15. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

244/2019 EBAZPENA, abenduaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, toki entitateentzako dirulaguntza-deialdi bat onesten duena 2020. urtean Agenda 21eko tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak eta teknikariak finantzatzeko. DDBN identifikazioa: 490150.

Tokiko Agenda 21 da udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesu bat, haren garapena bideratu nahi duena jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, helburuak udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez zehaztuta.

Behin Tokiko Agenda 21 eginda, gako dira haren dinamizazioa eta kudeaketa eta haren ekintza planaren jarraipena; hortaz, bidezkoa da eginkizun horiez arduratzen diren zerbitzu teknikoak finantzatzea. Bestalde, komeni da bultzada ematea tokiko garapen jasangarria eta ingurumen proiektuak errazten dituzten tokiko zerbitzuei.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateentzako dirulaguntza-deialdi bat onestea 2020. urtean Agenda 21eko tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak eta teknikariak finantzatzeko.

2. Deialdiko oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. 50.000 euroko gastua baimentzea 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Toki entitateentzako dirulaguntzak jasangarritasun azterlan eta planetarako: Agenda 21” izeneko 740007 74700 4609 468100 partidaren kargura, edo 2020ko Gastuen Aurrekontuan helburu horrexetarako gaitzen den partida baliokidearen kargura.

4. Deialdi hauek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

5. Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute interesdunek, hilabeteko epean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Iruñean, 2019ko abenduaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

TOKI ENTITATEENTZAKO DIRULAGUNTZAK 2020. URTEAN JASANGARRITASUNERAKO ZERBITZU TEKNIKOAK FINANTZATZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. ERANSKINA

Xedapen komunak

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Ebazpen honen xedea da 2020ko ekitaldian tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoen jarduera finantzatzeko dirulaguntzen araubidea ezartzea, helburua izanik garapen jasangarria tokian-tokian sustatzea, tokiko agenda 21en dinamizazio eta kudeaketa lanen barruan.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Dirulaguntzaren xede izanen dira Nafarroako toki entitateek Tokiko Agenda 21a gainbegiratzeko, dinamizatzeko eta kudeatzeko egiten duten lanaren gastuak, zehazki, 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko azaroaren 15era bitartekoak.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Toki entitate batek eginak izatea: udal batek, zerbitzuen mankomunitate batek edo entitateen batasun batek.

b) Tokiko Agenda 21 baten dinamizazioari, garapenari eta kudeaketari lotua egotea, tokiko organo eskudunak onetsitako eta Nafarroako Gobernuak balidatutako ekintza plan baten barruan.

c) Lanak langile propioekin egiten direnean, diruz lagunduko dira, bakar-bakarrik, lan horietarako berariaz kontrataturiko langileen lan gastuak, edo lan hori egin behar duten langileak ordezteko kontratatzen diren langileenak.

d) Lanak kanpoko aholkularien bitartez egiten direnean, aholkulari horiek deialdi honen zortzigarren oinarrian adierazitako betebehar berberak izanen dituzte.

e) Agenda 21 bakoitza dinamizatu eta kudeatzeko jardueretarako laguntza hauek, gehienez, bi urtez lortzen ahalko dira. Epe hori bukatuta, ezin izanen da laguntzarik eskatu tokiko agenda 21 bererako.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legean ezarrita dagoen bezala.

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, eskaerari, zeina eskabide orokor bat betez aurkeztuko baita, dokumentazio hau atxiki behar zaio, behar bezala betea:

1. 2. eranskina. Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak. Orobat, entitate eskatzailearen guztirako biztanleria adieraziko da, baita dirulaguntzaren xede diren entitateak ere.

Horietako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesdunak eskabidean hala azaldu beharko du, adieraziz zein agiri den eta zein espedientetan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datuak aztertzeko baimena eman beharko dio.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Eskaera toki entitateko alkateak, lehendakariak edo arduradunak sinatu beharko du, eta ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da. Proiektu mankomunatuen kasuan, proiektuaren koordinatzaile ofizialak sinatuko du eskaera.

Eskaera Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari zuzenduko zaio eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkezten ahalko da (González Tablas kalea 9, Iruña). Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan ere aurkezten ahalko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkezten bada, gutun-azalak irekita egon beharko du, lehen orriko goiko aldean agerrarazteko bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti); datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

Batzordeburua: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua.

Batzordekidea: Kutsaduraren aurkako Prebentzio Ataleko burua.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio Batzorde Teknikoak eskatzen ahalko du aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek parte hartzea.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasota, Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalak egiaztatuko du ea oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala bost egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Txosten horretan, justifikatu beharko da entitate bakoitzari emandako kopurua, eta, horrekin batera, kanpoan utzi diren entitateen zerrenda eta horren arrazoia.

3. Dirulaguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko dira. Ebazpenean berariaz agertu beharko da dirulaguntzarik jaso ez duten onuradunen zerrenda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Proiektua aurrera eramatean edukiaren edo kostuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, idatziz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, berariaz bere gain hartzen ez badu. Lurralde eta Ingurumen Jasangarritasunaren arloko Berrikuntza eta Ezagutza Zerbitzuak idatziz onetsi beharko du proiektuaren edukian edo forman egiten den edozein aldaketa.

2. Ekintzak 2020ko urtarrilaren 1etik azaroaren 15era bitarte egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2020ko ekitaldian eman dezan toki entitatearen aldeko ordainketa-agindua.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak edo ekintzak kontratatzeko prozeduraren tramitazioa egiteko konpromisoa, fase guztietan, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen guztiena ere. Beren gain hartuko dute, orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean, modu esklusiboan.

4. Hala ere, toki entitateak diruz lagundutako ekintzen %100 bitarte kontrata dezake.

5. Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

6. Dirulaguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

7. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

8. Laguntza ematen denetik hiru hilabete igaro baino lehen, Toki Agenden Bulegoari bilera batera deitzeko konpromisoa, non honako dokumentazio hau aurkeztuko den onetsia izan dadin:

a) Tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoaz arduratzen diren langileen izenak, deiturak eta titulazioa.

b) Agenda 21aren egoera: antzinatasuna eta betetze mailaren txostena. Gauzatutako proiektu, ekimen eta ekintzen gaineko txosten bat eginen da.

c) 2020an egin nahi den programazioa, barne delarik Agenda 21aren Ekintza Planaren garapena.

d) Gauzatu ez diren proiektu, ekimen eta ekintzei dagokienez, agiri bat aurkeztu beharko da, egikaritzearen kronograma, bakoitzaren arduraduna eta aurreikusitako gastua azalduko dituena.

Dokumentazio hori aurkeztu ondoren, Toki Agenden Bulegoak edo hura ordezten duen unitateak hobekuntza proposamenak egiten ahalko ditu.

9. Atal berari, 2020ko azaroaren 15a baino lehen, honako dokumentazio hau igortzeko konpromisoa:

a) Egindako programa baloratzeko txostena.

b) Programa horren garapenean izandako gastuen eta sarreren zerrenda.

10. Tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoko kideek parte hartuko dute Nafarroako Gobernuak tokiko jasangarritasunaren arloan antolatutako prestakuntza ekintzetan: Agenda 21, aldaketa klimatikoa, ingurumenaren arloko boluntariotza eta aktibismoa eta ingurumen hezkuntza.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Lanak onetsitako proiektuaren arabera egin direla frogatu ezean, dirulaguntza gutxitu eginen da, burututako proiektuaren proportzioan.

Laguntza 2020ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, Gastuen Aurrekontuko “Toki entitateentzako dirulaguntzak jasangarritasun azterlan eta planetarako: Agenda 21” izeneko 740007 74700 4609 468100 partidaren kargura, edo 2020ko Gastuen Aurrekontuan helburu horretarako gaitzen den partida baliokidearen kargura.

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan, 2020an, gehienez 50.000 euro emanen dira guztira.

Proiektu bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa lortzen duen puntuazioaren araberakoa izanen da, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte. Puntuazioa hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz finkatuko da.

Nolanahi ere, tokiko agenda 21 bakoitza dinamizatu eta kudeatzeagatik 3.500 euro emanen dira gehienez.

Zortzigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskaera baztertua geldituko da.

Aurrekontuetan kreditu erabilgarririk ez badago, dirulaguntzaren zenbatekoa modu proportzionalean gutxituko da.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

Entitate bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, puntuazio bat esleituko zaio, puntuazio hauek batuta aterako dena:

a) Parte hartzen duten entitate guztiek 10 puntu izanen dituzte hasiera-hasieratik.

b) Bost puntu, Nafarroako toki entitateen jasangarritasunaren sareetan parte hartzeagatik.

c) Bost puntu, 5 urtetik beherako Agenda 21 bat izateagatik.

d) Hiru puntu, 10 urtetik beherako Agenda 21 bat izateagatik.

e) Puntu bat zerbitzuaren xedeko udalerrietan bizi diren mila biztanleko; gehienez 10 puntu.

Behin entitate eskatzaile bakoitzaren puntuazioa kalkulatuta, guztirako dirulaguntza proportzioan banatuko da bakoitzaren puntuazioaren arabera.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

2020ko azaroaren 15era arte, onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean:

a) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki entitateko idazkariak edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

b) Tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak garatutako jarduerei buruzko txostena.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatuek edo Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emandako beste laguntza batzuekin.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Entitate publikoak direnez, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan.

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko, edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Hamazortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) argitaratuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen den proiektua dela.

2. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikorako dirulaguntza eskatzen duen entitatearena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1916855