zen, COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Kemira Ibérica pertsona bakarreko sozietateari eta Villatuertako Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko ekainaren 15ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2006189